www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VI. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

sazerdotiaren mezatako egikizunak zer esan gura dabeen.

 

        Jaungoikuaren irugarren aginduban esan zan meza santuba zer dan ta zelan entzun biar dan. An esan zanaren gainera deritxat, neure kristinaubak, ondo izango dala komuninoeko sakramentubaren ikasikizunen ondorik zeubei erakustia andi andika baten baino ez bada bere mezako sazerdotiaren egikizunak zer esan gura dabeen. Oneek ondo jakinak lagunduko deutsa kristinaubari, meza santuba ondo entzuten. Astian bein ta askotan geijagotan mezia entzun biar dogu, al izan ezkero. Ta ezpabere pekatu illgarrija egiten dogu. Ez da asko mezia entzuteko edozein modutan eleisan egotia, mezia esaten dan artian. Egon biar da mezatan bijotza ta gogua Jaungoikuaren gauzetara jasota aleginaz. Edo orazinoiak bijotzeti esanaz; edo Jaungoikua alabetako ta arimak onduteko egiijak pensaubaz. Guztirako balijoko deutsee kristinaubari meza santuko egikizunak. Bada, Erromako Katezismuak dinuan legez, sazerdotiaren mezatako egite bat bere ez da utsian edo alperrik. Guztiak dira geuri gauza oneen bat aitu edo gomutau eragiteko. Prestau zaitez bada, neure entzula onak, arimako zurtasun onagaz sazerdotiaren meza santuko egikizunak entzuteko. Ta obetuago aitu dagizun ta goguan euki dagizun, mezia esateko biar dirian jantziti asita, iminiko deutsut ikaskizun au itaune ta erantzutetan.

        Zer esan gura dabee meza esaliaren soineko jantzijak? Lelengo iruneti gerrira iminten daben zapijak edo amitubak esan gura dau, Jesus maitiari, preso artu ebeen gabian, begijak tapetako ta burla egiteko imini eutseezan trapubak. Albiak esan gura dau, Erodesen etxian Jesus maitiari zorotzat imini eutseen jantzi zurija. Gerrija lotuteko zingulubak, eskuturreti beera daukan manipulubak ta samati beera kurutze daukan estoliak esan gura dabee, Jesus maitiari samati, eskubetati ta gerriti imini eutseezan sokak eta katiak edo lotugarrijak. Kasuiliak esan gura dau, azotauta gero Jesus maitiari errege paltsotzat imini eutseen jantzi gorri burlazkua. Koroiak esan gura dau, Jesus maitiari buru sagraduban josi eutseen arantzazko koroia. Altariak esan gura dau, Jesus maitia ill zan lekuba, zein zan kurutzia.

        Onan jantzita dua sazerdotia altarara mezia esatera. Baina altara aurrian geratuten da lelengo, nun esaten daben, Aitiaren ta Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian sartuko dala altaraan. An esaten dau makurtuta ni pekatarija, bularra juaz. Onegaz aituten emoten deusku, Jesus maitia zelan egon zan auspaztuta Jesemaniko ortuban, preso artu ebeen aurrian. Ta baita geuk bere bularrak jota, humildauta, damutu biar dogula pekatubakin meziaren asieraan. Altarara igonda mun egiten deutsa altariari, aituteko Jesus maitiak zeruti ekarri euskun bake santuba. Liburu edo misalera juanda, irakurten dau introituba. Onek esan gura dau, Jesus maitia mundura etorri baino leenago, patriarka santubak erregututen eutseela sarri zerubari bialdu egijala mundura bialduteko eguana, zein zan Jesus geure Salbazaille maitia. Onen ondorik esaten dau Kyrie eleison ta Christe eleison; bata sei bidar ta bestia iru bidar. Orduban eskatuten deutsa Jaungoikuari miserikordija. Aitiari iru bidar, Semiari iru bidar ta Espiritu Santubari beste iru bidar. Onen ondorik esaten dau gero Gloria in Excelsis.

        Zer esan gura dau onek? Poztu ta alegretan gariala guztiok Jesusen mundura etor[r]eriagaz. Onetarako kantetan dau edo esaten dau aingerubak Jesusen jaijotzan kantau ebeen kantia, Gloria in Excelsis Deo... Ta gero erregututen dau sazerdotiak, Oremus esanda, Eleisan dagozan guztiak gaiti edo parte oneko guztiak gaiti. Ta orazinoeko eskaari guztiak egiten ditu Jesukristo geure Jaunaren merezidubak gaiti, azkenian esanagaz: Per Dominum nos trum Jesum Cristum... Ta bertati asten da Epistolia. Zer esan gura dau Epistoliak? Onek esan gura dau Jesus mundura etorri baino leenagoko Moisen legia ta san Juan Bautistaren penitenzijazko sermoia, zeintzuk prestau zitubeen bidiak Jesusen etor[r]erarako. Ta orduko legia zan legez astuna, geldija ta grazija gitxikua, alan epistolia irakurri edo kantetan dan artian, jentia jarrita egoten da mezatan. Ez alan ebanjelijuan, ezbada zutunik.

        Zer esan gura dau ebanjelijuak? Ebanjelijuak esan gura dau Jesukristok erakutsi euskun ta emon euskun lege barrija, arina, erraza ta grazijaz betia. Onek amaitu eban lege zaar astuna. Onek egiten gaitu Jaungoikuaren seme ta zeruko etxagun. Jesusen lege bigunak emoten deuskuz sakramentu santubak ta zerura errazto juateko biar dogun guztia prest, geuk nai izan ezkero. Au gaiti ebanjelijua asten danian egiten dabee kristinaubak kurutzia bekokijan, auan ta bularrian. Onegaz esaten dabee, ez diriala lotsatuten ebanjelijoko dotriniagaz; aurtortuko dabeela beti auagaz ta gordeko dabeela zal bijotzagaz. Kredua da pede santubagaz sinistuten dogun guztia ta Jesukristo geure Jaunak erakutsi deuskun guztia autortuteko. Onen ondorik meza esaliak ostija patenan iminita eskintzen deutsa Aita zerukuari. Baita ardaua bere kalizan ur tanta bategaz naastauta. Onek esan gura dau, Jesusek bere gorputzaren, odolaren ta bizitziaren eskinija zelan egin eutsan Aita Betikuari Jesemaniko ortu santuban, preso artu ebeen aurrian. Onan prestetan da sazerdotia meziaren zati nausira elduteko. Baina oraindino palta ditu gauza bi. Ta zeintzuk dira? Bata da altariaren albora alderatuta atzamar puntak garbitutia. Onek esan gura dau, meza santuba esateko guztiz garbi egon biar dabela; pekatu txikarrak bere aleginaz garbitu biar ditubala. Au aitu eragiteko garbituten ditu atzamar puntak bakarrik. Bestia da eleisan dagozanai esatia, erregutu dagijuela Jaungoikuari. Onetarako esaten dau jirauta: Orate fratres, guztiak orazinoia egin dagijen. Ta berak bere egiten dau isilik.

        Alan orazinoe eginda gero asten dau berba altubaguagaz Prepazijua. Ta esaten deutsee meza entzuten dagozanai, jaso dagijezala bijotzak gora. Sursum corda. Ta erantzuten deutsee meza esaliari: Jaungoikuagana jasota daukaguz bijotzak. Habemus ad Dominum. Meza esalia ta entzulak onan prestauta, zeruko aingeru ta espiritu on guztiak konbidauta, guztiak dantzubela ta guztien izenian grazijak emoten deutsaz Trinidade guztiz Santubari Jesukristo geure Jauna gaiti. Prepazijua amaituta ez dau geijago berbarik egiten paternosterrera artian, isilik baino. Onek esan gura dau, Jesusen erijotzia gogoratuta, bijotzeko lotsa andijagaz ta errespeto guztiagaz entzun biar dogula meziaren zati nausi au. Baita Jesusen erijotza penazkuak geure gogora ekarri biar daben penia ta tristezia bere. Isiltasuna pensakizun andijen ta tristeziaren ezagungarrija da. Meza santuba dan legez, bada, pensakizun andija ta Jesusen erijotzia dan legez tristezagarri andija, meza santubaren zati nausija isilik esaten da, kristinaubak bijotz guztiagaz isilik adorau dagijen Jesus maitia bere penazko erijotzia gaiti.

        Prepazijua esanda, andi aurrera meza esaliak ostijaren ta kaliziaren gainian egiten dituban kurutziak, zeinatutiak, bularra jotiak, buruba ta espaldak makurtutiak ta beti bee begijak gorutz jasotiak, guztiak dira Jesusen penazko iraguak ta erijotza tristia guri aitu eragiteko. Modu askotara ta asko ganik padezidu eban legez Jesu maitiak bere pasinoe santuban, alan barristetan dira mezaan zelanbait Jesusen jaustiak, kolpiak, kurutzia lepuan eruatia, gorputzian egin eutseezan zaurijak ta Aita zerukuari bijotza jasota, pena guztiakin egin eutsazan eskinijak geure pekatuben zorra pagetako. Ah, kristinaubak! Goguan iragoko bagendu puska bat zeinbat gauza on ta andi daukazan meza santubak geure arimetarako, ez litzateke guretzat meza luzerik izango. Sentidu bagarik iragoko litxakegu mezarik luzeena, Jesusen penagarri bat, nai bat adoretan asiko bagina bijotzeti meza bakotxian. Ez, bada, alperrik galdu, neure entzula onak, mezatako ainbeste arimiaren ondasun. Txito asko kostata irabazi euskuzan Jesus maitiak. Ta guztiak itxi euskuzan geuretzat meza santuban.

        Konsagrauta bertati jasoten ditu gora sazerdotiak ostija ta kalizia. Au egiten dau, Jesusen gorputz ta odol konsagrauba kristinaubai erakusteko, guztiak adorau dagijen Jesus. Baita aituten emoteko bere zelan Jesus maitiak kurutzian esegita guztien bistan ill gura izan eban odola erijola, pekatarijak salbetia gaiti. Meza esaliak egiten ditu gero bost kurutze ostija ta kaliza konsagraubaren gainian. Oneek esan gura dabee, Jesus maitiak bere gorputz santuban irago zituban bost llagaak edo zaurijak. Ta eurak eskintzen deutsaguz Aita zerukuari, geure kontra daukan asarria bigunduteko. Laster egiten ditu ostera beste iru kurutze ostijaren ta kaliziaren gainian. Oneek esan gura dabee, meza santubaren prutubak balijo deutseela parte oneko guztiai. Zeruban dagozanai, glorijarako; purgatorijuan dagozanai, euren penak arinduteko; ta munduban dagozan kristinaubai, euren arimako ta bizitzako ona Jaungoikuaganik jadisteko. Alan esaten da mezia illak eta bizijak gaiti. Zerubari emoten deutsa glorija, purgatorijuari poza ta Eleisa guztiari laguntasuna.

        Sazerdotiak erregututen deutsa barriro Jaungoikuari illak gaiti. Onetarako egiten dau eskubak batuta orazinoia, konsagretara aurrian bizijak gaiti egin eban legez. Bularra jota erregututen deutsa gero gu pekatarijok gaiti parkazinoia, guri gogoratu eragiteko lapur onak kurutzian Jesus maitiari egin eutsan eskarija. Ak jadijtxi eban legez pekatuben parkazinoia ta arimako salbazinoia, alan jadijtxi daigun guk bere meza santuko Jesusen irabazijak gaiti. Emeti aurrera sazerdotiak egiten dituban kurutziak, guztiak aituten emoten deuskubez Jesusek kurutze santan iru orduban irago zituban pena modubak. Ostija santubagaz egiten ditu gero kurutziak kaliziaren gainian ta aurrian. Ta isten dau ostija korporalen gainian. Ta estalduten dau kaliziaren aua. Oneek aituten emoten deuskubee, Jesusen gorputz illa kurutzian egon zana, bere albo santuti odola ta ura emon ebana, ta kurutzeti eratsita gorputz santuba sepulturan imini ebeena.

        Sazerdotiak esaten dau gero Aita geuria. Ta erregututen deutsa geure Aita zerukuari, orazinoe agaz Jesusek erakutsi euskuna. Orazinoe au egiten dau meza esaliak guztiak entzun legijen terzijuan. Ta ostera bere isilduten da. Gomutau eragiteko zelan isilik eta triste egon zirian Ama Birjinia ta beste Marijaak, Jesus ill zaneti ta biztu artian. Gero emoten deutsee sazerdotiak guztiai Jesusen bakia, esanagaz Pax Domini sit... Onek esan gura dau, Jesusen biztueran Ama Birjiniak, apostolubak ta beste Jesusen adiskidiak artu ebeen poza ta atsegina. Ostija sagraduba iru zati egitiak esan gura ditu meza santuban parte daukeen leen izentau dirian iru estadubak, zerukuak, purgatorijokuak ta munduban dagozan Eleisa Ama santiaren semiak. Iru zati areetati bat sartuten dau meza esaliak kalizan ta bat egiten da kalizako odol santubagaz. Onek esan gura dau, Jesus illen arteti biztu zanian, bere gorputza, odola ta arimia bat egin ziriala ostera bere betiko.

        Agnus Dei... esaten da gero mezaan. Onegaz gogoratuten dogu, Jesus maitiak, Bildots mansuak bere erijotziagaz geure pekatubak kendu zitubana, ta biztuta, Aita zerukuagana igonda, bere erijotzako zauri nausijak gorputzian agirijan daukazala, Jaungoikuagaz pekatarijaren arteko bakia jadisten dabena. Komulgetara orduko emoten dau gero meza esaliak paza edo bakia. Onek esan gura dau, meza santuban parte daukeenak bake onagaz ta karidadiagaz bat eginda euki biar ditubeela bijotzak. Gorputzaren zatijak alkar zaintu ta alkarri lagunduten deutseen legez beti bat eginik alkarregaz izateko, alan Jesusek eta kristinau guztiak alkar zaintu ta jaso biar dabee, alkar maite izanagaz ta alkarri lagundubagaz. Au da Jesusek zeruti ekarri euskun karidade ta bake santuba. Ta au berau da Jesusen izenian mezatan emoten dan paza edo bakia. Bake santu onegaz ta karidadiagaz artuten ditu gero sazerdotiak Jesusen gorputz ta odol bizija mezatan. Grazijan dagozan kristinaubak bere orduban komulgau leitekez espirituz edo arimako nai osuagaz. Ta Jesus euren ariman artu balebee legez, grazijak emon zeruko Jaunari. Kristinau askok egiten dabee meza santuban espirituzko komuninoia arimako onera andijagaz.

        Komulgauta gero sazerdotiak esaten dituban orazinoiak dira, mezatako komuninoe santuba gaiti Jaugoikuari grazijak emoteko. Meza entzuten dagozan guztiak orduban eskerrak emon biar deutsez Jaungoikuari meza esaliagaz batera, meziagaz artu dituben mesede ta ditxak gaiti. Azkenian esaten dau sazerdotiak jirauta: Ite, misa est. Esan gura dau, amaitu dala mezatako eskini santuba ta juan leitekiala jentia eleisati. Ta emoten deutsee bendizinoia Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian.

        Esan daneti ezautuko dozu, neure kristinaubak, ze gauza altubak ta andijak daukazan meziak. Aingeruben arrigarrija bada Jaungoikuaren Seme bizija gizon egitia pekatarijak salbetia gaiti, zer izango da, egunian egunian Jesus maitiak altaran bere gizon-egintzako jazo bedeinkatuba ta maitetsuba barristetia? Inok ondo aitu ezin legijana bada gizonak padezidu ez dagijan, Jaungoikuak padezidutia; gizona bizi dedin, Jaungoikua illtia, zer izango da, Jaungoiko-gizondu-ill-biztubak mezatan egunero ta orduero bere bizitzia ta bizitzako min, ala, naibage ta lotsari guztiak geu gaiti barriro Aita zerukuari eskintzia? Zelan egongo dira aingeru santubak altaran, mezia esaten dan artian, Jesus adoretan? Oh! euren egotxubak batuta, txito lotsa ta errespeto andijagaz. Ta zelan egon biar dabee mezatan kristinaubak? Ah! ez zan Jesus altaran geratu aingeruben janaritzat, ezbada geure janaritzat. Geijago egin eban Jesus maitiak gizonak gaiti aingerubak gaiti baino. Bada, aingerubak humildade osuagaz adoretan badabee Jesus mezaan, zelan adorau biar dabee gizonak? Esango neuke nik, geure alegin guztia ezer bere ez dala, meza santuban Jesus maitiari zor deutsagunerako. Egon biar da mezatan gogua Jaungoikuagana jasota, gorputzeko sentidubak edo zaatarijak batuta, soina moduz jantzita, bijotzagaz Jesusen jazo santubak maitetuten ta adoretan ditubala.

        An gogoratu legi Jesusen jaijotza pobria, isila ta otza. Neguko gau illunian abereen artian kortaan jaijo zan Jesus. Ta abere aska bat izan zan bere lelengo kumia. An adorau legi Jesusen bizitza pobria ta neketsuba. Ainbeste urtian ez naikua jan, ez naikua edan, ez naikua lo egin. Beti gorputzak berez eskatuten eutsan baino gitxiago. An, mezia entzuten dan artian, jarraitu legijo Jesus maitiari kristinaubak bijotzeko errukijagaz ta amodijuagaz aparilekuti Jesemaniko ortu tristera; andi Anas ta Kaifasen etxera; andi Pilatosen ta Erodesen aurrera kurutze santan ill zan artian; kurutzeti sepulturara ta illen arteti biztuta zerubetara igon artian. Au egin legi kristinaubak mezatan, gogua artu ezkero. Beste guztien artian biarrekua da, mezia ondo entzuteko, isiltasuna. Zaatia ta otsa daguan lekuban ez da bijotza ta gogua ondo batuten, gauza bat penseetan egoteko. Alan san Anbrosiok, ebanjelijua irakurri edo kant[a]u ze[d]ineti-aurrera, eleisako jentiari esaten eutseen, isilik egoteko; eztulik, ez beste zaatarik aleginaz mezatan ez egiteko.

        Sinistu bada, kristinaubak, besterik ez bada bere, sazerdotiaren mezatako egikizunak guztiak diriala Jesukristo geure Jaunaren bizitzako, erijotzako ta biztuta geroko jazo santubak guri gogora ekarteko, adorau ta amau daiguzan; ta Aita zerukuari eskintzeko mezatan, geure pekatuben parkazinoerako ta arimen onerako. Entzun dozu, ezin ginaijola Jaungoikuari eskini andijagorik ta balijotsubagorik meza santuba baino. Eskatu daijogun, bada, Jesus maitiari, mezia ondo entzuteko ta mezatan Jaungoikua adoretako biar dogun gogua ta grazija. Baita, meza ondo entzunak geure arimetara dakazan onerak bere. Onan kobru emongo deutsagu geure jaijetako ta domeketako zeregin nausijari. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa