www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VII. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zetarako batiuan emoten jakozan

seinari aita ta ama besuetako.

2. Zeintzuk dirian oneen eginbiarrak.

 

        Erromako Katezismuak itanduten dau, neure kristinaubak, ia bautismogi naz ostian, zetarako emoten jakozan batiuan kristinaubari aita ta ama besuetako deritxuenak, Eleisiaren txito antxinako oituria dan legez, bada, katezismuaren beraren esanian, kristinau barrijari bautismuan nok besuetan artu edo garbillako iturriti nok atera emotia, pensatu dot ondo izango dala, onen gaineko ikasikizuna zeubei erakustia. Esango deutsut, bada, bautismoko azkeneko erakutsi onetan: 1. Zer aituten dan kristinaubaren aita ta ama besuetakogaz. 2. Zer egin biar dabeen kristinaubagaz. Artu egizu, bada, gogua, ainbat onduen entzuteko.

 

 

I.

 

        Jaijoten dan seinak biar daben legez nok kontu egin ta bularra emon, azi dedin, alan biar dau, dino katezismuak, batiatuten danak bere kristinautzako ta arimako gauzak nok erakutsi ta zeruba irabazteko bideetan nok kontu egin. Oneek dira kristinau barrijaren aita ta ama besuetako esaten deutseegunak. Eleisiaren lelengo Gurasuetati dator, kristinau barrijari espirituzko jaolaak emotia bautismuan. Leenagoko denporetan kristinau barri bakotxari emoten jakozan jaola asko. Baina Eleisiaren Trentoko batzaar santubak gitxitu zituban jaola bat izatera, edo geijenaz bi. Bata gizona ta bestia emakumia. Alan useetan da gizonezko bat ta emakume bat emotia seinari, batiatuten danian jaolatzat edo aita ta ama besuetakotzat. Esaten jakue onei seinaren arzailak; kristinauba batiatuten danian euren eskubetan edo besuetan artuten dabeelako. Baita esaten jakue, kristinau barrijaren ordeko eskinzailak, seinaren izenian eurak eskintzen deutseelako Jaungoikuari ta Eleisa Ama santiari, Jesukristori ta kristinautza egijazkuari jarraitutia. Baita esaten jakue, kristinau barrijaren pijadoriak, eurak geratuten dirialako, sein arek Jaungoikua serbiduko daben pijadore. Baita esaten jakue, aita ordekuak, gurasuen paltaan, eurak kontu egin biar deutseelako seinari arimiaren onerako gauzetan. Azkenik esaten jakue, seinaren aita ta ama besuetako, eurak eskuban daukeela batiatuten dalako seina.

        Ez da, neure entzula onak, edozein imini biar seina besuetan artuteko, ezbada egikizun atako biarrai ondo kobru emongo deutseena, edo nai badau, emon daikuena. Au gaiti ez jakue emon biar seina besuetara, ez erejiai, ez judegubai, ez moruai, ez kristinautza bagakuai. Ezda ez jako emon biar gura ez dabenari bere, edo seinari biar orduban lagunduko ez deutsanari bere, dino Erromako Katezismuak. Seina besuetara emon biar jakue dotrinia ondo dakijenai, kristinau pielai, al badedi, konpirmauta dagozanai, ekandu ta kristinautza onak daukezanai ta umetako denporia iragotakuai. Seinaren beraren ez aitak, ta ez amak artu legije bautismuan euren umia besuetan. Bada, aragizko sortutia emon deutseenak, ez deutsee emon biar grazijazko jaijotzia. Batiatuten dana aitaren ta amaren parteti da Adanen seme. Ta besteren parteti izan biar dau Jaungoikuaren seme.

        Baita onezaz ostian, gogoratu biar da, bautismoko sakramentubak sortuten daben espirituzko senikeria bere, zeinek utseratuten daben ezkontzia onetariko seniden artian, aldunak leendanaz kenduten ez badeutsee katigu au. Espirituzko senide egiten dira bautismuan, bautismogina ta aita besuetako ta ama besuetako batiatuten danagaz. Baita seinaren gurasuak bere, bautismoginagaz ta aita ta ama besuetakogaz senide egiten dira. Aldunak edo atarako Eleisa santan eskubidia daukanak kendu artian espirituzko senikera au, ezin ezkondu leitekez alkarregaz esan dirian senidiak. Ta ez jakinez ezkonduko balira bere, senikerako katiguba kendu bagarik, ez leuskijue ezkontziak balijoko. Au jakinda euki biar dabee aita besuetako ta Ama besuetako guztiak. Balijo bagako ezkontzaren bat egin ez dagijen eurak bautismuan besuetan artu dabeenagaz edo aren gurasuakin. Espirituzko senikera au ez da oratuten edo ez da sortuten, etxian seina batiatuta eleisara eruaten danian, ez batiatutera, ezbada bautismo nausigintzako beste gauza sagradubak seinari egitera. Orduban bere juan oi dira aita ta ama besuetako. Baina ez jakue oratuten senikerarik, batiatuten seina euki ez dabeelako. Bada, senikera au ekarteko nora ezekua da eleisan seina batiatuten danian, ura ezarrita berbak esaten jakozanian, seina eskubetan eukitia.

        San Dionisiok esaten dau leenagoko denporetan aita ta ama besuetakok berbaz aginduten ebeela, euren besuetako seinari kuidado egitia. Ta esaten ebeela: Aginduten dot, sein au errazoiaren usura eldu dedinian, esango deutsadala sarritan ta egingo dodala alegina, diabrubaganik ta pekatuba ganik alde egin dagijan ta orain agindu daben guztiari kobru emon dagijon. Au esaten ebeen ta aginduten ebeen aita ta ama besuetakok, seina besuetan artuten ebeenian. Ezautu ezkero bada, neure kristinaubak, zer aituten dan seinaren aita ordekuak gaiti, zeintzuk izan biar dabeen, ta ze senikera dakarren seina besuetan artuten dabeenak ta bautismoginak, ikasi biar dogu, ia zer egin biar dabeen aita ta ama besuetakok.

 

 

II.

 

        Askok uste dabeen baino estubaguak ta andijaguak dira, bada, oneen eginbiarrak. Balekijee kristinaubak, dino erakusla batek, ze karga andija dan seina besuetan batiuan artutia, ez leuke inok ainbeste naiko, ta gura suak bere ez leuskijue seina besuetara emongo edozein lelengo agiri dani. Au gaiti, Erromako Katezismuak esaten dau, erakutsi biar jakuela kristinaubai seina besuetan artutiak dakazan eginbiarrak. Ain ardura gitxigaz begiratuten jako egikizun santu oni kristandadian, ze ya aita ta ama besuetakoren izen utsa baino besterik ez da geratu, dino Katezismuak. Egikizun oneetati batzuk dira, seina batiatuten danian egin biar dirianak. Ta beste batzuk, gero egin biar dirianak.

        Aita ordekuen seina batiatuten daneko eginbiarrak dira: Lelengo: Aita ta ama besuetakok eskini edo oprezidu biar deutsee seina batiuan Jaungoikuari ta Eleisa Ama santiari. Alan, eurak erantzuten dabee seinaren ordez batiuan ta Jaungoikuak artuten dau sein batiatuba euren eskubetati bere semetzat. Bigarrenian: Gurasuen ta baustismoginaren paltan, besuetan artuten dabeenak imini biar deutsee seinari izena bautismuan. Leen esan dan legez, zeruban Jaungoikuagaz daguan aingeru, santu edo santaren baten izena da, seinari imini biar jakona. Irugarrenian: Besuetan seina artuten dabeenak erantzun biar deutsee, badakije, bautismoginak seinari egiten deutsazan itauniai. Laugarrenian: Euki biar dabee seina eskubetan edo egon seinari oratuta, baustismoginak ura ezarrita batiatuten dabenian. Baita errezetan dabee kredua bere besteekin; ta erregututen deutsee Jaungoikuari seinaren kristi nautza ona gaiti. Oneek dira, seina batiatuten daneko aita ta ama besuetakoren eginbiarrak.

        Seina batiatuta gero egin biar dabeena da: Lelengo: Goguan euki beti, bautismo santuban seinagaz ta seinaren gurasuakin oratu jakuen espirituzko senikeria. Balijo bagako ezkontzaren bat egin ez dagijen inos alkarren artian.

        Bigarrenian: Aita ta ama besuetakoren eginbiarra da, eurak bautismoko iturri santuti atera ebeen kristinauba aparteko legiagaz maite izatia. Bada, eurak erantzunda, eurak lagunduta ta eurak eskubetan artuta jaijo zan a seina bautismuan grazijara. Orregaiti dira aita ordekuak, aren pijadorijak Jaungoikuaren aurrerako ta egijazko espirituzko gurasuak. Au gaiti zor deutsee euren besuetako umiai aparteko maitetasuna ta nai ona.

        Irugarrenian: Euki biar dabee kontuba, euren besuetako seinak artu dagijen, denporia danian konpirmazinoeko sakramentuba.

        Laugarrenian: Aita ta ama besuetakoren zeregin nausija da, eurak besuetan artu dabeenari kristinau on izaten erakustia. Gurasuen paltan, edo gurasuak euki arren areek erakusten ez badeutsee, alegina egin biar dabee besuetan seina artu ebeenak, seinak dotrinia ikasi dagijan, edadia dabenian; Jaungoikuari ta Eleisiari obeidu dagijon; bautismoko bere agindubak gorde dagizan; ta zerurako bidian bizi dedin. Esaten deutsut, zirautseen san Agustinek beste denpora baten aita ordeko guztiai, esaten deutsut, baustismoko umiak daukazuzan gizon ta emakume guztioi, ezautu dagizula ondo, bautismoko iturrijan besuetan artu zenduzanen pijadoriak zariala Jaungoikuaren begijetan. Orregaiti, dino Santubak, gogoratu egijezu sarri ta esan egijezu gogoz, gorde dagijela kastidadia, maite izan dagijela zuzentasuna ta euki dagijela karidadia. Erakutsi lelengoti, dino, zeuben besuetako umiai Kredua, Aitageuria, Jaungoikuaren agindubak ta kristinautzan jakin biar dabeena.

        Onan berba egiten dabee Eleisiaren Gurasuak aita ordekuen eginbiarrak gaiti. Erakusla batek artuten daben legez bere kontura ikasliari erakusteko sail atan jakin biar dabena, alan aita ta ama besuetakok bere artuten dabee euren kontura, seinari kristinautzan jakin biar dabena erakusteko. Besuetan artuten dabeenak dira espirituzko gurasuak, dino san Dionisiok. Bada, guraso on baten arduriagaz begiratu biar deutsee, euren besuetako kristinaubaren arimako gauzai ta salbetiari. Gurasuak edo gurasuen lekuban dagozanak kontu egiten badeutsee euren besuetako umiari, ez daukee aita ta ama ordekuak eginbiarrik. Baina ikusten badabee euren besuetako kristinauba errazoiaren ezauberara elduta dotrinarik ez dakijala, Jaungoikuaren ezauberarik ez daukala, sakramentubak artuten ez ditubala, artuteko zelan prestau ez dakijala ta kristinautzako bideti urrin dabilela, egin biar dabee aita ta ama besuetakok euregan dana, jakin biar dabena erakusteko ta kristinau egijazko baten bizi modura ekarteko.

        Ta asko izango da kuraak ta abadiak atarako dagozala, ta orreek erakutsi biar deutseela esatia? Ez, kristinaubak. Kura jaunak ta abade jaunak egozala Eleisiak ordenau eban, aita ta ama besuetako seinari batiuan emotia. Apostolu santubetati datorren usadijua dala au, esaten dau san Dionisiok. Eleisiaren lelengo giza aldijetako kura jaunak ta abade jaunak beekijezan euren eginbiarrak. Ta ziatz kobru emoten eutseen euren zeregin santubai. Baina orduti ona beti ikusten da, kristinau barrijari espirituzko gurasuak emotia. Zegaiti, bada, au? Kura jaunez ostian kristinau barrijak euki dagijen, gurasuen paltan, kristinau izaten ta zeruba irabazten nok erakutsi ta nok lagundu. Ez da, bada, asko izango aita ta ama besuetakuentzat, kura jaunak erakutsi biar deutseela esatia. Eureena da a eginbiarra. Ta euren eginbiarrari ez deutsee kobru emongo, inok egitekuagaz.

        Bostgarrenian: Txito gauza ona ta eurai jagokuena da, aita ta ama besuetakok, eurak bautismuan artu dabeen umiari, errazoiaren usura eldu dedinian, esatia ta gogoratu eragitia, bautismo santuban bere ordez zer erantzun eutseen Jaungoikuari ta Eleisiari; ze promes edo eskini santubak ta jasuak egin zituban orduban Jaungoikuaren ta altaren aurrian; zelan agindu eban diabrubari, mundubari ta aragijari gerra egitia; Jesus maitiaren kurutziari jarraitutia; Jaungoikuaren agindubak gordetia; Eleisa santiari obeidutia; ta kristinautzako sinistutia karidadiaren subagaz ixiota beti ariman eukitia. Au jagokue aita ta ama besuetakori gurasuen paltan. Batez bere ikusten badabee euren besuetako umia Jaungoikuaren bide santuti aldenduta. Edo dabilela munduko banidadetan, edo eskandaluko tratubetan, edo pekatu agirijetan, edo bere arimia galduteko bideetan; orduban gogoratu biar deutseez bere bautismoko agindu santubak.

        Seigarrenian: Aita ta ama besuetakok erregutu biar deutsee Jaungoikuari, eurak batiuan artu dabeen kristinauba gaiti. Bada, modu guztietara lagundu biar deutsee, aleginaz, kristinau egiten lagundu eutseenari Jaungoikua serbiduteko ta zerurako izan dedin. Ta modu oneen artian ez da gitxien balijo deutsana aita ordekuen sarritako orazinoia.

        Ara emen, kristinaubak, aita ta ama besuetakoren eginbiarrak, Eleisiaren Gurasuak ta Katezisimuak dinuenez. Ez dira aaztuta eukitekuak, ezbada bakotxak, jagokanez ta preminiak eskatuten deutsanez, ainbat ziurren kobru emon biar deutseenak. Duda bagarik, kontu artuko deutsee Jaungoikuak aita ta ama besuetakori, ia zeren pijadore jarki zirian, seina euren besuetan batiatu zanian. Ta ikusirik eurak batiuan artutako seina bautismoko eskini santubakin aaztuta, Jaungoikuaren ta zerubaren ezaubera bagarik, diabrubari ta galdu bidiari jarraituten deutsala, aleginaz kontu egiten ez badeutsee kristinauz bizi dedin, zer erantzungo deutsee Jaungoiko zuzenari? Ah! Eurak pensau daikee errazago dala seina besuetan artuten, ari darraikozan eginbiar santubai kobru emoten baino.

        Baita beste aldeti, kristinau guztiai jagokue euren aita ta ama besuetakori lotsa ona artutia; arimiaren onerako emoten deutseezan ikasikizunak ta konseju onak esker onagaz entzutia; euren esan santubai ta kristinautza zuzenekuai pozik eta gogo prestagaz obeidutia; aita ta ama besuetakori aparteko legia ta maitetasuna erakustia; ta eurak gaiti Jaungoikuari gogoz erregututia. Au jagokue kristinau guztiai euren aita ta ama besuetakoren ondrarako ta esker onerako. Aitu dozu bada, neure entzula onak, zetarako seinari emoten jakozan batiuan aita ta ama besuetako. Baita zeintzuk dirian oneen sail atako eginbiarrak bere.

        Deritxat erakutsi deutsudala ikasikizun oneetan, bautismoko sakramentu santubaren gainian zeubek jakin biar dozuna. Esan deutsut, ze izate daukan bautismuak; nok itxi euskun sakramentu santu au; ze biarrekua dan geure arimak salbetako; zegaz egiten dan; zelan egiten dan; premina orduban zeinek egin legijan; bautismuak geure ariman zer egiten daben; denporia baino leenago galduten dirian seinai zelan bautismuagaz lagundu biar jakuen... ta azkenik, aita ta ama besuetakori jagokuen erakutsija. Oni darraiko, neure entzula onak, leen esan deutsudana: 1. Jaungoikuari esker onak emotia, kristinau egin ginduzalako. 2. Sarri edo beti goguan eukitia, batiuan Jaungoikuari egin geuntsazan eskini santubak ta altubak. 3. Kristinautzako eginbiarrak ta jakinkizunak ondo ikastia. 4. Kristinaubaren izen santuba inos lotsatuko ez dan bizi moduba beti eukitia. Onegaz izango gara duda bagarik guztiok zeruko betiko etxagunak.

        Oh, Jesus, geure Salbazaille maitia! Zeuk artu ginduzuzan bautismo santuban zeure semetzat ta zeure ondriaren jaolatzat. Zeuri eskatuten deutsugu, bada, amaitu dagizula gugan asi dozun grazijazko biarra. Ez zinduguzan zeu ezautuko, zeuk zeure Eleisara eruanda, batiatu ez baginduzuz. Emon egiguzu, bada, Jauna, grazija egilia, kristinau izateko ondria zeu ganik daukagun legez, euki daigun zeruban beti zeugaz bizi izateko ta zeure ontasunak kantetako ditxia. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa