www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

III. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zer dan pekatubaren damu egijazkua.

2. Zeinbat modutakua dan.

3. Zelakuak izan biar daben.

 

        Leengo erakutsijan esan dan arduriagaz ta kontubagaz, pekatubak ziatz gogora ekartiari darraiko, neure entzula onak, ondo konpesetako pekatubaren damu egijazkua. Alperrik da pekatubak guztiak banaan banaan gogora ekartia ta bat itxi bagarik guztiak konpesinoian artortutia, ez badago bijotzian pekatubaren garbai minduna. Ez gaitezan engainau, kristinaubak. Leengo ikasikizunian esan neutsun zerbait onen gainian. Ta barriro esaten deutsut orain. Sinistu biar dogu ez dabela Jaungoikuak pekatu mortalik parkatu inos ta ez dabela parkatuko bere, pekatarija garbatu ta damutu artian pekatu eginagaz. Au erakusten da. Au esaten da. Ta au sinistuten da kristinautzan. Baina ez dakit zeinbat dirian, pekatubagaz biar dan moduban garbatuten dirianak. Ojala, kristinaubak, ni engainauko baninz! Ojala, dinot, txito kristinau askok egingo ez balitubee konpesinoe deungak damu egijazkuaren paltaz! Baina bildur nas. Ta esaten deutsut, neure entzula onak, damu egijazkuaren paltaz oi diriala konpesinoe deungarik geijen. Examiniaren paltia zerbaitan erremedijau legi. Edo pekatu geijago gogoratu ez jakolako. Edo konpesoriak gogoratu eragin deutsazalako. Edo deskuiduan bat edo beste aztu jakolako. Lotsaz pekatubak konpesau bagarik isteen ditubeenak bere ez oi dira asko. Konpesoriaren aginduba bere zelanbait egin oi da. Damubaz gaineko konpesinoiaren zatijak geijenian iminten diriala esan legi. Baina pekatubaren damu egijazkua da konpesinoe askotan palta oi dana. Ta berau gaiti konpesinoe deunga asko.

        Aituten emongo deutsut bada, kristinaubak, erakutsi onetan: 1. Zer dan konpesetako biar dan pekatubaren damuba. 2. Zeinbat modutakua dan. 3. Zelakuak izan biar daben. Erregututen deutsut guztioi, imini dagizula txito ardura andija dotrina oneek ainbat onduen entzuteko ta ikasteko.

 

 

I.

 

        Zer da, bada, konpesinoe ona egiteko nai ta ez biar dan pekatubaren damu egijazkua? Ez da au, neure kristinaubak, gorputzeko mina, alia edo naibagia. Ez da au osasuna, kleituba edo aziendia galdu dabelako damuba edo garbaija. Pekatubaren damuba ez da begijakin ikusten dana, belarrijakin entzuten dana, ez eskubakin oratuten jakona. Ez da onetarikua pekatubaren damu egijazkua. Pekatubaren damu egijazkua ta konpesetako biar dana da, pekatu eginagaz Jaungoikuaren aginduba ausi dabelako kristinaubak bere bijotzian artuten daben penia, damuba ta garbaija, ostera pekaturik ez egiteko gogo osuagaz. Iru gauza daukaz pekatubaren damu egijazkuak. Lelengua da: Egin daben pekatubaren damuba. Bigarrena da: Pekatubaren beraren gorrotua. Ta irugarrena: Ostera pekaturik ez egiteko ta pekatuko okasinoeti alde egiteko gogo osua. Irurak esaten deuskuz Trentoko batzaar santubak, dinuanian: animi dolor, et detestatio est de peccato comisso cum proposito non peccandi de caetero.

        Ez da asko damu egijazkua eukiteko, aoz esatia damu dot. Edo bai, baukat damuba. Au guztiak esaten dabee konpesinoian. Ez da damu egijazkuaren señale ziurra, konpesoriaren oinetan negar egitia. Askok egin oi dabee, pekatubaren lotsiak ta konpesau biarrak eraginda. Ez da damu egijazkuaren senaile ziurra bularra jotia. Guztiak konpesinoian jo oi dabee. Egiija da, damu dot esatia, bularra jotia ta negar egitia pekatu egin dabelako, gauza onak dira ta aintzat artuten dira. Baina biar da, kristinaubak, damu dot esanagaz, bularra juagaz ta negar eginagaz aituten emon gura dana. Au da pekatubagaz Jaungoikua asarratu dabelako bijotzian artu biar daben damuba ta garbaija, pekatubaren kontra artu biar daben gorrotua ta ostera ez egiteko gogo sendua. Au ez badauka bere bijotzian bene benetan, ez damu dot esanak, ez negar eginak, ez bularra juak, ez pekatubak konpesaubak, ez deutsa balijo pekatarijari pekatubak parkatuteko. Gogoratu egizu zer jazoten jakon bide zati bat uts eginda kontuban jausten danari. Damu dau bide okerreti juana. Peneetan da uts egitiagaz. Biurtuten da arin atzera bide zuzenera. Ta artuten dau gogua, ostera bide okerreti ez juateko. Beste ainbeste egiten dau pekatubaren damu egijazkua daukanak. Damu dau pekatubaren bideti juana. Garbatuten da pekatubaren uts egitiagaz. Pekatubaren bidiari itxita, biurtuten da Jaungoikuaren bide zuzenera. Ta artuten dau asmo sendo bat ostera pekatubaren bidera ez juateko.

        Au da damu egijazkuak geure bijotzian egiten daben aldatzia ta bijotzari berari emoten deutsan penia ta garbaija. Au gaiti esaten deutsku Jaungoikuak Joel propeta santubaren aoti: Urratu egizuz zeuben bijotzak, ez zeuben erropak. Ta beste leku baten esaten deusku Espiritu Santubak: Barristau egizuz edo egin egizuz zeubentzat bijotz barrijak. Biurtu zaite pekatarijak zeuben bijotzetara, esaten deusku beste leku baten. Oneetan guztietan ta beste onako leku askotan eskatuten deutsa Jaungoikuak pekatarijari, penau dagijala, mindu dagijala ta atsekabatu dagijala bere bijotza pekatubaren damubagaz ta garbaijagaz. Onetan dago, kristinaubak, damu egijazkuaren izatia. Baina ikusi daigun zeinbat modutakua dan damu egijazkua ondo konpesetako, naita ez biar dana.

 

 

II.

 

        Modu bitakua da, bada, pekatubaren damuba. Batari esaten jako, kontrizinoia. Ta bestiari atrizinoia. Edo batari esaten jako, amodijozko damuba. Ta bestiari, bildurrezko damuba. Amodijozko damuba da, pekatubagaz Jaungoiko ona opendidu dabelako, kristinaubak bijotzian artuten daben penia ta garbaija, pekatuba konpesetako ta ostera pekaturik ez egiteko gogo bizijagaz. Amodijozko damubak ez deutsa ainbeste begiratuten, ez grazija galdubari, ez zeruba galdubari, ez inpernuba irabazijari, ezbada zeruko Aita ona ta guztiz maitegarrija pekatu mortalagaz injurijau dabelako. Ezaututen dau Jaungoikua dana aita on guztiak baino obia; ama bigun guztiak baino bigunagua; zuzen guztiak baino zuzenagua; ta maitegarri guztiak baino maitegarrijagua. Bada, ezaubera santa onek ta Jaungoiko onaren amodijuak emoten deutsa pekatarijari bijotzian damu bizija, bere zeruko Aita onari lotsia galdu deutsalako, pekatubagaz Jaungoiko maitia asarratu dabelako edo bere aginduba ausi dabelako. Au da pekatarijaren amodijozko damuba.

        Bildurrezko damuba da pekatu mortala edo ilgarrija egin dabelako penia, konpesetako ustiagaz ta ostera ez egiteko goguagaz. Baina zer? Ah! Pekatubaren beraren ezaintasuna gaiti. Pekatubagaz galdu dabelako arimako grazija ta zerurako eskubidia ta irabazi dabelako inpernuko suba. Pekatubaren kalte ikaragarri oneek bildurtuten dabee pekatarija. Baki Jaungoiko zuzenak parkatuten ditubana, ondo damutu ta konpesautako pekatubak. Alan prestetan da pe[ka]tuduna pekatubak konpesetako, pekatu eginaren damubagaz, Jaungoiko zuzenaren amodijuagaz ta ostera pekaturik ez egiteko uste osuagaz. Au da pekatarijaren bildurrezko damuba.

        Amodijozko damuba ta bildurrezko damuba bardin dira gauza batzubetan. Baina beste batzubetan ez. Bijak dira Jaungoikuaren grazijazkuak ta Espiritu Santubaren doia. Bijak daukee, egijazkuak badira, ostera pekaturik ez egiteko asmo sendua ta pekatuko okasinoeti alde egiteko gogo bizija. Baita pekatu eginak ziatz konpesetako gogua bere. Iru gauza onetan bat izan arren amodijozko ta bildurrezko damuba, beste askotan ez dira bat. Bada, amodijozko damuba karidadiagaz dago. Baina ez bildurrezko damuba. Amodijozko damubak bertati iminten dau pekatarija Jaungoikuaren grazijan. Baina ez bildurrezko damubak konpesau bagarik edo sakramentubak bagarik. Bildurrezko damubak berak bakarrik ez ditu parkatuten pekatubak, amodijozko damubak legez. Baina prestetan dau pekatarija, ondo konpesetako. Ta bildurrezko damu egijazkuagaz ta konpesinoeko sakramentubagaz parkatuten dira pekatubak. Amodijozko edo bildurrezko damuba nai ta ezekua da, neure kristinaubak, Jaugoikuak pekatubak parkatuteko. Pekatu egina ondo damutu ta garbatu bagarik, ez deutsa inos Jaungoikuak pekatu andirik edo illgarririk parkatu inori, leen esan dan legez. Artu biar da pekatubaren gorrotua. Artu biar da pekatubaren damuba. Artu biar da pekaturik ostera ez egiteko asmo sendua. Ta biar da pekatuba konpesetako gogo osua, Jaungoikuak parkatuko badau pekatuba. Baina zelakuak izan biar dau pekatubaren damu nai ta ezeko esan dan onek?

 

 

III.

 

        Damubak izan biar dau, neure kristinaubak, nai amodijozkuak ta nai bildurrezkuak, konpesetako ta pekatubak parkatuteko balijoko badau. Lelengo: Jaungoikua gaiti ta arimiaren ona gaiti artuba. Bigarrenian: Damu guztietati andijena. Irugarrenian: Pekatu guztiena.

        1. Jaungoikua gaiti ta geure arimiaren ona gaiti garbatu biar jaku pekatu egina. Onek esan gura dau, zeruko sinistutiagaz balijauta, Jaungoikua asarratu dogulako, grazija ta zeruba galdu ditugulako ta inpernuba irabatzi dogulako garbatu biar dogula pekatubagaz. Ez pekatubak mundurako gatxen bat ekarri deuskulako. Zeinbat garbatuten dira ta garbatu leitekez, lapurretan eginagaz karzelara edo erbestera lapurretia gaiti daruazalako? Zeinbat emakume libre garbatuten dira ta garbatu leitekez, euren pekatu naijak azaldau dirialako, kleituba galdu dabeelako ta beste leengo lagunak burla egiten deutseelako? Asko. Baita negar andijak egin bere. Zeinbat gaiski esala ta miin luzedun garbatu oi dira ta garbatu leitekez, inor gaiti deungaro esanagaz juezaren aurrian guzurti egin ditubelako? Asko. Ta balijo deutsee arei guztiai onako damubak konpesetako ta pekatuben parkazinoia jadisteko? Ez, kristinaubak. Pekatubak mundura dakazan gatxak gaiti dira onetariko damubak. Ta ez dabee balijo konpesetako ta Jaungoikuagaz bakiak egiteko. Jakinda egon, bada, kristinaubak. Zuben pekatubaren damuba ta penia bada, edo osasuna galdu dozulako, edo adiskidia galdu dozulako, edo kleituba edo ondria galdu dozulako, edo aziendia nai diruba galdu dozulako, edo karzelan egon biar dozulako, edo beste munduban iragoten dan gatx edo kalte bat zeure burubari pekatu eginagaz ekarri deutsazulako, ez deutsu ezer bere balijo damutubak ta garbatubak, pekatuba parkatuteko. Geratuko zara damu a gaiti damubagaz, garbaijagaz, peniagaz, pekatubaren kaltiagaz ta pekatubagaz beragaz Jaungoikuaren gorrotuan, konpesau arren. Damubak izan biar dau zeruti jatsijak ta Jaungoikua gaiti ta arimiaren erremedijua gaiti artubak, leen esan dan legez, balijoko badau konpesetako ta pekatuba parkatuteko.

        Oh zeinbat damu balijo bagako, neure kristinaubak! Oh, zeinbat negar paltso konpesoriaren oinetan! Damubak eta peniak ateraak. Baina ez, Jaungoiko ona pekatubagaz openditu dabelako; ez, zeruko Aita Jaunaren aginduba lotsa bagarik ausi dabelako; ez, arimako grazija ederra pekatubagaz galdu dabelako; ez, zeruba betiko galdu dabelako ta inpernuba betiko irabazi dabe lako. Ez dira pekatari askoren konpesinoeko damubak eta negarrak Jaungoikua, zeruba ta arimia gaiti, ezbada, pekatubagaz euren gainera ekarri dituben gatxak eta kaltiak gaiti; edo pekatuba konpesau biarrak emoten deutseen larrija, penia ta lotsarija gaiti. Sinistu biar dogu bada, kristinaubak, damu egijazko ta zeruti jatsitako onen paltaz diriala konpesinoe deungarik geijenak. Biar da, bada, pekatubaren damuba Jaungoikua gaiti ta arimako ona gaiti artuba, konpesetako. Baita izan biar dau pekatubaren damubak damu guztietati andijenak bere.

        2. Bai, kristinaubak. Nai dozu ondo konpesau? Nai dozu Jaungoikuagaz bakia egin ta adiskide izan? Nai dozu Jaungoikuak parkatu daizuzan zeuben pekatubak? Bada, damutu biar jatzu ta garbatu biar jatzu bijotz bijotzeti pekatu egina. Baina zelako damuba? Beste munduko gatx guztiak ta kalte guztiak emon legizuben baino damu andijagua. Au da ondo konpesetako biar dan damuba. Damu guztietati andijena. Pekatu mortalagaz galdu dozu Jaungoikua, galdu dozu zeruba ta irabazi dozu inpernuba. Galdu dozu gauzarik oneena ta irabazi dozu gauzarik txaarrena. Bada, pekatu egin dozulako peniak bere izan biar dau, zeure euki al dagizun penarik andijena. Emoten deutsu zeure bijotzian pekatu mortala eginak lastima geijago, atsekaba geijago, pena geijago ta damu geijago, Jaungoikua, zeruba ta arimia galdu dituzulako ta inpernuba irabatzi dozulako, beste ekarri leuskezuzan kalte guztiak gaiti baino? Bada, prest zagoz ondo konpesetako. Geijago begiratuten deutsazu zeure gogoan kleituba jasotiari, osasuna gordetiari, eukija ez galdutiari, bizi izatiari ta adiskidiagazgua eukitiari, pekatu mortalak arimara ekarri deutsuzan kaltiai baino? Bada, ez zagoz prest ondo konpesetako. Ez daukazu biar dan damurik. Ez da zure pekatubaren damuba damu guztietati andijena.

        Oh, zelan itsututen dirian pekatarijak gauza onetan! Damu erdi bategaz, pekatu egin ez baleu oba zalako bategaz, uste dabee kristinau askok parkatuten jakuezala konpesetan dituben pekatubak. Abere bat edo ganadu bat galduten jakuenian, peniaren penaz euren buruben jaube ez dira. Zor bat inok ukatuten badeutsee, atsekabiaren atsekabaz lorik egiten ez dabee. Etxe bat erreetan bajakue, gaineko urte betian edo geijaguan negarrez dagoz aitatuten dan guztian. Onako penia ta damuba emoten dautsee kristinaubai munduko kaltiak ta gatxak. Baina nekez ikusten da, pekatu eginak emoten deutsala inori alako damu bizija ta andija. Zek egiten dau au, kristinaubak? Pekatubaren kaltiak ondo gogoratu ezak. Bada, zer daukee zer ikusi munduko kalte ta gatx guztiak pekatu illgarri baten kalte amai bagakuakin? Damutu bada, kristinaubak, damutu pekatubagaz, beste munduko gatx guztiakin baino geijago. Izan dedilla zeuben pekatuben damuba damu guztietati andijena. Baita pekatu illgarri guztiena bere.

        3. Alperrik da pekatu bategaz edo beste bategaz damututia, guztiakin damututen ez bada. Pekatu illgarri edo mortal guztiakin damutu biar dau pekatarijak, konpesinoian pekatubak parkatuko bajakoz. Bada, pekatu illgarri guztiak eta bakotxa dira asko Jaungoiko andija asarratuteko, aingerubak tristetuteko, santubak desondretako, Espiritu Santubaren grazija galduteko, demoninuari arimia entregetako ta inpernuba irabazteko. Kalte oneek guztiok ekarten ditu pekatarijak bere gainera pekatu illgarri bakotxagaz. Bada, guztiakin damutu biar dau, parkatuko bajakoz. Pekatu guztiak eta bakotxa konpesau biar dira, parkatuko badira. Bada, zeinbat pekatu konpesau biar dirian, ainbestegaz garbatu biar da. Alan, garbatu arren pekatarija lapurretan eginagaz, garbatuten ez bada orditubagaz, ez deutsa balijo damubak. Garbatu arren juramentu guzurrezkua eginagaz, garbatuten ez bada mezia entzun ezagaz, ez deutsa balijo damubak. Garbatu arren emakume bategaz pekatu egina, garbatuten ez bada beste bategaz egina, ez deutsa damubak eta garbaijak balijo. Modu onetan, kristinaubak, beste pekatu illgarri guztiakin. Bada, guztiak eta bakotxa dira Jaungoikuaren arerijuak. Ta guztiai ta bakotxari gorroto izan biar deutseegu.

        Erakutsi onetati ezaututen da, konpesinoe palsuak egiten ditubeela askok, pekatu guztien damu egijazkua artu ezagaz. Norbait damututen da mezia bere erruz uts egin dabelako. Ta konpesoriak itanduta, konpesau arren umiai ta otseginai gabaz ta egunaz or emen ardura bagarik ibilten itxi deutseena, ez da damututen au gaiti. Bada, ez dau aren konpesinoiak balijo. Beste bat damututen da zerbait ostu dabelako. Ta ez da damututen berba txaarra, bidaua ta maldezinoia ta juramentuba isildu bagarik auan darabilzalako. Bada, ez dau aren konpesinoiak balijo. Beste bat damututen da aragizko pekatu bat egin dabelako. Ta ez da damututen auzuagaz berbarik egin gura ezda, ikusi ezinian ta gorrotuan luzaro bizi dalako. Bada, aren konpesinoiak ez dau balijo. Beste bat damututen da inor gaiti bide bage deungaro esan dabelako. Ta ez da damututen, eria dabenian, zaragija legez ardaoz beteten dalako. Bada, aren konpesinoiak ez dau balijo. Onan dira txito konpesinoe asko paltsuak ta sakrilejijozkuak, pekatu guztien ta bakotxaren damuba palta dabeelako.

        Gogoratu bada, neure entzula onak, zer dan pekatubaren damu egijazkua; zeinbat modutakua dan; ta zelakuak izan biar daben. Ez aspertu aoz esaten ikasijagaz. Irago buruban sarri ta batez bere konpesau biar dozunian zer dan pekatu illgarrija; zer irabazi dozun pekatubagaz; zer galdu dozun; ze gorroto deutsan Jaungoikuak; ta damutu bijotz bijo[t]zeti pekatu guztiakin ta bakotxagaz. Orduban parkatuko jatzuz pekatu guztiak konpesinoeko sakramentuban. Alan gura izan dagijala zerubak Jesusen erijotza santia gaiti ta Maria Santisimiaren erraija errukiorrak gaiti. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa