www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

I. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zelan prestau biar daben kristinaubak biziera barrija artuteko.

2. Ez jagokan bizieria artubak oi dakazan kaltiak.

 

        Jesukristo gure Jaunak Eleisa Ama santiari itxi eutsan zazpigarren ta azkeneko sakramentuba da, neure kristinaubak, ezkondutekua. Sakramentu santu onen asipena dator paradisuti, mundubaren asierati. Orduban esan eban Jaungoikuak: Ez da ondo gizona bakarrik izatia. Egin daijogun bere eriko laguna. Alan emon eutsan Adani Eba laguntzat. Oneek dira geure lelengo gurasuak ta munduko lelengo senar emaztiak. Andi ona beti iraun dau ta iraungo dau, munduba mundu dan artian, ezkontziak. Jesukristo geure Jaunak leenagoko giza aldijetako ezkontzia jaso eban sakramentu santu izatera. Gauza onetan sinistu biar doguna da, ez dala ezkontzia gizonak asmauba, ezbada mundubaren asieran bertan Jaungoikuak berak itxita, Jesukristok ontzat emonda, sakramentu egin ebana. Au da Eleisa Ama santiak erakusten deuskuna Trentoko batzaar santuban. Dino, bada: Inok esaten badau Jesukristo geure Jaunak itxitako ebanjelijoko legeko zazpi sakramentubetati egijazko sakramentu bat ez dala matrimoniua edo ezkontzia, ezbada dala Eleisiak asmauba ta grazijarik bere emoten ez dabela, izan dedilla eskomulgauba a esaten dabena.

        Sinistute onegaz berba egin biar dogu bada, neure entzula onak, ezkontziaren gainian. Ta ainbat argiruen zeubei aituten emoteko sail onetan jakin biar dozuna, esango deutsut sakramentu onen erakutsijetan: 1. Biziera barrija artuteko prestaeria. 2. Ezkontziaren gainian zelan pensau biar dan. 3. Ezkonduteko zelan prestau biar daben kristinaubak; ta ezteguko eguna zelan irago biar dan. 4. Ezkontza onaren prutubak. 5. Zegaiti uts egin oi dan ezkontzako bizieria artuten. 6. Zelan bizi biar daben ezkondubak. Ara, kristinaubak, guztiok jakitia ondo dana ezkontzako sakramentubaren gainian. Bakizu, askori jagokazan ikasikizunak diriana oneek. Berau gaiti eskatuten deutsut guztioi, sakramentu santu onen erakutsijak amaitu artian, etorri zaitezala guztiok entzutera. Bateti, biziera au artuten uts egin badozu norbaitek, jakin dagizun aurrera zer egin biar dozun. Ta besteti, oraindino uts egin ez dozunok edo ezkondu bagarik zagozanok, ikasita egon zaitezan ezkontzako biziera barrijaren gainian. Gaurko erakutsija izango da edozein estadu edo biziera kristinaubak artuteko prestaeriaren gainian. Esango deutsut: 1. Biziera barrija artuteko zelan prestau biar daben kristinaubak. 2. Ez jagokan bizieria artubak oi dakazan kaltiak. Au izango da oraingo zeuben entzunkizuna. Eskatu daijogun zerubari, nik esateko ta zubek ondo entzuteko biar dogun grazija.

 

 

 

I.

 

        Ez eban gura izan Jaungoikuak, neure entzula onak, munduko gizon ta emakume guztiak euren biziera edo estaduban lege baten azpijan imintia. Ez eban gura izan, guztiak bide bateti zerura eruatia. Baki Jaungoiko onak, bakotxak bere naijak ta gogoeraak daukaguzana, bizi moduba artuteko. Au gaiti imini zituban zeruban egon leku asko. Mansiones multae sunt in Domo Patris mei. Zeruban egon leku asko badagoz, zerura juateko bidiak edo bizieraak bere asko dira, dino san Juan Krisostomok.

        Zerura juateko bide edo bizi modu oneek dira, Eleisa Ama santiak erakusten deuskunez: Edo ezkondubena, edo ezkondu bagarik Jaungoikua obeto serbidutia gaiti geratuten dirianena. Lelengo guztiena bide bakarra da. Bada, ez dago ezkontzako sakramentu bat baino. Nai aberatsa izan ta nai pobria izan, nai entzute andikua izan ta nai gitxikua izan, ezkonduba bada, ezkondubaren kargak jaso biarko ditu zerura juateko. Jaungoikua obeto serbidutia gaiti ezkondu bagarik geratuten dirianak, ez duaz guztiak bide bateti zerura, ezbada bakotxak onduen deritxuen bideti. Oneek dira: Edo erlijinoe baten sartuta boto sagradubakin Jaungoikuari konsagretan jakozanak, zeintzuk dirian prailiak eta monjaak. Edo ordiako sakramentuba artuta eleisa gizon egiten dirianak, zeintzuk dirian sazerdote jaunak. Edo gorputzeko ta bijotzeko osotasunaren eskini santuba (zein dan birjinidadeko botua) Jaungoikuari eginda, gorputz ta arima oso ta garbi, erlijinoetan sartu bagarik, Jesus maitiari entregetan deutseenak. Oneek dira birjinidadeko botuagaz euren etxeetan bizi diran gizon eta emakumiak. Edo dira birjinidadeko osotasuna galduta, aurrera beti garbi izateko eskinija Jaungoikuari eginda, ezkondu bagarik euren etxeetan bizi dirianak. Oneek dira kastidadeko botodunak. Edo dira azkenian, garbitasunaren botorik edo eskinirik Jaungoikuari egin bagarik, Jesusen amodijo santuba gaiti ezkondu bagarik ta garbi euren etxeetan bizi dirian gizonak ta emakumiak.

        Ara emen, kristinaubak, zeinbat bide edo biziera itxi deuskuzan Jaungoikuak, zeruba irabazteko. Bakotxak artu daike gureen dabena. Batari gatxa badeitxo, bestia. Ari astuna badeitxo, au. Gura dabenak gura dabena. Bada, bide onetati guztieti juan dira kristinaubak zerura. Ta aurrera bere juango dira ta irabaziko dabee zeruban dagozan egon leku askotati, bakotxak bere egite onai jagokuena. Zelan prestau biar dau, bada, kristinaubak, nor berari jagokan bizieria artuteko? Aitu egizu, bada, zelan.

        Sinistu biar dogu onetarako, Jaungoiko onak ta jakitunak nai dabela gu guztiok salbetia, vult omnes homines salvos fieri, ta geuk baino obeto ezaututen dabela geure guztion argaltasuna ta jauskortasuna. Ipse cognovit fig mentum nostrum. Baki Jaungoikuak zeinek zetan daukagun zeruba galduteko gatx nausija. Gere sortuerati ta leenagoti daki Jaungoikuak ze gurari gaistok emongo deuskun lana ta zeregina, Jaungoikuaren legia gordetako ta zeruba irabazteko. Ta ezauturik Jaungoikuak geure gatx-eragina nausijak, dei egiten deusku bakotxari areek goituteko estadura edo bizierara. Batari soberbijak eta andi guriak galdu eragingo leuskijo zeruba. Bada, ari dei egiten deutsa Jaungoikuak humilde ta txiki izateko lekura ta bizierara. Bestiari kodizijak ta ondasun guriak galdu eragingo leuskijo zeruba. Bada, ari dei egiten deutsa Jaungoikuak ondasunen ardura bagarik pobre izateko bizierara. Beste bati bijotzeko mukertasunak, gogortasunak ta ezi gatxak ausi eragingo leuskijo legia, egingo leuke buru gaistoko, temotsu ta bake txaarreko. Bada, oni dei egiten deutsa Jaungoikuak inoren agindupera, an ezi ta mansotu dagijen. Modu onetan, ezetan bere paltarik ez daukan Jaungoikuak dei egiten deutsee kristinaubai zeruba irabazteko onduen juakuen estadura edo bizierara.

        Zelan jakingo dau baina kristinaubak, Jaungoikuak ze estadutara dei egiten deutsan? Ez pensau Jaungoikuak aingeru bat bialduko dabela au esatera. Askogaz egin dau au. Askori aingeru baten bitartez esan deutsee Jaungoikuak, onako edo alako erlijinoian sartuteko; onako edo alako biziera artuteko. Baina ez da au oi dana. Oi dana da Jaungoikuaren aparteko esan agiri bagarik, estaduba artutia. Au ezaututeko ta jagokana azertetako sinistu biar dau, Jaungoikuak aingerurik bialdu ez arren ta agiriko esanagaz dei egin ez arren onako edo alako bizierara, sarritan bere bijotzian ta goguan kristinaubari aituten emongo deutsala zein dan, zeruba irabazteko onduen juakon estaduba. Iragoko jako bere bijotzian ez gitxitan biziera batari ondo eristia; aintxe zeruba erreztuago irabazten dalako argija ta ezauberia; aintxe Jaungoikua ondo serbiduko leukiala pensauta, bijotza poztutia; biziera axe berekautan legez sarri gogora etortia edo gogoti kendu ezin izatia... Oneek oi dira Jaungoikuak ixilik estadurako egin oi dituban deijak. Batez bere, edo ondo konpesetan danian, edo komulgauta gero, edo arimako gauzetan astiruago pensetan danian. Beste aldeti, onako edo alako estadubari badeutsa kristinaubak bijotzeko gogo illuna, astuna ta nekezkua; a estaduba gogoratu arren, poztuten ez bajako bere bijotza, kasik ezagun da Jaungoikuak atara dei egiten ez deutsana.

        Sinistu biar dau kristinaubak onezaz gainera, biziera barrija artuteko denporan ez dala lo egongo inpernuko etsaija. Aragijagaz ta mundubagaz edo munduko adiskidekin ta senidekin balijauta egingo dabela diabrubak alegin guztia, kristinaubari uts eragiteko estaduba artuten. Au gaiti dira mutil edo neskatila batek konbentu batera Jaungoikua serbidutera juan gura dabenian jagi oi jakozan tentazinoiak, bildurrak eta larrijak, uts egiten ete daben. Baita senidiak, auzuak ta ezagunak milla duda, milla ardura ta milla bildurgarri esatia bere, konbentuban sartu ez dedin ta galdu ez dedin. Zer? Jaungoikuagana zuzen baino zuzenago juan gura dabena ta doiana galdu? Ez. Ez dago olakorik. Diabrubak irundako matasa naastauba da, erlijinoe baten sartu gura dabenari senidiak, adiskidiak, ezagunak ta aragijak irakoiten deutseen dudazko, ardurazko ta bildurrezko gerra illuna ta astuna. Oneek guztiok goituteko, biziera barrija artutia pensetan dabenian kristinaubak egin biar dabena da:

        Lelengo: Garbitu bere gogua ta bijotza ainbat onduen aragizko pozgarrijetati ta ez beste gauzari begiratu estaduba aukeratuteko, Jaungoikua serbidutiari ta arimia salbetiari baino. Bigarrenian: Eskatu bene benetan Jaungoikuari ta Ama Birjina guztiz santiari zeruko argija ta bijotzeko gogua, onduen ariman juakon bizieria aukeratuteko ta artuteko. Irugarrenian: Egin aparteko erregubak zerubari, estaduba artuteko edadia danian; edo konpesinoiak ta komuninoiak, edo baraubak, edo limosnak, edo santuren bati bederatzi eguneko meza entzutia, estazinoia... Jaungoikuak prestau dagijon gogua ta eria, jagokan estaduba artuteko. Laugarrenian: Agertu argiro konpesore bati edo gizon aitu Jaungoikozko bati ze biziera eskatuten deutsan bere goguak, ta eskatu uste onagaz bere eritxija edo konsejuba. Bostgarrenian: Gurasuak badaukaz edo guraso ordeko nausijak, kontu emon denporaz arei bere, berak artuteko ustia daukan estaduba, ta eskatu euren ontzat eruatia ta bendizinoia. Onan prestetan bada kristinauba Jaungoikuak nai daben ta berari ariman ondo juakon estaduba azertetako uste onagaz, ez deutsa zerubak ukatuko biar daben argija, ezauberia ta grazija.

        Baina zer jazoten da? Ah! zeubek dakizu ondo. Estaduba artutia danian, geijenian, ez Jaungoikuari erregututen jako bere naija zein dan ezaututeko, ez arimia zeruratutiari begiratuten jako, ez bere bijotzian ta goguan sarri irago jakozan estaduba artutiaren gaineko isilikako deijai ta abisu santubai entzuten jakue, ez arimarako egiija egijazkua esango leuskijuenai itanduten jakue. Mundubaren eritxijan bizi izateko ona bada artutera doian bizieria, norberaren arimiari jagokana ta Jaungoikuak dei egiten deutsana izan ez arren, itsu itsuban artuten da. Baina pensetan ete dabee ze uts-egite andija dan au bai gorputzerako ta bai arimarako? Ikusi daigun.

 

 

II.

 

        Estaduko uts-egitia ez da edozein uts-egite, ezbada da zimentuban edo oinian uts egitia. Zimentu okerra daukan etxia apiauta baino ezin egon da. Ta apiuai bultzaka dago beti. Oina okerra daukana beti dabil errenga. Ta beti penaz. Kontu egizu bada, kristinaubak, biziera barrija edo estaduba dala etxiaren zimentuba edo gorputza erabilteko oina legez, nor bera munduban kontentuz izateko ta zeruba irabazteko. Uts egiten badau bizieria edo estaduba, iminten deutsa asieran errena munduko bizitziari ta arrisku andija zeruba irabaztiari. Euki legi etxian biar dabena ugari. Euki legi osasuna. Euki legi agiriko bakia. Baina, zer balijo deutsee oneek kontentuz egoteko, bizierako errena bijotzian daukanari ta artu daben estadubaren kontra bere gogua beti bultzaka daukanari?

        Dei egiten deutsa Jaungoikuak ta bere goguak bati ezkontzako estadura. Ta edo gurasuak edo senidiak edo ez dakit nok sartuten dabee konbentu baten a. Zelan biziko da kontentuz, soinian ta sabelian biar dabena ugari euki arren, alan konbentura doian errukarrija? Ta ze arriskutan geratuten da aren zeruba irabaztia? Zeubek pensau. Dei egiten deutsa beste bati Jaungoikuak ta bere goguak munduko bizierara. Ta edo gurasuak edo senidiak edo ez dakit nok biurtuten dabee a abade izatera. Zelan biziko da kontentuz, errenta andija euki arren, alako eleisa gizona? Ta ze arriskutan geratuten da bere arimako salbazinoia? Zeubek pensau. Dei egiten deutsa beste bati Jaungoikuak eta bere goguak, konbentu baten sartuta, ondo baino obeto gorputz ta arima garbiro Jesus serbidutera. Ta gurasuak edo senidiak edo ez dakit nok ekarten dabee ezkondutera. Zelan kontentuz biziko da goguaz kontrako estaduban? Zelan iragoko ditu bere bizitzako egunak? Jaungoikuak eta bere goguak eskatuten deutsee bakartasuna, Jesusen bizitzako ta erijotzako jazuak pensetako astija, bere bijotza, arimia, espirituba ta gorputza Jesus maitiari osorik emotia edo zerutar baten moduban Jaungoikuagaz bizi izatia. Ta daukan bizieraan guztia da luurreko gauzen arduria, zeregina, priisia ta aragizkua. Zelan eukiko dau poza? Ta ze arriskuban iminten dau alan ezkonduten danak bere arimako salbazinoia? Zeubek pensau.

        Begiratu bada, neure entzula onak, estaduko uts-egitia ez dala beinguan adabetan. Beste uts egitiak, lapurreta batek, aldulterijo batek, gizon illte batek erremedijo jakinak daukez, norberak nai izan ezkero. Baina estaduko uts egitia dan legez bizi guztiko uts egitia, beragaz dauka beti gan zorroz bat bijotzaren erdijan, zeinek esaten deutsan gau ta egun urtiak iragota bere: Oker nua. Ezin ni onan salbau neinteke. Ah! Zeinbati entzun oi deutsegun berba triste, errukarri ta bildurgarri au? Estaduko uts egitiak erabagiten dau geijenian geure zerurako edo inpernurako bidia. Munduko eraak gaiti, aragijaren engainubak gaiti, etsaijaren eskini paltsuak gaiti, edo inoren erregubak gaiti artuten da nor berari ez jagokan estaduba, Jaungoikuak dei egiten ez deutsan estaduba, itsu itsuban arimiaren onari begiratu bagarik ta pensau bagarik. Ta gero zelan artu, alan bizi ta alan ill.

        Jaungoikuak librau gaizala alako biziera penazko ta arriskukuetati bere neurri bagako ontasuna ta erraija bigunak gaiti. Munduban egunak naibagez ta triste iragota, gero betiko pena lekura eruan ez gaizan. Alan gura izan dagijala Jaun zerukuak, bera dana dalako. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa