www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

I. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Adanek zelan pekatu egin eban.

2. Ze kaltiak ekarri zituban Adanen pekatubak.

3. Zelan erremedijau zan.

 

        Adanen pekatubak ekarri ditu, neure entzula onak, geure gainera arimako ta gorputzeko naibage, pena ta atsekabe guztiak. Adanen pekatuba da zerubari, Jaungoikuari ta gizonari zereginik geijen emon deutseena ta emoten deutseena. Jaungoikuak ornidu zituban Adan eta Eba, geure lelengo gurasoak, beste erakutsi baten entzun zeunstan grazija, doe ta zorijontasun andijagaz. Ta imini zituban luurreko paradisuba deritxon lekuban. An egin ebeen bijak pekatu. Ta zabaldu zan euren pekatuba Adanen belauneti datozan guztietara. Pekatu au dan legez guztiok geure sortueraan madarikatuten gaitubana ta Jaungoikuaren gorrotoko egiten gaitubana, deritxot ondo izango dala, bautismoko sakramentuaren asieraan zeubei erakustia: 1. Adanek zelan pekatu egin eban. 2. Adanen pekatubak ze kaltiak ekarri zituban. 3. Zelan erremedijau zan. Prestau zaitez entzuteko gogo onagaz.

 

 

I.

 

        Bizi zaatekezan, bada, Adan eta Eba paradisuban, eurak gura izan balebee, gatx bagarik, neke bagarik, ezeren bere premina bagarik ta gaiztokerija bagarik, beti on, beti zuzen, beti Jaungoikuaren esanian ta beti ditxoso. An eukeezan gizonak munduban biar zituban ta euki eukezan atsegin ta pozgarri guztiak. Emon eutseen Jaungoikuak leku zorijoneko atan gosetu bagarik, nekatu bagarik, gaisotu bagarik ta ill bagarik bizi izateko biar ebeen guztia. Baita Jaungoikuak berak dei egiten eutseenian zerura zuzen juateko grazija bere. Bakarrik eragotzi eutseen Jaungoikuak Adan eta Ebari, paradisubaren erdijan eguan arboliari prutuba jaatia. Beste pruta guztietati jango dozu, esan eutsan Jaungoikuak Adani. Baina onaren ta gatxaren jakitia daukan arboliari, ez deutsazu prutia jango. Ta jaaten badeutsazu, ari jaaten deutsazunian illgo zara. In quoqumque die comederis ex eo, morte morieris. Au baino beste gauzarik ez eutsan Jaungoikuak eragotsi Adani paradisuban.

        Satanasa edo diabruba agertu jakon sugiaren etxuriagaz Ebari paradisu bastarrian kanpoti. Ta itandu eutsan modu onetan: Zetarako eragotzi deutsu Jaungoikuak arbola ari prutia jaatia? Erantzun eutsan Ebak: Beste guztietati jaaten dogu, baina ari erdiko arboliari ez jaateko ta ikuturik ez egiteko esan deutsku Jaungoikuak, ill ez gaitezan. Inundi bere ez zara illgo ari jan arren, esan eutsan sugiak Ebari. Baki, bada, Jaungoikuak, dirautsa sugiak Ebari, zubek arbola ari jango bazeuntsa, zuben begijak edegiko litzaate kezana; jakingo zenduke orduban gauza ona ta txarra zer dan; ta izango zinatekez Jaungoikuak legez. Eritis, sicut Dii. Au entzun ebanian, etorri jakon Ebari gauza ona ta txarra jakiteko gurarija. Ikusi eban pruta eragotzi[j]ak etxura ederra eukana. Baita jaateko ona zirurijana bere. Artu eban, bada, Ebak pruta eragotzija ta jan eban. Emon eutsan, berak janda gero, Adan bere senarrari. Ta ak bere jan eban. Orduban bertati edegi zirian bijeen begijak, gauza ona ta txarra ikusteko. Leenago bijak biloxik egon arren, ez zirian lotsatuten, begijak itxita eukezalako gauza gatxerako. Baina pruta eragotzija jan ebeenian, bertati lotsatu zirian, alkar biloxik ikusita. Piko orri batzubekin, al egijen moduban, laster estaldu zitubeen euren gerrijak. Ta ezkutau zirian arbolapian.

        Agertu zan Jaungoikua paradisura. Ta dei egin eutsan Adani: Nun zara? Erantzun eutsan Adanek Jaungoikuari: Jauna, zeure berbia entzunda lotsatu egin nas, biloxik nengualako. Ta ezkutau egin nas. Nok erakutsi deutsu, bada, biloxik zengozana, Neuk ez jaateko esandako prutia janak baino? esan eutsan Jaungoikuak Adani. Jauna, Zeuk laguntzat emon zeunstan emaztiak, emonda jan dot, esan eutsan Adanek Jaungoikuari. Zetarako ori egin dozu? esan eutsan Jaungoikuak Ebari. Ta erantzun eutsan Ebak: Jauna, diabrubak engainauta jandot. Adanek ezarri eutsan bere pekatubaren erruba Ebari. Ta Ebak sugiari edo diabrubari. Ta Jaungoikuak ezarri eutseen bere maldezinoia guztiai.

        Lelengo ezarri eutsan sugiari, sugiaren etxuria diabrubak artu ebalako Eba engainetako. Ta esan eutsan Jaungoikuak: Luurreko gauza guztien artian izango zara madarikatuba, emakumia engainauta pekatu eragin deutsazulako. Luurra janda, tripiaren gainian tatarraska ibiliko zara. Bake gaistua iminiko dot zure ta emakumiaren artian. Baita zure ta aren ondorengen artian bere. Emakumiak zapaldu ta birrinduko deutsu zeure buruba. Ta zuk engainubak ta jausgarrijak iminiko deutsazuz aren orpuari. Onen ondorik esan eutsan Jaungoikuak Ebari: Geitu ta askotuko ditut zure penak ta gatxak. Minagaz ta aliagaz seinak egin biarko dituzu. Ta biziko zara gizonaren agindupian. Esan eutsan azkenian Jaungoikuak Adani: Emakumiaren esana egin dozulako ta neuk eragotzitako prutia jan dozulako, madarikatuba izango da luurra zure biarretan. Eztakak, arantzak ta larrak emongo deutsuz. Izerdijagaz ta nekiagaz jango dozu ogija, ill ta luur biurtu artian. Bada, luurra zara ta luur izatera biurtuko zara. Ara emen, kristinaubak, Adanen pekatuba ta pekatu ari Jaungoikuak ezarri eutsazan gatxak. Orduban atera zituban Jaungoikuak Adan eta Eba paradisuti negarrezko errijetara. Ta imini eban kerubin bat suzko ezpatiagaz paradisuba zaintuten, an ostera inor sartu ez zedin. Aitu ezkero bada, neure entzula onak, zelan pekatu egin eban Adanek, entzun egizu orain ze kaltiak ekarri zituban geure gainera Adanen pekatubak.

 

 

II.

 

        Pekatu egin ebeen orduban atera zituban Jaungoikuak paradisuti geure lelengo gurasuak. Ta ara nun gagozan eurak ta euren ondorengo guztiok negarrezko ta penazko erri edo balle onetan. Orduban jausi zirian utsegite guztiak, gatx guztiak ta neke guztiak geure gainera. Adanen pekatuba zala bitarte geratu zirian geure gorputzak ta arimak gaixotuta, makalduta, luurrera jausita, guraari gaistuen azpijan. Adina ta nailia, edo entendimentuba ta borondatia dira gizonaren algin edo potenzija nausijak. One[e]k emon biar deutsee geure arimako ta gorputzeko gauza guztiai kobru, gizatasunez biziko bagara. Bada, beste gatx askoren artian, Adanen pekatubak ezarri eutseezan geure adinari ta nailiari, bakotxari lau gatx edo zauri, inos bere ondo osatuten ez dirianak. Geure adinari Adanen pekatubak ezarri eutsazan lau zaurijak dira: Lelengo: Bizi izateko biar ditugun gauzak ez jakitia. Adanek guztia ekijan, pekatu egin baino leenago. Ta guk bere jakingo genduban, ak pekatu egin ez baleu. Baina orain ez dakigu utsian betian baino, ez zek gatx egin ginaigun, ez zek galdu ginaizan. Bigarrenian: Adanen pekatubak ekarri eutskun gatxa da adineko illuntasuna, motztasuna, sortasuna ta gauzak argiro aitu ezina. Begiratu bategaz adituten zituban Adanek gauza guztiak argiro, zirian moduban. Ta guk bere adituko genduzan, ak pekatu egin ez baleu. Baina orain illunezko esi lodi bat daukagu geure adillaan, gauzak adituteko. Irugarrenian: Adanen pekatubak ekarri eutskun ikasi ezina. Adanek gauza guztiak ekizan, ikasten ibili bagarik. Ta guk bere jakingo genduzan, ak pekatu egin ez baleu. Baina orain, luzaro ikasten ibilita bere ezer ez dakigu, uts egite askogaz ta naastian edo ezdabaidan baino. Kristinautzako edo pedeko gauzak dakiguz zuzen, Jaungoikuak esan deuskuzalako. Baina ikasten luzaro ibilita, buruba sarri kansauta ta jakitunago askori itanduta bere, Eleisa Ama santiak erakusten deuskunaz ostian, gure jakiturija guztia da, edo utsegitez, edo dudaz, edo ezdabaidaz betia. Beti ikasten, beti ikasi guraan ta beti ikasi biarrian da gizonaren bizitzia. Au jazoten jaku eginbiar ta opizijo guztietan. Emeti dator geure penseta modubak alkar ez artutia ta gauzai bardin ez eristia. Laugarrenian: Adanen pekatubak geure adinera ekarri euskun gatxa da, geure pensamentuba gauza baten euki ezina. Adanek pekatu egin baino leenago, nai ebana pensetan eban. Ta berak nai ez eban gauzarik ez jakon burura etorten. Ta gu bere alan izango ginian, Adanek pekatu egin ez baleu. Baina orain, gura ez dogula bere, milla burutazinoe gogora etorten jakuz. Ezin egon gara, nai izan arren, gauza bat pensetan luzaro. Ezin ezi dogu, edo nai dogun moduban ezin eskuratu dogu geure pensamentuba. Lau zauri oneek etorri jakozan geure adinari Adanen pekatuba ganik. Baita nailiari bere beste lau, zeintzuk dirian:

        Lelengo: Geure nailiari edo borondatiari Adanen pekatubak ekarri eutsan zaurija da, geure burubak laarregi maitetutia ta estimetia. Emeti dator, gizon ta emakume guztiak euren burubak jasoteko ta estimazinoia topeetako daukeen gogo presta ta aurreratuba. Ta geure buruben neurri bagako ta ordena bagako amodijo ta estimazinoe laarregiti dator, alkarren artian ta bata bestiaganako daukaguzan bildurrak, ardurak, engainubak, enbidijak, ekusi ezinak, zekenkerijak, asarriak, ezdabaidak ta beste esan ezin legizan beste gatx. Bigarrenian: Jaungoikuaren esana egiteko ta gauza oneetarako atzerapena ta gogo mukerra. Ta gauza txaarrerako ta pekaturako gogo presta. Umetati gara okerrerako prestago, onerako baino. Ta au Adanen pekatubak ekarri euskun erru zitala da. Irugarrenian: Ekarri euskun Adanen pekatubak nairik naira laster aldatutia. Oraintxe nai dogu gauza bat ta gerotxubago beste bat. Ta andi laster, ez bata ta ez bestia. Ezin iraun dau geure goguak nai baten. Nai dot eta ez dot; ondo deritxat ta ez deritxat; egin baneu ta egin ez baneu da, Adanen pekatubak gizonari ekarri eutsan betiko kantia edo illetia. Laugarrenian: Pekatu zorigaistoko ak ekarri eutskun gatxa ta ez txikarrena da, Jaungoikuaren ondriari ta geure arimako onari jagokazan biarrak egiteko, indarrak gitxitutia. Ez zan guztiz galdu Adanen pekatubagaz gizonaren onerako ta gatxerako libertadia edo alizatia, erejiak pediaren kontra esaten dabeen legez. Baina geratu zan geure onerako ta gatxerako alizate andi au, gauza onerako, kristinautza zuzenerako, Jaungoikua ondretako, gaixotuta, argalduta, makalduta, leen baino oztaago Jaungoikuaren ta errazoiaren bidiai jarraituten deutseela. Ta gauza gatxerako geratu zan Adanen pekatubagaz geure libertadia bizkortuta, azkortuta, leen baino prestago ta sutsubago.

        Ara, neure entzula onak, zelan geratu ginian guztiok Adanen pekatubagaz. Paradisu santuti negarrezko erri oneetara erbestetuta, jausi ginian guztiok pekatubaren azpira, Jaungoikuaren gorrotora ta diabrubaren eskupera. Adineko illuntasuna, naillako okertasuna, arimako ta gorputzeko gaixua, zaurijak ta erijotzia ta betiko kondenetako bidia, guztia ekarri euskun Adanen pekatubak, Trentoko batzaar santubak esaten daben legez. Gorputzian ta ariman iragoten ditugun gatx guztiak Adanen pekatuban daukee euren sustraija ta bizigarrija. Ama Birjina guztiz garbija alderatu ezkero, beste Adanen seme ta alaba guztiok sortuten gara pekatuban. Ta guztiok dakargu geugaz amaren sabeleti arako fomes esaten jakon arimiaren kontrako gerragin andija. Beti geugaz dabilena ta inos bere ondo domau ezin doguna. Era triste ta negargarri onegaz gatoz guztiok mundura. Geure sortueraan lotuten gaitu pekatubaren katiak. Ta kateia au geurez inos bere urratu ezin ginai. Ezin askatu zaatekian gizona bere aleginagaz Adanen pekatubaren kateiati. Oinaz ez dakijan sein txikar bat leza ondotsu batera jausi ezkero inok ateraten ez badau popuerza illgo dan legez, alan geratu zan gizona Adanen pekatubagaz, inos berez jagiko ez zan moduban, Jaungoikuak bere ontasun neurri bagia gaiti irakoi ta jaso ez baleu pekatubaren lezati. Ta orduban erremedijo bagakua izango zan gu guztiok kondenetia inpernura. Ez jentilak euren aleginagaz, ez judegubak Moisen legiagaz, ez beste gizonik naturaleziaren indarragaz ta argijagaz zeruban sartuko zan inos, Jaungoikuak Adanen pekatuti askatu edo librau ez baginduz, dino Trentoko batzaar santubak.

        Ze bizitza errukarrija, neure kristinaubak! Penaz, nekez ta negarrez mundu triste onetan bizita, gero betiko inpernuba! Zelan estimau ta maitetu biar dogu bada, neure entzula onak, gatx oneen erremedijo ta osagarri santuba! Oh, ze esker andijak emon biar deutsaguzan Jaungoikuari, Adanen pekatuti, jatorrizko pekatuti, sortuerako pekatuti, edo pekatu orijinaleti askatu ginduzalako! Entzun egizu, bada, zegaz Jaungoikuak erremedijau eban Adanen pekatuba.

 

 

III.

 

        Adanek pekatu egin eban orduti senailau eban Jaungoikuak pekatuaren osagarrija edo erremedijua. Bada, san Paulo apostolubak dinuan legez, Jaungoikuak nai dau mundura datozan gizon ta emakume guztiak zerura juatia. Ez dogu, bada, sinistu biar, dino S. Agustinek, Jaungoikuak ez eutsala emon gizonari Adanen pekatubaren erremedijua zirkunzisinoia baino leenagoti, Eskritura Sagradubak esan ez arren zegaz parkatuten zan. Emeti ezaututen dogu, kristinaubak, Adanek pekatu egin arren, miserikordijaren atiak beti zabaldu deuskuzala Jaungoikuak. Abraan justuba ta aren zirkunzisinoia baino leenagoti Jaungoikuak emon eutsan gizonari Adanen pekatubaren osagarrija, arima bat bere inos galdu ez dedin erremedijuaren paltaz. Naturaleziaren ta judeguben legian zegaz jatorrizko pekatuba parkatuten zan jakitia, ez da premina osokua geure kristinautzarako.

        Baina jakin biar dogu ta sinistu biar dogu popuertza, ebanjelijo santuko legian bautismoko sakramentuba dala bakarrik, jatorrizko pekatuba geuri parkatuten deuskuna. Uragaz ta Espiritu Santubagaz batiatu bagarik inor bere salbauko ez da, dino Jesukristo geure Jaunak. Bautismo santuba da geure arimak lelengo pekatuti grazijara, illuneti argitara, Jaungoikuaren gorrototi bere adiskidetasunera ta galdu bideti gorde bidera aldatuten dituban sakramentuba. Bautismo santubak ez deuskuz kenduten Adanen pekatubak ekarri euskuzan gatx guztiak. Batiatuta egon arren, geugaz dagoz oraindino ezjakina, arimako sortasuna, gauza onerako mukertasuna, gauza okerrerako prestasuna, geure buruben nai laarregija, luurreko ta gorputzeko gustuen gurarija, gaixokortzia, illkortzia ta beste onako asko. Baina bautismo santubak partatuten deuskuz arimako pekatu guztiak, erru ta pena. Berak egiten gaitu Jaungoikuaren seme, Jesukristoren ikaslari, Eleisiaren ume ta zeruko etxagun. Berak emoten deusku Jaungoikuaren berbiaren ta betiko egiijen sinistutia; zeruko ondasunak jadisteko ustia; Jaungoikuagaz beragaz berba egiteko, Jaungoikua bera ezaututeko ta egijazko espiritubagaz maitetuteko alizatia. Bautismuak egiten gaitu beste sakramentubak artuteko duina. Ta berak kendu ez arren geu ganik Adanen pekatubaren gatx guztiak sustraiti, emoten deusku zeruko grazija ta laguntasuna, zeinegaz errazto goitu daikeguzan etsaijaren tentazinoiak ta aragijaren guraari gaistuak, geuk gura izan ezkero.

        Bautismo santuban emoten jako kristinaubari Jesusen erijotza santako irabatzi neurri bagiaren birtutia, kristinautza egijazkuari ondo kobru emoteko. Au gaiti esaten da bada, neure kristinaubak, bautismoko sakramentuban itxi euskula Jesukristo geure Jaunak Adanen pekatubaren osagarri erraza ta seguruba. Bautismo santuba da sakramentu guztietati lelengua ta kristinautziaren asieria. Orregaiti esaten dau Erromako Katezismuak, sarritan kristinaubai erakutsi arren bautismo santuko ikasikizunak, ez dabeela pensau biar kura jaunak inos bere laarregi egiten dabeela. Gogoratu bada, neure entzula onak, Adan eta Eba lelengo geure gurasuen pekatu negargarrija ta negarlarija. Gogoratu pekatu zori gaisto ak ekarri euskuzan kaltiak. Baita Jaungoikuak pekatubari deutsan gorrotua bere, ainbeste negargarrigaz mindu zitubanian pekatu bat gaiti Adanen ondorengo guztiak. Baita Jaungoikuaren ontasuna ta miserikordija bere, beti baina batez bere Ebanjelijo santuban, Adanen pekatubaren edo jatorrizko pekatubaren osagarri ezaguna, seguruba ta erraza itxi euskulako bautismoko sakramentuban. Bildurtu gaitezan, bada, pekatubagaz. Ta maitetu daigun bijotz osuagaz geure Jaungoiko guztiz ona. Eskatu daijogun arima arimati bere grazija santuba, zeinegaz irabatziko dogun betiko zeruko glorija. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa