www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

V. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Denporia baino leenago jaijoten dirian edo galduten

dirian seinai, zelan lagundu biar jakuen bautismo santubagaz.

2. Ze gauza biarrekua dan kristinaubak ondo jakitia,

seinari etxe bautismua emoten.

 

        Arimak salbetia gaiti Jaungoiko bizijaren Semia gizon egin zan. Arimak salbetia gaiti, munduban asko iragota, kurutzian josita ill zan. Arimak salbetia gaiti dira sakramentubak, Eleisia, sazerdotiak, sermoiak ta beste kristinautzako eginbiar guztiak. Bai, neure entzula onak. Espirituzko arimaak munduban Jaungoikua serbidu ta maitetu dagijen ta zeruban beti gozau dagijen dira egijazko asmo on ta zuzen guztiak. Munduko arima guztien artian ez dira preminarik gitxien daukeenak, amaren sabelian dagozanak. Areek eurenez ezer bere ezin legijee. Ta gauza gitxi bat da asko, leengo erakutsijan esan dan legez, euren gorputz geijak galduteko ta eurak zeru santuti betiko erbestetuteko. Au gaiti aztertu biar ditugu eskina guztiak, asmau biar era al guztiak ta artu biar ditugu errazoiak ta kristinautzako erakutsijak prestetan deuskuzan bide guztiak, denporia baino leenago amaren sabelian galduten dirian seinai zeruratuten lagunduko. Ez dogu inos bere sinistu biar, arimen onerako danian, laarregija dala egiten doguna. Zelo santu bategaz sail au ondo pensauta, kristandadeko jakitunak erakutsi deuskuben bidiari jarraitubaz, ez jako ezeri bere zor jakon lotsa ona galduten. Ta beste aldeti, erru bagako arima asko zerura eruateko eginkizuna da. Berau gaiti esango deutsut, kristinaubak, ikasikizun onetan, sail onetako jakitunen ta erakuslen esanai jarraituta: 1. Alan amaren sabelian galduten dirian seinai, zelan lagundu biar deutseegun bautismo santubagaz. 2. Ze gauza biarrekua dan kristinaubak ondo jakitia, seinari etxe bautismua emoten. Prestau zaitez guztiok ondo aituteko, inos baino gogo obiagaz.

 

 

I.

 

        Zelan batiatu biar da, bada, denporia baino leenago jaijoten dan edo galduten dan seina? Itaune oni erantzuteko gogoratu biar ditugu, neure entzula onak, gauza batzuk, leen zerbait esanda geratu arren. Ta dira: Leleengo, sein galdu batiatu bagakorik ez dala zeruratuten. Bigarrenian, emakume seindun bat illten bada seina sabelian daukala, ama ill ezkero, atera biar jakola seina ainbat lasterren sabeleti ama illari ta bizirik ateraten bada, batiatu biar dala seina, dino Eleisiaren neurgarrijak. Ta au egiteko, ez dau izentetan Eleisiaren agindubak zeinbat denporakuak izan biar daben sein sabeleti ateriak, ezbada dino, sein ateria bizirik badago, batiatuteko. Emeti agiri da ziur, emakume illari ateraten jakon seina, dan denporakua dala, bizirik daguanian batiatu biar dala; emakume bizijak galduten daben seina bere, dan denporakua dala, bizirik daguanian batiatu biar dala. Bijen preminia bardina da. Ta bijak batiatuteko errazoia bere bardina da. Irugarrenian, Eleisiaren neurgarrijak edo erregeliak berak dino, seina egiteko ustian daguan emakumiak galduten dabena edo argitara ateraten dabena bada dudakua, edo dan gizona edo ez dan, edo dan kristinau geija edo ez dan; orduban batiatuteko, dino, esanagaz: Gizona edo kristinau geija bazara, nik batiatuten zaitut Aitiaren ta Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen. Laugarrenian, sabelian daguan seinak, sortuten daneti ta jaijo arte guztian daukala peligruba galduteko. Alan galdu oi dira seinak amaren sabelian bederatzi ileen barruban edozein denporatan. Bostgarrenian, ez dakijala inok zuzen, amaren sabelian arimia gorputzagaz nos bat egiten dan. Baina jakitunik oneenak ta errazoiak aituten emoten dabenez, seina sortuten daneti laster edo denpora gitxi barru bat egiten dala arimia gorputz geijagaz, leen esan dan legez.

        Onek guztionek dauka egiijaren indarra geure izatiaren legian, Eleisiaren neurgarrijetan, kristinautzako erakutsijan ta jakitun ezagunen esanian. Ta eskatuten dau diadarka sein galdu tristeen sokorruba, ixildu bagarik. Zelan eremedijau edo sokorridu ginai, bada, alako arimia? Endamas sortuta laster edo egun g[u]itxi barru galduten dana? Eleisa Ama santiaren erakutsiti urten bagarik, Eleisa barruko edo kristandadeko sail alako jakitunik oneenak esaten dabeen moduban, sein galdubak batiatubagaz. Ez dauka galduten dan seinak au baino beste erremedijorik edo laguntasunik. Alako sein galdute denporan egin biar dana da, bada: Lelengo: Emakumiak galduten daben seina edo seinaren ernia bizirik badago, batiatu ura ezarrita, beste edozein sein ondo jaijotako legez. Ta au, dan denporakua dala. Asko da gizon geijaren edo seinaren erne bizija izatia, ardura bagarik ura ezarrita, batiatuteko. Bigarrenian: Igarri ezin bajako ondo galdu dan seinari, ala bizirik daguan ala illda daguan, ala kristinau geija dan ala beste gauzaren bat dan, ala bat dan ala bi dirian, orduban bere, ondo ezautu ezin danian bere, dudia dagualako ta menturaz arima bat oraindino gorputz gei atan egon leitekialako, URA EZARRI TA BATIATU. Baina orduban esan biar jako ura ezarten jakonian: KRISTINAU GEIJA BAZARA, NIK BATIATUTEN ZAITUT AITIAREN TA SEMIAREN TA ESPIRITU SANTUBAREN IZENIAN. AMEN. Kristinau geija bazara esanagaz gordetan jako sakramentubari zor jakon lotsia edo erreberenzija ta bautismuagaz zeruratuten da arimia, orduban an badago. Galduten dan seina bizija bada, baina bat ala bi dan dudakua bada, orduban bata batiatuten da, edozein sein ondo jaijo legez. Ta gero beste dudakua, esanagaz: Batiatuta ez bazagoz, nik batiatuten zaitut... Azkenian esaten da, emakumiak alako gatxagaz argitara ateraten dabena bada sein illa ezagunez ta duda bagarik, edo seinaren ernerik ez daukana, orduban ez dago zer eginik agaz, ezagun dalako kristinau geija ez dana. Entzun dozu bada, kristinaubak, zelan lagundu biar jakon sein galdubari bautismuagaz zeruratuten.

        Onetarako biar da zentzun elduba, arima triste aren errukija ta Jaungoikuaren bildur santuba. Ez pensau, kristinaubak, sein galdu atan topau biar dituzula gorputz osuaren etxuria ta zatijak, eskubak, oinak, buruba... Ez. Au ezin jazo leiteke seinaren lelengo egunetan. Seina sortu barri danian. Baina jazo leiteke ta, dirurijenez, jazoten da sortuta lasterreti gorputz geijan arimia egotia, bizirik daguan artian ernia. Beste erneta azten dirian gauza bizijak legez, puskaka azten da amaren sabelian seina, sortuten daneti jaijotera artian. Ta puskaka ta geldi geldi agertuten jakoz gorputzaren zatijak bere. Au gaiti biar da txito kontu andija, alako emakumiaren gatxian sein galduba topetako, ezaututeko ta batiatuteko. Oh zeinbat sein sortu barri, dino erakusla jakitun batek, botetan dirian karkabetara ta sekretetara, batiatuko balira areen arimak zerura bialduta, gorputzak, ezainak izan arren, eleisara eruan da enterrau legizanak! Baina nok dauka onako gauzaak kristinaubai erakutsikizuna, kura jaunak baino? dino erakusliak berak. Lelengo barrijan ez dauka seinak ar txiki baten etxuria baino besterik. Ta alan dua puskaka azijaz gorputz oso egin artian. Euki, bada, au goguan, kristinaubak, alako ordubetan ta lagundu seinari bautismuagaz, esan dan moduban.

        Baita gogoratu bere, kristinaubak, andiustiari buruba birrinduteko, geure guztion asieria. Alako leku humildian ta lotsazkuan sortu ginian. Alako etxura ezaina ta samurra artu ebeen lelengo gure gorputzak amaren sabelian. Ez dabee beste asierarik euki ez erregiak, ez erreginak, ez gerraginak, ez kaballeruak, ezda beste Adanen semek edo alabek bere. Andi ta txiki, guztiok gatoz asiera humilde onetati mundura. Oh ze ikaslekuba, geure buruko aixiak ta andiarijak kenduteko! Ze ezerezeti etorrijak garian! Ze ezerezian geratuko garian! Gogoratu daigun, kristinaubak, geure asieria ta geure amaija. Ta ez ditugu ainbeste adorauko geure gorputzak. ¿Quid fuisti? ¿Quid es? ¿Quid eris? itanduten deutsa san Bernardok kristinaubari. Ta erantzuten deutsa Santubak berak, esanagaz: Zer zinian? Gauza atsitu bat. Sperma foeti dum. Zer zara? Loiz betetako ontzi bat. Vas stercorum. Zer izango zara? Arreen janarija. Esca vermium... Ez dau, bada, pijau biar edo arrotu biar gizonak, ez errenta andijetan, ez izen altubetan, ez jakiturijan, ez beste munduko portunetan, pobriak ta beetubak oinpetuteko. Pobreen ta aberatsen sortueria ta jaijotia bardinak dira. Pobreen arimak bere kosta jakozan Jaungoikuari, aberatsenak edu. Pobreen gorputzak bere ez dira loijago, aberatsenak baino. Ta azkenian bardin jango ditubee luurreko arrak aberatsen ta andijen gorputzak, zein da probreenak ta munduban beetuta bizi dirianenak. Oh ze pensakizunak! Baina biurtu gaitezan sailera.

        Gauza bat geitu biar jako emen leen esan danari. Ta da, emakume batek badaki illteko peligruban daguala seindun dana, berak baino bestek jakin ez arren ta bide okerrekua izan arren bere seina, esan biar dau konpesinoeti kanpora seina egiteko daguana. Orduban illten bada, seina sabeleti atera dagijuen ta batiatu dagijen, leen esan dan legez. Oi danez, bestek baino leenago daki amak sabelian seina daukana. Autortuten ez badau konpesinoeti kanpora, ama illagaz galduten da aren seina betiko bautismuaren paltaz. Orregaiti autortu biar deutsa amak illteko peligruban konpesinoeti kanpora kura jaunari edo adin oneko persona bati seina egiteko daguana, edo alan uste dabena, denpora gitxikua edo sortu barrija izan arren seina. Biar dan zentzunagaz ta isiltasunagaz, ama illten bada sabeleti atera ta batiatuteko. Bestelan ez dago ondo illteko alako emakumia, dana dala. Ta izango ete da biarrekua kristinaubak ondo jakitia seinari etxe bautismo bat emoten? Ikusi daigun.

 

 

II.

 

        Uste dabee askok, seinari etxe bautismo bat ondo emoten ikastia txito dala zeregin andija. Ta ez dala edozeinek jakin legijana edo jakin biar dabena. Baina ikasikizun oneetan esan danari begiratu ezkero, agiri da ikastia erraza dana ta jakitia txito biarrekua dana. Geure kristinautzako gauza askori ez deutsagu begiratuten azaleti baino. Ta onek dakaz gero utsegite asko geure burubetara. Zegaiti Jaungoikuak emon deusku eskubidia edo alizatia g[u]izon eta emakume guztioi, bat itxi bagarik, ura ezarrita seina batiatuteko biar orduban? Zegaiti errazoiaren usuba daukanak, nai zaarrak ta nai gaztiak, nai gizonak ta nai emakumiak, jakin ezkero zelan batiatu legijan sein bat, egin legi bautismoko sakramentu santuba ta Jesus baten zerura bialdu legi betiko linbora doian arima bat? Ez beste gauza gaiti, neure entzula onak, ezbada bautismua nora ezekua dan legez seinak salbeetako, ta naturaleza jausijaren eraan seinak sarritan illten dirian legez ta illgo dirian legez jaijota, eleisara eruateko asti bagarik, orduban urreengo daguanak edo edozeinek batiatu dagijan seina ta salbau dedin aren arimia. Onetarako Jaungoikuak emon deusku guztioi, seinak batiatuteko alizatia. Onetarako itxi euskuzan batiatuteko berba jakinak ta ikasten errazak. Onetarako itxi euskun bautismogeitzat ur ugarija ta lekuban lekubangua. Bautismuaren paltaz arima bat bakarrik galdu ez dedin, erreztu deusku Jaungoikuak alde guztietati bautismoko sakramentuba. Ta au onan izan ezkero, ez dau ikasi biar kristinaubak ondo biar orduban etxe bautismo bat emoten seinari? Ain ikasten erraza? Ain kostu gitxikua? Ain sarritan biar oi dana? Ain balijo andikua? arima bat edo geijago salbetiak edu balijo legijana? Ta norberak ez badaki, inok ordu estu atan erremedijau ezin legijona? Ez dau jakingo kristinaubak seinari etxe bautismo bat emoten?

        Kontu daigun. Lau lagun dagozan etxe baten edo leku baten paltetan jako seina emakume bati. Laurak dakusee bizirik daguana. Baita luzaro iraun ezin legijana bere. Lau lagunetati batek bere ez dakijee seina batiatuten. Ta illten jakue seina eskubetan, ura albuan daukeela batiatu bagarik, zelan batiatu batek bere ez dakijelako. Ara, kristinaubak, negargarri bat. Ez gitxitan jazo dana. Ta ostera bere jazoko dana, zelan seina batiatu ikasten ez bada. Endamas etxiak banaka dagozan Euskal errijetan, nun dabilzan ta ibili biar dabeen emakume seindunak soluetan, basuetan ta bideetan bakarrik edo lagun gitxiagaz. Baita batez bere lelengo illeetan, nos galdu oi dirian sein geijago, emakume katigubak biar gatxak egin oi ditubeelako, katigu ez balegoz legez.

        Zer esango dogu, bada, seina batiatu bagarik eskubetan ill jakuen lau lagunak gaiti? Jakin balebee batiatuten, arima a zeruban eguan. Bizirik jaijo zan. Ta bizirik ekuseela euki ebeen eskubetan. Ur puska bat ezarrita, bautismoko berbak esanagaz bialdu eukeen betiko zerura. Baina etxe bautismo bat egiten ez ekijelako, arima a juan zan betiko linbora. An egongo da beti Jaungoikuaren gorrotuan, zeruban egon zaatekian arimia. Ez da au, neure kristinaubak, lastima andija? Ez dau eskatuten onek geure kuidado ta ardura guztia? Ah! Ezin ukatu ginai zerubak eta luurrak diadar egiten dabeela, ikasi dagijela kristinau guztiak txikitati, biar orduban etxe bautismo bat seinari ondo emoten. Usterik gitxien dan lekuban ta orduban jazo leiteke ta jazo oi da askotan sein jaijotzia edo sein galtzeia, batez bere baseerrijetako emakumen artian. Bada, ez badakije zelan batiatu edo zelan sokorridu illtera doian sein jaijo barrija edo galdu barrija an dagozanak, nori Jaungoikuak eskatuko deutsa arima aren kontuba? Zeubek pensau, neure entzula onak.

        Kristinau bat balego illten konpesinoe eske, lau sazerdote dagozan lekuban ta lauretati batek bere ez dakizalako konpesinoeko sakramentuba egiteko berbak illgo balitz a konpesau bagarik, zer esango genduke sazerdote areek gaiti? Bada, ez da premina txikarragua illtera doian sein jaijo barrijarena, illtera doian persona nausijarena baino. Au konpesau ez arren, damu egijazko bategaz salbau leiteke, geijo ezin dabenian. Baina bautismo bagarik seina inundi bere salbau ezin leiteke. Ta, Jaungoikuak itxi dituban legez sazerdotiak konpesinoeko sakramentugintzat; alan itxi ditu kristinau guztiak biar orduko bautismogintzat.

        Oh, kura jaunak! Konpesore jaunak! Sazerdote jaunak! Oh, gurasuaak! Oh, eskoletako erakuslak! Erakutsi, bada, guztiai txikitati, bautismo santuba egiteko berbak ta ura ezartia, biar orduban seina ondo batiatuteko ta arimak zerura bialduteko. Entzun dagijala Jaungoikuak nire erreguba ta zabaldu dagijala geure arimetara bere ontasuna ta grazija, zeinegaz jaditxiko dogun zeruban betiko zorijona. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa