www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

IKASIKIZUN BAKARRA

 

zeinetan erakusten dan

bigarren sakramentubaren izatiari ta egitiari jagokana.

 

        Jesukristo geure Jaunak bigarren lekuban itxi euskun sakramentu santuba da, neure entzula onak, konpirmazinoia esaten jakona. Sakramentu au gaiti dino Erromako Katezismuak: Kura jaunak beti izan badabee konpirmazinoeko sakramentuba erakutsi biarra, orain duda bagarik inos baino geijago dendatu biar dabee kristinaubai erakusten sakramentu santu onen izatia ta grazijak. Bateti, kristinau askok jaamonik egiten ez deutseelako sakramentu oni. Ta besteti, gitxi dirialako sakramentu onek daukazan prutu grazijaz kuakin balijetara dendatuten dirianak. Erakutsi biar jako, bada, kristinaubari, sakramentu oni jagokan ikasikizuna. Orduba danian, ezaubera osuagaz ta prestaera onagaz artu dagijan konpirmazinoeko sakramentu santuba ta aren grazija ugarijak. Onetarako, esango deutsut dotrina onetan: 1. Sakramentubaren izatiari ta egitiari jagokana. 2. Zelan artu biar dan. 3. Zer egiten daben.

 

 

I.

 

        Lelengo erakutsi biar jako kristinaubari, konpirmazinoiak zer esan gura daben. Ez da, bada, beste gauzarik aituten konpirmazinoiagaz, ezbada leen sendo daguana, senduago egitia; leen pirme daguana, pirmiago egitia; edo leen indar onian daguanari, indar geijago emotia. Au berau egiten dau, bada, Eleisiaren bigarren sakramentubak kristinaubagaz. Bautismuak emoten deutsa grazijaren bizitzia, grazijaren indarra ta sendotasuna. Ta onen gainera konpirmazinoeko sakramentubak emoten deutsa kristinaubari aparteko indarra, pirmezia ta sendotasuna, Jesukristoren soldautzan pelietako. Alan, esan ginaijo konpirmazinoeko sakramentubari sendotuteko sakramentuba. Bada, sakramentu onen egite nausija da, grazijan daguan arimiari indar barrija ta sendotasun barrija emotia, Jesukristoren ondria kristinautzan bildur bagarik zaintuteko.

 

 

II.

 

        Baita sinistu biar dau kristinaubak, arimiaren sendogarriko sakramentu au itxi euskula Jesukristo geure Jaunak berak. Baita Jesukristo geure Jaunak berak itxi euskun, Erromako Katezismuak esaten daben legez, konpirmazinoeko sakramentubaren geija ta egite moduba bere. Bada, Jaungoikuak berak ez bada, bestek ezin emon legijo munduko gauza bati, pekatuben parkagarri ta grazijaren geigarri izateko birtutia. Au gaiti, Eleisiaren zazpi sakramentubak dira Jesukristo Jaungoiko ta gizon egijazkuak berak itxijak, leen esan dan legez.

 

 

III.

 

        Zer da, bada, konpirmazinoeko sakramentuba? Oni erantzuteko esaten da: 1. Obispo jauna dala berez konpirmazinoeko sakramentugina. Apostolu santubai ta areen ordeko obispo jaunai emon eutseen Jesukristok, kristinaubak konpirmeetako alizatia. 2. Sinistu biar dogu, batiatu bagarik daguana ezin konpirmau leitekiala. Bada, nora ezekua da batiatutia, beste sakramentubak artuteko. 3. Jakin biar da, konpirmazinoeko sakramentuba ez jakola kristinaubari bein baino emoten. Batiua, ordia ta konpirmazinoia ez dira barristetan, beste sakramentubak legez. Au ezautu ezkero esaten da bada, neure entzula onak, konpirmazinoeko sakramentuba dala, batiatuta daguan kristinaubari balsamuagaz naastautako ta obispo jaunak konsagrautako orijuagaz bekokijan obispuak kurutzia egitia, esanagaz: Markeetan zaitut kurutziaren senailiagaz ta konpirmetan zaitut osasuneko krismagaz Aitiaren ta Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen. Au da konpirmazinoeko sakramentubaren geijari, izatiari ta egitiari jagokana. Baina gauza ona da kristinaubari aituten emotia, oneek guztiok zer esan gura dabeen.

 

 

IV.

 

        Zer esan gura dau, bada, krismak edo sakramentu onen geijak? Gauza asko esan gura ditu, neure entzula onak.Ta guztiak dira sakramentu onen egitadiai jagokuezanak. Krisma da balsamuagaz naastautako orijo konsagrauba. Orijuak sendotu ta zalduten ditu gorputzak. Orijua da bijotzeko alegrijaren senailia. Orijua da argigarrija ta pozgarrija. Orijua da bake onaren senailia. Orijua da nai burdiniari, nai zurari, nai arrijari, nai beste edozein gauzari etxuria edertuten deutsana, zaltasuna ta pirmezia gordetan deutsana. Orijua da gauzak usteldu bagarik, ugartu bagarik, sistu edo irotu bagarik gordetan ditubana. Alan, osasuna ta indarrak gorputzian gordetako, esaten eban Salomonek: Zeure buruban ez dakizula paltau orijua. Argitasuna, edertasuna, gozotasuna, zaltasuna, sendotasuna ta osotasuna emoten deutsee orijuak, ezarten jakuen gauza guztiai. Orregaiti Eskritura Sagraduban ainbeste bidar Espiritu Santubak aitatuten dau orijua ta arbola orijogina edo olibua, alako esan dirian ontasunetati bat edo bat aituten emon gura deuskunian. Berau gaiti, aintxinako burrukarijak bere orijuagaz gorputzak igortzita, juan oi zirian alkarregaz pelietara.

        Orijua balsamuagaz naastetan da, konpirmazinoeko sakramentuba egiteko. Balsamuak bere, beste askoren artian, egitade bi daukaz txito ezagunak: Bata da usain gozua. Espiritu Santubak aintzat artuta, txito jaso andija emoten deutsa bere esposiaren izenian esaten dabenian: Balsamo usaintsu baten moduban, emon dot usaina. Bestia da, balsamua izatia pasmuaren kontrakua. Gorputzak pasmua ganik libretako ta usteldu bagarik gordetako, balsamotuten dira. Izan ezkero, bada, konpirmazinoe geija orijua ta balsamua, alako egitade ta ontasun agirijak daukeezanak, berekautan legez ezaututen da konpirmazinoeko sakramentubak geure arimetan zer egiten daben. Onegaz aituten da, konpirmazinoeko sakramentubak sendotu, edertu, osotu ta zaldu egiten dabela geure arimetako grazija. Inpernuko etsaijaren tentazinoiak ta asmo galdubak inos goitu ez dagijen. Pekatubaren usteltasunagaz ezaindu ez dedin. Ta grazijaren usain gozua ta estimauba galdu ez dagijan. Baita obispo jaunak konsagrautakua izan biar dau orijo-balsamuak edo krismak bere. Bada, san Pabian Aita Santu martirijak erakusten dau, Erromako Katezismuak dinuanez, Jesukristo geure Jaunak alan egiteko agindu eutseela apostolu santubai Eguben Santu gabeko aparijan. Obispo jaunaren konsagrazinoiak prestetan ditu orijo ta balsamo bat egina, sakramentubaren gei izatera. Bada, konsagrau bagarik ezin legi eurakin sakramenturik.

 

 

V.

 

        Konpirmazinoia egiteko berbak bere, guztiak dira peliadarako kristinauba prestau ta azkortuten dabeenak. Markeetan zaitut kurutziaren senailiagaz, esaten deutsa obispo jaunak, krismagaz bekokijan kurutzia eginda. Kurutzia ta kurutziaren senailia da kristinaubaren arma sendua ta seguruba. Kurutziagaz goitu zituban Jesukristo geure Jaunak arimen arerijo guztiak. Ta kurutzia itxi euskun arma nausitzat, munduba, diabruba ta aragija goituteko. Ta konpirmetan zaitut osasunaren krismagaz, dirautsa obispo jaunak konpirmazinoian. Berba oneek ta krismagaz bekokijan igorztiak edo unjidutiak, guztiak esan gura dau kristinaubari sakramentu onetan emoten jakon espirituzko alizate sendua ta indartsuba. Ta noren izenian? Aitiaren ta Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Zer izan leiteke, bada, gauza atarakuagua sakramentu santu onek arimiari emoten deutsan sendotasuna erakusteko, balsamozko orijo konsagrauba, agaz bekokijan kurutzia egitia ta esan dirian berba santubak baino? Bekokijan egiten da kurutzia bere. Bekokijan, lotsa lekuban. Ta zetarako? Inos lagun aurrian lotsatu ez dedin kristinautziagaz. Inos lotsatu ez dedin Jesusen ondria zaintuten ta kurutze santiari jarraituten. Onetarako egiten jako bekokijan kurutzia, konpirmetan danari.

        Baita emoten deutsa obispo jaunak konpirmetan danari eskubagaz matrellako bat bere. Onegaz aituten emoten da, konpirmauta daguana ya dala Jesukristoren soldauba. Ez bestiak joteko. Ez lagunari min emoteko, ezbada, Jesusen izenian, lagunak emoten deutseezan gatxak ta egiten deutseezan nai bagaak onian eruateko. Jesukristo ez zan mundura etorri inori gatx egitera. Baina bai inok egin eutsazan gatxak pazienzijaz iragotera. Beste ainbeste egin biar dau konpirmauta daguan kristinaubak.

 

 

VI.

 

        Baina gogora etorriko jatzu benturaz, kristinaubak: Ez ginduzan, bada, bautismo santubak egin guztiok Jesukristoren soldau? Zetarako da, bada, konpirmazinoia, batiatuta egon ezkero? Esaten da bada, neure entzula onak, bitaarte andija daguala bautismuaren ta konpirmazinoiaren artian. Bautismua da grazijaren bizitzara jaijoteko. Ta konpirmazinoia da jaijotako grazija sendotuteko. Bautismuak egiten gaitu Jesukristoren seme. Ta konpirmazinoiak Jesukristoren soldau. Au erakusten deusku san Melkiades Aita Santu Erromakuak, edozeinek aituko daben moduban. Dino bada: Agintarijak soldautzat norbait artuten dabenian, ez deutsa soldautzako senailia edo ezagungarrija emoten bakarrik, ezbada ezagungarrijaren gainera, emoten deutsaz armaak, soldautzan pelietako. Alan jazoten jako kristinaubari bautismuan ta konpirmazinoian. Espiritu Santubak, zeruti jatsita, bautismoko iturrijan emoten deutsa arimiari grazija; ta konpirmazinoian, grazija gordetako indarra ta armia. Ta munduban beti bizi biar dogun legez arimiaren etsaijen kontra peliadan, bautismua da bizi izateko ta konpirmazinoia pelietako. Bautismuak garbituten gaitu ta konpirmazinoiak sendotuten gaitu. Asko da bautismua, geu salbetako. Baina bautismuaren gainera da konpirmazinoia, arerijuak goituteko. Onan erakusten deusku, kristinaubak, Melkiades santubak, bautismuagaz konpirmazinoiaren artian daguan bitaarte grazijazkua. Bautismuan emoten da Espiritu Santuba, pekatubak parkatuteko; ta konpirmazinoian, pekatuban jausi ez dedin pelietako, dino san Pedro Damianok. Ikasi ezkero, bada, kristinaubak konpirmazinoeko sakramentubari jagokana, jakin biar dau zelan p[r]estau biar daben sakramentu santu au artuteko.

 

 

VII.

 

        Onetarako esaten da aurraz batiatu bagakuak ezin artu legijala konpirmazinoeko sakramentuba. Baina kristinau batiatubak artu legi konpirmazinoia. Ta Eleisa Ama santiak txito nai dau, bautismuagaz bere semetzat artu dituban kristinau guztiak, konpirmazinoiagaz kristinaubaren izate osora eldutia, dino Erromako Katezismuak. Alan, al izan ezkero, artu biar dau kristinaubak konpirmazinoeko sakramentu santuba. Esaten da, ez dala ezereztzat edo balijo gitxikotzat eukita itxi biar konpirmazinoia, ezbada estimau biar dala, gauza balijo andikotzat euki biar dala ta ordu onian al izan ezkero artu biar dala. Ez dakizu, esaten eutsan san Jeronimok Luziperiano herejiari, Eleisiaren usadijua dana, batiatubai obispo jaunak eskubak imintia ta Espiritu Santubari dei egitia? Dinozu, nun eskribiduta daguan? Apostoluben Egitetan. Ta Eskrituriaren esanik ez balego bere, kristandade guztiak alan egitia edo konpirmetia, agindu baten terzijokua da. Modu onetan erakusten eban san Jeronimok Eskritura Sagradubagaz ta Eleisiaren betiko usadijuagaz konpirmazinoeko sakramentubaren preminia.

        Konpirmazinoeko sakramentuba artuteko, prestau biar dau kristinaubak (errazoiaren usura eldu dana bada) pekatuben damu egijazkuagaz. Esaten da, pekatu mortalian daguanak konpesau biar dabela, konpirmetara orduko. Bada, pekatu illgarrijagaz konpirmauko balitz, egingo leuke sakrilejijozko pekatu andija, sakramentu santuba pekatuban artu dabelako. Onezaz gainera, dino Erromako Katezismuak, konpirmazinoeko sakramentuba artuteko denporan gauza ona dala, barubagaz, limosniagaz ta beste egitade santubakin kristinaubak prestetia. Au erakutsiko deutsee kura jaunak kristinau pielai ta gurasuak euren umiai. Onetarako gogoratuko deutseez, konpirmazinoeko sakramentu santubak geure arimetara dakazan grazija ta mesede santubak ta ugarijak. Ta artuko dabee kristinaubak sakramentu santu au ainbat onduen prestauta, sinistute egijazko bategaz, Jaungoikuaganako gogo bizijagaz, pekatuben damu osuagaz ta arima garbijagaz. Espiritu Santubari dei eginda artu biar da konpirmazinoeko sakramentuba. Ez dago denpora erabagirik kristinauba konpirmetako. Errazoiaren usura kristinauba eldu dedinian da tertzijorik oneena konpirmeetako, dinue Erromako Katezismuak, san Karlos Millanguak ta beste askok. Orduban asten dira arimiaren arerijuak kristinaubaren kontra. Ta orduban dau biarren grazija sendotutia ta sakramentubaren birtutiagaz bizkortutia, arimako etsaijak goituteko ta Jesusen ondria zaintuteko. Baina obispo jaunari deritxonian errazoiaren usuba baino leenago seinak konpirmetia, ez dago eragotzita, dino san Karlos Millanguak. Ikusi daigun, bada, ia zer egiten deutsan kristinaubari konpirmazinoeko sakramentubak.

 

 

8.

 

        Esan dot, kristinaubak, dotrina onetan, zer egiten daben sakramentu onek geure arimetan. Baina oraindino obetuago aitu dagizun beronen birtute mirarizkua, jakin biar dozu: 1. Konpirmazinoeko sakramentubak, beste sakramentu guztiak legez, parkatuten ditubala berez pekatubak, ondo prestauta artuten danian. 2. Iminten dabela marka bat geure ariman, inos bere kastau edo galduko ez dana. Soldaubak soldau dan artian darabilen legez soldautzako ezagungarrija, alan kristinaubak eukiko ditu beti beragaz bautismuan ta konpirmazinoian artu zituban markak edo kristinautzako ezagungarrijak, Jaungoikua Jaungoiko dan artian. Ondo balijetan bada, zeruban glorija geijago eukiteko. Gaiski pelietan bada, inpernuban geijago peneetako. Geure ariman isten daben ezagungarri au gaiti, ez da bein baino artuten konpirmazinoeko sakramentuba. 3. Konpirmazinoeko sakramentubak iraasten dau edo iminten dau espirituzko senikeria, bautismoko senikeria gaiti esan zan legez. Bada, bautismuan emoten jakozan legez seinari kristinautzarako pijadoriak ta lagunak, alan emoten jakoz konpirmazinoeko sakramentuban. Ta bautismuak dakarren espirituzko senikeria, dakar konpirmazinoiak. 4. Konpirmazinoeko sakramentubak ariman egiten daben aparteko mesedia da, leen esan dan legez, grazija sendotutia, tentazinoiak goituteko. Sakramentubaren grazija indarrezko au ez da berez ezaututen ain ondo. Baina bai ezaututen da bere egitadetan. Au aituteko esaten deusku Erromako Katezismuak, gogoratu daigula apostolu santubai zer jazo jakuen.

        Bada, gauza jakina da apostolubak bildurtijak ta arpegi gitxikuak ziriana Jesusegaz ebilzanian, Jesusen pasinoian ta baita gaineko egunetan bere, Espiritu Santuba zeruti euretara jatsi artian. Judegubak Jesus preso artu ebeenian, apostolubak bildurrez iges egin ebeen. San Pedrok, guztien artian indartsubenak ta azartubenak, emakume kondo baten berbiak bildurtuta, iru bidar ukatu eban Jesus bere Jauna. Jesus illen arteti biztuta gero bere, judeguben bildurrez etxe baten sartuta ezkutauta legez egon zirian; Espiritu Santuba euretara etorri artian, zegaiti, bada, au? Zelan ain bildurtijak ta animo gitxikuak apostolubak? Ez beste gauza gaiti, ezbada konpirmazinoeko sakramentubaren grazija osua artu ez dabeelako. Oraindino palta ebeen Espiritubaren etortia, zein jazoten dan aparteko modubagaz ta grazijagaz, konp i rmazinoeko sakramentuba biar dan prestaeriagaz artuten danian.

        Bada, apostolubak eurak, Espiritu Santuba artu ebeenian Pazkua maijetzekoz ez zirurijen leenguak. Judegubak ta mundu guztia baino senduago, indartsuago ta azartubago zirian. Judegubai plaza betian arpegijan ezarten eutseen euren Jaungoiko illtzako pekatu erru gaistokua. Ta jentil ekandu nasaikuen artian bildur bagarik prediketan ebeen geure Jaungoikotzat ta Salbazaile bakartzat Jesukristo kurutzian illa. Ez zituban bildurtuten apostolu santubak Espiritu Santuba artu ebeen ezkero, ez agintarijak, ez soldaubak, ez ezpatak, ez karzelak, ez narru eraztiak, ez samia ebatiak, ez beste penagarrik. Ez zirurijen ya gizonak, ezbada ezeren bildur bagako zerutar azartu batzuk.

        Zek deritxazu, alan sendotu zitubala? Konpirmazinoeko sakramentuban emoten dan Espiritu Santubaren grazijak. Onegaz goituten ditu kristinaubak arimiaren arerijuak, munduba, diabruba ta aragija. Grazija santa ta sendo onegaz ainbeste gizon ta emakumek, bai edadekuak ta bai gaztiak autortu dabee Jesusen izen santuba ta zaintu dabee Jesusen ondria, bildur bagarik, agintari gogorren aurrian, penagarririk andijenetan. Zeinbat gizon edadekok goitu ditubee laba gorijak ta kalzaidu zorrotzak bildurtu bagarik, Jesus ez ukatutia gaiti? Zeinbat neskatilla gaztek burla egin deutsee borregubai, batzuk artzen ta otsuen artian, beste batzuk orijo iraakinezko galdaretan, beste batzuk azote gogorretan ta beste askok lotsarizko milla pena garratzen artian, bizitzia galduteragino Jesukristoren izen bedeinkatuba, amodijo garbija ta berbia zaintutia gaiti? Oh, kristinaubak! Ez daukee zeinbatek onetariko Espiritu Santubaren egitade arrigarrijak. Ta oneen grazija ta sendogarrija emoten jako kristinaubari konpirmazinoeko sakramentuban.

        Gogoratu bada, neure entzula onak, sakramentu santu onen izatiari ta egitiari jagokana; zelan prestauta artu biar dan; ta zer egiten daben geure arimetan. Eskatu daijogun Espiritu Santubari, geitu dagijala geure sinistutia, sendotu dagijala geure grazija, argitu dagijala geure adina, sutu dagijala bere amodijo santubagaz geure nailla mukerra, igartu dagizala geure bijotzetako guraari luurrezkuak, barristau dagijala geugan orijo santubaren espirituzko igortzija, balsamo santubaren usain gozua ta kurutze santiaren indarra, inos lotsatu bagarik beti jaso daigun ta zaintu daigun Jesusen legia ta ondria munduban ta gozau daigun zeruban. Aitiaren ta Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa