www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

III. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zelan prestau biar dan komulgetako, arimiaren parteti.

2. Zelan, gorputzaren parteti.

 

        Ez da asko, neure kristinaubak, komuninoeko sakramentubaren gainian Jaungoikuak esaten deuskuna ta Eleisa Ama santiak erakusten deuskuna sinistutia. Bada, sinistute onagaz ta zalagaz ostian, Jaungoikuak ta Eleisa Ama santiak eurak aginduten deuskubee, komuninoe santuban Jesus artuteko geure ariman. Jaten ez badozu Gizonaren Semiaren aragija ta edaten ez badozu bere odola, ez zara biziko, dino Jesukristok berak. Baita Eleisa Ama san tiak bere aginduten deusku gitxienaz urtian bein komulgetako. Ezin ukatu ginai bada, neure entzula onak, gauza andija ta andija baino andijagua dana Jesus Jaungoiko ta gizon egijazkuari geure etxian ostatuba emotia. Oh! pensauta beste bagarik ikara egiten dau geure bijotz pobriak, Jaungoiko andija, jaun guztien jauna, errege guztien erregia, zeruben ta luurren jaubia, Jesus santuba, Jesus ona, Jesus garbija geure etxera etortiaz. Zer egin biar ete dau, bada, kristinaubak Jesus maitiari egon lekuba bere bijotzian prestetako? Au da, neure entzula onak, nik zubei ikaskizun onetan erakutsi biar deutsudana: 1. Zelan prestau biar daben kristinaubak komulgetako, arimiaren parteti. 2. Zelan prestau biar daben, gorputzaren parteti. Uste dot guztion premina andiko dotrinia dala. Berau gaiti ta Jesusen amodijo santuba gaiti erregututen deutsut entzuterik oneena.

 

 

I.

 

        Zer egin biar dau bada, kristinaubak, Jesus bere ariman artuteko? Zer? Gogoratu bere artian astiro, Jonas propeta santubari itxaso-gizonak itandu eutseena. Zein erritakua zara zu? itandu eutseen. ¿Ex quo populo es tu? Nora zuaz? ¿Quo vadis?. Itandu begijo, bada, kristinaubak bere artian Jaungoikuari, komulgetara doianian: Zein erritakua zara, Jauna? Nora zuaz, Jauna? Zer egitera zatoz nigana, Jauna? Itandu begi au edo pensau begi au astiro kristinaubak, komulgetara doianian. Ta geratuko da arnasa bagarik, zer esan, ez zer egin ez dakijala. Zein erritakua da Jesus? Ah! zeruba baino goragokua. Munduba baino leenagokua. Aingeru santu ederrak jarlekutzat daukazana. Jaungoiko ta gizon egijazkua. Ta nora dator Jesus, ni komulgetan nasanian? Ah! nigana, pekatari triste onegana. Gauza onik bat bere ez daukadan onegana. Milla gurari lotsarizko txiki ta andi daukadazan onegana. Oh, Jesus! Zeu nigana? Ta zer egitera? Neugaz egotera. Neure ariman jarlekuba artuta, neugaz berbetan egotera.

        Konturatu bada, kristinaubak, ze arimako garbitasunagaz ta apaindurijagaz eldu biar dogun Jesus zeruko Errege bizija geure etxian artutera. Arimia da Jesusen egon lekuba. Ta arimia nai dau Jesusek euki daigun ondo garbituta, bere anditasuna ta ontasuna pozik an egoteko. Arimia da Jesus gordetako kaxia. Bada, errazoia da Jesusen gorde lekuba garbija ta ederra egotia. Leengo legian agindu eban Jaungoikuak kaxa bat egiteko, nun gorde biar zan isrraeltarren mana, Jesus komuninoekuaren irudija. Jaungoikuak berak esan eutsan Moisi, mana gordetako kaxiak zelakuak izan biar eban ta zelan prestaubak izan biar eban. Barruti ta kanpoti urre garbijagaz doretako kaxia agindu eban Jaungoikuak. Leen esan dan legez, Jesus da mana egijazkua Altarako sakramentu santuban. Ta geure arimak dira, mana zeruko au gordetako kaxak edo ontzijak. Orregaiti dorau biar dau kristinaubak bere arimia urre garbijagaz barruti ta kanpoti, zeinegaz aituten dan arimako ta gorputzeko prestaera ona Jesus komuninoian artuteko. Arimiaren parteti biar da Jesusen amodijua, Jesus artuteko gose santuba ta humildade egijazkua.

        Ondo komulgetako biar da lelengo Jesusen amodijua. Bera maite dabeenak ta bere adiskidiak konbidetan ditu Jesusek komuninoeko mai santura. Adiskidiai esaten deustsee zeruko Esposuak, jaateko bere aragija ta edaateko bere odola. Comedite amici, et bibite, et inebriamini charissimi. Naitaezeko prestaeria da au, kristinaubak, komuninoiak on egingo badeusku. Alkar maite ez dabeen bik ez dabee alkar ondo artuten. Laster gobaituten dira alkarregaz egoten. Ez deutsee batak besteari mesede andirik egiten. Komulgetan danak maite ez badau Jesus ta Jesusek maite ez badau komulgetan dana, izango da komuninoe otza, sikuba, liorra ta, esan oi dan legez, kunplimentuzkua. Arerijo bik bere nosbait alkar bisitau oi dabee kunplimentuz. Baina nora ezian, gogo bagarik ta laster amaitu bisitia. Bada, beste ainbeste komuninoe santubagaz. Amodijo bagarik ta karidade bagarik juan leiteke kristinauba komulgetara, kunplimentuz legez. Baita Jesus bere etorri alako arimara bere berbiagaz kunplidutiarren, Judasenera juan zan legez. Baina geijago ezinian. Gogo bagarik ta karino bagarik alkarreganatuten dira orduban Jesus ta komulgetan dana. Oh, zeinbat onako komuninoe! Oh, zeinbat amodijo bagako ta karidade bagako komuninoe! Oh, zeinbat pekatuzko komuninoe, neure kristinaubak!

        Naita ezekua da, bada, ondo komulgetako, Jesusen amodijo santuba, Jesus adiskide ta maite izatia, Jaungoikuaren grazijan egotia. Alan erakusten deusku Eleisa Ama santiak Trentoko batzar osuan. Dino bada: Inok esaten badau, asko dala sinistutia bakarrik komuninoe santuba artuteko, izan dedilla eskomulgauba a esaten dabena... Ta komuninoeko sakramentuba inok bere artu ez dagijan gaiski bere arimiaren erijotzarako ta kondenazinoerako, erabagi dau ta esan dau konzilijo santubak, pekatu illgarrijan daguanak, ondo garbatuta daguala uste izan arren, ez dabela juan biar komulgetara bere pekatubak ondo konpesau bagarik, nogaz konpesau euki ezkero. Ta azartuten bada inor, au onan ez dala edo izan biar ez dabela esaten, erakusten edo prediketan, a esaten dabena, erakusten dabena edo prediketan dabena, izan dedilla eskomulgauba, dino Konzilijuak. Pekatu mortala edo illgarrija ariman ezaututen daben kristinaubak, konpesinoe egijazko bategaz prestau biar dau komulgetara juateko. Konpesinoe on baten pekatubagaz garbatuta, pekatubaren gorrotua artuta, Jaungoikuagaz bakiak eginda, Jesus maitetuta, amodijo santubaren urriagaz bere arimia dorauta, edertuta eldu biar dau kristinaubak komulgetara.

        Bigarrenian: Komulgetara juan biar da Jesus artuteko gose santu bategaz. Gosez ta gurariz artuten dan janarijak, gorputzian bere oba egiten dau. Gogo betian jaten danak ez deutsa gorputzari on andirik egiten. Askotan bai gatx. Bada, moduren baten, beste ainbeste jazoten da arimiaren janarijagaz, zein dan Jesus komuninoeko sakramentuban. Eldu biar dau kristinaubak komulgetara, Jesukristo geure Jaunagaz bat egiteko ta Jesusen grazija ugarijak bere ariman artuteko gurari ta nai bizi bategaz. Orduban aberatstuten dau Jesusek geure arimia zeruko ontasun andijakin. Geituten dau zerurako uste egijazkua ta errazoezkua. Geituten dau Jaungoikuaren esanaren sinistutia. Geituten dau Jaungoikuaren ta zeruko etxiaren maitetasuna. Baita pekatuben damuba, erijotziaren gomutia, juizijuaren bildurra, pekatarijen errukija, santuben debozinoia ta beste birtute edo arimako ontasun guztiak bere. Ze gose santubagaz ta nai bizijagaz elduten zirian komulgetara ene Ama santa Teresa, santa Katalina, santa Isabel, santa Maria Madalena Paziskua ta beste milla! Oh! euren bijotzak ixiota egozan gose santu bategaz, Jesusen gorputza komuninoian artuteko. Bisperan ez euken kasik beste gauzarik goguan, bijamoneko komuninoia baino. Luze eritxuela egozan, Jesus Esposo garbijagaz euren arimak bat egin artian. Komulgetan zirian egunai labur eritxuen, euren preminak ta karinuak Jesusegaz iragoteko. Askotan gabak denporak emonda, luagaz aztuta egozan Jesusegaz berbetan. Alan urteten ebeen komuninoeti, zerutar batzuk balira legez, amodijuaren subak ixiota, mundubak estimetan daben guztia oin azpijan ebeela. Ez da bada, kristinaubak, Jaungoikua guretzat ez urrijago, ez zekenago, ez pobriago. Areek legezko gose santubagaz elduko bagina komulgetara, artuko gendukez geure arimetan komuninoiagaz eurak artu oi zituben amodijozko ontasun zerukuak.

        Txito nai izan dot, esaten eban Jesusek, au aparijau zeubekin jatia. Desiderio desideravi hoc pascha manducare vobiscum. Bada, ain gogo andija badauka Jesusek geuk bera artu daigun komuninoe santuban, zeinbat nai izan biar dogu geuk bera artutia? Prestau bada, neure entzula onak, komulgetako, Jesusen amodijo santubagaz ta Jesusegaz bat egiteko gurari edo gose bizi bategaz. Baita humildade egijazko bategaz bere, zein dan irugarren arimiaren prestaeria.

        Irugarrenian: Ezautu biar dau kristinaubak bere buruba ta bere pekataritzia, Jesus ariman artuteko, zein dan humildade egijazkua. Nor nas ni, Jesukristo geure Jaunari neure etxian ostatuba emoteko? Neure bijotzian zeruko Erregia artuteko? Aingeru ederrak beragaz dakazan Jaun andijari jarlekuba neure ariman egiteko? Oh ze etxe pobria, Jauna, nire bijotza zeu artuteko! Utsa da, Jesus maitia, pobria egotia garbija balego! Baina zeinbat samar, zeinbat luurreko auts, zeinbat amaraun ikusten ditut neure ariman, Jesus garbija, zeuri egon lekuba emoteko! Oh, Jesus! Zelan azartuko nas ni zeure mai santura elduten, neure bizitza pekatuzkuari begiratu ezkero? Neure andiguriari, neure buru eritxijari, neure kodizija edo diru gura goseskuari, neure asarre sutsubai, neure gurari lotsarizkuari, neure burubaren amodijo itsubari ta laarregijari, neure pekatu andijai...? Zelan, Jauna, azartuko nas ni zeu neure bijotzian artuten, neure pekatu aldra lotsarizkuari, ezainari ta itxusijari begiratu ezkero? Neu ainbeste bidar zeure arerijua izan ezkero? Neuk pekatubagaz zeu sarritan saldu ezkero? O Jesus! Zelan jarriko zara, ainbeste berba deunga esan dituban nire miinaren gainian? Zelan egongo zara, ainbeste pekatu loi, ainbeste lapurreta, ainbeste gorroto, ainbeste gaiski esate, ainbeste ordikerija ta ainbeste engainu lotsa bagarik zeure kontra gura izan dituban bijotzian?

        Onan pensau biar dau, neure entzula onak, kristinaubak, bere bizitza ezaina ta pekatuzkua, komulgetara orduko. Imini begiz alkarren parian bere pekatuzko pensamentubak, gurarijak ta egite gaistuak Jesus maitiaren ontasunagaz, zuzentasunagaz, garbitasunagaz ta anditasunagaz; ta geratuko da kristinauba lotsatuta, buruba makurtuta, komulgetan azartu ezinda. Esango dau Zenturion ebanjelijokuagaz: Jauna, ez zaitez sartu neure etxian. Edo Publikanuagaz, Jaungoikuaren aurrera juaten lotsatuta, begijak luurreti gora jasoten azartu ezinda, urrineti esango deutsa Jesus onari ta parkazailiari, bularra juaz: Jauna, miserikordija pekatari onegaz; Jauna, errukitu zaitez nigaz; Jauna, mesede egidazu parkatutia. Deus propitius esto mihi peca tori. Onako pekatuben ta bere burubaren ezauberiagaz txikituta, Jaungoikuari bijotza jasota, parkazinoia eskatuta, elduten danian kristinauba komulgetara, prestauta dauka bere arimia Jesus artuteko. Dendatu bada, kristinaubak, zeruko Errege andija bere naizko ta pozezko arima garbijan artuteko maite izatera, bera artuteko gurari santu ixio bat eukitera ta humildade egijazko bategaz komulgetako zeuben arimak prestetara. Orduban egongo da Jesusen ontzija edo kaxia barruti urre garbijagaz dorauta. Baina kanpoti bere dorauba zan mana gordetako kaxia. Alan, Jesus, mana egijazkua artuteko, kristinaubak prestau biar dau ez bakarrik bere arimia, ezbada baita gorputza bere. Aitu egizu, bada, zelan prestau biar daben kristinaubak komulgetako, gorputzaren parteti.

 

 

II.

 

        Gorputzian eruan biar dan prestaeria komulgetako da barurik egotia. Au da lelengo biar dana. Barurik esaten danian, aituten da ez dabela ezer bere irago biar eztaarrijan beera gau erdiko amabijetati komulgau artian. Auan sartutako gauzarik ezer bere ez. Ez janaririk, ez edaaririk, ez beste gauza agiri auan sarturik. Oni esaten jako baru utsa edo baru naturala. Au biar da komulgetako. Alan aginduten deusku Eleisa Ama santiak. Ta duda bagarik, erakuslak dinuenez, Espiritu Santubak apostolubai erakutsi eutseen barurik komulgetia. Eleisiaren lelengo asieran Eguben Santu gabian bakarrik artuten zan komuninoe santuba apalduta gero, Jesusen azkeneko apari santubaren gomutan. Baina onezaz ostian, osasuna dauken guztiak komulgau biar izan dabee ta komulgau biar dabee barurik. Bada, orain Eguben Santu gabian bere osasundunik komulgau ezin leiteke, barurik ez dala.

        Au aginduten deusku Eleisiak, Jesus onaren erreberenzija gaiti. Komulgetan dan egunian barurik artuta, Jesus maitiari lelengo leku emoten jako geure bularrian. Onegaz erakusten dogu, lelengo lekuba ta estimazinoe nausija daukala Jesusek geure ariman. Egiija da, gaixorik daguanak illteko arriskuban daguanian, barurik egon ez arren, artuten dau gure jauna, komuninoeko sakramentu santubaren grazija ta laguntasuna bagarik erijotzako ordu estubak artu ez dagijan. Baina osterantzian ez da inor komulgetan, baruba ausita.

        Gorputzaren prestaeriari jagoko bigarren lekuban, komulgetako eskubak ta arpegija garbituta, soina modu onagaz jantzita, gorputzeko era guztiagaz buruti oinetara modestija, humildadia ta lotsa ona erakusten dabela Jesus artutera eldutia. Komulgetara doian kristinaubak, bere begijetan, bere pausuban, bere jantzijan ta bere egoneraan erakutsi biar dau, ariman daukan garbitasuna, jasotasuna, humildadia, Jesusen amodijua ta lotsa ona. Ez dau juan biar gizonezkok komulgetara, dino san Karlos Milanguak, ez sariagaz, ez birretiagaz, ez ezpatia edo armia gerrijan dabela. Ezda emakumiak bere, dino Santubak berak, jantzi arruakin edo banidadetsubakin. Ezda ule okertubak begijetan ditubela bere; non crinibus inaniter intortis. Ezda arpegija berarijaz koloretuta bere; non fisco, aut pigmentis vultu illito. Ezda bularrak agirijan bere, edo guztiz agirijan ez arren, gasa argijagaz tapauta bere, ez[bada] arpegijaz beste guztia ondo estalduta. Non pectore nudo, aut tenui velo obtecto; sed ita vestito, ut en præter faciem quidquam nudum cernatur.

        Modu onetan prestau biar dau kristinaubak komuninoe santuba artuteko, gorputzaren parteti. Uts egiten dabee askok ta ez dabee erakusten kristinautza egijazkuaren senailarik. Batzuk edozein modutan, jaso on bagarik, soinak moduztau bagarik, botoiak euren lekuban lotu bagarik, txito nasai juaten dira komuninoe santuba artutera, bai gizonezkuak ta bai emakumiak. Beste batzuk Jesusen mai santuragino daroie euren arrotasuna ta banidadia soinian. Batez bere denpora onetako emakume askok. Kokotak agirijan ditubela. Irunak eta bularra ondo estari bagarik. Sare mordo bat bekokijan beera aua tapau artian darijuela. Ez gitxitan, ezbada askotan, komuninoe santuba auan iminten sazerdotiari eragozten deutsala ezpanak joten deutsazan sariak. Beste batzuk euren ule molsuak adartuta, paper zaar batzukin lotuta, bekokijan armatuta daukezala duaz baina zeren etxuriagaz komulgetara? Ez da, bada, ori, neure entzula onak, Jesusek nai daben soina komuninoeko maira juateko. Soin jasua, soin garbija, soin ona, (daukanak) soin ondrauba Jesusen mai santurako. Bai[na] ez soin nasaija. Ez soin jausija ta edegija. Ez soin arrua ta aixetsuba. Ez soin armatuba ta biloxtuba. Ez soin barregarrija. Ez monuen soina. Ez egunian eguniango moden soina.

        Gogoratu bada, kristinaubak, ze prestaeriagaz eldu biar dan komuninoe santuba artutera, bai arimiaren parteti ta bai gorputzaren parteti. Gogoratu, Jaun andi batek edo luurreko errege batek etorri gura baleu zeuben etxetara, zeubek bisitetara, zeubekin egun batzubetan egotera ta zeubek beragaz zelan portetan zarian, alan zeubei mesediak egitera. Ta entzungo bazendu txito prestuba dala zeubenera etorri gura leukian jaun andija. Leen bere beste etxe batera alantxe juan zala. Ta etxe atan ondo artu ebeelako, etxeko guztiai betiko ondo izatia etxi eutseela. Zer egingo zenduke? Edo obeto esateko, zer egingo ez zenduke, kaballero ari naijak egiteko? Zelan garbituko zenduke zeuben etxia? Zelan bere egon lekuba, jar lekuba, jan lekuba? Zelan moduztauko zendukez zeuben berbak ta eskaarijak, berari esateko? Zelan egongo zinaatekez bere aurrian ta bere onduan, etxian daukazun artian? Pensau astiro zeubek, neure kristinaubak. Ta pensau, ia zer dirian luurreko andi ta aberats guztiak Jesus zeruko Erregiagazko. Ah, lastimia! Ain zurrak munduko irabatzirako! Ta ain sorrak Jesusentzako ta geure arimentzako! Oh Jesus! Erremedijau egizu gatx andi au zeure merezimentu andijak gaiti. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa