www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

I. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zer dan penitenzija.

2. Zeinbat modutakua dan.

3. Ze preminatakua dan.

 

        Trentoko batzaar santubak ta beste Eleisiaren Erakuslak iminten dabee, neure kristinaubak, konpirmazinoeko sakramentubaren ondorik komuninoeko sakramentuba. Baina bateti geure errijetako gazteeriari erakusten jakon legez konpirmazinoiaren urrengo penitenzia, ta besteti komulgetara orduko oi dan legez konpesetia, uste dot ez dala errazoeti kanpora izango, komuninoeko sakramentuba baino leenago erakustia konpesinoekua edo penitenzijakua.

        Gauza gitxi izango dira kristinautzako erakutsi santuban ondo ikasteko ta aituteko premina geijago daukeenak, penitenzija egijazko bati darraikozanak baino. Duda bagarik, txito kristinau asko bizi dira, neure entzula onak, urte luzeetan pekatubaren besuetan lo egiten dabeela, penitenzija egijazkuaren azaleko ezaubera illun bat baino ez daukeelako. Eleisa Ama santiak pena andi bategaz negar egiten dau bere semen gatx triste au. Bada, esaten dau bere batzaar oso baten, penitenzija paltsua dala beste naibagen artian Eleisa Ama santia txito asko peneetan dabena. Berau gaiti kontu estuba iminten deutsee Eleisa santiak obispo jaunai, kura ta sazerdote jaunai, erakutsi dagijuen kristinau pielai, inos kansau bagarik, penitenzija egijazkuaren izatia ta preminia. Euren erakutsijaren paltaz, dino, kristinauben arimak penitenzija paltsuagaz engainauta, inpernura juan ez ditezan. Ne falsis poenitentiis laicorum animas decipi, et in infernum detrahi, patiantur.

        Eleisa Ama santiaren agindu ta opa on au neure egikizuntzat artuta, gogo onagaz erakutsiko deutsut, kristinaubak, sakramentu onetan ainbat laburren ta argiruen penitenzija egijazkuari ta konpesinoeko sakramentubari nora ezian jagokana. Bakit sail onek txito kanpo andija daukana. Bakit erakutsi labur batzubetan gauza andirik esan ezin negijana. Baita sakramentu santu onetan zuben burubetarako ez dirian gauza asko dagozana bere. Alderatuko ditut oneek guztiok aleginaz neure erakutsijetati. Ta bakarrik esango deutsut ainbat ziatzen, zeubek jakin biar dozuna. Guztiai asipena emoteko esango deutsut ikasikizun onetan: 1. Zer aituten dan penitenzijaren izenagaz. 2. Zeinbat modutakua dan penitenzija. 3. Ze preminatakua dan. Guztiok dakuszu, ondo entzutiak ta ikastiak asko balijo deutsuna. Prestau zaitez, bada, ainbat gogorik oneenagaz entzuteko.

 

 

I.

 

        Ez da menturaz ezer bere sarrijago aitatuten, neure kristinaubak, ez erakutsi oneko liburubetan, ez pulpituetan, ez konpesalekubetan, penitenzija egijazkua egitia baino. Ta benturaz geu salbetako nora ezeko gauzetan ez dago beste bat, sustrai gitxiagogaz kristinaubak dakijeenik. Ta au jazo leiteke, dino Aita Burdalue jesuita zelotsubak, biar dan argitasunagaz kristinaubai erakusten ez jakuelako penitenzijaren izatia ta preminia. Zer da, bada, penitenzija? Edo zer esan gura dau penitenzijak? Ez da, bada, beste gauzarik, neure entzula onak, penitenzija, ezbada penia artutia edo bijotza peneetia. Zerbait jazo jakolako edo jazo ez jakolako noberak bijotzian artuten daben penia, damuba edo garbaija da penitenzija. Onako penia edo damuba izan leiteke modu askotakua. Izan leiteke damututia ta penetia Jaungoikua gaiti. Izan leiteke zeruba edo inpernuba gaiti. Baita kleituba, osasuna edo eukija galdu dabelako bere. Baita adiskide bategazkua galdu dabelako bere. Leenago nai izan daben gauzia, damututen jakonian ta garbatuten jakonian dauka bijotzak penia. Ta au da berez penitenzija. Askotan izaten da pena au munduko gauzak gaiti. Ta orduban da munduko penitenzija. Penitenzija onek erijotzia dakar, dino san Paulo apostolubak. Sæculi autem tristitia mortem operatur.

        Orain aita dogun penitenzija da, Jaungoikua gaiti artuten dana. Jaungoikuaren aginduba ausi dabeelako bijotzian artuten daben penia da kristinauba salbetan daben penitenzija. Onek, dino Apostolu santubak, dakarrela arimako osasuna. Alan, Espiritu Santubak leku askotan esaten deuskunian penitenzija egiteko ta penitenzijaren preminia, batian: Egizu penitenzija, zeruko erreinuba urreratu da ta; bestian: Penitenzija egiten ez badozu, guztiok era batera galduko zara. Leku baten: Penitenzija egiten ez badogu, jausiko gara Jaungoikuaren eskubetan ta ez gizonen eskubetan. Beste baten: Pekatarijak egiten badau bere pekatu guztien penitenzija... biziko da zeruban. Ez da illgo... Biurtu zaite bijotz guztiagaz Jaungoikuagana ta salbauko zara... Jaungoikuak onako berba askogaz eskatuten deuskunian penitenzija, dinot, neure kristinaubak, eskatuten deuskula pekatubagaz Jaungoikua bera injurijau dogulako bijotzeko penia ta damuba. Pekatu egina garbatutia ta ostera pekaturik ez egiteko asmo bizija artutia, pekatuba Jaungoikuaren kontra dalako da penitenzijaren eginkizuna.

        Pekatu egin dabenak ezin ukatu legi Jaungoikuaren aginduba ausi dabena. Ezin ukatu legi, Jaungoikuaren esana egin baino bere guraarija egin naijago izan dabena. Ezin ukatu legi, Jaungoiko andijari ta santubari lotsia galdu deutsana. Bada, penitenzija egiteko, ezautu biar dau bere gaiski egina. Damutu biar dau bijotzian pekatu eginagaz, Jaungoiko santubari lotsia ta ondria galdu deutsalako. Eskatu biar deutsa Jaungoikuari bere pekatubaren parkazinoia. Artu biar dau bijotzian gogo osua, ostera pekaturik ez egiteko. Aldatu biar dau pekatuko bideti ta okasinoeti. Ta prestau biar dau pekatuba autortuteko konpesinoian, al dagijan parkazinoia Jaungoikuaganik jadiisteko uste osu[a]gaz. Au da penitenzija egijazkuaren egitadia. Pekatu egin ebanian geijago gura eutsan pekatu geijari, Jaungoikuari baino. Bada, penitenzija egijazkua egiteko, geijago gura biar deutsa Jaungoikuari beste gauza guztiai baino. Au da penitenzijagaz Jaungoikuagana bijotza biurtutia. Pekatu egin ebanian, luurreko gurari bat gaiti itxi eutsan betiko Jaungoikuari. Bere nai oker baten truke saldu eban Jaungoikua. Geijago maitetu eban pekatu gei bat, Jaungoikua baino. Bada, penitenzija egiteko, luurreko gurari eragotzi guztiai itxi biar deutsee Jaungoikua gaiti. Munduko gauza guztiak, osasuna, kleituba, eukija, ondasunak, adiskidiak ta bizitzia bera bere trukau biar ditu ta galdu biar ditu, biar badira, Jaungoikua ez galdutia gaiti. Maitetu biar dau Jaungoikua bijotz bijotzeti, beste gauza guztiak baino geijago; ta gorrotua artu biar deutsa egin daben pekatubari. Au da penitenzija egijazkuagaz pekatarija Jaungoikuagana biurtutia.

        Benetan Jaungoikua gaiti pekatubagaz garbatuta daguanak, beti dauka bijotzian penia ta naibagia Jaungoiko Santuba ta Altsuba pekatubagaz asarratu ta galdu dabelako. Baina pekatubaren garbaijak bateti emoten badeutsa mina ta penia bijotzian ta tristezia ariman Jaungoikuaren kontra pekatu egin dabelako, besteti emoten deutsa uste oso bat, Jaungoiko onaganik bere pekatuba ren ta gaiski eginaren parkazinoia jadisteko. Baita penazko ta damuzko amodijo garratz gozo bat bere, Jaungoiko on, parkazaillia maitetuteko ta ostera pekatubagaz ez asarratuteko. Au da penitenzijak pekatarijaren bijotzian egiten daben aldatzia. Pekatu egin ebanian, ondo eritxon pekatubari ta gorroto eutsan Jaungoikuari. Orain gorroto deutsa pekatubari ta ondo gura deutsa Jaungoikuari. Orduban bere ezauberaz ta naiz itxi eutsan Jaungoikuari ta zerubari gurari gaisto bat gaiti. Orain gurari txaar guztiak ta gorputza penau ta mindu gura lituke, Jaungoikuaren naija egitia gaiti ta zeruba ez galdutia gaiti. Orduban nai eukian Jaungoikorik ez egotia, beti pekatu egiten egoteko. Orain nai leuke pekaturik ez egotia, beti Jaungoikuagaz egoteko. Orduban pekatubaren pisubak erasten eutsan bere gogua luurreko atseginetara, beste zer maiteturik ez balego legez. Orain pekatubaren damubak emoten deutsa luurreeko atsegin guztien gogo betia ta ikusi ezina, ta jasoten deutsa bere gogua ta bijotza espirituzko atsegin gozuetara. Orduban, pekatu egin ebanian, begiratuten eutsan Jaungoikuari izate andi, astun, illun, gogor, zelotsu bati legez; ta pekatu egitiari, gauza eder, bigun, gozo, ezer gaiti bere itxi ezin legijonari legez. Ta orain, pekatubagaz damututa daguanian, Jaungoikuari begiratuten deutsa Aita on, bigun, parkazaille, guztiz maitegarri, berak bere erruz asarratuta daukanari legez; ta pekatubari, gauza deunga guztietati deungenari, ezainenari ta gorrotogarrijenari legez.

        Au da penintezija egijazkuak pekatarijaren bijotzian ta ariman egiten daben aldatza santuba ta espirituzkua. Aldatza santa onek erasoten deutsa pekatarijari arima arimati pekatubaren minagaz ta damubagaz: Oh, ze gaiski egin dodan! Oh, ze azartu deungakua izan nasan, Jaungoikuari lotsia galduteko! Jaungoikua desondretako! Oh, ze berandu ezautu zaitudazan, neure Jaungoiko ona ta parkazaille maitia! Oh, pekatu madarikatuba! Oh, milla bidar leenago ill banintz, Jauna, zeure lege santuba ausi baino! Oh Jesus, zeu besuak zabalik biloxik ill zinian kuruzian josita ni gaiti, ta nik pekatu egin dot zeure kontra! Zek itsutu ninduban ni alan, neure Jauna ta Jaungoikua, zeure kontra pekatu egiteko? Miserikordija, Jauna, nigaz. Parkatu, Jauna, niri neure pekatubak. Damu dot, Jauna, bijotz guztirik, pekatu egina. Ez dot, Jauna, ostera egingo zeure grazijaren laguntasunagaz. Betoz, Jauna, nire ganera emen gatxak ta mingarrijak, neure pekatuben kastigurako. Penau nagizu, Jauna, emen ta parkatu egidazu gero zeruban...

        Ara emen, kristinaubak, aituten emonda zerbait, zer dan penitenzija egijazkua. Penitenzija egiazkuak iminten dau ariman pekatubaren damuba ta gorrotua; bildurrezko ta lotsa oneko amodijua Jaungoikuaganako; pekaturik ostera ez egiteko asmo sendua; pekatubaren parkazinoia Jaungoikuaganik jadisteko uste osua; ta pekatuba konpesetako gogo egijazkua.

 

 

II.

 

        Modu bitara, dino santo Tomasek, aitu legijala penitenzija. Batera, pekatubaren damuba dan legez. Ta bestera, konpesinoeko sakramentuba dan legez. Ez da esaten au gaiti penitenzija bi diriala, ezbada dira penitenzija egijazkuaren era bi. Bata da bijotzian edo ariman artuten dan pekatubaren damu bizija ta egijazkua Jaungoikuaren kontra pekatu egin dabelako, leen esan dan legez. Bestia da bijotzian daukan pekatubaren damu egijazkua, konpesinoeko sakramentuban seinale ezagunakin agertutia. Lelengo modubaren edo bijotzeko damu egijazkuaren gainera, bigarrenak geituten deutsa damubaren ezagungarrija agirira konpesinoian agertutia. Lelengo damubaren moduba edo eria beti izan da nora ezekua pekatarija salbetako, laster esango dan legez. Baina bigarrena, Jesukristo geure Jaunak konpesinoeko sakramentuban itxi euskuna da. Jesukristo geure Jaunak agindu euskun, batiatu ezkero eginiko pekatu illgarrijak bijotzeko damu egijazkuagaz guztiak konpesetako. Au da penitenzijako edo konpesinoeko sakramentuba.

        Erromako Katezismuak esaten deusku, Jesukristo geure Jaunak zetarako jaso eban penitenzija egijazkua sakramentubaren izatera. Zetarako, bada? Ziurrago ta segurubago egon gaitezan geure pekatubaren parkazinoiaren gainian. Jaungoikuak agindu deutsa pekatarijari pekatuben parkazinoia, damutu ta garbatuten bada pekatubagaz. Damu egijazko au dan legez arimakua ta bijotzekua, ikusten ez dana ta oratuten ez jakona, dudiagaz ta bildurragaz biziko zan beti pekatarija, ia damutu zan edo ez pekatubaren parkazinoia jadisteko duinaan. Bada, geure arimako bildur zoli ta triste au zerbaitan osatuteko Jesukristo geure Jaunak itxi euskun konpesinoeko sakramentuba. Geure pekatubak damu egijazkuagaz konpesinoian autortuta, sazerdotiak pekatuti askatuten gaitubanian sinistu daigun edo uste segurubagua euki daigun, Jaungoikuak sakramentubaren bitaartez parkatu deuskuzala geure pekatubak. Alan etorten jako kristinaubari bere arimara, pekatari andija izan arren, ez dakit zelako sosigu bat ta pekatubak parkatu jakozan uste oso bat, beragan dan guztia eginda damu egijazko bategaz konpesetan danian.

        Emeti ezaututen da, neure kristinaubak, konpesinoeko penitenzijak ez ditubala pekatubak parkatuten bijotzeko penitenzija bagarik. Azaleko penitenzija paltsua da. Ao utsezko penitenzija paltsua da. Bijotza aldatu ta onduten ez daben penitenzija, pekatubaren damubak ariman min emoten ez deutsan penitenzija, pekatubaren gorrotua ta Jaungoiko zuzenaren ta parkazailliaren bildur oneko amodijua ez dakarren penitenzija, penitenzija palsuak dira. Bizitzia obatuten ez daben penitenzija, pekatubari ta pekatuko bidiari alde eragiten ez deutsan penitenzija, penitenzija palsuak dira. Oh, zeinbat onetariko penitenzija paltso kristinauben artian! Sinistute siku ta soil bategaz bizi dira kristinau asko urte luzeetan. Pekatubak autortu ezkero konpesinoian uste dabee parkatuta dagozala, pekatuba gaiti bijotza damutu, ta pekatuti gogua aldatu bagarik. Ez dau, bada, Jaungoikuak, ariman ondo damutu ta garbatu bagako pekatu illgarririk parkatu. Ta ez dau aginduten, parkatuko dabela bere. Au gaiti da nora ezina penitenzija egijazkua, pekatarija salbetako.

 

 

III.

 

        Bai, neure entzula onak. Ez zaitez engainau gauza onetan. Bide bi baino ez dagoz zerurako. Edo erru bageko bidia. Edo penitenzijazko bidia. Erru bageko bidia da pekaturik egin ez dabenarena. Baina nortzuk dira oneek, ondo esatez jantzi daiguzan? Gaistokerijan sartu ez dirian umiak. Baita beste arima asko bere daukaz Jesusek bere Eleisan, Baal gaistuari belauna makurtu ez deutseenak. Pekatu illgarririk egin ez dabeen arimak. Zerubak geitu dagizala. Oneek duaz erru bagako edo inozenzijako bideti zerura.

        Baina egin dozu pekatu illgarrija? Bada, ez dago zuretzat zerurako beste biderik, ezbada penitenzija. Pekatubaren damubak, pekatubaren garbaijak, pekatubaren peniak, pekatubaren negarrak, pekatubaren gorrotuak, pekatubari itxijak, pekatuba Jaungoikuaren kontra dalako, eruan biarko zaitu zerura. Osterantzian zuzen kondenauko zara. Jesus geure zeruko Erakusliak alan esaten deutsee pekatari guztiai: Penitenzija egiten ez badozu, guztiok modu batera galduko zara. Duda guztiak erabagiten ditubee Jesusen berba itzaltsu oneek. Au gaiti esaten dau san Juan Klimakok: Inun dan bizi modurik altubena ta santubena artuten badozu bere, sinistu egizu ez deutsula balijo, pekatubaren damu egijazkua ez badaukazu. Berau gaiti dino san Jeronimok, salbetako bigarren ola dala penitenzija. Galdu dozu tentazinoiaren olatubagaz grazijaren ontzija? Bada, edo ito pekatubaren uretan betiko, edo oratu ontzi galdubaren olari, zein dan salbetako penitenzija egijazkua. Au berau erakusten deusku Eleisa Ama santiak Trentoko batzaar santuban. Pekatu illgarrija egin dabeen guztientzat, beti izan dala nora ezekua penitenzija egijazkua salbetako, dino konzilijuak.

        Ta ez da, neure entzula onak, penitenzijaren premina au oraingua pekatarija salbetako, ezbada betikua. Mundubaren asierati amairainokua. Penitenzijagaz salbau zan Adan, geure lelengo gurasua. Baita Eba bere. Baita Dabid erregia bere. Baita lapur ona bere. Baita beste asko bere, konpesinoeko sakramentuba Jesukristok itxi euskun baino leenago. Ta Jesukristo geure Jaunak konpesinoeko sakramentuba itxi euskun ezkero bere, pekatarija salbetako ez dago beste biderik, pekatubagaz benetan garbatuta, bijotz osuagaz Jaungoikuagana biurtutia baino, pekatuba konpesetako ta aren zorra pagetako gogo osuagaz.

        Ez, bada, aaztu, neure kristinaubak, zer esan gura daben penitenzijak. Zeinbat modutakua dan ta ze premina andikua dan, pekatarija salbetako. Oin onetati erraztuago aituko dituzu konpesinoeko sakramentuko ikasikizunak. Guztiaz izango dira penitenzija egijazkuari edo konpesinoeko sakramentubari darraikozanak. Eskatu daijogun Jaun zerukuari, bialdu daigula arimako argitasuna, geure pekatuben gatxa ezaututeko. Bigundu dagizala bere amodijo santubaren espiritubagaz geure bijotz pekatubagaz liortubak. Sortu dagijala geure arimetan pekatubaren gorrotua ta Jesusen amodijo garbija. Oh, Jaungoiko maitia! Askatu gaizuz pekatubetati ta biurtu gaizuz zeugana, beti zeugaz bizi gaitezan zeruban. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa