www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan,

komuninoeko sakramentubaren gainian

kristinaubak sinistu biar dabena.

 

        Erraztuago bat egiten dira, neure entzula onak, kristinaubaren sinistzako gauza batzuk geure errazoiaren ezauberiagaz, beste batzuk baino. Nekezago ta gitxiago aituten ditugu geure sinistukizun batzuk, beste batzuk baino. Leku geijago dauka geure adinian, Jaungoikuak bere aginduba egiten dabenari sari ona zeruban emongo deutsala sinistutiak, Jaungoiko bakar bat iru persona bata bestia ez dirianetan daguala, sinistutiak baino. Lasterrago dator gere errazoiaren erara, Jaungoiko onak ta santubak pekaturik gura ez dabena, Jaungoiko Espiritu utsak Birjina eder baten sabelian sortua, gorputza ta arimia beragana artu ditubana baino.

        Gitxiago kostata sinistuten dogu, pekatari garbatubari Jaungoikuak pekatuba parkatuko deutsana, Jaungoiko guztia daikiana, zerubak eta luurrak kabidu ezin dabeena, ostija txiki baten osorik eta bizirik barrututa daguana baino. Nok aitu legi zelan daguan Jaungoiko guztia ostijan? Zelan kalizan? Zelan ainbeste ostijatan, izanik JESUKRISTO bat? Zelan gizonari emon ain alizate andija, berba bategaz JESUKRISTO Jaungoiko ta Gizon egijazkua ostijan iminteko? Ogijaren ta ardauaren izatia JESUKRISTOREN izate egijazkora biurtuteko, nai daben guztian? Ah, kristinaubak! Zerubak eta luurrak arrituten dituben siniskizunak dira onetariko asko. Jaungoikuaren anditasunak ezkutau eutsan gizonari euren ezaubera urrinekua bere. Orregaiti ez dira, gitxiago sinistu biar ditugunak. Ez dira egiija gitxiagokuak. Jaungoikuak berak esanak dira. Geure adin laburra lotuta, buruba makurtuta, lotsa santu bategaz itsu itsuban sinistu biar ditugunak dira. Zerbait gaiti esaten eutsan Isaias propeta santubak Jaungoikuari: Zu zara bene benetan Jaungoiko ezkutauba. Ver e tu es Deus absconditus. Eskutauba da Jaungoikua, begijakin ikusteko. Ezkutauba da, gizonaren errazoe laburrak atxituteko. Ezkutauba da, andiustiak ta aixez burubak beteta daukezanak ezaututeko. Abscondisti hæc a Sapientibus, et prudentibus. Baina agirija da gitxi ustekuentzat, humildentzat ta Jaungoiko egijazkuari bere esana entzuteko belaarrijak zur ta prest daukezanentzat. Apparuit benignitas, et humanitas Salvatoris nostri Dei...

        Alan, neure entzula onak, ezkutukua izan arren ta geuk aitu ezin doguna izan arren, sinistu biar dogu itsu itsuban Jaungoikuaren esana, Eleisa Ama santiak erakusten deuskun moduban. Au gaiti, bada, komuninoeko sakramentuban dagozan legez gauza batzuk kristinaubak nora ezian sinistu biar ditubanak, salbauko bada, esango deutsut dotrina onetan, komuninoeko sakramentubaren gainian kristinau guztiak sinistu biar dabeena. Entzun egizu guztiok zurtasun guztiagaz, ezer bere oker aitu ez dagizun.

        Sinistu biar dogu bada, neure kristinaubak, komuninoeko sakramentu santubaren gainian: Lelengo: Jesukristo geure Jaunak Eguben Santu gabian azkeneko aparija apostolu santubakin jan ebanian, konsagrau ebala eskubetan eukan ogija ta biurtu ebala bere gorputz izatera. Baita kalizan artu eban ardaua bere biurtu eban bere odol izatera.

        Bigarrenian: Sinistu biar dogu gau ditxoso atan komulgau zitubala Jesusek apostolubak bere gorputz ta odol bizijagaz, zein izan zan lelengo komuninoia.

        Irugarrenian: Sinistu biar dogu Jesukristo geure Jaunak emon eutseela apostolubai ta areen ondorengo sazerdote guztiai alizatia edo potestadia, ogija ta ardaua Jesukristoren beraren gorputz ta odol bizi izatera biurtuteko.

        Laugarrenian: Sinistu biar dogu edozein sazerdote egijazkok, guztiz gaistua ta deungia izan arren, erejia nai exkomulgauba izan arren, komuninoeko sakramentuba egiteko ustiagaz esaten baditu ogijaren nai ardauaren gainian Jesukristok atarako itxi zituban berbak, ogija ta ardaua biurtuten diriala Jesusen gorputz ta odol bizi izatera. Ogijaren ta ardauaren gainian sazerdotiak berba santubak esaten dituban orduban bertan edo, erabagijago esateko, berba santubak esatez amaitu dagizan instantian dala, leen ogi zana ta ardao zana, JESUKRISTO Jaungoiko ta gizon egijazkua, Ama Birjiniaren sabel garbijan sortu zana. Geure artian munduban bizi izan zana; geu zerura eruatia gaiti, kurutzian josita, bere guraz ill zana; illda irugarren egunian illen arteti biztu zana; andi berrogeigarren egunian zerubetara igon ebana; Aita Betikuaren alde eskumati jarrita daguana; azkeneko egunian illak eta bizijak juzgetara barriro mundura etorriko dana; onai betiko zeruba ta deungai betiko inpernuba emongo deutseena; azkenik, Jaungoikuaren Seme bizi gizon egina dala, leen ogi ta ardao zana.

        Bostgarrenian: Sinistu biar dogu ostijan ta kalizako ardauan, sazerdotiak berba santubak esan ezkero euren gainian, ez daguala ez ogijaren ta ez ardauaren izaterik, ezbada leen ogi zana ta ardao zana dala orain Jesukristo, Jaungoiko ta Gizon egijazkua.

        Seigarrenian: Sinistu biar dogu ogijaren ta ardauaren izate guztia biurtu arren Jesusen gorputz ta odol bizi izatera, geratuten dira bai ostijan ta bai kalizako ardauan ogijaren ta ard[a]uaren idurija, pisuba, koloria, etxuria ta gustua. Oneek dira ogijaren ta ardauaren izatiari berez darraikozanak. Oneek geratuten dira, bada, ogi bagarik ta ardao bagarik, mirari andi baten bitartez, nun egon ez daukeela, komuninoeko sakramentuba artuten dogunian sinistutiak edo pediak lekuba euki dagijan, dino santo Tomasek. Ikusten dogu, komulgetara guazanian, emoten deuskubeela ogijaren etxurako, ogijaren koloreko, ogijaren pisuko ta ogijaren gusto egin egineko gauza bat. Ta beste ainbeste kalizako ardauan. Baina sinistuten dogu, komulgetan garianian, ogirik artuten ez doguna, ezbada ogijaren ta ardauaren etxuran Jesukristo, Jaungoiko ta gizon egijazkua dala orduban artuten doguna. Baita sinistuten dogu ta sinistu biar dogu, konsagrautako ostijan ta kalizan ez daguala ez ogirik, ez ardaorik; baina bai ogijaren ta ard[a]uaren azidenteak, zeinak diran koloria, pisuba, usaina, gustua ta etxuria, leen esan dan legez.

        Zazpigarrenian: Sinistu biar dogu ostija santuban daguala ez bakarrik Jesukristo geure Jaunaren gorputza, ezbada Jesukristo Jaungoiko ta gizon egijazkua osorik ta bizirik. Gorputz odol, arima ta Jaungoiko guztia dago ostija santuban. Beste ainbeste esaten da kalizako ardao santuba edo konsagrauba gaiti. Bada, ez dago Jesukristoren odola bakarrik kalizan, ezbada an dago Jesusen gorputza, odola, arimia ta Jaungoikotasuna, zeruban daguana osorik ta bizirik. Au gaiti esaten da, meza esaliak Jesusen gorputza ta odola ogijaren ta ardauaren idurijan artuten ditubanian; ta kristinaubak porma txiki bat komuninoian artuten dabenian, bijak artuten dabeela Jesukristo osorik eta bizirik. Bijak artuten dabee Jesukristo, Jaungoiko ta gizon egijazkua; batak mezaan ta bestiak komuninoian. Ta Jesukristo geure Jauna ez da batian andijago bestian baino.

        Zortzigarrenian: Sinistu biar dogu ostija santuba zatitu ta puskatu arren, ez dala zatituten, ez puskatuten Jesukristoren gorputza. Ta kaliza santuban daguan odola leku askotara zabaldu arren, ez dala zabalduten, txikituten edo puskatuten Jesusen gorputz ta odol santuba. Bada, ostija osuan dago Jesukristo osorik ta bizirik. Ta ostijaren zati bakotxian dago Jesukristo osorik ta bizirik. Kalizako odol santuban dago Jesukristo osorik ta bizirik. Ta odolaren tanta bakotxian dago Jesukristo osorik ta bizirik. Ostijaren apur bakotxian Jesukristo bat osorik ta bizirik. Ta ostija guztietan Jesukristo bat osorik ta bizirik. Kalizako odol santubaren tanta bakotxian Jesukristo bat osorik ta bizirik. Ta kaliza guztietan Jesukristo bat osorik ta bizirik.

        Beredatzigarrenian: Sinistu biar dogu ainbeste ostijatan ta kalizatan egon arren Jesukristo osorik ta bizirik, ainbeste meza esan arren egunoro mundu zabalian ta meza bakotxian imini arren Jesukristo osorik ta bizirik ostijan ta kalizan, ez daguala Jesukristo bat baino. Ostija guztietan Jesukristo bat osorik ta bizirik. Ta ostija bakotxian Jesukristo bat osorik ta bizirik. Ta orregaiti ostija guztietan, kaliza guztietan, elexa guztietan, zeruban ta luurrian Jesukristo bat, Salbazaile bat ta Jaungoiko bat baino ez dago. Zelan izan leiteke au? Zelan ez dagigu. Baina alan dana bakigu. Zelan jakiteko gurarija etorten bajatzu, erantzungo deutsu san Juan Damaszenok, Jaungoikuaren esana egiija dala, indartsuba dala, guztia daikiana dala; ta Espiritu Santubaren grazijaz beste mirarijak egin dituban legez, au bere Jaungoikuak berak egina dala. Zelan egiten dan, guk jakin ezin ginaijana dala... Au da kristinaubari esaten jakona, alako gauza altu Jaungoikozkuak aztertu ta jakin gura ditubanian. Jaungoikuak zeruko glorijaren argitasunagaz geure errazoiaren lainuak kendu dagiguzanian; Jaun zerukua Bera dan legez ikusi daigunian; arimia gorputzaren katietati ta aragizko estalgijetati askatu dedinian; zeru zabalian sartu gaitezanian, dinot, kristinaubak, ikusiko dogu ta jakingo dogu zelan dirian komuninoeko sakramentu santubaren mirari andi ta arrigarri oneek.

        Ordu artian sinistu biar dogu, txikijak ta gitxirakuak gariana. Ta guk atxitu al daiguzan baino altubaguak ta ezkutubagokuak diriana. Alako Jaungoikuaren gauza goitsubak ta estaldubak errazoiagaz ondotu ta neurtu gura izan ditubeenak, urten dabee errazoeti kanpora ta jausi dira Jaungoikuaren kontrako utsegite andi ta negargarrijetan. Jazo triste ta negargarri oneek erakusten deuskubez ainbeste erejek. Nai zituken ezautu, neurtu ta eskupetu euren errazoe laburragaz Jesukristoren amodijozko mirari andijak ta batu ezinekuak. Ta uts egite bateti bestera, geruago illunago ta geruago okerrago, azkenian ukatu ditubee Jaungoikuaren esanak, desondrau dabee Jesukristo, itxi deutsee komuninoeko sakramentu santubari ta prestau dira eurak ta euren ondorenguak inpernurako. Irakurri bedi Lutero, Kalbino, Zuinglio, Melanton, ta beste askoren bizitza dudazkua ta erijotza uste gaistokua edo desesperauba. Ta an ikusiko da zer dakarre n, Jaungoikuaren esana Eleisa Ama santiari ez sinistutiak itsu itsuban.

        Amargarrenian: Sinistu biar dogu Jesukristo daguala ostijan ta kalizan, sakramentubak dirauban artian. Esan gura neuke, Jesukristo daguala ostija ta kaliza konsagrauban, ogijaren ta ardauaren usaina, idurija, gustua, koloria ta beste ogijari ta ardauari berez darraikozanak galdu artian. Bada, ogijari ta ardauari berez darraikozan gauzak galdu ezkero, nai dala ustelduta, nai dala lizunduta, edo urdinduta, nai beste modutan, ez dago ostija edo kaliza atan sakramenturik. Ta ez dago an Jesukristo. Jesukristo dago, sakramentuba daguan artian. Sakramentuba dago ogijari ta ard[a]uari berez dar[r]aikozanak euren izatasun egijazkuagaz dagozan artian. Oneek galdu ezkero, nai modu batera ta nai bestera, ez dago sakramenturik. Baina ogijaren ta ardauaren kolore, usain, gusto, pisu ta irudi egijazkua daguan artian, nai ostijan ta nai kalizako odol santuban, an dago Jesukristo osorik ta bizirik komuninoeko sakramentu santuban. Ta egongo da munduba mundu dan artian. Ecce ego vobiscum sum, usque ad consumationem sæculi.

        Azkenian sinistu biar dogu, Jesukristo geratu zala komuninoeko sakramentuban gauza askotarako ta guztiak geure onerako. Geratu zan sazerdote jaunak Aita zerukuari mezaan egunoro eskini dagijuen barriro Jesus bere Seme gizon eginaren erijotza osasuntsuba. Au gaiti, egunaren ordu guztietan esaten dira mezaak mundubaren eskina batian edo bestian. Alan urte guztietan, egun guztietan ta ordu guztietan eskintzen jako Aita Betikuari altaretan bere Seme maitiaren bizitzia gizonen osasuna gaiti. Geratu zan Jesus altarako sakramentuban geure arimen janaritzat ta edaritzat. Ta ain modutan geratu zan, ze gau ta egun dago geugaz; gau ta egun egongo da geugaz. Ta gau ta egun eskintzen jako Aita zerukuari geure arimetako osasuna gaiti, leen esan dan ta argiruago gero esango dan legez.

        Gauza oneek guztiok sinistu biar ditu kristinaubak komuninoeko sakramentubaren gainian. Baita onezaz ostian, Jesukristok berak agindu euskun komulgetako. Au da, komuninoe santuban bere gorputza ta odola artuteko. Alan esaten deusku san Juan Ebanjelistiaren aotik: Jaten ez badozu neure gorputza ta edaten ez badozu neure odola, ez zara biziko. Esan gura dau, salbauko bagara, artu biar dogula komuninoian Jesusen gorputz santuba. Jesusen gorputza jaten dabena ta odola edaten dabena, Jesusegaz beragaz daguala ta Jesus bera bere bai jaten dabenagaz. Jesusen gorputz santuba komuninoian zelan artu biar dogun bere esaten deusku san Paulo apostolubak, dinuanian, gaiski komulgetan danak, berak jaten dabela betiko galdutia beretzat. Juditium sibi manducat. Onezaz ostian, Eleisa Ama santiak erakusten deusku nos eta zelan komulgau biar dogun.

        Gogoratu bada, kristinaubak, zeinbat gauza andi ta arrigarri daukaguzan ta sinistuten ditugun komuninoeko sakramentu santuban. Guztia da andija baino andijagua ta illuna baino illunagua, geuk aituteko. Baina ez, sinistuteko. Eskritura Sagradubak iminten deusku komuninoeko sakramentubaren iduri bat Sansonen jazo bategaz. Eztegura bidian joiala urten eutsan Sansoni leokume batek murruzaka jan guraik edo ito guraik. Oratu eutsan Sansonek leoiari ta puskatu eban leoia, bildots bat balitz legez. Andi egun gitxi barru juan zan Sanson leoe illa ikustera. Ta topau eutsan bere auan erlia ezti abauagaz. Artuta jan eban Sansonek eztija, bidian joiala. Eztegura juan da gero imini eutseen Sansonek philisteotarrei azertakizun illun au: Jaaten dabena ganik urten dau janarijak ta sendua ganik urten dau gozotasunak. De comedente exivit cibus, et de forti egressa est dulcedo. Ezin azertau ebeen philisteotarrak Sansonen itaune illunak zer esan gura eban, arian da Sansonen beraren esposiak esan artian. Ezin azertau ebeen ez zein zan jaaten dabena, ez zer zan janarija, ez nor zan sendua, ez ze gozotasun zan. Baina Sansonek esan eutsan bere esposiari ta ak philisteotarrai. Ta orduban azertau ebeen ta aitu ebeen errazto Sansonen mirari illuna.

        Kontu egizu bada, neure entzula onak, au guztiau zala komuninoeko sakramentubaren iduri bat. da jaaten dabena da janarija. da jaaten emoten dabena. da sendua. Ta da gozua. Jesusen aoti, azkeneko aparija apostolubakin jaten ebanian, urten eban geure arimako janarijak. Ta janari au berau da Jesus. Jesus bera da sendua. Bera da Isrraelgo judatarren leoe sendua. Leo de Tribu Juda. Bera da Sanson egijazkua, bere buruba illagaz arerijuak goitu zitubana. Ta Jesus bera da sakramentu santuban gozotasun guztietati gozuena. Sanson leoiaren aoko eztijak eztegurako gozatu eban legez bidian pozik eta gogoz juateko, alan Jesusen gorputz santubak komuninoian artuta, gozatu, poztu, sendotu ta bizkortuten ditu arimak munduban, zeruko eztegubetara juateko. Au gaiti konbidetan ditu zeruko esposuak arima santak, berak bere ezti gozua jan dabela esanda, comedi favum cum melle meo, beragaz janari ta edaari gozua naikua artutera. Comedite amici, et bibite, et inebriamini charissimi.

        Baina nok azertau komuninoe santubak daukazan mirari ezkutuko illun oneek? Zelan guk, philisteotarrak legez, luurreko illuntasunian ta gorputzaren kartzelan arimia daukagunok, zelan aitu ta azertau Sanson egijazkuaren, Jesus maitiaren amodijozko azertakizun gatx ezkutuko oneek? Ezelan bere ez geuk geurez. Ez ebeen inos aituko philisteotarrak Sansonen berbetia, Sansonen beraren esposiak esan ez baleutsee. Ta ez genduban guk bere inos aituko Jesusen berbetia komuninoeko sakramentubaren ganian, Jesusek berak erakutsita, Jesusen esposiak Eleisa Ama santiak esan ez baleusku. Durus est hic sermo esango genduban, leenagoko diszipulubak legez. Berbeta gogorra, illuna ta aituten gatxa edo aitu ezin legijana da au, esango genduban, Jesukristo Jaungoiko ta gizon egijazkua dala gizonaren janarija. Baina Jesusek berak esan ezkero ta Jesusen esposa egijazkuak, Eleisa Ama santiak erakutsi ezkero, sinistuten dogu komuninoeko sakramentubaren gainian erakusten deuskun guztia, geuk ikusita ta aituta baino ziurrago, zalago ta senduago.

        Oh, Jesus Sakramentauba! Oh Jesus, arimen janari egijazkua! Zeuk gura izan dozu, bada, geugaz altaretan geratutia. Geuri deuskuzun nai ona gaiti egin deuskuzu, Jauna, mesede neurri bagako ori. Zeuri bakarrik gogoratu jatzun, Jesus, geure janari izatia. Nori besteri gogoratuko jakon Jaungoiko gizondubak bere gorputzagaz ta odolagaz janduko zitubala gizonak? Ta nor azartuko zan inos mesede au zuri eskatutera? Oh Jesus andija ta humildia! Andija zeruban ta humildia ogi puska baten etxuran. Andija zeure egitadetan: Zerubak ta luurra kobernetan, aingerubak ta santubak alegeretan, diabrubak ta deungak inpernuban penetan ta onak guztiak munduban gordetan ta zaintuten. Baita ondo txiki eritxikua ta ondo batuba zara, Jesus maitia, ni legezko pekatari baten miinaren gainian, eztarrijan ta bularrian zagozanian. Maitetu zagijezala bada, Jesus ona, arima guztiak ta espiritu guztiak zeruban, luurrian, leku guztietan ta beti. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa