www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zer dan bautismua.

2. Zeinbat modutakua dan.

3. Ze preminatakua dan.

 

        Bautismoko sakramentuba da, neure entzula onak, kristinautziaren sustraija, ta geure zerurako ustiari asipena ta eldu bidia emoten deutsana. Berau gaiti eskatuten dau kristinaubaren ardura guztia ta alegin guztia, sakramentu santu onen erakutsija ondo baino obeto ikasteko. Esango deutsut, bada, ikasikizun onetan: 1. Zer dan bautismoko sakramentuba. 2. Zeinbat modutakua dan. 3. Ze premina andikua dan. Prestau zaitez guztiok gogo bizijagaz, ainbat onduen entzuteko.

 

 

I.

 

        Bautismuak berak berez esan gura dabena da, neure kristinaubak, garbitutia. Garbitutia izan leiteke modu askotarakua, bai arimako gauzetan ta bai gorputzekuetan. Baina ez jako edozein garbituteri esaten bautismua, ezbada Jesusek atarako itxi euskuzan berbak esanaz, kristinau geijari ura ezarrita, lelengo egiten jakon garbitutiari esaten jako bautismua edo bautismoko sakramentuba. Esaten jako bautismuari sinistutiaren edo pediaren sakramentuba. Batiatuten danak, kristinautzako sinistute osua orduban lelengo artu ta autortuten dabelako. Esaten jako argituteko sakramentuba, bautismuak ateraten gaitubalako lelengo pekatubaren illuneti grazijaren argi ederrera. Esaten jako sepulturia, batiatu baino leenagoko pekatu guztiak kenduten ditubalako; ta illda aaztuta legez betiko ezkutetan ditubalako bautismo santubak. Esaten jako bautismuari Jesukristoren kurutzia, batiatuten dana orduban asten dalako kurutziari jarraituten ta mundubari, diabrubari ta aragijari gerra egiten. Esaten jako bizitza barrijaren asieria, baustismoagaz grazijaren bizitzia asten dalako. Esaten jako Eleisako atia, bautismuagaz lelengo Eleisan sartuten garialako. Baita esaten jako zeruko atia bere, zeruban sartuteko bautismua popuertzakua dalako, gero esango dan legez. Izen santa oneek guztiok emoten deutseez Eleisiaren Gurasuak bautismoko sakramentubari, berak daukazan grazijazko ontasunak gaiti.

        Bautismoko sakramentuba ez da, bada, beste gauzarik, neure kristinaubak, ezbada arimiari grazijazko lelengo jaijotzia emoteko, Jesukristo geure jaunak atarako itxi zituban berbak esanda, kristinau geijaren gorputzari ura ezartia. Ze berba esan biar dirian batiatuteko; ze ur biar dan ta zelan ezarri biar jakon kristinau geijari, esango da geroko ikasikizunetan. Bautismoko sakramentubaren irudija ta ezauberia aintxinati Jaungoikuak zerbaitaan gizonai emon eutseen: 1. Dilubijoko uxalekin munduko pekatubak garbitu zitubanian. 2. Naamanek Jordango ibaijan ezkabija garbitu ebanian. 3. Jerusalengo pozu edo piszina gaixo ta gatx guztien osalarijagaz. 4. San Juan Bautistaren Jordango ur utsezko bautismuagaz. 5. Jesusek itsubari ikustia emon eutsan Siloeko iturrijagaz. Onan zerubak leendanaz aituten emon eban geuk daukagun bautismoko sakramentu egijazkua. Alabau biar dogu ta adorau biar dogu, bada, esker onagaz geure Jaungoiko guztiz maitegarrija. Bautismo santubaren bitartez bere semetzat ta zeruko etxaguntzat ezaututen gaitubalako. Ta ikasi biar dogu zeinbat modutakua dan bautismua.

 

 

II.

 

        Bautismoko sakramentuba bakarra da, neure kristinaubak. Ez dago geu salbetako Eleisa bat, sinistute bat ta bautismo bat baino, dino san Paulo apostolubak. Au onan izan arren esaten da, iru modu dagozala amaren sabeleti dakargun pekatuba ta beste edozein pekatu batiatu baino leenagoko geuri parkatuteko ta geure arimak salbetako. Oneek dira: Lelengo: Urezko bautismua. Bigarrenian: Odolezko bautismua. Irugarrenian: Amodijozko ta naizko edo desiozko bautismua. Baina santo Tomasek esaten daben legez, irurak joten dabee batera. Bada, odolezko ta amodijozko bautismua sartuten dira urezko bautismuan. Urezko bautismua zelan egiten dan, leen esanaren gainera, esango da gero. Bada, bera da bakarrik bautismoko sakramentuaba. Au gaiti bakarrik esango deutsut orain, zer aituten dan odolezko ta amodijozko bautismuagaz.

        Odolezko bautismua da, batiatu bagarik daguan gizonak nai emakumiak, pede santuba gaiti ta Jesukristo autortutia gaiti, bizitzia galdutia. Au da urezko bautismuaren ordekua. Bautismo urezkuak parkatuten dituban legez bera artu arteraginoko pekatu guztiak, alan Jesus gaiti ta pede santuba gaiti bizitzia emoten dabenari parkatuten deutsaz Jaungoikuak pekatu guztiak, batiatu bagarik egon arren. Zer bautismo obia, dino san Ziprianok, Jesusen izenian penaak iragotia baino? Guztien aurrian Jesus Jaungoikotzat autortuta, Jesus ez ukatutia gaiti bizitzia emonda, norberaren odolagaz batiatutia baino? Odolezko bautismuaren balijua Jesukristok berak esanda itxi euskun ebanjelijo santuban. Berak dino: Gizonen aurrian neu gaiti arpegija ateraten dabena ta neu autortuten nabena, neuk bere autortuko dot ta zaintuko dot neure Aita Zerukuaren aurrian. Zeinek, bada, obeto autortuten dau Jesus, Jesus gaiti bizitzia galduten dabenak baino? Baita esan eban Jesusek berak: Neure amodijua gaiti bizitzia emoten dabenak, gordeko dau bere arimia.

        Alan, kristinaubak, batiatu bagarik inor zeruban sartuko ez dala esaten danian, dino san Agustinek, aitu biar dala urezko edo odolezko bautismo bagarik illten danian gizona edo emakumia. Odolezko bautismo onek bardin balijo deutsee persona nausijai ta umiai. Alan santa Emerenzianak, uragazko bautismua artu bagarik irago eban martirijua. Ta da zeruban santa andija. Beste ainbeste esaten da san Philemon martirija gaiti. Baita santa Katalina Alexandrijakuak, Jesusen sinistutera biurtuta, pede santuba gaiti martirija irago ebeen jakitunak gaiti bere. Oneek guztiok ta beste onako askok ez ebeen lekurik euki urezko bautismua artuteko. Ill zitubeen berdugubak Jesusen gorrotoz, pedia ukatu gura ez ebeelako. Ta garbitu zitubeen euren arimak euren odolagaz ta Jesus gaiti bizitzia emonagaz. Erodesek Jesusen gorrotoz ill zituban sein inozente edo erru bagiak gaiti beste ainbeste esaten da. Ta Eleisiak kantetan dau, eurak diriala martirijen loraak. Sinistu biar dogu bada, kristinaubak, odolezko bautismuak parkatuten ditubala pekatubak guztiak, urezko bautismuak berak legez. Baita naizko edo desiozko bautismuak bere.

        Naizko bautismua esaten da dala, gizonak edo emakumiak urezko bautismua artuteko gogo osua ta nai egijazkua daukanian ta inundi bere artu ezin dabenian. Onetarako euki biar da: 1. Jaungoikuaren ezauberia ta sinistutia. 2. Jaungoikuaren amodijua. 3. Pekaturik egin badau, pekatubaren damu bizija, Jaungoikua injurijau dabelako pekatubagaz. 4. Inundi al dagijanian, urezko bautismua artuteko nai egijazkua. Gauza oneek guztiz preminakuak dira, naizko bautismuak balijo izateko. Au gaiti, errazoiaren usura eldu ez dirianak ezin balijau leitekez naizko bautismuagaz. Baina bai edozein persona nausi, esan dirian lau gauzaak iminten baditu bere aldeti. Bada, urezko bautismua artu ezin dabenari, al balei artuteko daukan nai egijazkua gaiti, Jaungoikuagana daukan maitetasuna gaiti ta bere pekatuben damu bizija gaiti parkatuten deutsaz Jaungoikuak pekatubak guztiak, uragaz ta Espiritu Santubagaz batiatu balitz legez. Ta orduban illgo balitz, juango litzaateke zuzen zerura. Alan dino san Agustinek, naizko bautismuagaz batiatu zala, Jesusegaz kurutzian ill zan lapur ona. Beste ainbeste dino san Anbrosiok, Balentiniano gaztia gaiti. Au gaiti esaten dau Eleisa Ama santiaren Trentoko batzaar osuak: Ebanjelijoko sinistutian ez dabela inok pekatuben parkazinoia jaditxiko batiatu bagarik edo bautismuaren nai egijazkua bagarik.

        Emeti ezaututen da, neure kristinaubak, bautismoko sakramentuba bakarra izan arren, iru modu itxi euskuzala Jesukristo geure Jaunak, amaren sabeleti dakargun pekatuba parkatuteko. Ta baita beste edozein pekatu batiatu baino leenagoko bere. Bata ezin danian, bestiagaz balijauta geure arimak salbau daiguzan. Ze ona dan geure Jaungoikua! Zelan begiratuten deutseen geure onerako eskina guztiai! Zelan prestetan deuskuzan bidiak, batera ez bada bestera, geu zerura eruateko! Oh, ze maite izan biar dogun geure Jaungoiko ona!

 

 

III.

 

        Ta inor salbau ete leiteke batiatu bagarik? Ez, neure kristinaubak. Pedeko sinistukizuna edo artikuluba da, edo urezko, edo odolezko, edo amodijozko ta naizko, esan dan bautismo bagarik ez dala inor zeruban sartuko. Jesukristo geure Jaunaren ebanjelijo santuba azaldau ta predikau zan ezkero, erremedijo bagakua, popuertzakua, nora ezekua edo naita ezekua da batiatutia, salbetako. Uragaz ta Espiritu Santubagaz barriro jaijoten ez dana ezin zeruban sartu leiteke, dino Jesus geure Salbazaille maitegarrijak. Uragaz ta Espiritu Santubagaz barriro jaijotia da, pekatubaren illuneti bautismuagaz grazijaren argitara iragotia. Onan aituten ditubee ta erakusten ditubee Jesusen berba are[e]k Eleisa Ama santiaren batzaarrak ta Gurasoak. Berau gaiti esaten dau Eleisiaren Trentoko batzaar nausijak erejen kontra Espiritu Santubaren izenian, inok esaten badau bautismo bagarik salbau leitekiala edo ez dala nora ezekua bautismo santuba salbetako, izan dedilla eskomulgauba. Ez dagijala zer ikusirik euki alan berba egiten daben erejiak zeruko gauzetan, dino Eleisa Ama santiak. Sinistu biar dogu bada, kristinaubak, pedeko egitzat bautismoko sakramentuba, edo urezkua, edo odolezkua, edo amodijozkua, leen esan dan legez, popuertzakua dala arimak salbeetako. Sinistu biar dogu, nai modu batera ta nai bestera, nai bere erruz ta nai erru bagarik, nai amaren sabelian galduten dala, nai jaijo ta bertati galduten dala, nai azita, nausi eginda illten dala, batiatu bagarik beste mundura doian arimia ez dala inos bere zeruban sartuko.

        Erakutsi onetati sinistu biar dogu, neure kristinaubak, leleengo: Amaren sabelian galduten dirian seinak, bautismo santubaren paltaz duazala linbora. Bigarrenian: Jaijota batiatu bagarik illten dirian seinak, errazoiaren usura eldu ez dirianak ta jatorrizko pekatuba baino beste pekaturik ez daukenak, nai diriala kristinauben umiak, nai diriala judegubenak, nai jentilenak, nai turkubenak, nai erejenak, guztiak duazala betiko linbora. Irugarrenian: Sinistu biar dogu, errazoiaren usura elduta jatorrizko pekatubaren gainera eurak pekatu mortalak egin ditubeenak, bautismo santuba bagarik illten dirianak, duazala betiko inpernura. Begiratu, neure entzula onak, ze premina andikua dan bautismoko sakramentu santuba. Baita ze itsutasun andijan dagozan bere ainbeste gizon ta emakume mundu zabalian, Jaungoikuari ta Jesukristo geure Jaunaren Eleisiari sinistu gura ez deutseela ta bautismoko sakramentu santuba ukatuten dabeela. Oneek dira judegubak, jentilak, erejiak ta geure Eleisa Ama santa, bakar, Erromakuaren ta apostolu santubak zabaldubaren sinistuteti kanpora dagozan guztiak.

        Oh, ze esker andijak emon biar deutsaguzan geure Jaungoikuari, bere Eleisa bakar santara dei egin deuskulako, bautismo santubaren bitartez! Oh! Ezautuko bagendu ondo zeinbat balijo deuskun kristinau izatiak, estimauko genduke obetuago Jaungoikuaren doe bardin bagako au, ta erantzungo geunskijo zintzoruago zerurako deijari, bautismo santuban egin genduban eskini santubari. Pensau ete dozu inos ondo, kristinaubak, zeinbat balijo deuskun kristinau izatiak? Pensau ete dozu zeinbat dagozan munduban, andi eginda, zaartuta, kristinau izateko biderik ez daukeenak? Zer dira ainbeste judegu? Ainbeste jentil? Ainbeste moro? Ainbeste ateista edo Jaungoikuaren burlaari? Ainbeste hereje ta sakramentuben ukalari? Zetan dagoz ta zetan geratuko dira areen arima tristiak ta gorputzak, batiatuta kristinau egiten ez badira? Duda bagarik dirianak dagoz errukarri tristian, inpernurako bide jakinian. Zer geijago zor eutsun, bada, zuri Jaungoikuak, arei baino? Zer egin zenduban zuk, kristinau izateko? Batiatuta egoteko? Jaungoikuak bere aparteko semetzat artuteko? Salbetako bide segurura ta bakarrera, arei itxita, zuri Jaungoikuak dei egiteko? Zer zenkijan zuk jaijo zinanian? Zer sortu zinanian? Ezer bere ez. Zu ta moro bat, edo judegu bat, edo hereje bat bardin sortu ta bardin jaijo zinian. Ta areek euren utsegitetan itxita, zugana bere begi bigunak Jaungoikuak itzuli zituban. Zu beste askoren artian bere semetzat ta serbizaritzat artu zinduzan Jaungoikuak bautismuagaz.

        Ta zeinbat ill edo itoten dira batiatu bagarik kristinauben euren artian? Menturaz neure anae edo arrebak linbuan dagoz betiko, bautismuaren paltaz. Neu sortu nintzan amaren sabelian sortu zirian areek bere. Neu gordetako euki eban beste ardura euki eban areek gordetako bere. Areek linbuan dagoz betiko ta ni bautismo santubagaz zeruko bide seguruban nago. Ta neuk Jaungoikuaren deijari erantzuten badeutsat neure aldeti, egongo nas beti zeruban duda bagarik. Zer egin neban, bada, nik areek baino geijago, bizirik jaijoteko ta bautismo santubaren grazija artuteko? Ezer bere ez. Ill nintzaatekian edo ito nintzaatekian jaijo baino leenago. Ta egon nintzaatekian betiko linbo illunian. Baina ez dau gura izan Jaungoikuaren ontasun neurri bagiak. Berak bakarrik bizirik euki ninduban amaren sabelian. Berak azi ninduban ta argitara atera ninduban. Ta berak, bautismo santubagaz garbituta, artu ninduban bere semetzat.

        Oh, neure Jaungoiko ona! zeinbat maite izan biar zaitudan, bautismo santubagaz egin zeunstazan mesediak gaiti! Oh nire tristia, judeguba izan banintz! Oh nire errukarrija, morua izan banintz! Oh nire zori gaistokua, herejen legian jaijo ta azi banintz! Oh nire galduba, Jaungoikuari, Jesukristori, ebanjelijo santubari, sakramentubai, zerubari, arimiari ta Eleisiari jaramonik ez egiten edo barre ta burla egiten erakutsi baleustee umetati neure gurasuak, neure erakuslak, neure lagunak ta neure auzuak! Zer izango zan nigaz, Jaun Zerukua, zer izango zan! Baina, zer izango zan? Ah! Diabrubak, mundubak ta aragijak goituta; egunian egunian pekatubari pekatuba ezarrita; zeure esan santubak ta betiko egiijak, oh Jesus maitia! burlagarritzat artuta biziko nintzan munduban, ganadu baten gisaan. Ta ill nendinian, juango nintzan zuzen inpernuko ondarretara betiko. Oh, neure entzula onak! Au izan zaatekian zuben guztion ta nire azken penagarrija ta bildurgarrija. Edo Jaungoiko gozuaren arpegi santuba ikusi bagarik beti linbo illunian egotia, ito bagina geure amaren sabelian bautismo bagarik.

        Baina ez dau gura izan geure Jaungoiko onak gu alako galdu bidian istia. Aintxinati zabaldu zituban bere begi misekordijakuak geugana. Beste millari ta geijagori itxita, ekarri gaitu bere etxe santara, bere Eleisa santara, urrian bertan beragaz bere maijan bizi gaitezan. Bautismoko iturri santuban geure arimaak garbituta, bere semetzak batiuan markauta, grazijagaz apainduta, zeruko sinistutiagaz ta erakutsijagaz argituta, bere odol santubaren balijua sakramentubetan geuri emonda, emen gaukaz zerura eruateko prestetan, geuk nai badogu. Au da Jesukristo geure Jaunak bautismo santubagaz egin deuskun mesede neurri bagia.

        Alabau degijela, bada, geure Jesus mategarrija kriatura guztiak. Kantau dagijezala zeruban aingerubak bere miserikordija zabalak. Amau dagijela, adorau dagijela ta jaso dagijela kristinau guztiak Jaungoiko egijazkuaren ontasun neurri bagia. Ta urtu dedilla nire bijotza bere Jaun andi, bakarraren amodijo santuban. Ez nadilla kansau inos esker onak ta grazijak neure Jaun zerukuari emoten; bautismo santubagaz ta kristinau eginagaz erakutsi deustan maitetasun andijari zelanbait neure aldeti erantzuteko. Onetan amaitu dedilla nire bizitzia.

        Bai, neure entzula onak, ez dogu aaztu biar bautismoko mesede andija, erantzun biar deutsagu esker onagaz ta humildiagaz Jaungoikuaren deijari. Ez dogu lotsatu biar pekatubagaz kristinaubaren izen santuba. Ez dogu loitu biar pekatubagaz bautismuan emon euskuben grazijazko jantzi ederra. Bada, Jaungoikuaren mesede apartekua dan legez gu zerura eruateko, geuk galduten badogu zeruba geure erruz, Jaungoikuaren asarria bere apartekua izango da gu peneetako. Au gaiti, geu bagara lotsa gaistokuak Jaungoikuarentzat, izanik geu Jaungoikuak bere etxera, bere Eleisara ta bere mai santura deitubak, an zintzoro bere esanak guztiak egin daiguzan ta bere esanak ta agindubak egin biarrian, lotsia galduten badeutsagu ta asarratuten badogu geure Jaungoikua, errazoe andijagaz bere etxera eruan ez ditubanak baino geijago kastigauko gaitu.

        Oh Jesus neure gordezaille maitia! Amaitu egizu, bada, nigan, bautismuagaz asi dozun saill santuba zeure grazija indartsubagaz. Emon deustazu zeure sinistutia ta zeure seme izatia bautismuagaz; bada, emon egidazu, zeu bakarrik maitetu[te]ko atsegina ta zeruban beti gozetako zori ona. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa