www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa  

VII. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

ezkontzan uts egin ebeenak, zer egin biar dabeen.

 

        Pensau dot, neure entzula onak, sakramentu onen azkenian erakutsi biar deutsudala, ezkontzan uts egin dabeenak zelan portau biar dabeen euren estaduban. Ta baita euren bizieriagaz kontentu dirianai bere, Jaungoikuaren grazija obeto ezautu dagijen ta gorde dagijen. Batzuk dira euren bizieriagaz ta lagunagaz kontentu dirianak. Beste batzuk, ezkondu baino askatu naijago ebeenak ta ezkonduba garbatuta dagozanak. Beste batzuk, artu ebeen lagunagaz kontentu ez dirianak. Ez da, bada, errazoeti kanpora izango, onei guztioi zerbait esatia, dauken estaduban Jaungoikua serbidu dagijen ta alkarregaz bake santuban bizi ditezan, zein dan Jaungoikuak ta Eleisa Ama santiak ezkondu guztiai opa deutseena.

 

 

I.

 

        Ezkontzako estaduban kontentuz dagozanak. Onei esaten jakue, txito asko estimau biar dabeela Jaungoikuak egiten dautseen mesedia. Alako senar emazte suerte onekuak ez dabee arrotu ta buru eritxitu biar, eureenez ditxa a daukeela sinistuta. Jaungoikuak emoten deutseen doia da. Jaungoikuari esker onak emon biar deutseez ta Jaungoikuaren lege santuba gorde biar dabee ainbat ziatzen ta zintzoruen. Ez dabee biurtu biar Jesus maitiari zor deutsen amodijo nausija ta samurra luurreko maitegarrijetara. Ikasi biar ditubee euren bizierako zereginak, konpesore bati itanduta. Ta bein jakin ezkero Jaungoikuaren naija ta euren eginbiarra, ez ausi inos ezer gaiti bere. Parkatu biar deutsez alkarri bata bestiaren bizitzako palta txikarrak bake santuba gaiti. Ardura nausija artu biar dabee, euren etxekok inos pekaturik egin ez dagijan. Umiak eta otseginak Jaungoikuaren bildur santuba euki dagijen, Jesus maitiaren, Ama Birjina gozuaren ta san Josepe bedeinkatubaren debozinoe egijazkuak ta bigunak argi egin biar dau ezkondu guztien etxekuetan. Errosarijo santuba errezau bagako egunak izan biar dau egun tristiak senar emazteentzat. Illian beingo konpesetia artu biar dabee zor santu bat balitz legez.

        Sinistu biar dabee kontentuz bizi dirian senar emaztiak, diabruba ez daguala lo. Ezkonduben bizitza gaistua iminten dabenian, arima asko beraganatuten ditubala. Alkarren amodijo laarregijak Jaungoikuaren grazijak atzeratuten ditubala. Dirubaren gurarijak pamelija asko galdu ditubala. Ta eurak euki arren orain bizitza baketsuba ta jaungoikozkua, galdu legijela guztia ta etorri Jaungoikua opendidutera. Saulek txito asiera ona eban ta amai gaistua ta zori gaistokua. Salomonek asiera santuba ta jaungoikozkua eban. Baina gero jausi zan milla pekatu ezainetan. Judasek estadu ta asiera ona zituban. Baina inpernuban dago. Kontu, bada, asiera onagaz bizi zarian senar emaztiak, bizitza gaistua egitera eldu ez zaitezan.

 

 

II.

 

        Ezkondu bagarik geratu gura euken ezkondubak. Asko izaten dira ezkonduben artian, edo gurasuen, edo seniden, edo adiskiden erreguba gaiti, bat bere gogo bagarik ezkondu zirianak. Duda bagarik onei gogora ekarriko deutsez etsaijak euren estutasunetan, ezkondu ez balira, obeto Jaungoikua ser biduko ebeena; ezkontzakak ditxosuak ta zorijonekuak diriana; suerte txaarra jazo jakuena; nai izanda bere Jaungoikua serbidu ezin legijena; eurak baino txaartuago inor bizi ez dana... ta beste onako kalte andiko ta probetxu bagako pensamentubak.

        Onei esaten jakue: Lelengo: kontu atera dagijela astiro, ez daukeela ya erremedijorik ames areekin. Eleisa Ama santiak berak bere askatu ezin legiz ezkontzako buztarriti.

        Bigarrenian: Eskatu biar deutsee Jaungoikuari bijotz bijotzeti grazija, daukan bizieran bere anditasuna serbiduteko ta zeruba irabazteko. Bada, Jaungoikuak ez dau gura inor galdu dedin. Beti dago prest geure erregubak entzuteko. Ta geugan dana egin ezkero, salbauko gara edozein estadutan. Jaungoikuak bakarrik konsolau legi alako ezkondu garbatubaren bijotza. Aldatu legi bere naija. Ta ekarri legi bere estaduba ta laguna estimetara. Au gaiti erregutu biar deutsa Jaungoikuari gogo onagaz.

        Irugarrenian: Alako ezkondu garbatubak ez dau egon biar pensetan, abade egin balitz, praile egin balitz, monja izan balitz, ze errazubak egingo zituban ta ze ondo Jaungoikua serbiduko eban... Bera geijago penetako ta pekatu geijago eragiteko diabrubak ekarten deutsazan gomutak dira oneek. Balitzko sail txaar areek kendu biar ditu buruti alegin guztiagaz. Zorakerija izango litzateke, gaixo batek bere gatxaren erremedijuan ta gorputzaren onian pensau biarrian pazienzija onagaz, osasundunak zelan dagozan gogoratuta, bera alan ez dagualako gau ta egun negarrez egotia. Beste ainbeste esan ginai, alako izan banintzko pensamentu zoruakin bere buruba penetan daguan ezkondu garbatuba gaiti.

        Laugarrenian: Sini[s]tu biar dau ezkondu garbatubak, berez dan baino astunago ta penatsubago begitandu eragingo deutsala diabrubak, daukan estaduba. Ta besteena, dan baino arinago ta ditxosuago. Diabrubaren astuzija da, guk inoren kargiari arinago ta errezago eristia. Geijenian uste dogu, bestiak obeto bizi diriala geu baino. Bestera biurtu biar dau diabrubaren astuzija au bere bizieran kontentuz bizi nai dabenak. Besteen bizitzai azaleti begiratuten badeutsegu, entero onak, gozuak ta errazak eritxiko deutsegu. Baina puska bat barrurago iragota aztertuten baditugu estadu bakotxaren zereginak, guztietan dago kurutzia. Guztietan dago zegaz poza artu ta zegaz penau. Ezkondubak daukaz naibagak ta karga astunak. Abadiak daukaz beriak, prailiak bere estadukuak ta monjiak bere erlijinoe santukuak. Ez dago inor bere kurutze bagarik ta ezda egongo bere. Ez ditu, bada, ezkondu garbatubak bat egin biar bere gatxak besteen onagaz, ezbada bere onak besten onagaz ta bere gatxak besteen gatxagaz. Onan arinduko dau zerbait daukan penia. Edola bere ez dau astunago egingo. Au esaten jakue ezkondu bagarik geratu gura ebeen ezkondubai.

 

 

III.

 

        Artu eban lagunagaz kontentu ez dirian ezkondubak. Ezkonduteko bizierara Jaungoikuak dei egin arren kristinaubari ta artu arren a estaduba, jazo leiteke ta sarritan jazo oi da, edo berak gura eukianagaz ezkondu ez zalako, edo artu eban laguna berak uste eban modukua ez dalako, ezkonduba garbatuta penaz bizi izatia. Nai dala batera, nai dala bestera, goguan jausten ez jakon laguna badauka etxian, beti dago penaz ta naibagez ezkonduba. Esan dot leen zegaiti oi dirian ezkonduben artian alako uts egitiak. Errazago ta oba da, ezkondu baino leenago lagun on bat Jaungoikuari erregututia; lagunaren oitura onai, zintzotasunari ta kristinautasunari begiratutia, gero alperrik negar egitia baino. Oh, zeinbat ezkongei pagauta geratu oi dirian lagunaren edertasunagaz, plazakua izatiagaz, dantzan jakitiagaz, berba egiteko modu gatztsuba eukitiagaz, diru puska batzuk eukitiagaz ta beste onako azaleko on etxurazko gauzakin! Onako, lino loria legez, agertu orduko ezkutetan dirian on etxura azaleko batzuk ikusten badeutsez bati, eurakin txoratuta legez geratuten dira ezkongeijak ta bertati geijagori begiratu bagarik egiten da ezkontzia. Ez da pensetan alakuan bere ezkongeija gaiti, edo isila dan, edo humildia dan, edo osasuntsuba dan, edo jaungoikozkua dan, edo biargina dan, edo lotsaorra dan, edo bakartasun zalia dan, edo modestija ta garbitasun onekua dan ta beste onako laguna betiko maite egiten dabeen arimako grazijak ta doiak daukazan edo ez. Oneek ezer bere balijo ez balebee legez, itsu itsuban azaleko grazija ezdabaidako bati begiratuta, bertati ezkontzako berbia emoten da. Ta gero etxian laster agertuten dira lagunaren paltak. Orduban dira damubak. Orduban dira asarriak. Orduban dira alkar artu ezinak ta bake txaarra.

        Onei esaten jakue bada, neure entzula onak, nai diabrubak ta nai mundubak ta nai aragijak engainauta artu badabee eurei ez juakuen edo artu biar ez euken laguna, ya ezin itxi legijuela. Nai ona izan ta nai arin ona izan, nai gogokua izan ta nai gorrotokua izan, nai asarre izan ta nai alegere izan, nai nasaija izan ta nai zintzua izan, nai alperra izan, nai burugina izan, dan modukua dala, bat egin zinian zeure lagunagaz? bada, agaz bizi biarko dozu, batori edo bestiori ill artian. Zer egingo dau, bada, alako errukarrijak? Desesperau? Ez. Zer, bada? Ezautu ainbat onduen lagunaren gogua eta lagunak zer nai daben. Ta pekatu ez dan gauzetan egin beti aleginaz bere naija. Lagunak sentiduko daben ta euren bakia galdu eragingo daben gauzarik ez esan ta ez egin. Gogoratu bere pekatubak ta sinistu, daukan baino lagun gaistuaguakin inpernuban egotia irabazi ebala pekatubagaz. Gogoratu, bera baino gaiskijago bizi dirian ezkondu asko dagozala ta areek bere euren gatxak iragoten ditubeela. Gogoratu, beste bategaz ezkondu balitz, ark bere paltak eukiko zitubala. Ez da au alakuentzat botikako txaarra. Guztiok daukaguz paltak. Bata bada temosua, bestia da ordija. Bata bada alperra, bestia da galzailia. Bata bada gogorra, bestia da ardura bagia. Bata bada burugina, bes tia da miin zitalekua. Bata bada adiskide barri zalia, bestia da zelotsuba. Bata bada nezijua ta sen bagakua, bestia da buru eritxija ta aisetsuba. Bata bada gaixua edo ezertako eza, bestia da legetsuba ta astuzija gaistuetakua. Gogoratu biar dau alan gogo bagako lagunagaz ezkonduta bizi danak, ez ebala topauko palta bagakorik inor bere. Bere lagunarenak, ak uste daben baisen andijak izango ez diriala. Berak bere paltak daukazala...

        Onan pensauta, sinistuta, Jaungoikuari erregututa, irago biar dau kristinaubak gogoko ez dan lagunagaz bizitzia, bake santuba galdu bagarik. Senar emazten artian bata edo bestia badira Jaungoikozkuak, zentzun onekuak ta bake santuba nai dabeenak, lagunaren palta asko estalduko ditubee, bakia galdu bagarik. Emazte juizijozko isil, zintzo, jaungoikozko batek, orazinoiagaz, pazienzijagaz ta iraguagaz gizon gogor, sutsu, ordi, gaisto bat ekarriko dau bildots manso, bigun, maitegarri bat izatera, santa Monikak bere senarra ekarri eban legez. Baita andra juizijozko batek erremedijauko ditu etxian gizonaren palta asko bere, Abigailek bere senarrarenak erremedijau zituban legez. Beste aldeti, juizijozko ta jaungoikozko gizon eldu batek, bere emaztiaren zeinbat palta iragoko ez ditu, inok igarri bagarik ta bake santuba galdu bagarik? Zer esan zitalak ta minberak irago ez eutsazan Job[ek] bere emaztiari? Dabid erregiak Mikol bere emaztiari? Tobias zaarrak Ana beriari? Oneek irago zituben euren emazten esan zitalak, burla minberak, errazoe txaarrak ta desprezijo astunak pazienzija santuba ta etxeko bake ona galdu bagarik. Zer gaiti, bada, egin ezin legije beste senarrak bere euren emaztekin? Esango dozu areek santubak ziriala.

        Nai dozu, bada, entzun, santu ez zanaren jazo bat senar ernegau, bake txaarreko askoren lotsagarrija? Entzun, bada, Senekari zer jazo jakon. Ak gizonak eukan emaztia zitala, miin gaistokua, burugina ta agindunaikua. Ordu gitxi eukazan senarrak etxian, emaztiaren jarduna ta esetsi lotsa txaarrekua entzuten ez zitubanak. Ez eutsan Senekak emaztiaren miin gaisto askatubari eulijaren brunadiari baino geijago jaamoten. Senarraren pazienzija elduba gaiti zitalago, sutsubago ta lotsa galdukuago egiten zan emaztia. Ernegau eragin gura euskijon ta asarratuta ikusi gura eban bere senarra. Alan emoten eutsan egunero bake txaarra senar erru bagiari. Bein batian esetsi eutsan senarrari inos baino errazoe gitxiagogaz ta gana geijagogaz. Emazte lotsa bagiaren jardun aldi andi a iragoteko pazienzija galdu bagarik, urten eban etxeti Senekak ta geratu zan jarrita bere ate aurrian, emaztiari txitik esan bagarik. Errazoe bagako ekinaren ekinagaz ta jardunaren jardunagaz sutu ta asarratu ezin ebanian bere senar baketsuba, zer egiten dabela, deritxazu, emaztiak? Oepian eukan loi-ontzija artuta, bentanara urtenda, ango loijak jaurtegi eutsazan purijaz senarrari buruti beera. Ara, kristinaubak, zetaragino dan emazte baten bijotza. Ta zer, diritxazu, egin ebala Senekak orduban bere emaztiagaz? Ezer bere ez. Bere buruba ta arpegija garbituten ziardubala geldi geldi, esan eban: Banekijan ain trumoe andijak eurija ekarriko ebana. Onegaz amaitu zan areen orduko jarduna. Seneka batek, jentil batek, Jaungoiko bagako batek iragoten eutsazan emazte deungiari, etxeko bakia galdu bagarik, alako esate ta egite mingotxak. Zer egin biar dau, bada, gizon eldu, kristinau batek bere lagunagaz, bake santuba ez galdutia gaiti, zeruba ez galdutia gaiti?

        Senarra edo emaztia, bata edo bestia badira zentzun onekuak ta jaungoikozkuak, laster baketuko dira. Nekez etxe atako asarriak kanpuan jakingo dira. Zentzun ona ta Jaungoikuaren bildur santuba daukan senarrak nai emaztiak laster ezautuko ditu bere lagunaren zalekerijak. Ta berak aurria artuko deutsee, laguna asarratu baino leenago. Entzuten danian senar emazten bake txaarra ta alkar artu ezina, sinistu daikegu geijenian bijak diriala alkarren modukuak. Bijak diriala errudunak. Bijak diriala zentzun gitxikuak. Bijak diriala Jaungoikuaren bildur bagakuak. Edo bijak diriala, euren pekatubak gaiti Jaungoikuak bake txaarragaz kastigetan ditubanak. Egin begije ezkondu guztiak san Juan Krisostomok esaten deutseena ta asarre askori aurria artuko deutsee. Senarra asarre bada ta asarriagaz zer bait esaten asten bada, emaztiak ez aorik edegi senarrari asarria irago artian. Emaztia asarre bada ta ezer esaten asten bada asarriagaz, senarra isilik egon emaztiari aldija irago artian. Ate bi alkarren parian zabalik dagozan artian, aisia dago, dino Santubak. Ate bata isten bada, aisia geratuten da. Beste ainbeste. Senarra agidaka asten danian emaztiak isten badau aoko atia, bertati juango da asarriaren aisia. Emaztiak zerbait esaten dabenian subagaz isilik badago senarra, bertati ezkutauko da emaztiaren asarre aisia.

        Alan eukiko dabee senar emaztiak euren etxeetan bake santuba ta gero zeruban betiko glorija. Onegaz amaituten ditut, neure entzula onak, sakramentu santubetako ikasikizunak. Eskatu daijogun Jesus maitiari, emon dagijola indarra ta zeruko grazijaren iruntza bere berba santubari, geure bijotzetan erne dedin, azi dedin ta prutu ugarijak emon dagizan. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

AMAIJA

 

aurrekoa