www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VI. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Ze arriskutakuak dirian juezaren aurreti egiten dirian ezkontzak.

2. Zelakuak oi dirian Jaungoikua opendiduta egiten dirianak.

3. Zelakuak oi dirian senide ezkontzak.

 

        Gauza pisutsuba ta ardura andikua da, neure entzula onak, aldatu ezin legijan estaduba edo bizieria artutia. Beste tratubetako uts egitiak zelanbait erremedijau oi dira. Baina ezkontzako uts egitia nekez. Tratu gitxitan oi dira engainugarri ta utsgarri geijago, ezkontzetan baino. Ez dakit ze aixek jota, baina itsututa legez geratu oi dira kristinaubak, ezkontzia egiten danian edo egin biar danian. Uste dabee askok, oker edo zuzen asmau edo asi dan ezkontzia, egin ezkero, ondo daguala guztia. Au gaiti jazo oi dira gero leen esan dirian naibagak ta eskandalubak. Berau gaiti, ezer bere geratu ez dedin esan bagarik ta jakinda egon zaitezan ezkontzen utsgarri nausijen ta sarrijenekuen ganian, esango deutsut erakutsi onetan: 1. Arriskukuak diriala, juezaren aurreti nekezka egiten dirian ezkontzak. 2. Arrikukuak diriala, Jaungoikua opendiduta egiten dirianak. 3. Zer ikusi andija daukeela senideenak. Entzun egizu gogo onagaz.

 

 

I.

 

        Juezaren aurreti nekezka egiten dirian ezkontzak. Onakuak oi dira, edo ezkontzako berbia emonda, edo beste kalteren bat eginda, ezkontzia aginduba garbatu jakuenen artian. Orduban dira alkarren kexak. Orduban dira alkarren paltak esatia. Orduban da ondria jasotia ta beste sarri entzun oi dirian zaatak. Emeti oi dator ezkongeija guzurragaz edo egiijagaz justizijagaz zamaituta juez aurrera eruatia, karzelan sartutia, bestegaz ezkonduten ez istia edo emon ezin daben beste dote eskatutia ta beste onako sailak. Oneen gainian esaten da: Lelengo: Ezkonduteko berbia ez dala emon biar ondo pensau bagarik. Bigarrenian: Bein emon ezkero inori ezkonduteko berbia, kobru emon biar jakola agindubari, aparteko errazoe pisutsu bat agertuten ez bada edo jazoten ez bada ezkongeijen artian, zeinek eragotzi legijan jakitunen eritxijan berba emonari kobru emotia. Alako palta ez jakin, jakin biar zan pisutsu bat agertuten danian edo ezkontzako berbia emonda gero jazoten danian, nai badau ezkondu daiteke berbia emon deutsanagaz ta nai ez badau, ez. Baina osteranzian, ezkontzako berbia ta aginduba gauza andija ta astuna da. Eleisa Ama santiak erakusten daben edadiagaz, ezauberiagaz ta alizatiagaz ta beste aintzaz artuta dagozan legen kalte bagarik emon ezkero ezkontzako berbia, zorra da ta zor andija da. Bada, kobru emon biar jako berbiari. Irugarrenian: Esaten da bein alan ezkontzako berbia emon ezkero lagunari, Eleisiaren ta errege jaunen lege artubak ontzat emoten daben moduban, berbati urteten dabena ta garbatuten jakona juezez ekarri legijala ezkondutera, beste edozein zordun zorra pagetara ekarri legijan legez.

        Ez da, bada, esaten errazoe bagarik burutazinoe bat gaiti garbatuta, berbati urten dabena ezin ekarri legijala juez aurreti, karzelati, nai edonundi ezkontzera. Atarako dagoz Juezak. Ta au ez da pekatu. Beste gauza bat izango litzaateke, guzurragaz, engainubagaz edo paltsakerijaz ezkontzako berbia emon deutsala ta edo kaltiak egin deutsazala ta, erru bage bat juez aurreti ezkontzera ekarriko baleu. Au pekatu andija da. Au egiten dabenak jaso biar deutsaz erru bagiari, euki dituban kalte guztiak. Biurtu biar deutsa atzera ondria. Ta, testigu paltsuakin nai guzurrezko edo engainuzko paperagaz juez aurreti ekarri arren ezkontzera, ezin ezkondu leiteke konzienzijan erru bagiagaz. Ta ezkonduten bada, ya edozeinek daki alako ezkontzak zetan geratu oi dirian. Ez da orain esan gura neuskezuna onako guzurrezko ta engainuzko derrigorreko ezkontzak gaiti. Alako ezkondu nai enbusterai Eleisa guztiak ta mundu guztiak deutse gorroto.

        Esaten deutsudana da, kristinaubak, errazoiagaz izanda bere, juezaren aginduz derrigorrian egiten dirian ezkontzak arrisku andikuak diriala. Ez da gatx, neure entzula onak, au ezaututen. Juezagana bagarik ezkonduten ez dana, gogo bagarik dua ezkondutera. Damututa dago, garbatuta dago berbia emona. Leen zerbait gaiti bere laguntzat ondo eritxanari, orain ez deritxo ondo. Ta juez aurrian ta mundubaren aotan darabillelako, gorroto deutsa. Ez dau agaz ezkondu gura. Askatu edo librau gura leuke bere buruba a ganik. Beste gatx andi baten jausi ez dedin, edo bestegaz ezkonduten itxiko ez deutsalako, baietz esaten dau ta ezkonduten da. Begiratu bada, kristinaubak, karzelati edo nora ezian legez eskubak emon ditubanak zelan estimauko daben ezkonduta gero bere laguna. Emakumiak oi dira geijenian, ezkontzako berba emonaren billa, juez aurreti dabilzanak. Zelan begiratuko deutsa, bada, goguaz kontrara gura ez eukianagaz derrigorrian ezkondu dan senarrak, atara betiko juez aurreti ekarri daben emaztiari? Zeubek pensau, kristinaubak. Esango dozu: Ez dauka errazoerik; zor dau ezkondutia; ez eukan berbia ez emon baino... Au kontu ona da juez batentzat. Baita auzo batentzat bere, barre eginda esateko. Baina ain kontu ona izango ete da agaz ezkonduten dan emaztiarentzat? Au esanak, maitetu, bigundu ta karinotuko ete dau senarraren bijotza bere alako emaztia ganako? Ez dira gauza asko egiten errazoiaren ta zorraren kontra? Ez oi deritxagu ondo, oker nai zuzen, geuk egiten dogunari? Ez gara zaliak geure temiagaz urteten, errazoe gitxigaz izan arren? Nos aaztuko jako, bada, senarrari, goguaz kontrara, juez aurreti ta zamaijakin emaztiak ezkondutera ekarri ebana? Nos iruntsiko ete dau guztiz, bere temiagaz urten ez eban penia? Nai ez eukian emaztia artu eragin eutseena? Ah! oneek dira, neure kristinaubak, diabrubak alako senarrari beti biziro gogora ekarriko deutsazan penak eta minak. Ez bada, kristinaubak, ezkontzarik egin juez aurreti. Ez ibili nai ez dabenaren ondorik ezkonduteko. Errazoia zeubek euki arren ta bestiak zeubei ezkontzia zor izan arren, gogo osuagaz nai ez badau, itxi pozik. Bestelan, bizitza gaisto bat beti eukiteko arrisku andijan jarten zara. Au oi dakarree juez aurreti egiten dirian ezkontzak. Baita, ez gitxitan, Jaungoikua opendidubaz egiten dirianak bere. Ikusi daigun zelan.

 

 

II.

 

        Jaungoikua opendiduta egiten dirian ezkontzak. Oneek dira, neure kristinaubak, ezkontza guztien artian Jaungoikua geijen asarratuten dabeenak, ezkontzako sakramentubari ondrarik txaarrena emoten deutseenak ta Jaungoikuaren azotia euretara edo euren umeetara lasterren ekarten dabeenak. Beste esan dirian ezkontzako uts egitetarako oi dira ez jakinak, oi dira ez ustiak, oi dira inoren esana egin gurak ta beste atxekija asko, ezkontzia sustraijan gaixotuten dabeenak ta ain erru agirija ez daukeenak. Baina kristinau errijetan ez dago ezkongeirik, pekatu eginda egiten dan ezkontziak oin txaarra, asiera txaarra ta Jaungoikuaren gorrotua beragaz daroiana ez dakizanik.

        Au onan izanda bere, negargarrija da, neure entzula onak, sail onetan daguan itsutasuna ta pekatubaren bildur txikija. Ez deutsa, kristinaubak, Jaungoikuak gorroto pekatubari? Ez eban Jaungoikuak mundu guztia ito pekatuba gaiti? Ez zituban ziudade osuak erre zeruko subagaz pekatuba gaiti? Ez eban inpernuba egin, pekatarijak erreetan an beti eukiteko? Ez zituban demoninuak ta diabrubak betiko inpernura bota pekatu mortal edo illgarri bat gaiti? Bada, kristinaubak, ainbeste gorroto badeutsa Jaungoikuak pekatu andi bakotxari ta alan kastigetan badau edozein pekatu illgarri edo mortal, zelan begiratuko deutsa ezkonduteko egiten dan pekatubari? Dinot, ainbeste gorroto badeutsa edozein pekatu andiri; ez eukijak eragiten daben lapurreta bati; kaltiaren peniak ateraten daben gorroto bati; gosiak ausi eragiten daben barau bati; bildurrak eragiten daben guzurrezko juramentu bati... zeinbat gorroto geijago izango ez deutsa, zeinbat geijago kastigauko ez dau sakramentu santubaren keiziagaz egiten dan pekatu loijari? Ezkontzako sakramentuba estalgitzat artuta egiten dan pekatubari? Ezkonduko diriala ta bizi dira pekatuban lotsa bagarik, bildur bagarik ta zer esana auzuetan ta errijan emoten dabeela. Ezkontzeko berbia eskatuten da, pekatu egiteko. Sakramentu santubaren estalgija biar da, sakramentubak emon euskuzan Jesus maitia ta garbija desondretako. Oh, zerubak! Ez dakit zelan begiratuko deutsazun, gizonak eta emakumiak, neskak eta mutillak aragizko pekatubak egiteko diabrubak asmau daben astuzija madarikatu oni.

        Baina zelan begiratuko deutsee? Txito gorroto mortalagaz. Jaungoikuak bedeinkatu ta santutu biarrian ezkontzia eurentzat ta ondorengentzat, alako pekatubakin loituta ezkonduduten dirianai ukatuten deutsee bere grazija ta sakramentu santubaren birtutia. Ta ezarten deutsee bizitzako ur mingotxak daukazan bedar gaistua. Oneek gaiti esan legi, aingerubak Tobiasi esan eutsana, luxurijaren Asmodeo demoninuagaz ezkonduten diriala alakuak. Ez daukazu zetan kansau pekatu eginda ezkondu zarienok, zer gaiti ete dan jakiten, era txaarra edo nai bagia zeuben bizitzan dakuszunian. Senarrak estimetan ez bazaitu, zurria ta kolpiak emoten badeutsuz, inogaz berba bat egiten isten ez badeutsu, zelo arrabijauz erretan badago, zeuri baino beste emakumiai karino geijago badeutsee, sinistu daikezu zeuk ezkondu orduko beragaz egin zenduzan pekatuben kastiguba dala guztia. Badaukazu emazte barritsuba, zitala, temosia, alperra, burugina, ardura bagia, errazoe minberak arpegijan esaten deutsuzana, bere adiskidiai zuri baino arpegi argijagua erakusten deutseena... sinistu daikezu zeuk ezkondu orduko beragaz egin zenduzan pekatu loijen kastiguba dala. Etorten bajatzu zeuben etxera, seme alabetara edo ondorengetara bake txaarra, lotsa txaarra, naibagia, gatxa edo atsekabia, sinistu daikezu ezkondu orduko pekatu egin zenduban senar emaztiak, zeuben orduko pekatuben sari mingotxa dala zeubei ta ondorenguai negar eragiten deutseena. Ez da gure Jaungoikua zurezkua. Kastigauko ditu gurasuen pekatubak laugarren belauneragino. Gurasuak ez oi dabee erru gitxi gauza onetan. Seme alabak ezkontza atxakijagaz gaiski bizi diriana dakijela, lo egin oi dabee ardura bagarik. Oh, gurasuak eta umiak! Ze gitxi nai dozun zeuben ona. Bildurtu, bada, Jaungoikua opendituta egiten dirian ezkontzakin ta entzun zerbait seniden ezkontzen gainian.

 

 

III.

 

        Zer ikusi andija daukee seniden ezkontzak. Ez da nire egikizuna, sail au daukan zabaltasun guztiagaz zubei esatia. Bakarrik esango deutsut guztiok jakin biar dozuna edo jakitia ondo dana, Eleisiaren ordenetati ta Guraso Santuben erakutsiti urten bagarik. Iru gauza gaiti eragotzita dagoz laugarren belauneraginoko seniden ezkontzak, ezkontziak balijo ez daben terzijuan. Eragotzita dagoz seniden ezkontzak: Lelengo: Senide arteko odolari jagokan lotsa ona gaiti. Bigarrenian: Ezkontza onen ta santuben bitartez zabaldu dedin kristinau artera ta leen senide ez zirianen artera ezauberia, adiskidetasuna ta alkar maite izatia. Irugarrenian: Senidiai pekatuko okasinoiak kendutia gaiti. Au gaiti errazoiaren argijak ta Eleisa Ama santiak eragotzi ditubee antxinako denporetati seniden ezkontzak. Ta ezin inor inos ezkonduko da senidiagaz? Asko senidegaz ez. Beste askogaz bai, Eleisiak libretan badau. Senikera batzuk ez ditu Eleisiak bere inos libretan. Beste batzuk bai. Gauza onetan esaten dana da: Lelengo: Eleisa Ama santiak ta Aita Santu Erromakuak daukeela eskubidia edo alizatia, senidiak alkarregaz ezkongei egiteko. Bigarrenian: Ez deutseela Eleisiak edo Aita Santu Erromakuak kenduten senidiai (oi danez) ezkondu ezina, aparteko ta atarako duinako preminia bagarik. Irugarrenian: Senidiak eskatuten deutseenian Eleisiari alkar ezkongei egiteko mesedia, esan biar dabeela ze premina daukeen alkarregaz ezkonduteko. Laugarrenian: Iminten badabee edo esaten badabee guzurrezko preminia ezkontzeko libertadia eskatuten dabeenian, Erromati alizatia etorri arren, ez dabela balijo ezkontziak.

        Erakutsi onetati esaten jakue kristinau guztiai, nora ezian legez ezkondu biar dabeela senidiak. Txito premina andi bat jazoten danian. Beti da gauza ona Eleisa Ama santiaren espiritubari ta naijari jarraitutia. Au da biderik segurubena gauza guztietan. Baita ez gitxien ezkontzetan. Jaungoikuaren naija ta Eleisiaren naija bardinak dira. Bada, Eleisiaren naijari ezkontzan jarraituten deutsanak, beragaz darua asiera ona, baita Jaungoikuaren ta sakramentubaren grazija bere. Egiija da, preminia egon ezkero ta egiijagaz lizenzija eskatu ezkero, senidiak ezkondutia ez da gauza txaarra. Baina sarritan jazo leiteke, ezkondu naijak engainetia; gurari uts bati premina andijaren bistia emotia; ta biar dan baisen premina andikua ez izatia senide areek ezkonduteko. Ta orduban zetan geratuten da ezkontzia, Erromako libertadiagaz egin arren? Ez aitatu edola bere, kristinaubak, senide arteko ezkontzarik, egiija ondo esango deutsun jakitun bategaz leenago astiro irago bagarik. Gauza astunak dira oneek. Ta buru astuna, pisutsuba ta elduba eskatuten dabee, baita jakituna bere saila astera orduko. Uts egiten txito da errez. Uts egina erremedijetan gatx da. Endamas ezkontzako uts egitia.

        Gogoratu bada, neure entzula onak, ze arriskutakuak dirian diruba gaiti egiten dirian ezkontzak; inoren enpeinuba gaiti egiten dirianak; juezaren aurreti egiten dirianak; Jaungoikua opendiduta egiten dirianak; ta ez aaztu azkenian, seniden ezkontzak onak izateko zer ikusi andija daukeela. Gaixo oneetati bat edo bat oi dabee askotan ezkontzak. Ta bera gaiti oi dira ainbeste ezkontza edo ezkondu garbatu. Ainbeste senar emazte bizitza txaarreko. Ainbeste seme alaba lotsa txaarreko ta esker txaarreko; ainbeste auzi, naibaga ta zer esan senar emazten ta umen arteko. Entzun dozu, bada, zeintzuk oi dirian gatx onen sustraijak. Ta zeubei jagozuna da alde egitia areetati.

        Beste gauza asko dagoz ezkontzako sakramentu santubaren gainian. Oneetati batzuk esanda geratu dira laugarren ta seigarren agindu santubetan ta lelengo sakramentuban. Beste senar emaztiak jakin biar ditubenak, ikasiko ditubee euren konpesoretati. Eskatu daijogun Jaungoikuari bere argija, ezautu daiguzan egiija oneek merezi daben indar guztiagaz. Alderatu gaitezan uts egiteko ta pekatuban jausteko era guztietati. Jarraitu daijegun beti bere bide santubai ta Eleisa Ama santiaren nai onari ta espiritubari. Imini daigun bitartekotzat Ama Birjina guztiz garbija, berari zerubak esposo ona, zintzua ta garbija emon eutsan legez, ezkonduten dirian guztiai jadiitxi dagijuen zeruti lagun ona, baketsuba, jaungoikozkua ta bakotxari zeruba irabazteko jagokana. Oh, Birjina zerukua! Mesede au eskatuten deutsut Adanen seme alaba ezkondu guztientzat ta ezkonduteko dagozanentzat, zeuk san Josepe maitiari ta san Josepek zeuri izan eutsun amodijo santuba, zerukua ta betikua gaiti. Alan gura izan dagijala Aitiak, Semiak ta Espiritu Santubak, iru personatako Jaungoiko Bakarrak. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa