www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

IV. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

ondo komulgaubak arimara dakarren mesedia.

 

        Komuninoeko sakramentu santuban Eleisa Ama santiari, ta arima on bakotxari Jaungoikuak itxi deuskuzan ontasunak eta grazijak ez daukee neurririk, neure entzula onak. Komuninoeko sakramentuban dago bizitzako arbolia, zeinen prutiak eukan beste pruta on guztien gozotasuna ta gustua. Paradisubaren erdijan eguan legez bizitzako arbolia, alan dago Eleisiaren erdijan Jesukristo altara santuban, arima on guztiai espirituko bizitzia emoten deutseela. Paradisuban bertan urteten eban legez iturri ugari batek, lau erreka anditara zabalduta, leku zori on atako arbola, bedar ta lora guztiak erregarijetan zitubana, alan Jesus altarako sakramentu santuban, Birjina ederraren luur edo gorputz garbiti urtenda, bere ortu guztietako arbolak, lorak ta bedar usain gozoko guztiak erregarijetan ditubala dago, zeintzuk dirian arima garbi guztien birtute edo ontasunak. Kontetan badira giza aldijetan Jaun zerukuari zerbaitegaz naijak egin jakozala munduban ta eurak gaiti Jaungoikuak mesediak egin deutsezala gizonai, egitade areek guztiak ez dira beste gauzarik izan komuninoeko sakramentubaren irudi bat baino. Abel justubak Jaun zerukuari egin eutsan eskini bedeinkatuba, Noek egin eutsan usain gozokua, Abraanek egin eutsan eskini gatxa ta penazkua, Meltxisedek egin eutsan jan edan sendokua ta beste Jakoren semiak egin oi zituben eskini edo sakripizijo guztiak, nai ziriala pekatuben zorrak pagetakuak nai ziriala arimako gatxak garbitutekuak, nai ziriala Jaungoikua geure pabore eukitekuak, nai ziriala zeruko grazijak jadistekuak, guztiak daukaz beragaz Jesusek altarako sakramentu santuban. Lege zaarreko ta barriko egite santu ta Jaungoikuaren gogoko guztiak daukaz Jesusek komuninoeko sakramentuban. Ta guztiak daukaz geuretzat, geuk nai izan ezkero. Komuninoiak geure arimetara dakazan milla mesede andi ta grazijazkuai itxita, esango deutsut bakarrik dotrina onetan: 1. Komuninoiak bat egiten gaitubala Jesukristogaz. 2. Sendotuten ditubala geure arimako birtute edo ontasunak. 3. Parkatuten ditubala pekatu txikarrak. 4. Zeruko Erreinubaren doia dala.

 

 

I.

 

        Komuninoiak bat egiten gaitu Jesukristo geure Jaunagaz. Ojala aitu al bazinai, kristinaubak, au zelan dan. Nik esan ezin negizu beintzet. Bakit alan dana. Baina ez dakit zelan dan. Jesusen amodijo santubagaz ta garbijagaz bijotzak prestauta daukazuzanok aitu daikezu bat egite zori oneko au. Ez daukee onegaz ze ikusirik bijotza luurreko gauzetan iminita daukeenak. Munduko amodijuetati ta luurreko gurarijetati ustuta nai ditu Jesusek geure bijotzak, beragaz bat egiteko. Espirituzkua ta grazijazkua da bada, neure entzula onak, Jesusegazko bat egite arimako au. Zelan, bada, bat egiten da komuninoe santuban geure arimia Jesusegaz? Argizai zati bi eguzkitan berotuta, alkarri ezarrita bat egiten dirian legez, dino san Zirilo Alexandrijakuak, bat egiten diriala gure arimia ta Jesus komuninoeko sakramentuban. Bat egiten da Jesus arimiagaz. Ez izatez. Bada, Jesus ta geu ez gara bat izatez. Baina bai gogoz, naiz ta gurari onakin. Ez bakarrik karidadez, dino san Juan Krisostomok. Bada, grazijan daguan arimia beti dago karidadiagaz. Ta beti dago Jaungoikuagaz bat eginda. Baina komulgetan danian onezaz ostian, aparteko modubagaz bat egiten da arimia Jesusegaz. Artuten dau arimiak komulgetan danian Jesusen espirituba, Jesusen bizitzia ta Jesusen naija. Jana ta edana dira gosia ta egarrija kenduteko, dino san Agustinek. Ez dau, bada, beste janarik ez edaarik gosia ta egarrija ondo kenduten, Jesusen gorputz ta odol satubak komuninoian baino, dino Santubak berak. Gorputz santu au jaten dogunian, artuten dogu betiko espirituba ta betiko bizitzia; au da zeruko santuben lagun izatia. Jesus dan legez geure arimako ontasun guztien emalia ta bizigarrija, Jesus artuten dabenak beragaz dauka zeruko bizitzia ta zeruko ontasuna.

        Biar dan moduban prestauta komulgetan danak, zerbait pensetan badau, Jesus pensetan dau. Zerbait nai badau, Jesus nai dau. Zerbaitek ardura emoten badeutsa, Jesus maitetutiak ardura emoten deutsa. Luurreko gauzetati gora igonda, Jaungoikotuta legez geratuten da arimia komuninoiagaz. Jesusen amodijo santubagaz ta zerutar baten pensamentubakin, komuninoe santuba artuta, esaten dau arimiak san Paulo apostolubagaz: Ya ez nas neu bizi, ezbada Jesus bizi da nigaz. Neu nago Jesusegaz ta Jesus dago neugaz. Nire naija, nire gogua ta nire uste guztia da Jesusen naija, Jesusen esana ta Jesusen aginduba egitia. Jesuseganik inos ez aldendutia. Au da bijotz maitetsu biren bat egitia, dino san Juan Krisostomok. Ta onan komuninoe santubak bat egiten dau arimia Jesukristo geure Jaunagaz.

 

 

II.

 

        Baita komuninoe santubak sendotu ta azi bere egiten ditu geure arimako ontasunak edo birtutiak. Sakramentu guztiak egiten dabee au. Baina aparteko modubagaz komuninoe santubak. Bada, beste sakramentubetan emoten jako arimiari grazija. Baina komuninoeko sakramentuban grazija guztien ta ontasun guztien jaubia, zeindan Jesukristo geure Jauna. Au gaiti esaten dau Jesusek berak: Neu jaten nabena biziko da neu gaiti edo neugaz. Ondo komulgetan danian, berez legez sentiduten dau arimiak bere bijotzian Jesusenganako ta zeruko gauzetarako tiria. Argiruago ta erraztuago sinistuten ditu Jaungoikuaren egiijak. Berekautan legez sortuten jako ariman zerurako ustia. Ta kasik duda bagarik sinistuten dau, parkatuko deutsazala Jaungoikuak bere pekatubak ta emongo deutsala zeruko glorija. Komulgetan danian, pekatubaren izena entzunda beste bagarik, ikara egiten dau arimiak. Gorrotuago deutsa ta ezainago deritxo pekatubari orduban, bestetan baino. Ta maitiago dau Jesus ona. Alan, kasik zelan ez dakijala, bere ariman sentiduten ditu kristinaubak ondo komulgetan danian, indar barrijak gogo barri bategaz Jaungoikuagan sinistuteko, Jaungoikuagan uste seguru bat eukiteko ta Jaungoikua maitetuteko ontasunak edo birtutiak. Gose danari jan onak indarrak eta gogua bizkortuten deutsan legez barriro biarrari edo bidiari ekiteko, alan komuninoe santubak arimako birtutiak bizkortu ta sendotuten ditu, barriro arimiaren onerako biarrai ekiteko ta Jaungoikuaren bidiai jarraituteko. Pedia, esperantzia ta karidadia onan sendotuten baditu, ez dau gitxiago egiten beste birtutekin.

        Begiratu egijozu kristinau egijazko bati, komulgetan dan egunian. Nai eleisan, nai kanpuan ta nai etxian. Ta ikusiko dozu eleisan luzaruago, batubago, humildiago ta Jaungoikuari ta santubai eskarijak ta erregubak egiten gogotsubago. Kanpuan lagun artian isilago, modutsubago ta denpora gitxiaguan. Etxian baketsubago, etxekuakin ta auzuakin bat eginago ta guztientzako prestubago ta esanekuago. Au guztiau ikusten dogu kristinauben artian, komulgetan dirian egunian. Zegaiti? Komuninoe santuban arimiari geitu ta sendotuten jakozalako humildadia, pazienzija, isiltasuna, bakia, karidadia, prestutasuna, bere burubaren ezauberia, lagunen errukija ta beste kristinaubaren ontasunak. Ta onako arimako indarra ta gogo santuba emoten ez badeutsa komuninoiak; urteten badau komuninoeti leen baisen zaatatsu, leen baisen zital, leen baisen gozo gaistoko, leen baisen arro ta panparroe, leen baisen asarre ta ernegau, leen baisen banidadetsu ta ibilgura; bildur izan zaite komuninoiagaz artu dabela ariman diabruba. Kontu, zeruko kopaubagaz berenua sartu ete jatzun. Entzuten da persona batzuk gaiti: Nos etxian edo kanpuan zitalen, nos bakerik gitxien, nos inok azertau ezinen, komulgetan dirian egunian. Jesus artu daben egunian. Bada, bildur izan aren komuninoiakin, astian astianguak badira bere. Baita astian birritakuak ta geijagokuak badira bere. Txaarrago. Beste ainbeste esaten da arako sarri konpesau oi dirian kristinau batzuk gaiti. Komuninoe askotakuak edo sarritakuak ez badeutseez geituten ta sendotuten kristinautzako ontasun, esan dirianak, bildurtu beitez komuninuakin.

        Inor esaminetan, inoren paltak kontetan, inoren barrijak jakiten ta ez juakon saltsetan sartuten ta sarri komulgetan, ez da kristinautzia ondo bat egiten. Inori ezer bere parkatu ez; norbera gaiti berba erdi bat inok esan dagijan gura ez; lasto baten kontra sierpia legez jagi; santu bat balitz baino geijago inok ukutu biar ez; auaz pekatari andija dala esanda, bestiak baino obatzat euki bere buruba; zeken ta gogor artu bere eskupian dagozanak; pobriari arpegi asarria erakutsi; bestiak ezertako eztzat edo pekataritzat ta gaistotzat euki ta sarri komulgau, ez da kristinautza egijazkuagaz bat egiten. Diabrubak engainauta daukaz alako kristinaubak. Eleisara ostera asko eginagaz ta sarri komulgaubaz uste dabee santu batzuk edo santa batzuk diriala. Ta pazienzijako, humildadeko, karidadeko ta buru ezaubera oneko gauzan bein edo birritan probetan badira, topauko da euretan soberbija altuba, lagunari parkatu ezina, bestiak ontzak euki ezina, bere burubari gatx txiki bat bere emon ezina ta konpesoren esanera bere etorri ezina ta beste onako bizijo edo gatx zaar inpernuko batzuk ariman sustraituta daukezala. Ez da errez onakuak osatuten. Ez deutsee onei komuninoe santubak onik egiiten. Komuninoe santubak berez dauka arimako birtute edo ontasunak geitutia ta sendotutia. Baita pekatu txikarrak parkatutia bere.

 

 

III.

 

        Irugarren lekuban komuninoe santubak geure arimiari egiten deutsan mesedia da, pekatu arinak parkatutia. Ez dago inor bere pekatu bagarik. Onak eta zuzenak bere jausten dira egunian zazpi bidar. Ta ainbeste ez dirianak jausiko dira geijagotan. Pekatu andijetan ta illgarrijetan jausi bagarik asko bizi izan dira munduban. Baina pekatu txikarretan ta arinetan jausi ez danik ez dakigu, Jesus ona pekaturik ezin eukiana ta Ama Birjina maitia pekaturik ez txikirik ta ez andirik egin ez ebana baino besterik. Beste mundura etorri dirian gizon eta emakume guztiak dira pekatarijak ta pekatu askotan sarri jausten dirianak. Baita arimarik garbijenak ta konturik andijenagaz bizi dirianak bere, dino san Leonek. Aragijaren argaltasunak ta bizitzako artu emonak ta eginbiarrak nai ta ez ezarten deutsee arimiari munduko autsa ta loigarrija, dino santubak. Necesse est de mundano pulvere etiam religiosa corda sor descere. Sinistu biar dogu, kristinaubak, gauza askotan paltetan dogula; sarri jausten gariala; geure bijotzeko gurarijetan ta gorputzeko sengarrijetan pekatubaren erijo asko daukaguzala; gauza gitxijan bada bere, sarri goituten gaitubeela; ta egunian egunian arimako zorrak egiten ditugula.

        Pekatu arinen zorrak pagetako modu asko dagoz Eleisan, zeubek ondo dakizun legez. Baina, Erromako Katezismuak esaten deuskun legez, aparteko grazija ta berezko indarra dauka komuninoe santubak pekatu arinak parkatuteko. Jesusek nai dituban legez arimak garbi ta askatu, bera bakarrik maite izan dagijen, bijotz garbatubak ta humildiak artuten dabenian komuninoian Jesus, parkatuten deutsaz pekatu arinen zorrak kristinaubari. Edo guztiak edo zati batzuk. Pekatuben damubagaz ta Jesusen amodijuagaz guztiz prestauta badua komulgetara, parkatuko deutsaz guztiak. Ainbeste damu ta amodijo ez badarua, zati batzuk. Baina grazijan komulgetan danari, beti parkatuten deutsaz komuninoe santubak pekatu txikarrak edo geijago edo gitxiago edo guztiak. Grazija bi egiten deuskuz komuninoiak, dino san Bernardok: Bata da, pekaturako ta gauza gatxerako daukagun gogo gaistua ta geugaz sortuba gitxitutia ta argaldutia. Ta bestia da, pekaturako eraak geuri kendutia ta pekatu arinen zorra parkatutia. Komuninoe santubak kenduten deutsaz indarrak geure pekaturako goguari. Gitxituten deuskuz pekaturako eraak ta okasinoiak. Emoten deusku indarra ta laguntasuna, tentazinoiak goituteko. Ta parkatuten deuskuz pekatu arinak. Grazija oneek guztiok osoz artuteko prestau biar dau kristinaubak ainbat pekatubaren damurik andijenagaz, Jesusen amodijo santubagaz ta arimia obatuteko gurari bizijagaz. Orduban izango da komuninoe santuba beste grazija guztiakin zeruko ditxiaren doia.

 

 

IV.

 

        Sakramentu guztiak dira geu zerura juateko doiak. Baita Jaungoikuak geu gaiti egin dituban ontasun utsezko mirarijak bere. Baina guztien artian aparteko eria ta eskubidia emoten deusku zerurako Jesusek, komuninoeko sakramentuban artuten dogunian. Au gaiti esan eban Jesusek berak: Neu nas zeruti jatsi nintzan ogi bizija. Ogi au jaten dabenak, eukiko dau betiko bizitzia ta nik emongo dodan ogija da neure aragija... Zuben gurasuak jan ebeen mendi utsian mana ta ill zirian... Nik emoten dodan ogija jaten dabena, ez da illgo, biziko da... Ezagun da bada, kristinaubak, Jesukristo geure Jaunak berba oneetan ez illtiagaz ta betiko bizitziagaz esan gura deuskula zeruko erreinuba. Bada, Jesusen aragija jaten dabenak badauka beragaz betiko A, komuninoe santuba izango da geuk zeruba irabazteko daukagun aparteko doia.

        Geijago esan legi oraindino bijotz garbijagaz ta prestaera onagaz Jesus komuninoian artuten dabena gaiti. Esan legi, beragaz daukala zeruko erreinuba. Errege daguan lekuban dago erregiaren palazijua. Errege daguan lekuban dago Erregiaren erreinuba. Bada, komulgetan danak, bere bijotzian, bere ariman, bere bularrian dauka zeruko Errege bizija. Zer palta dau, bada, zeruko erreinuba eukiteko? Komulgetan danak beria dau zeruko Erregia, Jesukristo Jaungoiko ta gizon egijazkua, bera bada benetan ta amodijoz zeruko Erregiarena, Jesukristo Jaungoiko ta gizon egijazkuarena. Zer biar dau, bada, geijago komuninoe santuba artuten dabenak, zeruko Erregia ta erreinuba beragaz eukiteko? Esango dozu, dino san Juan Krisostomok, ikusi gura zendukiala Jesusen beraren etxuria, bere jantzija ta bere soina. Ara bada, dino santubak, bera ikusten dozu, berari ikutu egiten deutsazu ta bera jaten dozu. Ecce eum vides, ipsum tangis, ipsum manducas. Zuk bere jantzija ikusi gura zenduke; baina berak ez deutsu bakarrik emoten ikustia, ezbada baita bera jaatia, artutia ta zeure barruban eukitia bere. Manducare, et tangere, et intra te sumere. Komuninoe santuban emoten deusku Jesusek bere aragija, odola ta Jaungoikotasuna, daukan guztia. Ta eskintzen deusku beragaz betiko zeruko bizitzia. Au da zerurako doe nausija.

        Ez, bada, aztu, neure entzula onak, ondo artutako komuninoiak geure arimara dakazan mesede andijakin. Bat egiten gaitu Jesukristo geure Jaunagaz; sendotu ta geituten ditu geure arimako ontasunak edo birtutiak; parkatuten deuskuz pekatu arinak; ta emoten deusku zerurako aparteko grazija ta doia. Biztu daigun, bada, geure sinistutia. Kendu daigun nagitasuna. Prestau gaitezan ainbat bijotzik garbijenagaz, Jesus geure ariman artuteko. Zer egingo zenduke errege batek zeure etxera etorri gura baleu zeugaz egotera ta bere ondasunak zeuri ekartera? Zelan garbituko zenduke egon lekuba, lo lekuba, jar lekuba ta maija berarentzat? Zelan berba egingo zeunskijo, zeure etxian sartu dedinian? Ze karino erakutsiko zeunskijo? Ah! zeubek pensau. Zer dira, bada, munduko errege guztiak ta ondasun guztiak Jesus Erregiaren ta aren ondasunen aldian? Ezer bere ez. Utsak guztiak. Oh, Jesus maitia! Zeuk prestau biar dituzu gure arimak, zeu komuninoe santuban geuk artuteko. Emon egiguzu, Jesus geure bijotzen jaube ona, geure pekatuben damu egijazkua, zeure amodijo ixiua ta zeu sarri artuteko gose santuba ta komuninoeko sakramentubagaz zeruko betiko bizitzia. Aitiaren ta Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa