www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

III. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zer egin biar daben kristinaubak

ezkontzako sakramentuba artuteko.

2. Zelan irago biar dan eskubak emoteko eguna.

 

        Iru gauzatarako itxi eban Jaungoikuak, neure entzula onak, ezkontzako sakramentuba. Aretati bat da, senar emaztiak bake santuban ta egite onetan alkarregaz bizita, lege santuba gordetan ta Jaungoikuaren naija egiten alkarri lagunduta, zeruba irabazi dagijen. Alan esan eban Jaungoikuak Adan gaiti: Ez da ondo gizona bakarrik izatia. Egin daijogun bere eriko laguna. Beste bat da, Jaungoikuak emoten deutseezan seme alabak, erakutsi onian ta Jaungoikuaren bildurrian zerurako aztia. Alan esaten deutsee Espiritu Santubak Salomonen aoti gurasuai: Umiak badaukazuz, azi egizuz dotrina onian ta Jaunaren bildurrian. Irugarrena da, Adanen pekatubak itxi euskun gatx nausija erremedijetako. Alan dino san Paulo apostolubak: Propter forni cationem autem unusquique suam uxorem habeat, et unaquaeque suum virum habeat. Iru gauza oneek txito dira zeregin andikuak ta ezkondubari entero asko edo guztia balijo deutseenak. Berau gaiti da biarrekua esatia kristinaubari: 1. Ezkontzia asmetan dabenian leendanaz zelan prestau biar daben ezkonduteko. 2. Zelan irago biar daben eskubak emondako eguna. Bakuszu, kristinaubak, askori jagokan erakutsija dana au. Ondo etorriko jakue ezkondubai. Edo euren ezkontzako uts egitiak ezaututeko ta damututeko, edo uts egin ez beeben, Jaungoikuari eskerrak emoteko. Baita ezkondubagakuai bere, jakinda egon ditezan ezkondutera orduko. Entzun bada, kristinaubak, ainbat gogorik zuurrenagaz zer egin biar daben kristinaubak, ezkontzia asmetan dabenian edo tratetan dabenian.

        Dinot, bada, ya erabagi ezkero kristinaubak bere goguan, leenagoko erakutsijan esan dan prestaeriagaz, lege santuba gordetako ta zeruba irabazteko onduen berari juakon estaduba dala ezkontzia, egin biar dabena da:

        Lelengo: Erregutu Jaungoikuari bijotzeti ainbat gogorik oneenagaz ta humildiagaz, bialdu dagijola zeruti bere argi santuba ta laguntasuna, ariman ondo dan moduban ezkontzako sakramentu santuba artuteko. Premina ordu guztietan eskatu biar deutsagu Jaungoikuari aparteko goguagaz bere grazija. Bada, nos preminago kristinaubak zeruko laguntasuna, bizi dan arteko estaduba artutera doianian baino? Beste lagun bategaz betiko bat egitera doianian baino? Jakitun edo ez jakin bik, zuzen uste edo oker uste bik, ondo eritxi edo gaiski eritxi bik, aziera bik, aituera bik, naiera bik, enpin gizon batek eta emakume batek beti alkarregaz aragi baten izateko buztarri astuna ta sakramentu ausi ezin legijana artutera duazanian baino? Nos preminago Jaungoikuari ondo erregutu biarra? Nos preminago ta biarrago zeruko argija, nor berari jaokan lagun bategaz bat egiteko? Au gaiti erregutu biar deutsa kristinaubak Jaungoikuari, ezkonduteko ustia artuten dabenian. Au aituten emoten deusku Espiritu Santubak Salomonen aoti esaten dabenian, gurasuak emon legijuezala umiari ondasunak; baina emazte ona Jaungoikuak baino bestek emon ezin legijola. Jaungoikua da bakarrik ezkondu gura dabenari lagun on bat emon legijona. Jaungoikuari eskatu biar deutsa, bada.

        Bigarrenian: Imini biar dau kristinaubak ardura ona, berari onduen juakon laguna aukeratuteko. Kontu euki biar dau, berak laguntzat nai leukiana edo atarako erara jatorkona ze ekandutakua, ze azierakua ta ze jenijotakua dan. Askotan onako gauzarik pensau ta jakin bagarik itsu itsuban egiten dira ezkontzak. Ta gero erremedijo bagako negarragaz ezaututen dira alkarren paltaak. Geijenian, dino san Jeronimok, ez jako kasurik egiten ezkontzetan emazte geija ze oituratakua dan begiratutiari, ezbada eria dana artuten da emaztezat. Ez da kasurik egiten ia soberbijosia dan, ia nezijua dan, ia erua dan, ia andiguria dan, ia beste tatxarik daukan. Ezkonduta gero jakiten dira onako emaztiaren edo senarraren paltak ta tatxak. Zaldi bat etxera ekarri biar bada, asto bat, idi bat edo kria[j]du bat etxera ekarri biar bada, itanduten da ta jakiten da kontu andijagaz zelakuak dirian ta paltarik dauken edo ez. Ta emaztia ekarten da etxera, zelakua dan jakin bagarik. Au guztiau da san Jeronimoren esana, zeinegaz erakusten deuskun leen esan deutsudan guztia. San Juan Krisostomo kexetan da oraindino argiruago gatx onen gainian. Ta dino: Nok kontu egiten dau ze kondizinoe ta bizi modutakua dan ezkongeija? Inok bere ez. Nullus omnino. Ze diru ta ondasun daukan da itanduten dana ta jakiten dana, dino Santubak.

        Munduko gauzetati zerurutz gogua jasota, ainbat usterik garbijenagaz ta zuzenenagaz begiratu biar dau kristinaubak zelan Jaungoikua serbiduko daben artutera doian lagunagaz. Begiratu biar deutsa lagun geijaren edadiari, eukijari, azieriari ta beste ezkondubak alkar artuteko ta onian bizi izateko asko balijo daben gauzai. Zaarra gaztiagaz ezkondutia; aberatsa pobriagaz ezkondutia; nekezarija andikijagaz edo andiki usainekuagaz ezkondutia; estu bat edo ernegau bat nasai bategaz edo ardura gitxiko bategaz ezkondutia; euki gura ta batu gura zal bat kastalari burugin bategaz ezkondutia... beti da arrisku andiko ezkontzia, edo norberak ez daukan paltia lagunari arpegijan ezarri legijolako, edo bataren eritxijagaz ta bizieriagaz bestia bat egingo ez dalako. Onetariko ezkontzak gaiti dino Eleisako batzaar batek, entero sarritan entzun diriala arimen kalteko negargarrijak; jentilak eurak bere egin ez oi zituben aragizko pekatubak. Gauza guztietan da entero ona ta ederto dirudijana bardintasuna. Baina ezkondubentzat nai ta ezekua legez da. Bijak badira aziera onekuak, Jaungoikuaren bildurrekuak ta seme alaben naija gaiti amodijo garbijagaz ezkonduten dirianak; bijak badira andi ustiari, euki naijari, alperrerijari ta pekatubari bardin begiratuten deutseenak; bijak badira odol bardinekuak, gitxi gora beera euki bardinekuak, kleitu bardinekuak, biziera bardinekuak, dinot, alarguna alargunaz ta askatuba askatubagaz; bijak badira Eleisa Ama santiak ta ezkontzako legiak aginduten daben moduban estadu barrija artuten dabeenak, euren aldeti ainbat onduen prestauta, esan legi ta esan biar da, kristinaubak, onako ezkontziak Jaungoikuaren deijaren etxura guztia daukala ta zerubak bere grazija paltauko ez deutseela alako senar emaztiai.

        Esango dozu benturaz, Eleisiak libre emoten dabela bakotxa gura dabenagaz ezkonduteko. Ta arriskukuak balira ezbardinen ezkontzak, eragotziko litukiala Eleisa Ama santiak. Erantzuten jako oni, Eleisa Ama santiak ez ditubala lege gogorragaz eragozten ondo baino obeto ez dirian gauza guztiak. Baina aituten emoten dau zein dan zerurako bide segurubagua, zein dan seguruba ta zein dan peligruzkua. Eleisiak ez dau eragozten atso zaar bat mutil gazte bategaz ezkondutia. Ta bijak nai badabee, ezkonduko dira. Baina jazo leiteke ta jazo oi da, alako ezkontzai kristinaubak barre egitia ta arimarako batari bere ondo ez urtetia. Eleisiak ez dau eragozten palta asko daukazan emakume bat bai garbitasunian ta bai gorputzeko etxuran, diru gaiski irabazija ugari daukalako, mutil kleitu oneko bategaz ezkondutia. Baina jazo leiteke ta jazo oi da, dirubak juanda, ondo begiratu ezin deutsan tatxaz betetako emaztia etxian geratutia. Jazo leiteke ta jazo oi da, orduban orduban emaztiak senarraren aoti bere lotsari guztiak entzun biarra. Eleisiak ez dau eragozten... Baina zetako da luzatutia? Guztiok dakizu, kristinaubak, Eleisiak eragotzi ez arren, onako bardin bagako ezkontzak arrisku andikuak diriana. Berau gaiti artu biar da txito ardura andija ezkondutera orduko.

        Irugarrenian: Ezkontzia iragoten danian, ez dau ezetan bere engainau biar lagun geija. Senar emazten bizitzia astunago ta penazkuago (jakin ezkero) egin legijen paltak ta tatxak (badaukaz) azaldau biar deutsaz lagun geijari, palta areek gero agertuta, bizitza gaistua egin ez dagijen. Ezkontzia da sakramentuzko tratuba. Sakramentuba izan arren, ez deutsa isten tratuba izatiari. Tratu baten bere ez da inor engainau biar. Bada, gitxiago ezkontzako tratuban, zein dan urratu ezin legijan bi bat egiteko betiko tratuba. Ezkongeijak alkar engainetan badabee ezkontzako tratuban ezkontza onari jagokazan gauzetan, ez dabee gero guzur asko esan arren erraz izango engainuba adabetan. Geratuko jako lagunari zauri bat bijotzaren erdijan, inos bere ondo osatuko ez jakona. Ta bera izango da asko, senar emaztiak alkarren karino egijazko bagarik bizi izateko. Zer pena andijagua berau baino? Egin bada, kristinaubak, Rakelek Tobiasegaz egin ebana. Rakelek Sara bere alabia Tobiasi emon gura eutsanian emaztetzat, banaan banaan esan eutsazan bere alabiaren jazo guztiak. Beste ainbeste egin biar dau kristinaubak, ezkontzia egiten danian.

        Laugarrenian: Ezkontzia egin ezkero, ez dabee ezkongeijak edo nobijo nobijak etxe baten egon biar. Ezda alkarregaz bakarrik bere, ezda alkar ikusteko alkarren ondorik ibili bere. Alako nobijo nobijen alkar ikustetati ta alkarregaz egotetati zeinbat kalte datorren euren arimetara, ezin esan legi. Andi oi datoz jentiaren gaiski esatiak ta murmuretiak gurasuak gaiti, etxekuak gaiti ta kurak gaiti, eragozten ez dabelako. Andi pekatu egiteko arriskubak, edo esanaz, edo eginaz, edo guztira. Andi, Jaungoikuagaz aztutia, orazinoerik ez egitia, aragijaren gustuetan euren gogua eukitia, Jaungoikua asarratutia ta ezkontzako sakramentubaren grazijak ta bendizinoiak galdutia. Ezkontzia eginda, alan alkarren ondorik jentiaren esanagaz dabilzan ezkongeijak gaiti esan legi, aingeru san Rapaelek Tobias santubari esan eutsana, Jaungoikuaren bildurra galduta luxurija gaiti ezkonduten dirianak, Asmodeo demoninua daukeela eurakin. Zeinbat nobijo nobija gaiti esan ete legi beste ainbeste? Zeinbat ezkongeik, alkar jasoteko keiziagaz, onestidadia galdu ta asarratuten ete dabee Jaungoiko Santuba, eurai grazija emon biar deutseena? Ah, kristinaubak! Asmodeo demoninuak, Sararen lelengo zazpi senarrak ito zitubanak, dauka eskubidia alako ezkonkeijen bijotzetan ta arimetan. Diadar egiten jakue gurasuai ta juakuen guztiai alderatu dagijezala ezkongeijak alkarreganik urrin, ezkontzia bein egin ezkero. Ezkontzia egindako kristinaubaren zeregina da, bestetan baino orazinoe geijago egitia; kristinautasun ta asetasun geijago gordetia; bere buruba leen baino ezkutubago eukitia; bere bizi guztiko pekatuben konpesinoe damuzkua egitia; limosna bat edo beste al badai egitia; ta ainbat lasterren eskubak emotia. Onan prestau biar dau kristinaubak leendanaz, ezkontzako sakramentuba artuteko. Ta zer egin biar dau esku emoteko egunian?

 

 

II.

 

        Oh, neure kristinaubak! Grazijazko sakramentuba ta estadu barrija artuten dan eguna da ezkontzako eguna. Ez da Jaungoikua opendiduteko eguna. Ez da zerutarrak lotsatuteko eguna. Ez da, eztegubaren atxekijagaz, nasaitasunari, ordikerijari ta berdekerijari leku emoteko eguna. Ez da, Jaungoiko bagako jentilak legez, berba lotsagarrijetan, jan edan laarregijetan, dantza desonestubetan ta olgeta zatarretan iragoteko eguna. Ez dogu entzuten, dino san Juan Krisostomok, antxinako patriarka santuben eztegu betan, orain legezko arrokerijarik, panparrerijarik ta nasaitasunik. Ez dogu entzuten orduko eztegubetan ez gauza sobraurik, ez biar ez zanik. Diabrubaren ponparik eta banidaderik, inos bere ez. Soinurik, tanbolinik ta dantzarik, inos bere ez. Satanasaren jan edan laarregirik, inos bere ez. Luxurijaz ta nasaitasunez betetako berbarik eta txanzarik, inos bere ez. Guztia onestidadia, guztia asetasuna ta guztia juizijozkua, dino Santubak, ta amaituten dau bere saila esanagaz: Au egin biar dabee kristinaubak, eskubak emoten dituben egunian.

        Aingeru san Rapaelek erakutsi eutsan Tobiasi, ezkonbarrijak zer egin biar dabeen eskubak emoten dituben egunian ta gaineko bijetan. Esan eutsan, bada, Aingerubak Tobiasi, Saragaz ezkontzia asmau ebanian: Gorputzaren gustuak gaiti ta luurreko gurarijak gaiti ezkonduten dirianak, geratuten dira Asmodeo demoninuaren agindupian. Au gaiti zure emaztegei Sarari, zazpi bidar ezkondu da, ta zazpi senarrak ill deutsaz Asmodeok ezkondu izan dan zazpi gabetan. Zuk ez dozu alakuen moduban izan biar, ezbada eskubak emon dagizuzanian, aparteko leku baten sartuta, zeure emaztiagaz bakarrik egingo dozu orazinoia bijok iru egunian... Gero Jaungoikuaren bildur santubagaz ta seme alaben naijagaz biziko zara zeure emaztiagaz, Abraanen belauneti jaditxi dagizun Jaungoikuaren bendizinoia zeure seme alabeetan. Oneek izan zirian, neure entzula onak, aingerubak Tobias gaztiari, eskubak emotera Saragaz joianian, esan eutsazan berbak ta konsejubak.

        Onen beste egingo ez badabee bere esaten jakue, ez dagijela arren Jaungoikua asarratu eskubak emondako egun santuban, eztegubetan oi dirian berba, txanza, eskuka, dantza ta pandango nasai ta lotsagarrijakin ta jan edan laarregijakin. Esaten jakue gorde dagijela egun atan, bizi guztiko sakramentuba artu daben egunian, gorde dagijela lotsa ona, zentzun ona, kristinautasuna ta Jaungoikuaren bildur santuba. Sinistu, neure entzula onak, ezteguban ezkonbarrijak ta konbidaubak egin oi dituben pekatu nasaijak gaiti sarri kastigau ditu Jaungoikuak ezkondubak.

        Ez da esaten, ezteguko egunian senide bat edo adiskide bat konbidau biar ez dala. Au egitia ez dau inok eragozten. Jesus bere juan zan bere Ama guztiz santiagaz Kanaango eztegubetara. Ta bedeinkatu eban ango ezkontzia, mila gro bat eginagaz. Egin, bada, ezteguba, biar bada. Baina kristinau usainagaz, esate ta gogo garbijagaz; baina nasaitasun bagarik, zorakerija lotsarizko ta pekatuzko bagarik; baina edan neurri bagako edo kastu alperrikako bagarik. Orduban Jesusek bedeinkatuko ditu zeuben ezkontzak. Alan gura izan dagijala zerubak bere neurri bagako ontasuna ta miserikordija gaiti. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa