www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

V. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan,

ze erru andiko pekatuba dan gaiski komulgetia.

 

        Komuninoe sakramentuba bada, neure entzula onak, txito grazija ugarijak ta mesede andijak geure arimetara dakarzana, ondo prestauta artuten danian, bildurgarrijago, kaltegarrijago ta ezainago da pekatuzko ariman artuten danian. Komuninoe santuba bizitzia da onentzat ta erijotzia deungentzat. Esan ezkero leengo ikasikizunian ze mesediak dakarguzan komuninoe onak, erakutsi biar jako kristinaubari ze kaltiak dakazan komuninoe txaarrak edo pekatu illgarrikuak. Ez da erraz pekatarijari aitu eragiten, ze ezaina ta lotsa gitxikua dan gaiski komulgetia. Au puska bat aituteko, gogoratu egizu, bada, neugaz: 1. Nor dan Jesukristo geure Jauna. 2. Zer opa deuskun Jesusek komuninoeko sakramentuban. 3. Zer dan pekatu illgarrijagaz daguan arimia. 4. Ze lotsa galdukua dan alan komulgetan dana. Prestau zaitez guztiok, oi dozun gogo onagaz entzuteko ta dotrina onetati nik opa deutsudan prutuba aterateko.

 

 

I.

 

        Nor da Jesukristo? Jesukristo da Aita Betikuaren Seme bizija, Jaungoiko egijazkua, ontasun utsa, zuzentasun utsa, garbitasun utsa ta edertasun utsa. Jesukristo da Jaungoikuaren Seme gizon egina, aingeruben poza, zeruben argitasuna, santuben alegrija ta Aita Betikuaren atsegin osua. Jesukristo da aingerubak egonlekutzat, apostolubak krijadutzat, birjinak esposatzat ta zeru andijak jarlekutzat gitxiegi ditubana. Jesukristo da pekatu bagako odol garbijagaz sortu zana, pekatu bagako sabel garbijan azi zana, amaren osotasuna ausi bagarik jaijo zana ta pekatu bagarik beti bizi izan zana. Jesukristo da zeruben ta luurren egilia, aingeruben ta gizonen jaubia, munduko errege ta jaunen agintarija, guk guztiok entzun biar deutsaguna, sinistu biar deutsaguna ta txitik egin bagarik obeidu biar deutsaguna. Jesukristo da inori bere ezer zor ez deutsana, guztiok zor deutsaguna, guztion bizitzia nai erijotzia, osasuna nai gatxa, zeruba nai inpernuba bere eskuban daukana. Au da Jesukristo.

 

 

II.

 

        Zer opa deusku, bada, Jesusek? Edo zetarako geratu zan komuninoeko sakramentuban Jesus ogijaren ta ardauaren irudijan? Oh, kristinaubak! Ezautuko bagenduz Jesusek deuskuzan opa onak. Ezautuko bagendu zetarako geratu jakun Jesus altara santuban, maitiago izango genduke ta sarrijago artuko genduke. Zer nai deusku, bada, Jesusek komuninoian? Nai deusku bera geugaz bat egitia; geure bijotzak beretzat irabaztia; geure goguak luurreko gauzetati zeruko pozeetara jasotia. Bere gorputz ta odol bizijagaz geure arimai janari gozua ta betikua emotia. Nai dau geure arimak beretzat irabaztia. Nai dau bere neurri bagako ondasun ugarijak, zeruko argitasuna, zeruko gozotasuna, zeruko poza, zeruko bakia ta zeruko atsegina, emen euki al daigun terzijuan, geure arimetan imintia. Nai deusku Jesusek komuninoe santuban ge[u] santututia ta zelanbait geu Jaungoikotutia. Nai dau geure naijak, geure aitutiak, geure asmuak, geure goguak ta geure gurarijak, guztiak Jesusenak berarenak izatia, Bera guztia geuria izateko. Geu guztiz bagina Beriak, Bera guztiz izango litzaateke geuria. Au gaiti esaten deusku: Ekazu zeure bijotza ta artu egizu neuria. Oneek dira Jesusen opa onak. Zer opa euskegun, bada, geijago Jesusek, geu on, zuzen, bigun, garbi, baketsu, maitetsu, santutu ta zerutartutia baino? Ta zer egin eukian onetarako geijago, Bera geure arimen janari komuninoian geratutia baino? Ezer bere ez. Gogoratu daigun, bada, orain ia zelakua dan pekatuban daguan arimia, Jesus maitegarrijari ostatuba emoteko.

 

 

III.

 

        Zelakua da baina pekatuban daguan arimia? Ah, kristinaubak! Gomutatuta beste bagarik, ikara egiten dau bijotzak, azkortuten dira buruko uliak ta zanetako odola bere oztuten da. Pekatuban daguan arimia guztia da illuna, ezaina ta itxusija. Arima galduba, arima illa, arima luurtuba ta arima loituba da pekatuban daguana. Demoninuen tokija da, pekatuban daguan arimia. Ez dago leku bat ez munduban ta ez inpernuban ezainagorik ta itxusijagorik, pekatuban daguan espirituba baino. Ez da ezer bere Jaungoikuak gorroto geijago deutsanik ta gitxiago ikusi gura dabenik, pekatuban daguan arimia baino. Luziper bada gauza guztietati deungeena ta ezaineena, pekatuban dagualako da. Inpernuba bada leku atsituba ta larrija, pekatuben lekuba ta tokija dalako da. Kendu al balekijo pekatuba Luziperri, aingeru eder biurtuko litzaateke. Kendu al baleiz pekatubak inpernuti, guztia argituko litzaateke. Sartu al baledi pekatu bat zeruban, ez litzaateke zeru izango.

        Pekatuban daguan arimiari Jaungoikuak gorroto deutsa; Jesukristok gorroto deutsa; Ama Birjiniak gorroto deutsa; aingerubak gorroto deutsee; santubak eta santak gorroto deutsee; mundubak gorroto deutsa; ta inpernubak berak bere gorroto deutsa. Pekatuban daguan ariman ez dago ezer bere gogoz begiratu legijonik. Gizonaren izatia, bautismuaren silluba, kristinaubaren izen sikuba ta bizitza bagako sinistute illa; oneek geratuten jakoz bakarrik. Ta eurok bere desondretako ta geijago ezainduteko. Pekatuban daguanak illunduta dauka bere adina. Pekatubaren kargiak azpiratuta, mukertuta, okertuta dauka borondatia edo naillia. Pekatubagaz loituta, atsa darijola dauka bere bijotza. Gorputz ta arima dago luurreko gauzeetan naastauta, lizunduta ta galduta. Leza baten galduta, euliz beteta daguan abere bat begitanduten jat, pekatuban daguan arimia. Oratuten deutsee inpernuko eulijak, zeintzuk dirian demoninuak. Pekatubaren leza loijan sartuta dauke euren bendian, inok bere ondo begiratu ezin deutsan terzijuan.

 

 

IV.

 

        Ze lekutan deritxazu bada, kristinaubak, sartuten dabela Jesus pekatuban komulgetan danak? Jesus, Jaungoiko bizija, Jesus santuba, Jesus erru bagia, Jesus garbija arima loijan! Aingeruben Erregia, Ama Birjinaren Semia, Jesusen gorputz ta arima santia ta bedeinkatuba demoninuen tokijan! Gauzarik balijokuena lekurik galdubenian! Gauzarik argijena lekurik illunenian! Gauzarik garbijena lekurik loijenian! Gauzarik oneena ta ederrena lekurik ezainenian ta txaarrenian! Oh, pekatuban komulgetan dan zori gaistokua! Pekatubagaz batuten dau grazija; illunagaz argija; inpernubagaz zeruba; ta diabrubagaz Jesukristo. Deungaro egin eban Judasek Jesus saldutia. Baina ez eban obeto egin pekatuban komulgetia. Deungaro egin ebeen judegubak Jesus illtia. Baina pozagorik juan zan Jesus kurutzian illtera, pekatuzko arimara doian baino. Judasek Jesus saldubagaz ta judegubak Jesus illagaz jazo zan gizonaren erremedijua; egin zan Aita zerukuaren esana; pagau zan pekatubaren zorra; emon jakon zerubari glorija ta mundubari argija. Baina gizona nai emakumia pekatuban komulgaubagaz, ez dator on gauzarik ezer bere.

        Zegaz egin legijo, bada, kristinaubak injurija andijagua Jesus maitiari, Berak gitxien gura daben lekuban sartutia baino? Nun egongo da gogo gitxiagogaz Jesus, demoninuaren bendian daguan pekatuzko ariman baino? Jesusen Beraren gorrotoko bijotz ta bular loijan baino? Oh, Jesus bijotzekua! Nun sartuten zaitu pekatuban komulgetan danak? Ze egon leku emoten deutsee zeure begi argijai? Zeure arpegi ederrari? Zeure esku santubai? Zeure gorputz bedeinkatubari? Zeure arima grazijazkuari? Zeure bijotz amodijo garbiz ixiota daguanari? Ze leku? Oh! arima loija, bijotz loija, bular loija, demoninuen egon lekuba. Oh, aingeru santubak! Nun dakuszu Jesus, zeuben Egilia ta Erregia? Zelan adorauko dozu Jesus demoninuagaz daguan ariman? Oh, Birjina ederra! Zelan begiratuko deutsazu Jesus zeure erraija garbijetako Seme garbijari, pekatubak loitutako ariman daguanian? Oh, zerubak! Nora eruan dau zeuben argija, zeuben poza, zeuben alegrija ta zeuben bijotzeko maitia gizonen amodijuak? Pekatu mortalian daguan arimara. Lekurik ezainenera, illunenera, loijenera ta atsitubenera. An dago Jesukristo, pekatarijak nai dabelako. An egon biar dau Jesukristok, pekatarijak nai dabelako. An ikusi biar dabee aingerubak eta zerubak Jesus, nai ez dabeela bere, pekatarijak nai dabelako. Kristinaubak pekatuban komulgau nai dabelako.

        Zer deritxazu, neure entzula onak, pekatuban komulgetan danari? Zer egin legijo deungaruago Jesusen gorputz ta odol garbijari? Ah, desditxauba! Ah, desbenturauba! Ah, Judas bigarrena! Judasen lagunak dira pekatuban komulgetan dirianak, dino san Dionisiok, zein gaiti dinuan san Juanek, komuninoiagaz sartu jakola diabruba. Ez leenago ez eukalako, ezbada pekatuban komulgaubagaz leen baino obeto diabrubak oratu eutsalako. Santo Tomas Billanuebakuak esaten deutsa alan komulgetan danari: Gogoratu egizu ze pekatu andija dan, zeure bular loiko sekreta zikinera edo karkabara Jesusen odol santuba botetia. Quantum flagitium sit in spurcis siman pectoris tui cloacam Sacratum Cristi Sanguinem fundere. Pekatuban komulgetia da, dino Santubak berak, Kristo illtia ta bere odol santuba saldutia legez. Judegu erruki bagiak gorputzian Jesukristori emon eutseezan penaak, naibagiak ta mingarrijak, espirituz ta bere partez barriro emotia. Onan berba egiten dabee, neure entzula onak, Eleisiaren Gurasuak pekatuban komulgetan danaren lotsa galduba ta egitade bildurgarrija gaiti.

        Ez da ondo ogi santuba txakurrai emotia, esan euskun Jesukristok berak. Ez egijezu gauza santuba txakurrai emon; ez[da] gauza estimaubak lau oinekuai bota bere. Emen Jesukristok esaten deuskun gauza santuba ta estimauba da komuninoe santuba. Zer santubago bera baino? Zer estimaubago bera baino? Ezer bere ez. Alan aitu bere egiten dabee san Agustinek ta san Juan Krisostomok. Ta txakurraren ta lau oinekuaren izenagaz aituten da, pekatuban komulgetan dana. Esan daigun bada, kristinaubak, abere loi oneekin bat egiten ditubala Jesukristo geure Jaunak pekatuban komulgetan dirianak.

        Txakurren izenagaz aituten dira: Lelengo: Luxurijotsubak. Bigarrenian: Kodizijotsubak. Irugarrenian: Enbidijotsubak. Txakurrak dira alemanija loijak ta luxurijotsubak. Bada, areen irudikuak dira gizon eta emakume loijak. Au gaiti dino san Jeronimok: Txakurra ta emakume loija bat dira. Bada, bijak dagoz prest luxurijarako. Canis, et meretrix copulantur, quia utrumque pronum est ad libidinem. Kodizijotsubak bere txakurren modukuak dira. Bada txakurra dan legez gosetsuba, kodizijotsuba bere gosetsuba da. Beti dauka kodizijotsubak dirubaren ta eukijaren gosia. Txakurrak oi dabilzan legez ate ondorik ate ondo ta baztarrik baztar gosez, jan utsijaren ondorik, alan dabil kodizijotsuba geijagoren gosez, dirubaren usaina sentidu ezkero, aren ondorik, oker edo zuzen a beretu artian. Au gaiti esan eban Dabid erregiak, gosia padeziduko dabeela txakurrak legez ta ingurutuko dabeela errija edo ziudadia. Famem patientur, ut canes, et circuibunt civitatem. Enbidijotsubak bere txakurrak legez dira. Txakurrak oi dabilz, alkarri aginka, saunkaka ta gorrotoz aginak erakusten. Beste ainbeste dira enbidijotsubak. Alkar ikusi ezinda, alkarri deungaro esaka, inoren ona eurentzat gura leukeela, txakurrak legez aoko kopauba bere bestiari kenduko leuskijuela, alkarren gorrotoz bizi dira enbidijotsubak. Enbidijotsubai jazoten jakue apostolubak dinuana: Alkarri aginka badiarduzu ta alkar jaten badozu, kontu, alkar amaituko dozu. Si mordetis, et comeditis invicem, videte, ne consumemini ab invicem. Iru okerrerija oneek dirian legez beste okerrerija edo pekatuben sustrai zabalak, luxurijotsubak, kodizijotsubak ta enbidijotsubak gaiti esaten dana, esan legi beste pekatudunak gaiti. Pekatuban dagozan guztiai esan legijue moduren baten san Juan Ebanjelistiagaz: Foris canes. Kanpora txakurrak komuninoeko mai santuti. Kanpora, pekatuban dagozanak. Ez sartu ain leku loijan Jesus garbija. Ezda iruntsi bere komuninoe txaarragaz, zeubek kondenetako sentenzija.

        Au da beste guztien gainera bildurtu biar gaitubana. Ta ez da gitxiago, Espiritu Santubak esana baino. Pekatuban komulgetan danak, berak kondenetan dau bere buruba. Juditium sibi manducat. Judas zan lelengo gaiski komulgau zana. Ta komulgau zaneti laster sartu zan inpernuban. Kristogaz ta apostolubakin komulgau zan. Komuninoeti jagita Kristo saltzera juan zan. Saldu eban. Desesperau eban. Bere buruba urkatu eban. Tripak urten eutseen esegi zan lekuban gorputz loiti luurrera ta arimiak inpernura. Biar oneek guztiok egin zituban Judasek ordu gitxiren barruban. Ze arin darabilzan demoninuak gaiski komulgetan dirianak pekaturik pekatura! Ta pekatuban komulgau dirian guztiai au jazo ez arren bertati, ez pijau, kristinaubak. Jazo triste ta negargarri asko irakurten dira gaiski komulgau dirian arimen kastigurako.

        San Ziprianok dino, berak mezia emoten ebala artu ebala batek komuninoian ez arimiaren janarija, ezbada bera illteko ezpatia. Egin eutsa la eztarrijan epai andi bat, nundi botetan eban odola. Ta bertan illda edo itota geratu zala aoti odola erijola. Mundukuak engainau zitubala, baina Jaungoikuaren kastiguba sentidu ebala. Au da komuninoe pekatuzkuaren sarija. Beste emakume pekatuban komulgau zan bat gaiti, dino Santubak berak, komulgauta bertati demoninua sartu jakola, jausi zala luurrera ta berak bere aginakin miina zatitu ebala. Bera izan zala bere burubaren berdiguba. Tripetako minak eta aliak emonda, ezin iraun izan ebala. San Juan Krisostomok eta beste askok esaten deuskubee, ze kastigubak egin dituban Jaungoikuak pekatuzko komuninoiak gaiti. Batzuk geratu dira endemoniauta. Beste batzuk gaixotuta. Beste batzuk andituta. Ta beste asko komuninoe santuba eztaarrijan beera irago ezinda. Onako bildurgarrijen artian bat esaten da, edozeini ikara eragin biar deutsana: Sarri pekatuban komulgau zan gizon bati illten eguanian agertu jakon demoninua, pormak edo ostijak patena baten zitubala. Ta esan eutsan: Sarri pekatuban komulgau zarialako, gaur neure eskuti artu biar dozu komuninoia. Ze poza eukiko eban gaisto tristiak alako lagunagaz, ondo illteko?

        Sinistu bada, neure entzula onak, san Paulo apostolubak dinuana. Asko dagozala arimak argalduta ta gaisotuta pekatuzko komuninoiak gaiti. Ideo inter vos multi imbecilles, et infirmi. Ta asko illten diriala betiko. Et dormiunt multi. Komuninoe pekatuzkuaren arimako gatxa, gaixua ta erijotzia ez da gorputzian ezaututen. Espirituko gatxa da, espirituko erijotzia da. Ez azartu bada, kristinaubak, inos pekatuban komulgetara. Bildurtu ta ikaratu pekatu ezain andi onegaz. Ez txakurrai emon zeruko ogi santuba. Ez arima loijan sartu Jesus garbijaren gorputz bedeinkatuba. Ez lotsatu zerubak eta luurrak, euren Errege Jauna demoninuen tokijan iminajagaz. Oh, Jesus! Zeure amodijo santuba gaiti, ez dagizula euki inos pekatuzko arimatan sartuterik. Garbitu egizuz, Jauna, arima guztiak ta batez bere niria ta neure entzulenak, zeu komuninoe santuban artutera orduko zeugaz artu daigun geure betiko bizitzia, lelengo emen munduban ta gero zeruban. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa