www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VI. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zetarako dan konpesoriak emoten daben penitenzija.

2. Zelan kobru emon biar jakon penitenzijari.

 

        Konpesinoeko sakramentuban parkazinoia artuteko prestau biar dau pekatarijak, leen esan dan legez. Pekatu guztiak gogora ekarrita, eurakin ondo damututa, ostera ez egiteko gogo osua artuta, guztiak ziatz konpesoriari autortubagaz. Orduban konpesoriak Jaungoikuaren partez esaten deutsa pekatarijari: Neuk askatuten zaitut zeure pekatubetati. Ta konpesoriak au esanagaz batera parkatuta dagoz zeruban pekatu guztiak, andijak, ezainak ta asko izan arren. Au da Jaungoikuaren beraren esana. Au da Jesukristo geure Jaunaren ordenia. Au da penitenzijako sakramentubaren egitia. Baina pekatarija Jaungoikuaren zordun egiten da pekatu egiten dabenian. Ta pekatu illgarrijaren zorra da, Jaungoikuaganik betiko aldenduta inpernuban erreetan egotia. Konpesinoeko sakramentuban parkatuten dau Jaungoikuak pekatu illgarrijari darraikon betiko zorra; pekatarijak inpernuban pagau biar leukian zorra. Ta zor aren alderako eskatuten dau Jaungoikuak, edo munduban penitenzija egitia, edo purgatorijuan pekatubaren zorra pagetia. Orregaiti esaten da, konpesinoe ona egiteko biarreko gauzen artian bostgarrena dala konpesoriak emondako penitenzija kunplidutia. Aitu dagizun bada, kristinaubak, sail onetan ikasi ta egin biar dozuna, esango deutsut dotrina onetan: 1. Zetarako konpesoriak emoten daben penitenzija. 2. Zelan kobru emon biar jakon konpesoriak emondako penagarrijari. Entzun egizu guztiok ainbat gogorik oneenagaz. Bada, ez jako gitxiagori eragiten emen, pekatubak parkatutiari baino. Oh, ze gauza andija!

 

 

I.

 

        Jaungoikuaren eskuban dago, neure entzula onak, pekatubak parkatutia. Bestek inok bere, ez zerukok, ez luurrekok parkatu ezin legi pekatu txiki baten zorra bere. Orregaiti, pekatuben parkazinoia aita danian, beti gogora ekarri biar dogu Jaungoikuaren beraren egikizuna dala au. Baita sinistu biar dogu, ez jakuzala inos bere pekatubak parkatuko, Jaungoikuak berak nai daben moduban baino. Modu askotara parkatu euskeguzan Jaungoikuak geure pekatubak. Baina ya Berak erakutsita dauka Eleisa santiari zelan gura izan daben guri pekatubak parkatutia. Ta au egin biar dabee pekatari guztiak. Zelan, bada, gura izan dau Jaungoikuak guri pekatubak parkatutia? Ara, kristinaubak. Batiatu baino leenagoko pekatubak, parkatuten deuskuz Jaungoiko onak bautismoko sakramentubagaz. Baina zelan? Guztiz. Batiatuten danari leenagoko pekatuben zorrik ezer bere geratuten ez jakola. Au da bautismoko sakramentubaren egitadia.

        Baina batiatu ezkeroko pekatubak ez ditu parkatuten guztiz konpesinoeko sakramentubak. Parkatuten dau inpernuban pagau biar zan zorra. Baina ez dau parkatuten norberak emen pagau al dagijana. Zegaiti, bada, konpesinoeko sakramentuban parkatuten ez ditu Jaungoikuak pekatubak guztiz, bautismoko sakramentuban legez? Ah, kristinaubak! Trentoko batzaar santubak esaten deusku zegaiti. Batiatu baino leenago pekatu egin dabenak, ez jakinez egin dau; Jaungoikuaren seme izan baino leenago egin dau; Jaungoikuari pekaturik ez egiteko berbia emon baino leenago egin dau. Ta arei euren pekatuben damu egijazko bategaz parkatuten deutseez bautismo santuban pekatubaren zor guztia, gatx guztia ta erru guztia oraingo ta betiko.

        Baina batiatu ezkero pekatu illgarrija egin dabenak, dakijala, ezauberaz ta bere guraz saldu dau Jaungoikua, ukatu dau Jesus, tristetu ditu aingerubak ta desondrau ditu bere partez zerutar guztiak. Esker txaarreko seme galduba legez, armak artuta jagi da kristinau pekatarija, etsaijen aldraan sartuta, zeruko Aita onaren kontra. Bada, errazoia da ez jakinez ta ondo ezautu bagarik pekatu egin dabenari erreztuago bere gatx egina parkatutia, dakijala ta ezauberaz bere Aita onaren kontra pekatu egin dabenari baino. Au gaiti, bada, Jaungoiko onak ta parkazailiak parkatuten deutsaz kristinaubari pekatubak konpesinoeko sakramentuban. Baina pekatarijari berak bere al dagijana pagetiaren beian parkatuten jakoz konpesinoian pekatubak. Kristinau pekatarijak pagau biar dau, bada, pekatubaren zorra, edo munduban penitenzija eginagaz, edo purgatorijuan erreetan egonagaz. Ara emen, kristinaubak, penitenzijaren edo pekatubaren zorrerako penagarrijaren preminia.

        Konpesore jaunai emon eutseen Jaungoikuak eskubidia, pekatubari jagokan penitenzija edo penagarrija neurtuteko. Alan esan eutseen Jesukristo geure Jaunak san Mateoren aoti konpesore guztiai: Zeubek munduban pekatuti askatuten dozuna, askatuba izango da zeruban. Ta zeubek munduban pekatubagaz lotuten dozuna, lotuba izango da zeruban. Berba oneetan emon eutseen Jesusek eskubidia konpesore guztiai. Lelengo: Pekatarijen pekatubak konpesinoian entzuteko. Bigarrenian: Pekatuben andi txikija ta alkareza juzgetako. Irugarrenian: Ondo prestauta, garbatuta daguan pekatarija pekatu guztietati askatuteko. Laugarrenian: Pekatuben parkazinoia pekatarijari emoten deutsanian, pekatubari jaokan penitenzija edo penagarrija senailauta pekatarijari emoteko. Bosgarrenian ta azkenian: Ondo prestau bagarik dator ren pekatarija, bere pekatubakin lotuta atzera bialduteko. Au da Jaungoikuaren aginduba. Emeti dator pekatu guztiak konpesau biarra ta konpesoriak jakin biarra, arei jagokuen penitenzija iminteko.

        Au gaiti konpesoriak nora ezian imini biar deutsa pekatarijari penitenzija, pekatubari ta pekatarijari jagokana. Pekatu geijagori, geijago. Pekatu gitxiagori, gitxiago. Pekatu andijaguari, andijagua. Txikijaguari, txikijagua. Sarritako pekatubari, ekanduzko pekatubari ta okasinoeko pekatubari, eurai jagokuena. Baita pekatarijari jagokana bere. Zarra bada, gaztia bada, ezkonduba bada, askatuba bada, gurasua bada, umia bada, aberatsa bada, pobria bada, gaixua bada, osasunekua bada, andikija bada, nekezarija bada, ekandu txaarrekua bada, pekatuko jauslekuban daguana bada... bakotxari jagokan ta al dagijan penitenzija iminteko.

        Pekatubaren zorrerako kristinaubak artu al dagizan penagarrijak, iru eratan iminten ditu santo Tomasek. Ta dira, edo arimakuak, edo gorputzekuak, edo eukijarenak. Ariman euki ginaizan penagarrijak dira orazinoia ta orazinoiari darraikon guztiagaz Jaungoikua ondretia. Gorputzian euki ginaizan penagarrijak dira barauba ta beste gorputzari penia emon legijuen mingarri guztiak. Eukijagaz egin ginaijan penitenzija da limosnia, nai illeentzat ta nai bizijentzat. Orazinoiagaz aituten dira konpesetia, komulgetia, meza entzutia, altaraak ta eleisia bisitetia, errosarijua errezetia, belaunbiko Jaungoikuaren aurrian egotia, liburu onak irakurtia ta beste onetarikuak. Baraubagaz aituten dira ez jaatia, ez edaatia, ez lorik egitia, miina isilik eukitia, olgalekura ez juatia, gorputza azotetia, zilizijuagaz lotutia ta beste gorputzaren nekegarrijak. Limosniagaz aituten dira, pobriai, elisai, kobentubai, hospitalai, purgatorijoko arimai ta beste preminakuai dirubagaz edo eukijagaz egiten jakuezan mesediak. Onetariko penagarrijak dira, neure entzula onak, konpesoriak pekatarijari bere pekatuben zorrerako imini biar deutsazanak. Ta zelan kobru emon biar deutsa pekatarijak konpesoriak emondako penagarrijari? Orain artuko dozu.

 

 

II.

 

        Baina au entzutera orduko, jakin biar dozu, kristinaubak. Leleengo: Pekatarijak konpesetara doianian edo konpesoriak penitenzija emoten deutsanian ez badauka ustia konpesoriaren aginduba egiteko, ez deutsala balijo konpesinoiak, konpesauta gero penitenzija kunplidu arre n. Bigarrenian: Jakin biar dozu, pekatarija badua bere ariz konpesore bere ustezko nasaijetara, erreztuago, penitenzija gitxigaz ta pekatarijaren beraren naira irago dagijon ta pena gitxigaz pekatubetati askatutzakua egin dagijon, ez daukala zetan pijau alako konpesinoiagaz. Konpesore nasaijen billa bere ariz dabilen pekatarija, nekez ondo konpesauko da. Jazoko jakue ebanjelijo santubak dinuana: Itsuba bada itsubaren zuzenzailia, bijak lezaan sartuko dira.

        Onen ondorik esaten jako kristinaubari, konpesoriak emon deutsan penitenzija edo penagarrija egin biar dabela, konpesoriak agindu deutsan moduban ta denporaan. Agindu deutsu konpesoriak illian bein konpesetako? Bada, konpesau biar dozu illian bein. Agindu deutsu illian birritan konpesetako? Bada, konpesau biar dozu illian birritan. Agindu deutsu onako personagaz ez egoteko? Etxe atan ez sartuteko? Alako pekatu bat egiten dozun bakotxian barau bat egiteko, edo errial bat pobriai emoteko? Bada, egin biar dozu, agindu deutsun moduban. Aginduten deutsu barijakuban barau egiteko? Santu egun baten besperan aragirik ez jateko? Iru aste barru konpesetara juateko? Bada, egin biar dozu, agindu eutsun denporan.

        Ta ze pekatu da konpesoriaren aginduba ez egitia? Batzubetan izango da pekatu andija ta beste batzubetan pekatu txikija. Ze agindu austen daben, alan izango da pekatuba. Konpesoriak emoten daben penagarrija izan leiteke gauza andija, baita txikija bere. Gauza anditzat artuten dira meza bat entzutia, konpesetia, komulgetia, barau bat egitia, lau errialera elduten dan limosna bat egitia, errosarijo bat errezetia... ta beste asko. Gauza gitxitzat artuten dira abemarija bat, sinistuten dot bat edo credo bat, salve bat, nai beste errazu txiki bat, nai limosna txiki bat. Baita izan leiteke konpesoriaren aginduba zatitu legijana ta zatitu ezin legijana. Meza bat entzutia ezin zatitu legi. Barau bat ateratia ezin zatitu legi. Baina meza bi entzutia bai. Bata entzun ta bestia itxi. Birritan konpesetia bere bai. Batian konpesau ta bestian ez. Alan dagoz konpesoriak emondako penagarrijak, zatitu ezin legizanak ta zatitu legizanak. Esaten da bada, kristinaubak. Lelengo: Konpesoriak agindutako penagarrija gauza andijan isten dabenak, nai osuan ta nai zatijan, egiten dabela pekatu mortala edo illgarrija. Aginduten deutsuz lau barau ta ez dozu bat bere ateraten? Egin dozu pekatu bat, penitenzija gauza andijan itxi dozulako. Atera dituzu iru barau, baina itxi dozu bat? Egin dozu pekatu illgarri bat (ez lau baraubak itxita baisen andija), penitenzijaren zati andi bat itxi dozulako. Bigarrenian: Isten badau penitenzijaren zati txiki bat, egiten dau pekatu arina edo beniala. Aginduten deutsuz iru abemarija ta itxi dituzu bi. Egin dozu pekatu txikarra. Isten danian penitenzija osua, gauza gitxijan izanda bere, esaten dabee batzuk egiten dala pekatu illgarrija, sakramentubaren osotasun guztia isten dalako. Beste batzuk esaten dabee, ez dala pekatu illgarrija penitenzija txikija istia, osua izan arren. Irugarrenian esaten da, penitenzija bada osagarrija ta isten bajako kobru emon bagarik, egiten diriala pekatu bi. Gauza andijan bada, pekatu mortalak. Ta gauza gitxijan bada, pekatu txikarrak. Penitenzija osagarrijak dira, ostera pekaturik egin ez dagijan pekatarijari iminten jakozanak. Sarritako pekatubak gaiti, oiturazko pekatubak gaiti ta pekatuko okasinoiak gaiti emoten jakoz pekatarijari osatuteko penagarrijak. Bidao egiteko oituria daukanari aginduten deutsa konpesoriak, egiten daben bakotxian luurrari mun egiteko. Au ekandu galduba osatuteko da. Adiskide deungia auzuan daukanari aginduten deutsa konpesoriak, etxe atara ez juateko; ta inos juaten bada, doian bakotxeko barau bat egiteko. Au adiskide deungiagana juan ez dedin da. Aginduten deutsa ordijari tabernara ez juateko; ta inos juaten bada, bakotxeko lau errial pobriai emoteko. Au ordijaren gatxa osatuteko da. Onetariko penagarri guztiak dira, ostera pekatuban jausi ez dein. Penitentzijaren edo penagarri bakotxekuaren bildurrez, pekatuko oituriari edo okasinoiari itxi dagijon. Ta askotan pekatarijak egiten ditu pekatu bi, alako pekatu bakotxeko penitenzija isten dabenian. Bata pekatuko okasinoetara barriro juan dalako, ta bestia konpesoriaren aginduba egin ez dabelako. Modu onetan aituten da bada, kristinaubak, egin biar dala konpesoriaren aginduba.

        Ta itanduten badozu, ia beti dan pekatu konpesoren aginduba ez egitia, esango deutsut, al izan ezkero egin biar dala konpesoriaren aginduba. Bada, Jaungoikuaren beraren aginduba legez da. Ezin danian, ez dago egikizunik. Konpesoriak agindu arren, ez daukanak dirurik emon ezin legi. Gaixorik daguanak, barurik ezin legi. Preso daguanak, mezarik entzun ezin legi. Ta modu onetan beste ezin egijazko asko. Bizitziaren, osasunaren ta kleitubaren kalte jakin andijan nekez izango da konpesoriaren gogua, pekatarija alako kalte andiko penitenzija pian imintia.

        Gauza bat esan negizu, neure entzula onak, konpesoriaren penitenziaren gainian. Ta da, ezin ondo erakutsi legizala dotrina labur baten sail onetako milla jazoera. Nos pekatu dan ta nos ez dan; nos pekatu bi edo gijago dirian, edo bat dan; nos pekatu illgarrija dan edo pekatu txikarra dan ta beste onako jazoera guztiak denpora luziak biar ditubee, argiro aituten emoteko. Pekatarijak sail onetan egin biar dabena da: Lelengo: Artu uste osua, konpesoriaren aginduba ziur egiteko. Bigarrenian: Aitu ondo, konpesoriak emoten deutsan penagarrija. Ez dira bat konpesoriak emoten dituban konsejubak ta penitenzijak. Konsejubak ez dakarree eurenez eginbiarrik. Baina penitenzijak bai. Au gaiti pekatarijak aitu biar dau ondo konpesoriak esaten deutsana ala dan konsejuba, ala dan penitenzija. Bada, konpesoriak konsejutzat emon arren, berak artuten badau penitenzijatzat ta kobru emoten ez badeutsa, bardin egingo dau pekatu. Irugarrenian: Dendatu alegin guztiagaz, konpesoriak penagarritzat emon deutsan guztia (nai dala arimia osatuteko, nai dala zorra pagetako) ainbat ziurren ta osoruen egitera. Laugarrenian: Inos isten badau konpesoriaren aginduba osua edo zatija, esan urrengo konpesinoian zer itxi eban ta zer gaiti itxi eban. Onan egingo dau konpesinoe ona. Au da, kristinaubak, nik zubei esan negizuna ta esan biar deutsudana konpesoriak emondako penitenzijaren gainian.

        Baina sinistu biar dozu guztiok, txito uts egite asko ta ez txikijak dagozala kristinauben artian penitenzijaren gainian. Pekatari askok errosarijo bat edo bigaz gura leukee, euren pekatuben zor andijai kobru emotia. Konpesetan ditubee iru edo lau, edo amar, edo ogei eurak eginak. Ta menturaz beste ainbeste ta geijago inori eraginak. Ta areetati ez gitxi ekanduzkuak, eskandaluzkuak ta leen sarri eginak ta konpesaubak. Zer dira onentzako errosarijo bi ta lau ta amar? Zer da onentzako altarak bisitetia ta ostera ez egizu egin esatia? Ez da au, alako pekatu suztraizkuari, pekatu sarritakuai ta pekatu oiturazkuai jagokuen penitenzija. Onako penagarri arinakin, ez arimia osatuten da, ez pekatu andi sustraitsuben zorra pagetan da. Ta aginduten badeutsa konpesoriak alako pekatarijari, edo illian bein konpesetako, edo astian barau bat aterateko, edo pekatuban jausten dan bakotxian peseta bat pobriai emoteko, edo beste onako gijarran ikututen deutsan penagarri bat? Alako etxetan ez sartuteko? Alako pekatu lekura ez juateko? Alako adiskidiagaz ez egoteko...? Ah! Orduban dira gatxak guztiak ta larrijak guztiak. Batak osasunik ez dauka, barau egiteko. Bestiak astirik ez dauka, konpesetako. Bestiak modurik ez dauka, pesetia emoteko. Bestia bildur da mundubak zer esango daben, leengo etxera, leengo adiskidiagana, leengo pekatu lekura ta lagun txaarretara juaten ez bada. Ta gura leukee errosarijo batzukin geijagoko bagarik bialdutia. Oneek guztiok astija, diruba, osasuna ta guztia daukee pekatu egiteko. Oneek guztiok mundubaren zer esanagaz ta kleituba galdubagaz daukee pekatuko laguna etxian edo auzuan edo bijetan. Kleituba galdubaz juaten dira gabaz ta egunaz pekatuko lekubetara. Juaten dira tabernara, jokora ta orditutera. Juaten dira lapurretara. Juaten dira... Baina ze pekatutara ez? Pekatu egiteko ez jako begiratuten, ez kleitubari, ez mundubaren zer esanari, ez osasunari, ez astijari. Baina penitenzija egiteko guztia palta da.

        Ara, kristinaubak, konpesoriagaz pekatarijaren artian iragoten dan gatxa. Ara, kristinaubak, zelakuak izan oi dirian konpesinoe asko. Dinot asko, geijenak ez esatiarren. Gogoratu bada, neure entzula onak, zelan pekatubak gomutatu biar dirian; zelan eurakin damutu biar dan; zelan pekaturik ostera ez egiteko gogo sendua biar dan; zelan konpesinoian autortu biar dirian; ta zelan konpesinoiaren aginduba egin biar dan. Eskatu daijogun Jaungoikuari, bialdu daigun bere grazija konpesinoe onak egiteko ta euren bitartez zeruko glorija jadisteko. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa