www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

zelan pekatubak gogoratu biar dirian,

konpesinoian autortuteko.

 

        Jaungoikuari esker onak emonda gordeko balebee kristinaubak batiuan artu ebeen ontasuna ta grazija, ez zan pekatuben parkazinoerako bautismua baino beste sakramenturen preminarik egongo, dino neure entzula onak, Eleisa Ama santiak Trentoko batzaarrian. Baina ontasunian ta miseri[k]ordijan aberatsa dan Jaungoikuak ezautu eban luurrezkuak gariana; ta batiatu ezkero pekatuban jausita diabrubaren bendian euren arimak imini ditubenai bere, itxi deutsee konpesinoeko sakramentuba, zeinetan emoten jakon kristinaubari batiatu ezkeroko pekatuben parkazinoia Jesukristoren eri jotziaren mesediagaz. Eleisa Ama santiaren erakutsi onetati dakusku, kristinaubak, geure Aita Jaungoikuaren ontasuna, geure pekatubak parkatuteko ta geu zerura eruateko. Biztu egizu, bada, zeuben sinistutia. Maitetu egizu bijotz guztiagaz Jaungoiko parkazaillia. Ta jaso egizu ondo esatez bere miserikordija amai bagia.

        Sinistuten dogu, Jesukristok itxi euskuna konpesinoeko sakramentuba. Baita batiatu ezkero eginiko pekatu guztiak konpesinoe egijazkuaz parkatuten jakuzana bere. Oh, pekatarijaren pozgarriko sakramentu santuba! Pekatu guztiak parkatuten ditu konpesinoe egijazkuak? Bai, kristinaubak, guztiak. Erejijako pekatubak bere bai? Baita. Jaungoikuaren edo santuben gorrotokuak bere bai? Baita. Adulterijuak, gizonilltzak ta lapurretak badira bere bai? Baita. Asko, ezainak ta guztiz lotsaarizkuak badira bere bai? Baita. Itxasuan areiarik ta luurrian bedarrik daguan beste badira bere, guztiak parkatuten ditu konpesinoe egijazkuak. Pekatarija garbatuten bada bijotzeti Jaungoikuaren kontra egin dituban pekatu guztiakin, aaztuko nas aren pekatu guztiakin, dino Jaungoikuak Ezekiel propeta santubaren aoti. Ta askotan pekatuban jausten bada bere bai? Baita. Zeinbat bidar pekatuban jausten dan, ainbeste bidar konpesinoe egijazkuak parkatuten ditu pekatubak. Milla bidar pekatu egin dozu? Bada, konpesau zaitez milla bidar, dino san Juan Krisostomok. Ta Jesukristok san Pedrori esan eutsan: Ez zazpi bidar, ezbada irodogeta amazazpi bidar. Edo pekatarija damututa, garbatuta, ondo prestauta konpesetan dan guztian, parkatuko deutsazuz bere pekatubak neure izenian. Ez dago, bada, dudarik onetan, kristinaubak. Pekatu andijak, asko ta askotan izan arren, egin dirian guztiak parkatuten ditu konpesinoe bakotxak Jesusen erijotzako irabatzijak gaiti. Zeregina daukana ta nekez askok egiten dabena da, konpesinoe egijazkua zer dan jakitia ta gero ondo konpesetia.

        Alan, bagoz konpesinoeko sakramentubaren gainian gauza batzuk, guztiok dakizuzanak. Ta oneek erakusten ez dago zetan emon denporia. Oneek dira: 1. Konpesinoeko sakramentuba Jesukristok itxi euskuna, batiatu ezkeroko pekatubak parkatuteko. 2. Ondo konpesautako pekatubak, betiko parkatuta geratuten diriana. 3. Sazerdote jaunak baino bestek, konpesinoian pekatubak parkatuteko alik ez daukana. 4. Pekatarija pekatuben damubagaz ondo prestetan dan beste bidar konpesau leitekiana. 5. Goguan daukan pekatu illgarrija, al dagijala, konpesau bagarik inor zerura juan ezin leitekiana. 6. Azkenian, pekatuba konpesau ezin danian, Jaungoiko ona pekatubagaz injurijau ta desondrau dabelako damu egijazkuak, al dagijanian konpesetako ustiagaz, balijo deutsala pekatarijari salbetako. Oni esaten jako akto kontrizinoekua.

        Konpesinoeko sakramentubaren gainian bagoz beste ikaskizun asko. Baina ez dira ainbeste kristinau guztiai jagokazenak, zeinda eleisa gizonai. Berau gaiti ez deutsut alako gauzen gainian ezer esango, ezbada kristinaubak konpesetara orduko, konpesetan danian ta konpesauta gero zer egin biar daben erakustia izango da sakramentu onetako ene lana ta zeuben ikasikizuna. Pekatarijak konpesetara orduko gogoratu biar ditu bere pekatubak. Ta oni esaten jako, pekatuben gomutatzia edo examina konzienzijakua. Artu biar dau pekatubaren garbaija. Ta oni esaten jako, pekatubaren bijotzeko damuba edo doloria. Imini biar dau gogo sendo bat bere ariman, ostera pekaturik ez egiteko. Ta oni esaten jako, pekaturik ez egiteko gogo egijazkua edo proposituba. Esan biar deutsaz pekatubak guztiak konpesoriari. Ta oni esaten jako, pekatubak autortzia edo aozko konpesinoia. Ta egin biar dau konpesoriaren aginduba. Ta oni esaten jako, pekatubaren zorrari kobru emotia edo penitenzija kunplidutia. Ara emen, kristinaubak, konpesinoe on bat egiteko umiai erakutsi oi jakuezan bost gauzak: 1. Examinia. 2. Doloria. 3. Proposituba. 4. Konpesinoia. Ta 5. penitenzija kunplidutia. Ta euren sailla da, geure moduban esateko: Pekatubak guztiak gogora ekarri, damutu ta garbatu bijotzeti eurakin, artu asmo sendo bat ostera geijago ez egiteko, autortu dirianak konpesoriari parkazinoiaren ustiagaz, ta kobru emon aren agindubari. Au da konpesinoe on bat egitia. Ta berau izango da nire erakutsikizunen geija ta zuben ikaskizuna. Guztiai asipena emoteko, esango deutsut: 1. Zer dan pekatubak gogoratutia, ondo konpesetako. 2. Zelan gogoratu biar dirian. Ezin ukatu zinai, kristinaubak, premina andiko ikaskizuna dana. Entzun, bada, zur ta gogoti. Ta etorri geroko domeeketan bere, guraso ta ume, al dagizun guztiok, sakramentu onetako erakutsija entzutera.

 

 

I.

 

        Konpesinoe edo autortze onaren asipena da, pekatubak guztiak gogora ekartia. Bai, kristinaubak, Jesukristo geure Jaunak itxi euskun autortzako sakramentu santuba, zeinetan parkatuten dirian pekatu guztiak. Baina ez edozein modutan, ezbada geu geure aldeti atarako prestauta. Jaungoikuak egin ginduzan geu bagarik; baina ez gaitu salbauko geu bagarik, dino san Agustinek. Jaungoikuak aginduten deuskun moduban geuk geugan dana eginda, parkatuko jakuz geure pekatubak. Jaungoikuaren agindu oneetati bat da, pekatubak guztiak ziatz, bat bere itxi bagarik, konpesoriari autortutia. Au da ebanjelijo santubaren asierati onako Jesukristo geure Jaunaren aginduba. Pekatubak guztiak ziatz esateko autortzako sakramentuban, ziatz guztiak gomutatu biar dira. Ara, bada, Jaungoikuaren aginduz pekatu guztiak gogoratzeko preminia edo examinia egin biarra.

        Zer da, bada, konpesoriari esateko pekatubak gogora ekartia edo examinia egitia? Ara, kristinaubak. Ez engainau gauza onetan. Zubek askok uste dozun baino ardura andijagokua da. Pekatubak ziatz gogora ekarteko, jakin biar dau pekatarijak kristinautzako erakutsija ondo. Ez azaleti, ezbada sustraiz ta ondo. Zelan gogora ekarriko ditu ezaututen ez dituban pekatubak? Aintzat ez daukazan pekatubak? Pekatutzat euki biar dituban ta pekatutzat ez daukazan pekatubak? Zelan gogoratuko dau pekatarijak konpesinoe gaistuak zeinbat bidar egin dituban, ez badaki nos dan konpesinoe ona ta nos dan gaistua? Zelan gogoratuko dau gurasuak umiai zeinbat bidar parkatu deutseezan pekatu dirian gauzak, ez badaki umiai areek parkatutia pekatu dana? Zelan gogoratuko dau kristinaubak lagunari zeinbat bidar pekaturako bidia edo eskandaluba emon deutsan, ez badaki inoren aurrian gaiski egitia edo eskandaluba emotia aparteko pekatuba dana? Zelan...? Baina, zeinbat onetariko ezjakin, neure entzula onak, kristinauben artian? Kristinaubaren lelengo egikizuna da ondo pekatubak gogora ekarteko, dotrinia ondo ta sustraiz ikastia.

        Kristinautzako dotrinia edo erakutsija ondo ikasi ezkero, examinia egitia edo pekatubak gogora ekartia ez da beste gauzarik, ezbada leenago ondo konpesau zaneti orduraginoko pekatu illgarri guztiak ziatz gomutatutia, konpesoriari esateko. Pekatu-autortzia edo konpesetia bada bere bizi guztikua, gogoratu biar ditu bere biziko pekatu illgarri guztiak. Bada urte bikua edo laukua edo amarrekua, gogoratu biar ditu urte areetako pekatu guztiak. Pekatu autortzia bada il bi edo irukua, gogoratu biar ditu denpora atan egin dituban pekatubak. Berba baten esateko, azkeneko pekatu-autortza ona konpesoriari egin eutsaneti, orduraginoko pekatu guztiak gogoratu biar ditu kristinaubak, ondo konpesetako. Pekatubak ziatz gogora ekarteko, begiratu biar deutsa kristinaubak astiro bere arimiari ta Jaungoikuaren agindubari, bijak bateratuta, nun goi beia daukeen gogoan artuteko. Pekatubak gogoratuteko aztertu biar ditu pekatarijak bere bijotzaren baztar guztiak. Ta zabaldu, bere naijen edo nai ezeen, egiteen edo ez egiteen, egonen edo ibilijen, artuben edo emonen, adiskiden edo arerijuen gainian euki dituban asmo txaar, gurari oker, uste gaisto ta egitade deunga guztiak. Pekatubak gogoratuteko Jaungoikuari ta Ama Birjina guztiz santiari atarako grazija eskatuta, bere arimiaren esan ziurra ta Jaungoikuaren aginduba ispillutzat edo zuzengarritzat artuta dendatu biar dau pekatarijak txito kontu andi bategaz, pekatubak guztiak gogora ekarten. Irago biar dau astiro bere goguan ze estadu edo biziera daukan; ze zeregin edo opizijo daukan; ze pekatutan sarrijen jausi oi dan; zeren gainian konpesoriak konturik geijen artu eutsan; zer agindu eutsan ak; aren agindubari zelan kobru emon eutsan; ze saldu erosi edo artu emon euki daben; ze arerijo edo adiskide deunga izan daben; ze auzi edo ezda baida inogaz erabili daben; nundi nora ibili dan; ze oitura oi daben; ze gura ari goitu oi daben... Ta beste onako pekatuben gomutatza oso ta ziatzerako biar daben guztia.

        Ez dago denpora erabakirik pekatuben gogoratzarako. Konzienzija naastauba ta konpesinoe bitarte luzia daukanak, denpora geijago biar dau duda bagarik. Sarritxutan ta ainbat onduen konpesetan danak, gitxiago biar dau. Saldu erosi, artu emon ta eginbiar asko ta andijetan dabilenak, denpora geijago biar dau. Bere etxeko eginbiarrak baino ez darabilenak, oi danez, denpora gitxiago biar dau. Ta alan beste guztiak. Au da bada, kristinaubak, pekatubak gogora ekarteko bidia. Baina ikusi daigun argiruago, zelan egin biar dan.

 

 

II.

 

        Txito ardura ta kontu andijagaz pekatubak gogoratu biar diriala, dino Trentoko batzaar santubak. Baina ze ardura edo ze kontu imini biar da onetarako? Ara, kristinaubak. Ardura andija imini biar da, pekatubak gogoratuteko. Alegin osuagaz ziatz pekatu guztiak gogoratu biar dira, konpesetara orduko. Baina ze aleginagaz? Bakizu ze aleginagaz? Ze ardura artuten dozu ta ze alegin egiten dozu, asko balijo deutsun auzi bat irabazteko? Artzeekodunai zeure zor andi zati askotakuen kontuba emoteko? Gaixo illgarri bateti osatuteko? Zer egiten dozu? Ze ziatz zeure zorren zati txikijak bere gogoratuten dituzun, geijago kontu egin ez dagizun artzeekodunak! Zelan, gabaz bere luari itxita, konturatuten dituzun juezari esateko berbak ta auzija irabatzi eragin leizuben errazoiak! Ze kontuz gomutatuten dituzun zeure gaixuaren asipenak, nos nunguak ta geitu gitxitutiak, osalarijari ziatz esateko! Bada, beste ainbeste ardura ta alegin, neure entzula onak, pekatubak guztiak ziatz gogora ekarteko.

        Pekatu egiten da Jaungoikuaren amar aginduben, bost Eleisakuen, obra miserikordiazkuen edo eginbiar nai onekuen ta bakotxak bere bizierako edo estaduko eginkizunen kontra. Pekatuba da esatia, egitia edo nai izatia zerbait, esan dirian aginduben ta eginbiarren kontra. Irago biar ditu, bada, pekatarijak ziatz ta astiro goguan Jaungoikuaren amar agindubak, Eleisiaren bost agindubak, nai oneko edo bijotz errukiorreko eginbiarrak ta bere bizierako egikizunak. Ia esanagaz, eginagaz, edo naijagaz areetati bat edo bat ausi daben, edo zeinbat bidar ausi daben gogoratuteko. Geure pekatubetan ez daukee lekurik gitxien geure sengarrijak. Areek dira pekatuben atiak. Ta eurak aratu biar dira, pekatubak ezaututeko.

        Aztertu bada, kristinaubak, ta erabildu ondo goguan: Lelengo: Zeuben pausubak. Oinetan dagoz loijak, dino Jeremias propeta santubak. Gogoratu, zeuben oinak nun erabili dituzun, nun sartu dituzun ta zeuben gabeetako ta egunazko pausu txaarrakin zeinbat sospetxa ta zeresan emon dozun.

        Bigarrenian: Gogoratu zeuben eskubakin zeri oratu deutsazun. Pikiari ikututen deutsana, beragaz loituten da, dino Salomonek. Nun erabili dituzu zeure eskubak? Zer artu dozu? Zeuria ala inorena? Zeinbat bidar? Nori luzatu deutsazu eskuba? Zetarako? Zeinbat bidar? Zeinbaten aurrian kristinaubaren lotsa ona, eldutasuna ta onestidadia aaztu ta lotsatu eragiten dabeen eskuka orreek? Zeinbat bidar biarra egiten egon biar leukeen esku orreek erabili dituzu jokuan ta asmo pekatuzkuetan?

        Irugarrenian. Gogoratu zeuben aoko pekatubak. Auan dago miina. Baita jan gauzen ta edan gauzen sengarrija edo gustua bere. Miinian dago arimiaren bizitzia edo erijotzia, dino Salomonek. Zer emon deutsazu arimiari miinagaz? Bizitzia ala erijotzia? Zeinbat gaiski esate? Noren kontra? Eleisa gizonen kontra? Agintarijen kontra? Gurasuen kontra? Gogoratu. Zeinbat maldezinoe? Zeinbat bidao? Zeinbat berba loi edo desonestu? Zeinbaten aurrian? Gogoratu, zeinbat premina bagako gauza sabelarentzat auan sartu dituzun. Ara, oraindino okelaak aginetan eukeezan... Sabel betiakin asarratu ebeen Jaungoikua ta etorri zan euren gainera txito kastigu andi bat, dino Espiritu Santubak gulerubak gaiti. Zeinbat gozogarri auarentzat? Zeinbat ordikerija? Zeinbat jaate ta edaate neurri bagako? Zeinbat umen ta zarren kaltian? Gogoratu ondo.

        Laugarrenian: Gogoratu nora zabaldu dituzun zeure begijak. Bentaneetati sartuten da erijotzia, dino Jeremiasek. Geure begijak dira arimiaren bentanaak. Emakumiari begiratuten deutsanak beraganako gurari txarragaz, egin dau bijotzian pekatu, dino Jesukristo geure Jaunak. Zeinbat begirakune arima illzaille, bada? Zeinbat eleisetan, Jaungoikuaren etxe santuban? Gogoratu ondo.

        Bostgarrenian: Aztertu ta aratu ondo zeuben bijotzen izurturaak. Bijotza da pekatu tokija, pekatu lekuba ta pekatuben ernelarija. Bijotzeti urteten dabee adulterijuak, pornikazinoiak, lapurretak, berba deungak ta gurari txaarrak. Bijotzian erneetan da gorrotua, buru eritxija, ondasun guria, gozo guria, agindu guria ta pekatu guztien azija. Gogoratu bada, kristinaubak, ainbat ziatzen zeuben bijotzetako pekatubak, guztiak konpesetako. Ta ez aaztu orrako burutazinoe aixetsu ta arruakin. Ez aaztu, ia gogora etorri jatzuzan gauza pekatuzkuak nai izan dituzun edo ez, ia leku emon deutseezun edo ez, ia burutazinoe areek eukiko zenduzan lekura ta lagunetara, premina bagarik zeure guraz juan zarian edo ez. Gogoratu oneek guztiok ondo. Batez bere kastidadiaren kontrako pekatubetan, zeintzuk oi dirian komedijetan, saraubetan, naasteko dantzetan ta olgeta nasaijetan.

        Ez kansau, neure entzula onak, konpesetara orduko pekatubak ondo ta ziatz gogora ekarten. Bada, noberaren paltaz, gogoratuta esaten ez dan pekatuba ez da konpesinoian parkatuten. Ta bat isten bada esan bagarik noberaren erruz, esaten dirianak bere ez dira parkatuten. Ta au onan izan ezkero, zer esango dogu kristinau askoren konpesinoiak gaiti? konpesoriaren oinetan zer erantzun, eritxi baten baino ez dakijenak gaiti? Zeinbat bidar onako edo alako gauza esan edo egin edo naitu dozu itanduten jakuenian, buruba gora jasota kontubak ateraten asten dirianak gaiti? Ta zeinbat onetariko kristinau? Batez bere urtian bein edo birritan baino konpesetan ez dirianak? Oneek gaiti esan legi, mezia entzutera juateko edu prestetan diriala konpesetara juateko. Baita esan legi, alako konpesinoietan ez dabela kristinaubak pijau biar bere pekatuben parkazinoia. Ikasi bada, neure kristinaubak, zer dan ondo konpesetako pekatubak gogora ekartia. Ta zelan ekarri biar dirian. Konpesinoe onaren nora ezeko asipena da pekatubak gogoratzia. Eskatu daijogun Jaungoikuari bialdu daigula zeruti bere argi santuba, geure gaiski eginak, gaiski esanak ta gatx naijak ondo ezaututeko, guztiak ziatz gogoratuteko ta konpesinoian biar dan damubagaz autortuteko. Eskatu daijogun Dabid erregiaren espiritu garbatuba ta damutuba, geure urte guztietako pekatubak arimako peniagaz ta min garratzagaz goguan ondo iragoteko. Alan gura izan dagijala zerubak Jesukristo gere Jaunaren minezko iragua ta erijotzia gaiti. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa