www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

I. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zer dan komuninoeko sakramentuba.

2. Ze izenegaz aituten emoten dan.

3. Nos itxi euskun Jesukristo geure Jaunak sakramentu au.

 

        Eleisako sakramentu santuben artian batzuk kontetan dabee komuninoeko sakramentuba irugarren lekuban. Baina komulgetara orduko dan legez pekatubagaz garbatutia ta al dedinian konpesetia, au gaiti imini dot irugarren lekuban konpesinoeko sakramentuba. Ta ari darraiko laugarren lekuban komuninoeko sakramentuba erakustia.

        Sakramentu santu onetan guztia da txito altuba, txito andija ta txito ezkutukua. Begijak itxi biar ditugu, adina lotu biar dogu ta belaarrijak zurtu biar ditugu, komuninoeko sakramentu santubaren gainian berba egiteko ta entzuteko. Bada, begijakin ikusi ezin ginaiz sakramentu onetan Jaungoikuak itxi deuskuzan ondasunak. Adinagaz bere aitu ezin ginaiz. Bada, dira gizonaren aitute guztia baino goragokuak. Belaarrijak zurtuta, Jaungoikuari entzunda dakizuz, geuk ikusita ta geuk aituta baino ziurrago, argiruago ta zalago. Jesukristo geure Jaunak esaten deusku, bada, komuninoeko sakramentubaren gainian: Artu egizu ta jan egizu; au da neure gorputza... Artu egizu ta edan egizu; au da neure odola; edaten dozun guztian, gogoratuko dozu neure erijotzia. Au da sakramentu nausija. Au da ontasun, grazija ta doe guztien iturri bizija. Sakramentu onetan dago JESUKRISTO Jaungoiko ta gizon egijazkua bizirik. Aita Betikuaren Seme egijazkua, gu salbetia gaiti, Ama birjiniaren erraija garbijetan gizon egin zana, geure artian munduban bizi izan zana, kurutze santan josita ill zana ta illen arteti biztuta zerubetan bere Aitiaren alde eskuman jarrita daguana da, komuninoeko sakramentuban janaritzat ta edaritzat emoten jakuna. Oh, zeinbat mirari arrigarri mirari baten! Esaten azartuten nas, dino san Agustinek, izanik Jaungoikua guztia al daikiana, ezin legi geijago, bere seme bizija janaritzat ta edaritzat sakramentuban geuri emotia baino. Izanik guztia dakijana, ez daki geijago zer emon geuri. Ta izanik guztia daukana, ez dauka geijago zer emon bere. Au dino san Agustinek. Emon deusku sakramentu onetan Jaungoikuak, daukan guztia, dakijan guztia ta al dagijan guztia.

        Sakramentu santu onetan dagoz gauza batzuk, kristinaubak jakin biar ditubanak. Beste batzuk, sinistu biar ditubanak. Ta beste batzuk, egin biar ditubanak. Komuninoeko sakramentubaren gainian jakin biar dau kristinaubak: Zer dan, zer esan gura daben, zegaz egiten dan, nos eta zelan egiten dan ta zetarako dan. Beraren gainian sinistu biar dau kristinaubak, pediak erakusten deuskuna. Ta egin biar dau komuninoe santuba artuteko, Jesukristo geure Jaunak ta Eleisa Ama santiak aginduten dabena. Ara emen, neure entzula onak, sakramentu santu onetako ikasikizunak. Guztia izango da, altarako sakramentu santubaren izatiari, sinistutiari, ondo edo gaiski artutiari, meza santubari ta eleisako egote lotsa onekuari jagokana. Guztiai asipena emoteko esango deutsut erakutsi onetan: 1. Zer dan komuninoeko sakramentuba. 2. Ze izenegaz aituten emoten dan. 3. Nos itxi euskun Jesukristo geure Jaunak sakramentu au. Konpesinoeko sakramentuko ikasikizunak baziran premina andikuak, ez dira gitxiago sakramentu santu onetakuak. Au gaiti eskatuten deutsut barriro, neure entzula onak, artu dagizula aparteko gogua ta poza, Jesus Altarakuaren jazo gozuak eta maitegarrijak ondo entzuteko ta ikasteko. Asi gaitezan, bada, bere izate santuti.

 

 

I.

 

        Komuninoeko sakramentuba da Jesukristo geure Jaunaren gorputz ta odol bizija ogijaren ta ardauaren irudijan. Sakramentu onetan dago Jesus, Jaungoiko ta gizon egijazkua osorik eta bizirik. Jaungoikua dan aldeti, an dago Aita Betikua, Seme Jaungoikua ta Espiritu Santuba. Gizona dan aldeti, an dago Jesusen arimia ta gorputza osorik eta bizirik. Beste sakramentubetan artuten dogu Jaungoikuaren grazija. Baina sakramentu onetan artuten dogu Jaungoiko gizonduba bera. Sakramentu onetan jaten dogu Jesusen aragi bizija ta edaten bere odol bizija. Bat egiten da Jesukristo geugaz ta geu beragaz. Geratuten da Jesukristo geugan ta geu Beragan, esaten deusku san Juanek. Au da komuninoeko sakramentuba.

 

 

II.

 

        Zeruko grazija guztiak ta grazijen jaubia bera daguan legez sakramentu onetan, izen grazijazko askogaz aituten emoten deuskubee Eleisiaren Gurasuak, eta Erakuslak altarako sakramentubaren izatia. Esaten jako komuninoeko sakramentubari Eukaristia. Onek esan gura dau grazija ona. Jesus maitiak, sakramentu onetan geratu zanian, Aita zerukuari grazijak emon eutsazalako esaten jako au. Baita sakramentu onek grazija guztiak beragaz daukazalako bere. Baita komulgetan garianian Jaunari grazijak ta esker onak emoten deutsaguzalako bere. Alan da altarako sakramentuba grazija ona. Esaten jako, sakramentu guztiz santuba. Beste sakramentubak santubak dira. Baina au guztiz santuba da. Santutasun edo ontasun guztia bertan dagualako. Esaten jako, altarako sakramentuba. Jesukristo geure Jauna altaran bizirik konsagretan dalako. Ta kristinaubak bizirik artuten dabeelako. Esaten jako, ostija sagraduba. Jesus geure arimen Salbazailia dalako sakramentu onetan Aita Betikuari eskintzen jakon ostija egijazkua. Esaten jako, komuninoeko sakramentuba. Jesusen gorputz santubagaz ta odolagaz parte oneko kristinau guztiak bat egiten dirialako komuninoeko sakramentuban. Baita esaten jako au, Jesus guztion janaritzat dagualako altara santuban. Guztion janarija da Jesus. Ta guztiok gara beriak. Esaten jako, mai sagraduba. Jesusek bere gorputz ta odol bizijagaz prestetan deuskulako geure janarija komuninoian. Guztiok konbidetan gaitu Jesusek mai santu atara bere gorputz bizija jaatera ta odol bizija edaatera. Esaten jako, Kristoren aparija. Kristok azkeneko apari santuban apostolubai bere gorputza ta odola lelengo jaten ta edaten emon eutseezalako. Azkeneko aparija janda gero beriala komulgau zituban Jesusek apostolubak bere gorputz ta odol santubagaz.

        Esaten jako biatikua edo bidelaguna. Mundu onetati urtenda bestera juan biar dabeenian, kristinaubari biderako laguntzat emoten jakuelako. Erijotzako orduban Jaungoikuaren aurrera juateko ta orduko arerijo bildurgarrijai arpegi emoteko laguntzat da Jesus sakramentuban bidelagun ona. Emoten deutsa arimiari aparteko grazija, sendotasuna ta animua pausu triste, larri ta ez jakin areetan arerijuak goituteko ta era onaren uste oso bategaz Jaungoikuaren aurrera juateko. Au gaiti esan eban Jesusek berak: Neure aragija jaten dabena ta neure odola edaten dabena, ez da illgo. Ez da illgo ariman. Biziko da zeruban. Esaten jako, umeen edo txikitxuben ogija. Onek esan gura dau, gatx bagakuai, malezija bagakuai ta pekatu bagakuai emoten jakuen ogija dala komuninoia. Umiak ta txikitxubak dira gatx bagiak, garbijak eta onak, bapere engainu bagakuak. Bada, umeen moduban, garbi ta gatx bage egon biar dau komulgau dan arimiak, gero esango dan legez. Au gaiti agindu eban Jesusek berak, ez jakuela ogi santuba txakurrai emon biar. Txakurren izenagaz aituten dira erejiak, judegubak, moruak ta pekatu illgarrijan dagozanak. Ez dira oneek, alan dagozan artian, zeruko Aita onaren etxeko umiak, ezbada inpernuko etsaijaren etxekuak. Kristinau eldubak eta zaarrak izan arren, badaukee umen gatxik eza, engainurik eza ta arimako garbitasuna, Jaungoikuaren etxeko ume onak dira, zeintzubentzat dan Jesus sakramentuban janarija. Esaten jako, zeruko ogija. Jesus zeruti mundura etorrita ogijaren irudijan geure janaritzat geratu zalako. Esaten jako, aingeruben ogija. Aingeruben betiko poza ta ditxia gizonaren janarija dalako. Alan esaten dau Dabid erregiak: Aingeruben ogija jango dau gizonak. Ta Salomonek esaten Jaungoikuari: Aingeruben janarijagaz jandu zendu ban, Jauna, zeure errija. Ta emon zeuntsan jentiari ogi prestauba jateko.

        Izen santu ta grazijazko oneekin ta beste milla emon legijezenagaz aituten da bada, neure entzula onak, komuninoeko sakramentubaren izatia ta grazija ona. Aintxinati Jaungoikuak gizonai aitu eragin eutseen, ogijaren ta ard[a]uaren irudijan Jaungoikuak emongo euskuna zeruko janari grazijazkua. Melkisedek erregiak Abraan justubaren denporan Jaun zerukuari eskerrak emoteko eskini eutsan ogija ta ardaua, Jesus altarakuaren irudi egijazko ta ogi bat zan. Isrraeltarrai mendijan Jaungoikuak zeruti bialdu eutseen mana, beste ainbeste zan. Mana zan legez zeruti etorrija, Jesus altarakua bere zeruti etorrija da. Mana zan legez guztiak duarik ta nekatu bagarik eukeen janarija, Jesus bere altara santuban duarik eta neke bagarik guztientzat prest daguan janari gozua da. Mana zan legez egunian eguniangua, Jesus bere altara santuban egunerokua da. Mana zan legez jaten ebanaren gusto erakua, komuninoe santuba bere alan da. Zelan artuten dan, alan izaten da. Batzubentzat gozua ta beste batzubentzat mingotxa. Au gaiti kantetan dau Eleisa Ama santiak, komuninoe santuba onentzat bizitzia dala ta deungentzat erijotzia: Vita bonis, mors est malis. Baita aituten emon eban Jaungoikuak komuninoeko sakramentuba, Elias propeta santubari Jaungoikuak prestau eutsan ogi mirarizkuagaz bere. Lebadura bagarik auspian erretako ogija emon eutsan mendijan Jaungoikuak Eliasi jateko. Ta janari agaz beste bagarik ibili zan propeta santuba sendo berrogei egunian ta berrogei gabian, Horebko mendi santura igon artian. Zer egiten dau gitxiago komuninoe santubak, ondo artu ezkero? Kansau bagarik ta gosetu bagarik eruaten gaitu Horebko mendi egijazkora, zein dan zeruba. Baita judegubak jan biar ebeen pazkuako bildots garbijagaz bere. Bada, Jesus da bere amodijo santubak prestauta komuninoian daukagun bildots garbija, mansua ta gozua, geuk jan biar doguna. Oneek eta beste onako gauza askogaz testamentu zaarrian ta naturaleziaren legian zerubak aituten emon eutseen espirituzko gizonai altarako sakramentu santu andija.

 

 

III.

 

        Nos baina, deritxazu kristinaubak, geratu zala Jesus komuninoeko sakramentuban? Eguben Santu gabian. Munduti bere Aita zerukuagana juan biar ebanian. Gizonak eskerrik txaarrenagaz bere mesediai erantzuten deutseenian. Geu gaiti illtera daroienian. Gau ditxoso ta zorioneko atan geratu zan Jesus altarako sakramentuban. Zetaragino eldu ete zan berak geuri euskun amodijo ixiua? Ez zan asko, Jesus maitia ta neure bijotzaren jaubia, geuri zeunskun amodijo itsuba erakusteko zeu mundura etorrita, gizon eginda, geu gaiti kurutzian josita illtia? Ez zan asko zeuk Adanen semiai deutsezun nai zintzua erakusteko, grazijazko lege erraza iminita, leenagoko lege zaar, astun, aragizkua kenduta, zerura bidiak mundu guztiari erakutsita, zeure erijotzan Aita zerukuagaz ta pekatarijagaz bakiak eginda, nai daben guztiarentzat zeruko atiak zabaldutia? Ez, dino Jesus maitiak. Neuk geratu biar dot gizonakin munduba mundu dan artian. Ecce ego vobiscum sum omnibus diebus usque ad consumationem sæculi. Bakit, dino Jesus geure arimen jaoliak. Bakit gizonak gaiski erantzungo deusteena. Nire mesede andijak ezautuko ez ditubeena. Askok altaran bertan penauko nabeena. Bakit, nik gizonai deutseedan ondo guria ez da aspertuten. Ta eurakin egongo nas beti komuninoe santuban. Neure poza ta atsegina da gizonakin egotia. Delitiæ meæ esse cum filiis hominum.

        Baina nos, Jesus ona, erakusten deuskuzu amodijo itsu laarregi ori? Eguben Santu gabian. Ez, zeu errijetako jentiak ondo esatez ta bendizinoez jasoten zaitubenian. Ez, euren agintaritzat ta erregetzat nai zaitubenian. Ez, jente pillua zeuri entzutera, adoretara ta zeu serbietara prisaka datozanian. Ez, zeuri ondo guria ta esker ona erakusten deutsubenian. Ez zinian, Jesus neuria, alako ordubetan geratu altarako sakramentuban nire janaritzat. Eguben Santu gabian geratu zinian. Judas, zeure apostolubetati batek, zeu salduteko tratuba egiten dabenian. Judas, zeure apostolubak berak, lelengo komuninoian pekatu mortalian daukan ariman satanasagaz artuko zaitubanian. Judegubak, zeu preso artuteko, galduteko ta illteko bidiak asmetan dabilzanian. Gizonen eskubetati inos entzun dirian ta entzungo dirian penarik tristenak, desondrarik astunenak, ta erijotzarik lotsagarrijena ta errukarrijena irago biar dozunian geratuten zara komuninoe santuban gizonen janaritzat. Mundu guztia zeure kontra jagiten danian. Beste amaeka apostolubak bere, zeure adiskide andi areek bere, batzuk zeu ukatuta ta bestiak doilorrez zeuri largata iges egiten dabeenian. Inor munduban ikusi dan bakarren, tristen, larrijen ta minduben gizonak gaiti zeure buruba ikusi biar dozunian geratuten zara, Jesus, arima galduben billazailia, komuninoeko sakramentuban arimen janaritzat.

        Eguben Santu gabian, Jesemaniko ortura odolezko izerdi otz larrija botatera juateko jagiten zarianian, emoten deutsezu zeu illtera duazan gizonai zeure aragi bizija jaten ta odol bizija edaten. Oh, JESUS Ona! Nok neurtu zeure amodijo santuba? Nok ezautu zeuk deuskuzun nai egijazkua? Nok erantzun zeuri esker onagaz? Zer da, Jesus, zeuk egiten dozun ori? Nun eta zelan geratuten zara? Norentzat eta zetarako? Ogijaren ta ard[a]uaren irudi puska baten Jaungoiko guztia? Zerubak eta luurrak kabidu ezin dabeena? Pekatari baten eskupian, gilzpe baten preso zeruben ta luurren Egilia? Aingeruben Erregia? Ta gizonaren janaritzat? Nor da gizona, Jaungoiko bizijari altaria bere ariman egiteko? Nor da gizona, Jesusen gorputz garbijari, arima garbijari ta odol garbijari egon lekuba bijotzian prestetako? Oh, Jesus guztiz maitegarrija! Nun dira bijotzak, zeure amodijuaren zintzotasun onei erantzuteko? Zeuri esker onak kansau bagarik emoteko? Zeu baino beste gauzarik lurraren gainian ez maitetuteko?

        Bai, kristinaubak, onetara konbidetan gaitu Jesusen maitetasunak altarako sakramentuti. Bere azkeneko Eguben Santu gabian apaldu eban amabi apostolubakin bildotsa. Apalduta bertati garbitu eutsezan apostolubai oinak. Baita Judasi bere. Oinak garbituta, guztiak maijan egozala, artu eban Jesusek eskubetan ogija. Esker onak emon eutsazan Aita zerukuari. Bedeinkatu eban eskubetan eukan ogija. Zatitu eban. Ta emon eutsen apostolubai, esanagaz: Artu egizu ta jan egizu; au da neure gorputza. Artuta jan ebeen apostolubak Jesusen gorputz bizija ogijaren irudijan. Baita Judasek bere. Artu eban Jesusek gero kalizan ardaua. Esker onak emon eutsazan Aita Betikuari. Bedeinkatu eban kalizan eguan ardaua. Ta emon eutsen apostolobai, esanagaz: Artu egizu ta edan egizu; au da lege barrijan betiko isten deutsudan NEURE ODOLAREN kalizia; zeubek salbetia gaiti laster emongo dodan odol bizija. Au artuten dozun guztian, gogoratuko dozu neure erijotzia. Apostolubak artu ebeen ta edan ebeen Jesusen odol bizija kalizati. Ta jagita juan zirian Jesusegaz, Judasez bestiak Jesemaniko orturuz.

        Ara, kristinaubak, nos eta zelan itxi euskun Jesus maitiak bere gorputz ta odol bizija ostija ta kaliza konsagrauban. Zeubek pensauko dozu ze esker andijak zor deutsaguzan. Gogoratu bein komuninoe santubaren asieraan, zer dan komuninoeko sakramentuba; zeinbat izen grazijazko ta mirarizkogaz erakusten deuskuben bere izate zerukua; baita nos geratu zan bere gizonaren janaritzat altarako sakramentu santuban. Beti, baina orain inos baino geijago erregutu biar deutsagu Jesus maitiari berari, bialdu daigula zeruti bere grazijaren argi santuba. Urratu dagizala geure luurreko maitetasunen katiak. Ixio dagijala geure bijotzetan bere amodijo garbijaren suba. Oh, Jesus ona! Bakigu zeu bagarik ezer ezin ginaijana. Gosia daukagu, Jauna, ta egarri gara. Jandu egizuz, bada, geure arimak zeruko ogijagaz, zeure gorputz santubagaz, inos gosetu ez gaitezan. Emon egiguzu zeure kaliza santuba, ill daigun betiko geure arimen egarri sikuba. Baita biztu egizu, Jauna, geure gogua, sakramentu altarakuan itxi zeuskuzan zintzotasun neurri bagiak ondo penseetako ta ikasteko bere. Eurakin orain balijauta, gero zeruban aingerubakin ta santubakin zeure ontasun ta anditasun amai bagiak beti kantetako. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa