www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

IV. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Arimia gaiti zer sinistu biar dogun;

ta zelan pensau daikegun bere asieriaren gainian.

2. Ze gaiti galdu oi dirian askotan seinak amaren sabelian.

 

        Arimiaren betiko onari urreti jagokazan gauzetan ez dogu ezer bere itxi biar, neure kristinaubak, ainbat onduen ikasi bagarik. Erakutsi arren, bada, kristinaubari bautismo santuba zegaz eta zelan egiten dan, bagoz beste gauza batzuk, moduren baten sakramentu oni jagokazanak ta kristinaubak jakitia txito ondo dirianak. Seinak guztiak jaijoko balira amaren sabeleti ondo ta sendo, ez legoke esan dana baino geijago zer ikasi bautismo egitiaren gainian. Baina sarritan jazoten dan legez seinak denporia baino leenago jaijotia edo galdutia, emeti dator arima triste areen errukija. Baita alegin guztiagaz arei lagunduteko naija bere. Batzubetan galduten dira seinak amaren sabelian gurasuen erruz. Beste batzubetan, gurasuak errurik ez daukeela, eurekauten. Gurasuen erruz bere batzubetan, gurasuak berarijaz berak seina galduta. Beste askotan, berarijaz izan ez arren, gurasuaren beraren erruz. Baita seinak bere galdu oi dira amaren sabelian, batzuk leenago ta beste batzuk geruago. Batzubetan, sortuta laster. Ta beste batzubetan, sortuta nekezago.

        Beste aldeti, batiatu bagarik geratuten dirian seinentzat ez dago salbetarik. Amaren sabelian arimia gorputzagaz bat eginda bertati izan arren, batiatu bagarik galduten bada, ez dago arentzat ya zerurik. Ez dau inos Jaungoikuaren arpegirik ikusiko. Ezda ordu betian baino gorputzagaz bat egin ez bada bere. Bautismo bagarik beste mundura doian seina, beti egongo da linbuan. Ez da, bada, gauza ona ta biarrekua izango, neure entzula onak, guraso guztiai erakustia ainbat onduen ta seguruben? Lelengo: Arimen asieria. Ezautu dagijen arimiaren balijua. Bigarrenian: Sabelian zelan seinak galdu oi dirian. Errukitu ditezan ta kontu egin dagijuen sabelian daguan seinari. Irugarrenian: Inos sein galdute bat jazoten danian, zelan batiatu biar dan. Duda bagarik premina andiko gauzia da au. Arimiaren balijua ezaututa, sein sortuben errukija artuta, jaijo artian ondo zaintuta, ustez uste bagako sein galdu ordu bat jazoten bajakue, jakingo dabee orduban zer egin biar dabeen. Uste dot, kristinaubak, geure neke guztiak ta ardura guztiak utsak diriala, ez alan galduten dirian arima guztiak, ezbada areetati bat bakarrik salbauko balitz geure partez. Ze poza, ze atsegina, erru bagako arima bat geure aldeti zeruban eukitia! Onetarako esango deutsut, bada, erakutsi onetan: 1. Arimak gaiti zer sinistu biar dogun; ta zelan pensau daikegun arimen gorputzagazko bat egitia gaiti. 2. Zelan galdu oi dirian seinak amaren sabelian. Entzun egizu gogoz. Ta dendatu zaite ondo ikasten.

        Egiija esateko, arimiaren gainian zorakerija asko erakutsi edo esan ditubee gizonak. Zeruko argija bagarik ta Jaungoikuaren laguntasuna bagarik geure arimen gainian berba egin dabeenak, jausi dira uts egite andi askotan. Baina Eleisa Ama santiaren erakutsijari ta Jaungoikuaren deijari gogoz ta gustoz jarraitu deutsenak, bide illunetan bere ez dabee utsik egin. Arimiaren gainian bere, Eleisa Ama santiari ta Jaungoikuari berari entzun biar deutsagu bada, neure kristinaubak. Eleisiak aginduten deusku, bada, sinistuteko. Lelengo: Geure arimak diriala, Jaungoikuak ezer bere ezeti egindako edo ateratako espiritubak. Bigarrenian: Geure arimak daukeezala aituteko ta nai izateko alarijak edo potenzijak, zeintzuk dirian adina ta naillia. Adina, Jaungoikua ta beste gauzak aituteko. Ta naillia, Jaungoikua bera ta beste gauza onak maitetuteko, deungak gorrototuteko. Baita dauka arimiak gomutia bere, iragotako gauzak gogoratuteko. Irugarrenian: Arimak dirian legez espirituzkuak, ez diriala inos amaituko. Asieria badaukee geure arimak, baina amairik ez daukee. Nora ezekua da ya, geure arimak edo zeruko glorijan, edo inpernuko sugarretan, edo linbo illunian beti beti egotia. Au erakusten deusku, neure entzula onak, Eleisa Ama santiak geure arimen izatiaren gainian. Ta arimak gorputzagaz bat egitiaren gainian erakusten deutsku Eleisa Ama santiak berak:

        Lelengo: Gizon bakotxarentzat ta emakume bakotxarentzat Jaungoikuak ezer bere ezeti ateraten dabela edo egiten dabela arima bat. Alan, zeinbat gizon ta emakume sortu dirian guztitan mundubaren asierati amaira, ainbeste arima izango dira betiko. Bigarrenian: Sinistu biar dogu, gizona nai emakumia bizirik daguan artian, arimia bere gorputzagaz daguala. Irugarrenian: Gizona edo emakumia illten danian doiala arimia Jaungoikuak aginduten deutsan lekura: Edo zerura, edo purgatorijora, edo linbora, edo inpernura. Ta azkeneko egunian ostera gorputza biztu dedinian, bat egingo dala arimia bere gorputzagaz. Laugarrenian: Sabelian sortuteko dagozan gorputzentzat ez ditubala Jaungoikuak leendanaz arimak ezer bere ezeti egiten, ezbada gorputz geija arimia beragaz bat egiteko amaren sabelian prestetan dan orduban, Jaungoikuak ezer bere ezeti aterata, iminten dabela arimia an. Bostgarrenian: Seina jaijo baino leenago daguala arimia gorputzian. Au sinistuten dogu, neure kristinaubak, arimia gorputzagaz bat egitiaren gainian Eleisa Ama santiaren erakutsiti ta Eskritura Sagraduko jazuetati.

        Baina, seina amaren sabelian sortuten daneti zeinbat denpora barru arimiagaz bat egiten dan, ez dago guztiz erabagita. Ez dago guztiz erabagita, sortutako gorputz gei atan Jaungoikuak nos iminten daben lelengo arima espirituzkua. Baina askok erakusten dabee, ta askoren artian Kanjiamila Palermoko kanonigu jakitunak, zein alabeetan daben Benedikto XIV. bere zelo santuzko ta jakiturijazko erakutsija gaiti, erakusten dau beste askogaz, san Basilio ta san Zesario testigutzat artuta, amaren sabelian seina sortuten daneti laster edo denpora gitxi barru Jaungoikuak arimia iminten dabela gorputz gei sortuban. Aspaldijetako erakusla askok edo geijenak esaten dabeena da au, neure kristianaubak. Au berau sinistu eragiteko dakarreez errazoe senduak ta jazo azaldaubak, jakitunik andijenen ontzat emotia merezidu izan dabeenak. Ez da, bada, izango ez ebanjelijo santubaren, ez geure kristinautzako erakutsi garbijaren kaltian esatia, amaren sabelian seina sortuten daneti laster edo denpora gitxi barru, Jaungoiko Andijak bere gobernu altubagaz ezer bere ezeti aterata, iminten dabela espirituzko arimia gorputz gei atan. Espirituzko arima a izango dala edo zori onian edo zori gaistuan beti iraungo dabena. Ta orduti ill artian, gorputzari bizitzia ta gizonaren izatia emoten deutsana. Ta azkeneko egunian barriro gorputzagaz betiko bat egingo dana. Emeti dator gorputz geija a, amaren sabelian arimiagaz azten daguana galduten bada batiatu bagarik, an daguan arimiak ez dabela inos Jaungoikuaren arpegirik ikusiko.

        Au da, neure kristinaubak, guraso guztiak jakin biar dabeena ta beti goguan eukitia ondo dana, euren erraijetan sortuten dirian seinai lelengo eguneetati kontu egiteko. Bada, errazoiak ta erakuslaak esaten dabeenez, sortuta lasterreti edo denpora gitxiti dago gorputz geijan espirituzko arimia, gorputza azten, ari bizitzia emoten ta gizonaren izate osora ekarten. Ta gorputz sortu barrija galduten bada amaren sabelian bautismo bagarik gurasuen erruz, zetan geratuten da an daguan arimia? Ah, kristinaubak! Bakizu betiko linbora doiana! Ta bere gurasuen erruz! Ez dago begirik, arima galdu aren gainian biar dan negarra egiteko. Ez aaztu bada, kristinaubak, sortuta laster, esaten danez, edo denpora gitxi barru daguala gorputz erne barrijan mundu guztiak baino geijago balijo daben arima bat. Ta entzun egizu onen ondorik, zegaiti galdu oi dirian askotan seinak amaren sabelian.

 

 

II.

 

        Egunian eguniango jazuak erakusten deuskubee, malpekau, Eleisa Ama santiaren atsekaba andijan, amaren sabelian jaijo baino leenago sein asko galduten diriana. Alan geratuten dira gurasuak ume bagarik, errijak gizon bagarik ta ez gitxitan zeruba arima bagarik. Ta baita erru bagako arimak bere Jaungoikuaren arpegi maitegarrija ikusi bagarik. Oh, kristinaubaren bijotza erdibi egiteko penagarrija! Andija ta bildurgarrija zan, dino arzobispo Jaun batek, Erodesek Jesusen gorrotoz sein erru bagakuetan egin eban illtia edo illketia. Baina andijagua ta negargarrijagua da, ta askozaz geijago dira, egun ero Satanasak amaren sabeletan bautismo bagarik galduten dituban seinetan egiten dabena. Gauza tristia ta mingarrija da ameen sabeletan ainbeste sein galdutia!

        Seinak galduten dira batzubetan amaren sabelian, gurasuak eurak atara eginda. Alako gurasuak dira euren gurazko sein illzaillak. Ez da errez, kristinaubak, esaten guraso one[e]k ze pekatu andija egiten dabeen, ta Jaungoikuak ta Eleisa Ama santiak, baita gizatasunaren izate guztiak bere, ze gorroto andija deutseen guraso bijotz gordineko arei, euren sabeleko gizon geija galduten dabeelako edo galdutia gura leukeelako edo galduteko ustez zerbait egiten dabeelako. Jaungoikuaren, Eleisiaren, gizonaren ta naturaleziaren kontrako pekatuba da ta pena andijakin eragotzija da, sabelian azten daguan seina galdutia. Onestidadia luurrera bota dabeen emakumiak, edo euren buruti, edo lagun gaistuak erakutsita, edo diabrubak guztiz itsututa, galdu dabeen ondria topau edo jaso guraz, egin oi ditubee euren sabeletako sein erru bagakuakin alako negargarrijak. Oh, ze bide okerra, galdu dabeen ondria jasoteko ta euren pekatuba ta lotsarija ezkutetako!

        Ta zer jadiitxi oi dabee alako sein sortuben borregubak? Sarri entzun oi danez ta jazo oi danez, eurak nai leukenik ez. Emakume asko dendatu dira euren sabeleko sein sortu barrijak galduten; baina ezin galdu izan ditubee. Artu ditubee botikakuak, agortu ditubee edaatekuak, estutu ditubee euren sabelak... ill nai izan ditubee sabelian euren umiak; baina Jaungoikuak zaintu ditu askotan sein sortubak ama gogorraren eskubetati. Alako ama gaistuen prutu mingotxa oi da, pekatu asko egin, beste asko inori eragin, euren osasunak galdu ta makaldu, euren lotsarija geitu, euren pekatubak azaldaubago egin ta azkenian besteen burlagarri osuan ta agirijan seina egin. Au irakurten da liburu askotan. Ta au berau entzuten da sarritan, jazo jakuela atariko emakume askori ta askori. Konturatu bitez, bada, beste emakume guztiak, ainbeste kalte euren arimai, euren osasunai, euren kleitubari ta euren sabeleko sein errubagiai ekarri bagarik.

        Ez dira guraso guztiak, euren naiz sabeleko seinak galduten ditubeenak. Baina bai asko biar dan arduriaren paltaz, seina galduteko gauzaak pena bagarik egiten ditubeenak. Askotan gurasuak egiten ditubee gauza batzuk gatx uste bagarik, zelan ez dakijela ta jakin biar leukeela, sabeleko seinari bizitzia kenduteko duinakuak. Ez dabee guraso askok ondo goguan, ze gauza biguna, urtsuba, ezereza ta alkarri ondo ez dautsana dan amaren sabelian daguan seina. Ojala errukituko balira, bai aita ta bai ama, ta endamas ama, bere erraijetan sortuta Jaungoikuak emon deutsan bendizinoezko seinagaz ta aren arima tristiagaz! Ezautuko balebee gurasuak ondo seme bat edo alaba bat Jaungoikuak emon deutseela dakuseenian, zeinbat balijo daben aren arimiak ta zelan Jaungoikuak itxi daben euren kontura sortu jakuen seina, ez litzaatekez deskuiduan legez ainbeste sein sabelian galduko. Entzun egizu bada, kristinaubak, gurasuen naiz izan ez arren, ze gaiti galdu oi diran askotan sabelian seinak. Lelengo: Senarrak emaztiari seindun daguanian emon oi deutsan bake txaarra, bizitza gaistua ta kolpiak gaiti. Au edozeinek dakijana da. Ta ez gitxitan jazo oi dan negargarrija. Bigarrenian: Emakume seindunaren asarre sutsubak gaiti, gorrotozko purijaak gaiti inoren gatxerako guraari bizijak gaiti, ta tristeza astunak gaiti. Gauza jakina da, alako guraari sutsubari indarra artuten isten jakonian, odolak sututen diriana, zana tiratuten diriana, ta gorputz guztiari neke andija emoten jakona. Alan, asarre aldi baten ondorik, sarritan emakumiak seinak galdu oi ditubee. Irugarrenian: Biar neke andikuak eginagaz. Edo, neke andikuak izan ez arren, seina galduteko duinakuak eginagaz. Artzuketia, karga andijak erabiltia edo buruba jaso ezin da nekatutia... asko dira, sabelian daguan seina galduteko. Laugarrenian: Gorputza laarregi estututa erabilijagaz. Au jazo oi da gorputzari etxura obia emotia gaiti. Baina laarregijagaz, ta endamas sarritakuagaz, geijagoko bagarik galdu legi seina. Bostgarrenian: Dantzan edo pandanguan ibilijagaz. Gauza agirija da, txito ezaina ta seina galduteko peligru andikua dala, alan daguan emakumiak dantzan edo pandanguan egitia, nai bakarrik ta nai lagunakin. Ez leuskijo senarrak itxi biar. Ezda juezak bere.

        Erakusla ta mediku jakitun askoren eritxijan oneek dira, neure kristinaubak, sabeleko seinen deskuidozko edo gurasuen nai bagako galdugarrijak. Ta pensau dot ez dala errazoeti kanpora izango, ainbeste balijo daben sailian, zeubei dirianak esatia. Bakotxak, jagokan legez, jakin dagizan ta gorde dagizan. Bada, ez dago dudarik, gurasuen bai aitaren ta bai amaren eginbiar andija da sabelian daguan seinari ondo kontu egitia, bere denporan jaijo dedin, batiatu dedin ta Jaungoiko andija maitetuteko ta gozeetako izan dedin. Ze kontu emongo deutsee, bada, gurasuak Jaungoikuari, euren paltaz gizon gei bat sabelian ill ta arima bat galduten bada?

        Euki, bada, beti goguan, kristinaubak, arimiaren balijua, gorputzagaz daukan bat egitia ta ze gaiti galdu oi dirian seinak amaren sabelian jaijo baino leenago, biar orduban, ezaubera santa onegaz seinen gorputzak ta arimak gordetako. Alan gura izan dagijala geure Jaungoiko Egilliak bere ontasun amai bagia gaiti. Aitiaren ta Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa