www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VI. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zetarako dirian batioko egite santubak edo zeremonijak.

2. Zelan gorde biar ditugun bautismoko agindubak.

 

        Bautismoko grazijagaz jantzten gaitu, neure entzula onak, Jaungoikuak, bere semetzat geu artutera orduko. Grazija onegaz prestauta, isten deusku bere Eleisa santan sartuten. Entzun dozu leenagoko erakutsijan, ze mesede andija egin deuskun geure Aita zerukuak bautismo santubagaz. Inpernuko etsaijaren esku gaistuetati atera ginduzan bautismo santubagaz. Ekarri ginduzan bere Eleisa santara ta garbira. Artu ginduzan bere etxe era onekuan ta bere mai santuban bere semetzat ta serbizaritzat. Ta eskintzen deusku betiko zeru ondasunez betia, bere esana egiten badogu. Au gaiti bada, neure entzula onak, dendatu biar dogu geuk bere geure Aita zerukuaren ondria zaintuten ta jasoten. Seme onari jagoko aita onaren esana egitia. Ta biar ordu guztian bere aitaren ondria gaiti arpegija ateratia. Seme batek dakusenian bere aita inok zurreetan dabela, desondretan dabela ta oinpetuta darabillela, aitaren onera urteten ez badau, al dagijala, seme doilloorra da. Ez dau merezidu aitak semetzat artutia. Bautismuagaz gara Jaungoikuaren semiak. Ta geuri jagoku semetza altu ta ondrau oni esker onagaz ta leijaltasun pinagaz erantzutia. Au agindu genduban bautismuan. Ta berau da kristinaubak sarri goguan euki biar dabena. Onetarako esango deutsut ikasikizun onetan: 1. Zer esan gura dabeen batioko egite santubak edo zeremonijak. 2. Zer agindu geuntsan Jaungoikuari bautismuan. Prestau zaitez guztiok, zeuben kristinautziaren asierako pausubak ainbat onduen gogoratuteko.

 

 

I.

 

        Seina batiatuten eleisara eruaten danian, sazerdotiak edo bautismoginak urteten dau eleisako atera. Ta seina kanpuan daguala, itanduten deutsa: Zer eskatuten deutsazu Eleisiari? Ta erantzuten deutsee seinaren ordez: Pedia. Zer emongo deutsu pediak? dirautsa bautismoginak. Ta erantzuten deutsee: Betiko bizitzia. Bada, nai badozu zeruban betiko bizitzia, esaten deutsa seinari bautismoginak, gorde egizuz agindubak. Maitetuko dozu Jaungoikua arima guztiagaz, bijotz guztiagaz ta gogo guztiagaz; ta zeure laguna, zeure buruba legez. Oneek dira, neure kristinaubak, seinari eleisako ateetan lelengo esaten jakozan berbak. Ta Jaungoikuak kristinau barri geijari lelengo egiten deutsan eskaarija bere berau da.

        Iminten jako seinari izena, batiatutera orduko. Ta izan biar dau izenak aingeru, santu edo santaren batena. Kristinaubak euki dagijan bitartekotzat zeruban bere izeneko santuba ta poz geijagogaz jarraitu dagijuen aren ontasunari, iminten jako kristinau barrijari santubaren izena.

        Baustismoginak auagaz aixe emoten deutsa edo arnasia botaten deutsa seinari arpegira bertati, satanasa aterateko seinaren arimati. Gero egiten deutsa kurutzia bekokijan ta bularrian. Sartuten deutsa gatza auan. Ta igortzten deutsaz belarrijak ta suurra txistubagaz. kurutzia da kristinau barrijaren senailia ta osasuneko senailia. Egiten jako bekokijan kurutzia, lotsatu ez dedin inos Jesusen eskolau izatiagaz. Ta egiten jako bularrian, Jesusen kurutzeko erijotziak emon dagijon indarra kristinau ona izateko. Auan sartuten jakon gatzak esan gura dau, bautismuak emoten deutsala zeruko gauzen ezauberia ta jakiturija. Txistubagaz belarrijak ta suurra igorztiak esan gura dau, Jesusek txistuzko basiagaz igortzita itsubaren begijak argitu zituban legez, argitu ta zurtuten ditubala bautismuak kristinaubaren belarrijak, Jaungoikuaren eskinijak ta berbak entzuteko. Ta suurra, zeruko birtuten ta gauza oneen usain gozua artuteko.

        Onen ondorik asten da bautismogina, seinaren ariman daguan Satanasaren kontra Eleisako konjurubakin.Urten espiritu loija. Urten diabruba sein onen arimati, esaten deutsa bautismoginak satanasari, ta emon leku Espiritu Santubari. Ezautu biar dozu, diabruba, zeure kontra daguan maldezinoia. Ta emon biar deutsazu Jaungoiko egijako bizijari ta aren Seme Jesukristo geure Jaunari ta Espiritu Santubari euren ondria. Aldendu zaite, bada, satanas madarikatuba, sein onen arimati. Jesukristo geure Jaunak artuten dau bere naiz bautismo santuko iturrira ta bere grazijara. Ez zaitez azartu inos, diabruba, nik orain bekokijan egiten deutsadan kurutze santia oni galdu eragiten.

        Itanduten jako gero seinari, ia isten deutseen satanasari ta aren egite txaar guztiai. Ia isten deutseen diabrubari, mundubari ta diabrubaren ta mundubaren ponpa ta banidadiai. Ta erantzuten dau, baietz. Abrenuntio. Batiatu baino leenago itanduten deutsa au bautismoginak seinari iru bidar. Bada, nora ezekua da diabrubari ta aren asmo txaar guztiai istia, Jesukristogaz bat egiteko. Onen ondorik eruaten da seina bautismo lekura. Ta an barriro itanduten jako, ia sinistuten dituban geure pedeko egijak. Sinistuten dozu, itanduten deutsa, Aita Jaungoiko bakar, guztia dagijenagan? Erantzuten deutsa, baietz. Credo. Sinistuten dozu aren Seme Bakar Jesukristo geure Jaunagan? Ta erantzuten deutsa, baietz, credo. Onan autortuten ditu seinak kristinautzako siniskizun guztiak, batiatu baino leenago.

        Modu onetan prestetan da seina edo batiatutera doiana, kristinau egitera orduko, sarri kurutzia bekokijan ta bularrian eginda. Gatz bedeinkatubagaz zeruko gauzen ezauberia argituta. Belarrijak ta suurra Jaungoikuaren deija ta naija egiteko txistubagaz zurtuta. Sazerdotiaren esku sagradubak buru gainian bein ta birritan iminita. Mundubari, diabrubari ta mundubaren ta diabrubaren egite txaar guztiai betiko largako deutseela erasota. Jaungoikuaren erreguko ta Satanasaren bildurreko berba santu ta indartsubakin etsaija aren arimati uxaatuta. Batiorako orijo santubagaz bularra ta espaldia igortzita. Etsaijaren kontra pelietako, orijo santubagaz prestau ta indartuta. Pedeko artikulu edo siniskizun guztiak autortu eraginda. Barriro itanduten deutsa bautismoginak seinari edo bautismotutekuari, ia nai daben artu bautismoko sakramentuba. Ta erantzuten dau, baietz, volo. Itanduten jako au aituten emoteko, ez Jesukristo[k], ez Eleisa Ama santiak ez dabeela gura euren etxian nora ezekorik. Ez dabeela gura artu semetzat edo alabatzat, nai ez dabenik. Orregaiti itanduten jako: Nai dozu, batiatu zaidazan? Ta arian da berak edo bere ordekuak erantzun artian baietz, volo, ez da batiatuten kristinaugeija. Baina baietz erantzun dagijanian, bertati batiatuten dau bautismoginak ura ezarrita, esanagaz: Nik batiatuten zaitut Aitiaren ta Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

        Emoten jako gero bautismotubari zapi garbi bat, aituten emoteko, bautismuagaz arimiak artu daben edertasuna ta garbitasuna. Ta baita, batioko agindubai jarraituten badeutsee zuzen, zeruban eukiko daben glorija ederra bere. Gero emoten jako kandela ixiua eskura, aituten emoteko, bautismuan artu daben sinistutia edo pedia, karidadiaren subagaz ixiota euki biar dabela. Kristinautzako egite onak erakutsi biar ditubala. Bada, sinistute utsa edo pede utsa egite onak bagarik, utsa da Jaungoikuaren aurrerako. Salbetako biar da sinistutia ta biar dira karidadeko egitiak. Maitetu biar da Jaungoikua, gauza guztiak baino geijago; ta maitetu biar ditugu geure lagunak, geure burubak legez, salbauko bagara. Au esan gura dau kandela ixiuak.

        Ara emen, kristinaubak, ze gauza santubak ta ontasunez betiak barrututen dituban eleisan egiten dan batio santubak. Ez dago berba bat, ez egite bat bautismuan aparteko erakutsija ta artukizun zerukua ta arimiaren onerakua ez daukanik. Emeti ezautuko dozu, ze aldatza andija ta arrigarrija egiten daben arimiak batiatu bagarik daguaneti ta batiatutakora. Batiatu baino leenago eguan arima tristia, guztia illuna, ezaina, loija, pekatuzkua, zeruben ta luurren gorrotokua ta demoninuen aginduban ta eskupian eguana. Batiatuta gero dago guztia argija, ederra, zurija, apainduba, aingerubak, santubak ta Jaungoikuak maite dabeena, Espiritu Santubaren egonleku bizija, Jaungoikuaren semia, Eleisiaren semia ta zeruko etxaguna. Zerutar baten grazijazko jantzijagaz apainduta geratuten da arimia bautismo santuban. Grazijazko jaijotza ta aldatza zorijone[ko] au egiten dau batiuagaz arimiak.

        Bautismo santuba ez da bein baino artuten. Bada, beinguak parkatuten ditu leenagoko pekatu guztiak. Beinguak emoten dau kristinau izatia, arimako grazija ta zerurako eskubidia. Baita Bautismuak egiten dau ariman marka bat, inos bere galduko ez dana. Bautismuaren marka onegaz ezagun izango dira beti, nai zeruban ta nai inpernuban kristinau guztiak. Erregen soldaubak darabilezan legez seinale agirijak, zein ze erregeren soldau dirian ezaututeko, alan Jesukristok markau ta seinaletan ditu ariman bere soldau kristinaubak bautismuagaz, beti dagozan lekuban dagozala, ezagun izan ditezan. Bautismuaren marka kendu ezinekua izango da onentzat zeruban poza ta glorija. Ta deungentzat inpernuban penia ta lotsarija. Au gaiti, eurenez, kristinau kondenaubak eukiko dabee inpernuban pena geijago, batiatu bagakuak baino. Begiratu, bada, kristinaubak. Bautismoko grazija ta mesedia andija da. Baita bautismuan Jaungoikuari egin geuntsan aginduba bere andija ta santuba da. Gogoratu daigun, bada, zer agindu geuntsan Jaungoikuari bautismuan.

 

 

II.

 

        Bautismo santuban Jaungoikuari berbia emon geuntsan, diabrubari ta aren egitade deungai betiko isteko. Santuben ta altaren aurrian iru bidar agindu geuntsan Jaungoikuari batiora orduko, diabrubari, mundubari ta aragijari ta areen pekaturako bide deunga guztiai istia. Orduban egin genduban, esateko moduban, tratu bat Jaungoiko onagaz ta mesedez berezat artu gura ginduzanagaz. Jaun Zerukuak guri emoteko zeruko sinistutia, zerurako ustia ta zerubaren naija bere maitetasunagaz ta beste arimiak salbetako munduban biar dituban ta gero zeruban eukiko dituban ontasun guztiakin. Ta guk, Jaungoikuagan sinistuteko, Jesukristo geure Jaunaren ondria zaintuteko ta Jaungoikuaren ta Eleisa Ama santiaren agindubak gordetako, dino san Agustinek. Jaungoikuak agindu deusku zeruba ta geuk Jaungoikuari, mundubari, diabrubari ta aragijari gerra egitia. Au gaiti dino san Eprenek, berbati artuko gaitubala Jaungoikuak, geure bizi modubak erantzuten ez badeutsa bautismuan egin genduban eskinijari. Ex verbis tuis condemna beris. Ta geure bizi moduba bada Jaungoikozkua ta Jaungoikuaren agindubagaz bat egina, geure esaneti salbauko gariala. Ex verbis tuis justificaberis.

        Diabrubari largetako, maitetu biar da Jaungoikua bijotz guztiagaz, arima guztiagaz ta gogo guztiagaz. Jaungoikua maitetuteko, egin biar da Jaungoikuaren esana. Ta zer da Jaungoikuaren esana? Amar agindubak dinuena. Guztiak dira Jaungoikuaren esanak ta guztiak gorde biar dira. Amarretati bat austen bada, ez da orduban egiten Jaungoikuaren esana, ezbada diabrubarena. Ez genduban, bada, agindu bautismuan diabrubaren esana egitia, ezbada Jaungoikuaren esana egitia. Zer dira mundubaren edo diabrubaren ponpa esaten jakuenak? Dira pekatuzko gurari txaarren prutubak. Dira andi guria, ondasun guria, gorputzaren gusto guria, lagunak bera edutzat ez eukitia, inoren onak aintzat ez artutia, inoren naibagiagaz ez errukitutia, daukanagaz kontentu ez izatia, munduko gustuetarako ta olgetarako gogo presta eukitia, dotorerija, apaindurija, jan edan ugarija, alperrerija, dantzia ta gorputzaren jolatsak maite izatia. Oneek ta onei darraikuezan enbidijak, zeluak, gorrotuak, inoren ona ikusi ezinak, gaiski esatiak, lapurretak, logrerijak, adulterijuak, pornikazinoiak, esate ta egite loijak, Jaungoikuaren, santuben ta Eleisiaren kontrako berbak, sakrilejijuak, juramentu guzurrezkuak, ordikerijak, joko laarregijak... guztiak dira mundubaren ponpa ta banidadiak. Oneek guztiok dira diabrubaren, mundubaren ta aragijaren esanak ta naijak. Guztiok dira ez egiteko Jaungoikuak esanak. Onei istia agindu genduban bautismo santuban.

        Jesukristo geure Jaunak esan eban, ugazaba bi inok serbidu ezin legizala. Ugazaba oneek bijok dira Jaungoikua ta diabruba. Jaungoikua serbiduten dabenak, ezin serbidu legi diabruba. Ta diabruba serbiduten dabenak, ezin serbidu legi Jaungoikua. Au gaiti esan eban Jesukristok berak: Neure bando ez dana, neure kontra da. Ez dago bitaarterik, kristinaubak. Edo gara diabrubaren kontra, edo gara Jaungoikuaren kontra. Bautismo santuko eskinijai jarraituten badeutseegu, Jaungoikuaren aldeko gara ta diabrubaren kontra gara. Baina bautismo santuko eskini andijakin aaztuta aragijaren gurarijai, mundubaren era arruai ta diabrubaren eskaari galdubai jarraituten badeutseegu, diabrubaren aldeko gara ta Jaungoikuaren kontra gara. Au gaiti esaten dau san Paulo apostolubak, argijak eta illunak, grazijak eta pekatubak, Kristok eta diabrubak ez daukeela bat egiterik. Pekatuko bide illuneti ta diabrubaganik aldendu biar dau, zeruko argijagaz grazijaren bideti Jesukristori jarraituko deutsanak.

        Gogoratu bada, kristinaubak, zeinbat arte ta modugaz geure Eleisa Ama santiak batiuan grazijazko jaijotzara aldatu ginduzan. Zeinbat kurutzegaz armau ginduzan. Ze gauza ondugarrijakin geure aua, suurrak ta belaarrijak santutu ta zeruruztu zituban. Zelan Orijo santubagaz sendotu ta indartu ginduzan, diabrubaren kontra pelietako. Zelan eraso euskun iru bidar, batiatutera orduko, diabrubari ta aren egitiai largatia. Abrenuntio. Zelan eraso euskuzan kristinaubaren siniskizunak batiorako. Credo. Baita zelan eraso euskun bere, geuk geure guraz nai gendubala batiatutia, kristinau izatia ta Jesukristori jarraitutia. ¿Vis baptizari? Volo. Gogoratu, kristinaubak, ze prestaera santubaz, itzalsubagaz ta berbati artutekuagaz emon euskubeen bautismoko jaijotza grazijazkua. Ta aren ondorik zapi zurija ta kandela ixiua. Zapi zurijan aituten da arimiaren edertasuna ta zeruko glorija, leen esan dan legez. Jesus illeen arteti biztu zanian, aingerubak zuriz jantzita agertu zirian. Jesusek Taborko mendijan bere glorijagaz jantzi zurija apostolubai erakutsi eutseen. Zeruko jantzija jantzi zurija ta guztiz garbija da. Onen gogorako emoten jako, bada, batiuan kristinaubari zapi zurija. Esan deutsut leen, kandela ixiuagaz aituten dala pedia, esperantzia ta karidadia. Pedia argitasunian, esperiantzia zeruruz begira zuzen egotian ta karidadia berotasunian. Alan gorde biar ditu kristinaubak bere bizi guztian pedia, esperantzia ta karidadia. Bada, pekatu illgarrija egiten dan bakotxian amatetan da bautismoko kandela ixiua ta loituten da zapi zurija ta austen da bautismoko agindu santuba.

        Iges, bada, urrin, kristinaubak, pekatubetati, gorde daigun geure arimiak bautismo santuban artu eban jantzi zurija ta grazijazkua, zeinegaz irabaziko dogun erijotza ona ta betiko zeruba. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa