www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

V. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Arrisku andikuak diriala diruba gaiti egiten dirian ezkontzak.

2. Baita inoren ederra ta enpeinuba gaiti egiten dirianak bere.

 

        Erakutsi ezkero kristinaubari zer dan ezkontzako sakramentuba; zelan artu biar dan; ta ze onera santubak daukazan biar dan legez artu ezkero, bai kristandade guztiarentzat ta bai zerubarentzat, ez da errazoeti kanpora izango, neure entzula onak, nik zubei erakustia, zegaiti oi dirian ezkontza txaarrak. Ezin ukatu ginai, senar emazte asko bizi diriana alkarren gorrotuan. Batzuk alkarregaz ta beste asko bakartuta, senarra leku baten ta emaztia beste baten erriko zer esanagaz ta Eleisiaren naibagiagaz. Au gatx andija da. Eurentzat andijena. Baita euren umeentzat ta beste askorentzat bere ez txikija. Onako senar emazten arteko bizitza gaistua ta alkar artu ezinekua geijenian da, dirudijanez, eurak gura dabeelako. Bada, senar emaztiak benetan nai balebee, alkarren paltak iragoko lituke pazienzijagaz, Jaungoikuari grazija eskatuta ta biziko litzatekez bake santuban, zein dan ezkontzako sakramentubaren prutu estimauba.

        Alan bere, ezkonduben bizi gaistuak ta bake txarrak sarritan oi dau sustraijan gatxa. Ta gatx a ez da osatuten ain erraza. Sustraijan gatxa daukan landaria beti izango da erkina, luur onian egon arren. Zimentuban paltia daukan ormia, beti dago jarkera txaarragaz, jausteko arriskuban, azaleti etxura ona euki arren. Beste ainbeste jazoten da ezkontzako bizieriagaz. Uts egiten da asieran, paltetan da zimentuban, gaixotuten jako sustraija ezkontziari; ta geratuten dira ezkondubak lelengo lelengoti alkarren arteko gatxagaz ta atsegin bagarik ta bake on bagarik bizi izateko gaixuagaz. Ze mirari da, bada, gero alkar ez artutia! Egiten dira ezkontzak, laster aaztu edo amaituten dirian luurreko gauzak gaiti, edo ezkondubak Jaungoikuaren bildur santuban bizi izateko balijo ez dabeen gauzak gaiti, bestelan egingo ez litzatezanak edo egin biar ez leukenak. Esan gura neuke, askotan laguna bere gogokua ez dala ta a baino beste bat bere laguntzat goguan obeto jausten jakola, egiten diriala ezkontzak munduko gauzaren bat gaiti, bestelan egingo ez litzatekezanak.

        Esaten da bada, neure entzula onak, luurreko gauzak gaiti ezkondutia ostian egingo ez litzatekian lagunagaz, arriskuko ezkontzia dala; Jaungoikuaren bideti ta Eleisa Ama santiaren erregela edo neurgarri santubetati ez dan ezkontzia, arriskuko ezkontzia dala. Lelenguak oi dira, diruba gaiti egiten dirian ezkontzak. Inoren ederra edo enpeinuba gaiti egiten dirian ezkontzak. Ta juez aurreti egiten dirian ezkontzak. Bigarrenak oi dira, Jaungoikua opendiduta egiten dirian ezkontzak. Ta baita seniden ezkontzak bere askotan. Erakutsi onetan esango deutsut bakarrik, ze arriskutakuak dirian diruba gaiti egiten dirian ezkontzak, ta inoren ederra edo enpeinuba gaiti egiten dirianak. Entzun egizu, kristinaubak, uste dozun baino geijago balijo daben erakutsi au ainbat gogorik oneenagaz.

 

 

I.

 

        Arrisku andikua da, bestelan egingo ez litzatekian ezkontzia diruba gaiti bakarrik egitia. Ez da onegaz esaten, kristinaubak, ezkondubak ez dabela estimau biar dote ona edo zegaz bizi eukitia euren estadu barrijan. Bada, errazoiak eskatuten dau ta Eskritura Sagradubak esaten dau, gurasuak umiai dotia emotia, al izan ezkero, ezkonduten dirianian. Au mundubaren asierati onakua da. Errazoiak, Jaungoikuak ta Eleisa Ama santiak ontzat emoten dabeena da. Ta, al dagijela, jagokuen ezkontzia egiteko umiai ezer emon gura ez deutsen gurasuak, zamai andijak merezi ditubee. Ezkonduteko laguna dote onekua izatia, zerbait geijago daukana edo aberatsa nai izatia ez dau inok deungatzat emoten, jagokuen balijua dirubai ta eukijari emon ezkero. Bide bagakua ta sail gaistokua da norberaren gogoko ez danagaz ezkondutia, aberatsa dalako. Alako ezkontziak asiera errena darua beragaz. Ekarri egizu gogora, ezkongei bat dala, edo ordija, edo okasinoetsuba, edo jokolarija, edo aixetsuba ta maina gaistuetan azija, edo oitura nasaijetakua ta kristinau usain gitxikua, edo alperra ta burugina, edo odol zer esanekua, edo osasun gitxikua. Bakizu ak ezkongeijak, onako zeuri gogua illten deutsun palta bat edo bi edo geijago daukazana. Baina dote ona daukalako, dirubak daukazalako edo aberatsa dalako ezkonduten zara agaz, ezkongeijari karinorik ez deutsazula ta bere paltak gaiti goguan jausten ez jatzula. Au, dinot, neure entzula onak, dala arrisku andiko ezkontzia.

        Bateti, dirubak eta ondasunak aixe bat legez dira. Askotan bapere igarri bagarik, keia legez, ezkutetan dira. Au sarritan esaten deusku Eskritura Sagradubak. Ta egun oro ikusten dogun gauzia da. Gizon bat nai emakume bat da asko etxe aberats bat pobretuteko ta azienda osuak galduteko. Diruba gaiti gogoko ez dan lagunagaz ezkonduten dana, geijago ezkonduten dala, esan legi, dirubagaz, lagunagaz baino. Laguna gura ez leuke ta diruba gura leuke. Ta laguna bagarik diruba ezin dabenian, artuten dau gura ez daben laguna, gura daben diruba gaiti. Ta zer jazo oi jakue alako dirunaiko ezkondubai? Ez gitxitan jazo oi jakue, maite daben diruba juan ta maite ez dabeen lagunagaz geratu. Au oi da, dirubak ta eukija gaiti ezkondu dirian askoren negargeija.

        Baina dirubak ta ondasunak iraungo balebee bere, zetan geratuten da goguaz kontrako lagunagaz ezkonduten dana? Zeinbat senar emazte aberats ta bake txarreko ikusten dira? Esango neuke, bake gaistua egiten dabeen senar emazterik geijenak diriala, zerbait modu onian eukijan dagozanak. Pobretxu edo mee bizi dirian senar emaztiak, bake geijago oi dabee euren artian. Ez da, bada, kontu seguruba senar emazten bakerako, diru asko eukitia edo aberats izatia. Diruba gaiti ezkondu danari, diabrubak laster aaztu eragiten deutsaz lagunak ekarri zituban dirubak; ta gogoratuten deutsaz biziro lagunak daukazan paltak. Leen diruba gaiti artu eban laguna. Orain dirubak emongo lituke pozik, laguna ez eukitia gaiti. Onan pensau eragiten deutsa diabrubak, diruba ta eukija gaiti gogoko ez dan lagunagaz ezkondu danari. Ta dirubak eukazanari? Aberats eguanari? Oh! milla tatxa ta palta euki arren, aixaatuten deutsa buruba diabrubak. Ta uste dau, bera maite izan biar dabela, ta adorau biar dabela lagunak. Berak eukalako daguala etxian zer jan; ta beste palta guztiak parkatu biar deutsazala lagunak...

        Ara, neure entzula onak, bestelan egingo ez zan ezkontzia egiteko balijo izan ebeen dirubak ta ondasunak zelan jiretan dituban orain diabrubak, senar emazten bakia galduteko ta bizitza penazkua iragoteko.

        Ez da gatx ezaututen alako senar emaztiak, alkarren amodijo bagarik, erruki bagarik ta poz bagarik, zelan iragoko dituben urtiak, egunak eta ordubak. Errukarrija da duda bagarik euren bizitzia. Alkarri zitalkerijak ta errazoe minberak esaten deutseezala. Bata bestiaren lotsagarrijak ta paltak arpekira ateraten deutsezala. Ta inos bere gozo onik alkarrentzat ez daukela. Zeinbat onako ezkondu triste? Zeinbat senar emazte gozo gaistoko? Ojala inoren gatxagaz kontuban jausiko balira bestiak! Ojala, ezkondu gura dabenak geijen begiratuko baleutsa, ez dirubari, ez eukijari, ezbada lagun geijaren ekandu onari, zintzotasunari ta kristinautasunari! Baina ez jako oni kasu andirik egiten, ezkontzia egiten danian. Esan oi da orduban: Dote ona dauka ta; etxe ona dauka ta; aberatsa da ta; alkar artuko dabee... Onan dirubari ta eukijari poztuta egin oi dira, bestelan egingo ez litzatekezan ezkontza asko. Endamas denpora triste oneetan. Esan ginai san Juan Krisostomogaz, saldubaz legez egiten diriala ezkontzak. Beste tratubetan baino kodizija geijago ta asmo geijago dagozala ezkontzetan; ez jakola begiratuten ze ontasuneko lagunagaz bat egiten dan, ezbada ze dote edo aziendagaz bat egiten dan ta ezkonduten dan. Alan desprezietan dabee sakramentubaren grazija ta Jaungoikuaren doia. Ita donun dei vituperant, dino Santubak.

        Sinistu bada, neure entzula onak, ondasunak onak diriala, bake santuba ta alkarren amodijua dauken senar emaztentzat, eurakin ebanjelijo santubak esaten daben moduban balijauta Jaungoikua obeto serbiduteko. Baina senar emaztiak alkar maite ez badabee, alkarren gogokuak ez badira lelengoti, begija betetan ez deutsan lagunagaz ezkonduten bada dirubak daukazalako, dirubak eurak ta aziendia izango dira orduban etxe atako gerraginak. Sinistu, bada, arrisku andijan geratuten dala ezkonduben bake santuba, bestelan gogoko ez dan lagunagaz dirubak gaiti ezkonduten danian.

 

 

II.

 

        Baita inoren ederra gaiti edo enpeinuba gaiti egiten dirianak bere. Dinot, inoren ederra edo enpeinuba gaiti, bide bagarik, modu bagarik ta errazoe bagarik erreguka, edo enpeinuz, edo zamaika gogo bagako lagunagaz ezkontzera norbait jiretan danian. Au jazo leiteke modu askotara. Guraso batek esango baleutsa umiari: Urlijagaz ezkonduten ez bazara, ez dotsut aziendia emongo; edo ez deutsut doterik emongo. Ugazaba batek bere esan legijo otseginari edo errenterubari: Urlijagaz ezkondu biar dozu; edo, urlijagaz ezkonduten ez bazara, etxeti aterako zaitut, edo, ez dozu ene etxian zer eginik izango. Baita jazo leiteke au senide bategaz edo beste agindute iskija daukanagaz bere. Bada, guztiak gaiti esaten da, onako inoren enpeinuba edo ederra gaiti noberaren gogoko ez dan lagunagaz ezkondutia, arrisku andikua dala. Ez dinot ezkontza oneek diriala Eleisiak balijua kenduta daukazan bildurrezko ezkontzak. Tertzijo atara eldu ez arren, gauza jakina da, gurasuaren, senidiaren, ugazabaren edo nausi baten erregubak, enpeinubak ta zamai erdijak jiretan dabeela asko, agindupian daguanaren gogua. Ta ekarten dabeela, borondate guztia edo libertadia kendu ez arren osoz, bestelan egingo ez leukiana egitera. Baita inos goguan sartu ez jakon lagunagaz ezkondutera bere, askotan jazo oi dan legez. Au da sustrai gaixoko ezkontzia. Au da arrisku andiko ezkontzia.

        Egiija da, seme alabak ez dabee ezkontzako berbia emon biar (al izan ezkero) gurasuen naija bagarik edo gurasuen lekuban dagozanai esan bagarik ta euren errazoezko naijaren kontra. Asko balijo dau gurasuen naijak ta bendizinoiak, seme alabak euren ezkontzako estaduban ditxa ona ta bake santuba eukiteko. Geijenian, gurasuak obeto dakije seme alaba gaztiak baino, zein dan eurai onduen juakuen laguna. Gurasuak Jaungoikuaren lekuban dagoz. Seme alaben ona nai dabee. Seme alabak baino buruban pisu geijago daukee. Errazoe zuzenagua ta ezaubera argijagua daukee. Ta geijenian, edo oi danez, umiaren ezkontziari ta ezkongeijari obeto begiratuko deutsa guraso eldubak ta Jaungoikozkuak, umiak berak baino. Au gaiti esaten jakue seme alabei: Lelengo: Gurasuari kontu emon bagarik ezkontzia egitia, al izan ezkero, pekatu dala. Bigarrenian: Guraso elduben ta Jaungoikozkuen eskubetan itxi daikela umiak euren estaduko laguna aukeratutia ta ezkontzia egitia. Dinot, guraso elduben ta Jaungoikozkuen. Bada, oi dira guraso berdeska batzuk, umiak euren ezkongeijekin etxian ta kanpuan ibili arren, penarik artuten ez dabeenak. Alako guraso eltzakiak edozeinegaz ta edozein modutan ezkonduko dau umia. Ta ez da nai ta ezekua alako gurasuaren esana umiak egitia bere ezkontzan. Irugarrenian: Esaten jakue umiai, guraso eldub a ren naija eginagaz ezkontzan, egiten dau moduren baten Jaungoikuaren beraren naija. Ta darua beragaz ezkontziak asiera bat ona. Gurasuen errazoezko naijaren kontra egiten dirian ezkontzak zer ikusi andija daukee ta oi dira, ez gitxitan, amai gaistokuak.

        Ez da, bada, ondo, gurasuen errazuazko naijaren kontra ezkondutia. Ezda, gurasuak, ez bestek bere, enpeinubagaz ta zamai erdijagaz inor ekartia ezkondutera gogoko ez dan lagunagaz. Jaungoikuak emondako libertade osua daukee umiak, nai dabeen estaduba edo bizieria artuteko. Baita ezkondu gura badabee, eurei arimarako ta mundurako onduen juakuen laguna artuteko bere. Errazuazko ta Jaungoikuak umiai emondako eskubide onen kontra da, gurasuak nai beste edozeinek, euren aparteko irabazija gaiti, enpeinuba edo temia gaiti, eurak deritxuenagaz edo euren ederrekuagaz inor ezkontzera ekartia, aren gogokua ez dana ezautu arren. Au duda bagarik pekatu andija da. Ta ez gitxitan jazoten dana. Ekarten ditubee ezkontzera, batzubetan gurasuak euren ume tristiak, beste batzubetan ugazabak euren errenteruben umiak, beste batzubetan otseginak, batez bere andi etxeetakuak; ekarten ditubee ezkontzera, dinot, euren gogoko ez dirian lagunakin. Ikusi bere gura ez lituken lagunakin. Gogo betia ta enpaduba emoten deutsen lagunakin. Dotia ez galdutia gaiti, ugazabagazkua ez galdutia gaiti, andikijagazkua ez galdutia gaiti ezkonduten da inos maite izango dabela sinistu ezin daben, lagunagaz.

        Ta zeinbat kalte, neure entzula onak, alako ezkontzati? Zelan geratuten dira alako senar emaztiak? Ze bizitza egingo dabee, alkarri gozorik eta legerik ez deutseenak? Esango dabee alako ezkontzaginak, odol onekua dala; Guraso onen umia dala; gauzia ondo daukala; ta alkar artu baino ez daukeela... Baina zer balijo deutsa zeure semiari edo alabiari, zeure otseginari edo errenterubari zuk emon deutsazun ezkongeijaren odol garbijak, ezkongeija bera ikusi ezin badau? Zer, guraso onen umia izanak edo gauzia eukijak, bere ezkongeija, bere laguna, beragaz bizi biar dabena bere gustokua ez bada, inos goguan sartu ez jakona bada? Nos edo zelan oneek alkar estimauko dabee ta amauko dabee, ezkontzako sakramentu santubak aginduten deutseen moduban? Zelan egingo dabee bizitza baketsuba, alkar artuba ta Jaungoikozkua, alkarri borondaterik ez deutseen senar emaztiak? Zeubek pensau astiro, neure entzula onak.

        Baina esaten deutsut bai gurasuai, bai senidiai, bai ugazabai ta bai beste guztioi, ez dagijozula inos ezkontzarik aitatu inori, bere nai osoko, gogo osoko ta ezaubera errazuazko lagunagaz ez dala; ez dagijozula inos inori, ez umeri, ez otsegini, ez errenteruri, ez besteri, esirik edo munarik imini dotia edo etxia edo adiskidetasuna ukatuta, urlijagaz ezkonduten ez bada, zeuben arimak ta areenak inpernura bota ez dagizuzan. Baita esaten deutsut ezkonduteko zagozan guztiai, ez zaitezala inos ezkondu inoren enpeinuba, erreguba edo ederra gaiti, zeuben gogoko ez dan lagunagaz; zeugaz bizi izateko ondo ez deritxazun lagunagaz. Ezda ezer gaiti bere. Munduban inpernu txiki bat ta gero betiko andi bat irabazi ez dagizun. Au jazo oi jakue askori, edo munduko eukija gaiti, edo inoren ederra gaiti noberaren gogoko ez dan lagunagaz ezkonduten danian. Emen gozo gaistoko bizitzia ta gero Jaungoikuaren aurrian zer ikusi andija. Ezkontzako sakramentu santuba itxi euskun Jaungoikuak emon daigula guztioi bere grazija ta laguntasuna, bake santuban karidade santuban ta Jaun andijaren beraren bildur santuban bizi izateko ta zeruban aingerubakin beti bera maitetuteko. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa