www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zer dan oleazinoeko sakramentu santuba.

2. Zetarako dan.

3. Zelan artu biar dan.

 

        Sakramentu santubai jagokuen dotrinia ondo ikasijaz ezaututen da, neure kristinaubak, Jaungoikuak geuri deuskun ondo gura neurri bagia. Sakramentubetan itxi deuskuz Jesus maitiak, ez bakarrik geure arimako gatx guztien erremedijuak, ezbada baita premina ordu bakotxeko eta gatx bakotxeko erremedijuak bere. Leen erakutsi dirian lau sakramentubetan, entzun dozu zelan jaijoten garian orduti kristinau ta Jaungoikuaren seme eginda, emoten deuskuben geu beti Jaungoikuaren adiskide izateko grazija. Bada, bostgarren sakramentuban emoten deusku Jaungoikuak geure erijotzako ordu esturako pozezko ta indarrezko grazija. Sakramentu santu onen gainian kristinaubak jakin biar dabena da: 1. Zer dan extrema unzinoeko sakramentuba. 2. Zetarako dan. 3. Zelan artu biar dan. Iru gauza oneek esango deutsudaz dotrina onetan, zeubek jakitia ondo dan tertzijuan. Eskatuten deutsut oi dozun entzute ona.

 

 

I.

 

        Extrema unzinoeko sakramentuba da, ebanjelijoko lege santuban Jesukristo geure Jaunak itxi euskuna gaixorik illteko arriskuban dagozan kristinaubai emoteko, pekatubak ariman itxi dituban errastu txaarrak ta ondarrak kenduteko ta gorputzari osasuna emoteko, bajatorko. Onetarako gaxorik alan dagozan kristinaubak sazerdotiak igorzten ditu orijo bedeinkatubagaz gorputzeko sentidubetan. Esaten jako extrema-unzinoia, azkenengo gaixuari emoten jakon orijo-igortzizko edo unzinoeko sakramentuba dalako. Bada, ordiako sakramentuba izan arren unzinoezkua ta sazerdote guztiak izan arren unjidubak, sazerdote ta unjidu guztiai bere extrema-unzinoia emoten jakue, gaixorik illteko peligruban dagozanian. Baita esaten jako sakramentu oni gaixuen orijozko sakramentuba, gaixorik dagozanai baino emoten ez jakuelako. Illteko peligruban egon arren, ez jakue emoten sakramentu au gorputzeko gaixuagaz edo gatxagaz peligru atan ez dagozanai. Baita esaten jako illtera duazanen sakramentuba, aituten emoteko ez dala asko edozein gaixo kristinauba olietako, ezbada biar da sakramentu au artuteko, kristinauba illteko arriskuban iminteko gaixua, aituten jakuenen eritxijan. Eleisiak erakusten deusku, extrema-unzinoia Jesukristo geure Jaunak itxitako sakramentuba dana ta, beste sakramentubak legez, berari jagokan grazija arimiari emoten deutsana.

        Errazoiaren usura eldu ez dirian umiai ez jakue emoten orijozko sakramentu au, gaixorik illteko arriskuban egon arren. Bada, errazoiaren ezauberarik ez dauken umiak pekaturik ez daukee. Ta pekatubak itxitako gatxak garbituteko da sakramentu au. Guztiz zoratuta bizi izan dirianai bere ez jakue emoten, zer artuten dabeen ta zelan artu biar dabeen jakin ezin legijelako. Konpesau gura ezda dagozan pekatu mortaldunai bere ez, illten egon arren. Bada, extrema-unzinoeko sakramentuba da moduren baten penitenzijako sakramentubaren giltza edo amaigarrija. Penitenzijak emoten deutsa arimiari osasuna. Penitenzijak kenduten deutsa gatxaren kolpe nausija. Baina gatxa juan arren, geratuten dirian legez gorputzian gatx ondoko argaltasuna, jaustasuna ta makaltasuna, alan pekatuba kendu arren arimati konpesinoeko sakramentubagaz, geratuten da arimia pekatubak itxitako ondarragaz ta makaltasunagaz. Oneek kenduten ditu arimati extrema-unzinoeko sakramentubak ta emoten deutsa osasun senduagua bere grazijagaz arimiari. Obetuago aituko dozu au entzunagaz, zetarako itxi euskun Jesukristok extrema-unzinoeko sakramentuba.

 

 

II.

 

        Onetarako gogoratu egizu, kristinaubak, barriro ta obetuago, zer jazoten jakon gatx andi bat goituta gero geure gorputzari. Gatx onduan geratuten da gorputza koloria zurituta, agintia juanda, jaateko gogo bagarik. Azurrak minberatuta daukaz. Jagita ozta dabil. Jarrita egoten kansetan da. Ez jaateko, ez lo egiteko, ez egoteko, ez ibilteko, ez berba egiteko, ez barre egiteko argituten jako gogua gaixuari, gatxak itxita lasterreko egunetan. Zegaiti au? Gatxak gorputz guztia aginteti aterata, argalduta, makalduta itxi deutsalako. Zer egiten deutsa, bada, medikubak edo osalarijak alako gorputz jausijari? Aginduten deutsaz janaririk ta edaririk indartsubenak ta osasuntsu benak, leengo bizkortasunera, osasunera ta indarrera etorri dedin gorputza ta garbitu dedin gatxak itxi deutsazan errastu deungetati. Au ikusten dozu ta au berau egiten dozu, neure entzula onak, gatx onduan zeuben etxeetako gaixuakin.

        Kontu egizu, bada, beste ainbeste egiten dabela Jesukristo geure arimen egijazko mediku edo osalarijak. Pekatuba da arimiaren gatxa. Gatx illgarri onen kolpe nausija osatuten dau Jesukristo geure Jaunak konpesinoeko sakramentubagaz. Baina oraindino geratuten da arima tristia pekatu onduan gatxaren errastu gaistuagaz. Ta zeinbat sarrijagotan pekatu illgarrijaren gatx deungia irago daben arimiak, ainbat geratuten da, konpesinoian gatxa osatuta bere, makalago, epelago, astunago ta jausijago, Jaungoiko ona maitetuteko ta zeruko egijetara gogua jasoteko. Konpesinoian pekatuba parkatu arren, pekatarijaren gogua ez da guztiz indartuten, luurreko naijetati zerukuetara igoteko. Ez dozu ikusten logreru bat edo diruzalegi bat, sarri konpesau arren, leengo gatxagaz geratuten dala ta ostera bere logrerijetan ta lapur tratubetan jausten dala? Ez dozu ikusten loi bat, nosbait konpesau arren, leengo berdetasunak ta aragijaren erako pekatubak erakusten ditubala? Ez dozu ikusten beste ainbeste jazoten jakola ordijari, lapurrari, arruari, andiguriari, gaiski-esaliari, gorrotarijari ta beste pekatarijai? Zeinbat Zakeo topetan dira, logrerijaren ta lapurretiaren pekatuba bein ondo osatu ezkero, ostera egin ez dabeenak? Zeinbat Madalena, bein Jesusen oinetan pekaturik ostera ez egiteko berbia emon ezkero, betiko aragijaren labankerijai, pekatuko jantzijai, pekatuko lagunai ta ibiltiai larga deutseenak? Zeinbat san Pedro? Zeinbat Pelajia? Zeinbat Tais? Zeinbat, bein Jaungoikuagana biurtu arren grazijaren kolpe indartsu bategaz, ariman guztiz osatuta geratu dirianak? Ez dakit, kristinaubak. Zeubek kontau daikezuz, al badaizu. Ejitoko katiguti Jaungoikuak askatu arren arimak ta zeruko mana gozua jaten emon arren, isrraeltarrak jiretan ebeen euren gogua ta gurarija Ejitoko kipula ta berakatz berdetara.

        Zegaiti, bada, gusto geijago edo poz geijago artuten ez deutsee isrraeltarrak, Jaungoikuak zeruti bialdu eutseen mana gozuari? Isrraeltarren gogua, bijotza ta espirituba luurrezkua zalako. Jaungoikuaren mesediak estimetako, zeruko gauzai gustua artuteko ta grazijaren bide santubai jarraituteko, luur jota, makalduta, aginte bagarik egozan isrraeltarrak. Au gaiti naijago zituben pekatu arteko berakatz berdiak ta kipula garratzak, zeruko mana grazijazkua baino. Au da pekatu illgarrijak geure ariman isten daben espiritu makalaren ta jausijaren irudi egijazkua.

        Ta ze erremedijo, onako gatxetati arimia sendotuteko? Unzinoeko sakramentuba. Au da Jesukristo geure Jaunak atarako itxi euskun erremedijua. Erremedijo jakin andikua ta erremedijo seguruba. Jakin andiko erremedijua. Bada, nundi jatorkon arimiari gatxa, an iminten dau sakramentu onek arimiaren osagarrija. Gorputzaren senak edo sentidubak dira arimako gatxen atiak, bidiak edo sartulekubak. Bada, pekatubak oi datoz arimara, edo ikusijagaz, edo entzunagaz, edo usain eginagaz, edo esanagaz, edo jan edanagaz, edo pausubagaz, edo oratubagaz. Begijak, belaarrijak, suurrak, miina, aua, eskubak ta oinak dira pekatuben bidiak. Ta eurak dira, pekatubak gaixotuta isten ditubanak. Emeti datoz arako pekatu azi ugarijak ta sustrai berenotubak. Entzun guria, esan guria, ikus guria, gozo guria ta leun guria, gorputzari bere sengarri guztietan naija emoteko. Pekatubak biztu ta askortuten ditube gorputzaren erako gurari gaisto oneek. Ta zeinbat indar ta agindute geijago daukeen oneek gorputzian, ainbat dago makalago, jausijago ta argalago espirituba zeruko gauzetarako. Pekatubak itxitako erru gaisto oneek osatuteko ta arimiari grazijaren sendotasuna emoteko daukagu bada, neure kristinaubak, extrema-unzinoeko sakramentu santuba.

        Alan igorzten deutsaz sazerdotiak orijo santubagaz gaixuari begijak ta esaten deutsa: Unzinoe santa au gaiti ta bere miserikordija txito biguna gaiti parkatu dagizula Jaungoikuak begijakin egin dozun palta guztia. Banaan banaan igorzten deutsaz gaixuari sazerdotiak orijo santubagaz belaarrijak, suurra, ezpanak, eskubak eta oinak. Ta sentidu bakotxian esaten deutsa: Unzinoe santa au gaiti ta bere miserikordija txito biguna gaiti parkatu dagizuzala Jaungoikuak entzunagaz... usainagaz... esanagaz... pausu egina gaz... ikutu eginagaz... gusto artubagaz egin dituzun pekatu guztiak. Ara emen, gizonaren sentidu guztiak pekatuti garbituteko ta osatuteko sakramentuba. Gorputzaren sentidubak orijo santubagaz igorzten jakozanian gaixuari, sakramentubak ariman egiten deutsa grazija, gaixuak azkeneko ordu triste atan biarren dabena.

        Lelengo: Extrema-unzinoiak parkatuten deutsaz gaixuari pekatubak ta emoten deutsa arimako grazija, dino Santiagok.

        Bigarrenian: Gaixuak konpesetako ta komulgetako lekurik euki ez arren, artuten badau extrema unzinoeko sakramentuba jagokan prestaeriagaz, parkatuten jakoz pekatubak, guztiak andijak eta txikijak.

        Irugarrenian: Garbituten dau arimia extrema unzinoeko sakramentubak, leenagoko pekatubak itxi deutseezan zetaka, ondokin ta errastu gaistuetati. Ta au da sakramentu onen lelengo egikizuna. Grazijan daguan arimiari, Jaungoikuaren aurrera juan biar daben aurrian, pekatubak itxi deutseezan ondokin txaarrak parkatutia.

        Laugarrenian: Extrema unzinoeko sakramentubak emoten deutsa arimiari erijotzako ordu estuban ta larrijan aparteko indarra, espirituba ta sendotasuna, inpernuko etsaijak goituteko. Ezin ukatu ginai, erijotzako orduban kristinaubak izaten ditubala tentazinoerik andijenak, Jaungoikua galduteko. Orduban ekarten deutsaz diabrubak gogora biziro kristinaubari bere biziko pekatu guztiak; baita Jaungoikuaren justizija asarria bere; baita on izateko eraak sarri euki ditubana ta alperrik galdu ditubana bere. Illten daguan gaixuari kolpe baten ekarten deutsaz etsaijak gogora egin dituban pekatubak, entzun dituban sermoiak, gaiski egin dituban ta ondo egin eukezan konpesinoiak ta komuninoiak, inpernuba sarri irabazi dabena, Jaungoikua asarratuta daukana... ta beste gaixo tristia illundu, larritu ta parkazinoiaren ustia guztiz galdu eragiteko asko dirian gomuta bildurgarrijak. Zer biarrago, bada, orduban gaixo errukarrijak adineko argija ta espirituko indarra baino, etsaijaren tentazinoiak goituteko, bijotza Jaungoikuari jasoteko ta zeruko atetara gogua biurtuteko? Onetarako da, bada, extrema-unzinoeko sakramentuba; erijotzako ordu estuban arimiari indarra ta animua emoteko, Jaungoikuagan uste ona ta konpijantzia galdu bagarik irago dagizan gorputzeko gatxa ta etsaijaren tentazinoiak.

        Bostgarrenian: Extrema-unzinoeko sakramentuba da gorputzari osasuna emoteko, ariman alan jagokanian. Bada, gorputzaren osasunak izan biar dau arimiaren onerako. Ta ariman ondo ez bajuako, ez dau extrema-unzinoiak emoten gorputzaren osasuna. Alan esaten deusku santo Tomasek, edo biar dan moduban eskatuten ez dalako, edo ariman konbeni ez jakolako, ez dabela extremaunzinoiak beti emoten gorputzeko osasuna. Baina beste esan dirian mesediak beti egiten ditu ariman sakramentu santu onek, biar dan prestaeriagaz artu ezkero. Baina zelan prestau biar dau gaixuak extrema-unzinoeko sakramentuba artuteko? entzun egizu zelan.

 

 

III.

 

        Ezek bere ez dau geijago eragozten sakramentuben grazija ta prutu ugarija pekatu illgarrijak baino, dino san Karlos Milango obispo jaunak. Berau gaiti, extrema-unzinoeko sakramentuba artutera orduko, konpesau biar dau gaixuak, ezelan bere al badai. Konpesau ezin bada, damutu biar dau bijotz bijotzeti bere pekatu guztiakin, al dagijanian konpesetako uste osuagaz. Bigarrenian: Al badai ta eginkizuna badauka, egin biar dau testamentuba unjidutera orduko. Munduko ardurai itxita, arimako gauzai bakarrik kontu egiteko ordu balijo andiko atan. Irugarrenian: Prestau biar dau sinistute oso bategaz. Ta emon Jaungoikuari eskerrak, kristinau egin dabelako, Eleisa santan sakramentubakin gorde dabelako ta azkenian ill aurreko sakramentuba artuteko grazija egiten deutsalako. Parkazinoiaren uste oso bategaz eskatu biar deutsa Jaungoikuari grazija, unzinoe santuba artutera doianian. Dei egin biar deutsa Maria Santisima pekatarijen Ama errukiorrari, Aita san Josepe bedeinkatubari, aingeru gordezailiari ta bere debozinoeko santubai, lagundu dagijuen ordu estu atan Jesus maitiaren aurrera juaten. Gogoratu biar ditu Jesus maitiaren erijotzia ta miserikordija andijak. Eurak gaiti parkatu dagijozan Jesusek bere pekatubak. Esan biar dau gaixuak ordu atan: Oh, Jesus parkazailia! Ez zinian zeruti etorri oneen billa, ezbada ni legezko gaistuen ta pekatarijen billa. Zeuk parkatu zeuntsan lapur onari. Zeuk parkatu zeuntsan Madalenari. Zeuk parkatu zeuntsan Dabid, errege pekatarijari. Zeuk, Jauna, parkatu deutsezu beste millari zeure erijotzako irabazi amai bagiak gaiti ta daukazuz zeugaz zeruko etxe ditxosuan. Parkatu bada, Jauna, niri bere neure pekatu guztiak. Damu dot, Jauna. Maite zaitut, Jesus ona, beste gauza guztiak baino geijago. Zeure esku santubetan isten dot, neure Jesus maitia, neure osasuna, neure bizitzia ta neure arimia...

        Onan prestau biar dau gaixuak extrema unzinoeko sakramentuba artuteko. Baita parkatu biar deutsee arima arimati bere arerijo guztiai ta gatx egin deutseen guztiai, berari Jesusek parkatutia gura daben legez. Baita parka eskatu bere berak gatx egin deutsenai. Orduban artuko dau illaurreko sakramentu santuba sinistute osuagaz, zeruko uste bizijagaz ta Jaungoikuaren ta proximo edo lagun guztien amodijuagaz. Ze ditxosua ta zorijonekua, alan prestauta, unzinoe santubagaz animauta, sendotuta, inpernuko etsaijen bildur bagarik, gatxaren alaak ta bizitzia Jaungoikuari eskinita, bijotzeko pozagaz ta arimako bake santubagaz illten dana!

        Au da bada, neure kristinaubak, sakramentu santuben egikizuna. Onetarako itxi euskuzan Jesus maitiak lelengo bost sakramentubak, euren ikasikizunetan entzun dozun legez. Oneek bostok, kristinau guztiai jagokuezanak dira. Ta bakotxa bere denporan artu biar dirianak, al izan ezkero. Beste bijak, estadubari edo bizi modubari jagokazanak dira. Orregaiti, gura ez dabenak ez dauka areek artukizunik, gero esango dan legez. Emon daijoguzan Jaungoikuari esker onak, geure arimako salbazinoia, geure pekatuben parkazinoia, geure utsegiten erremedijua ta geure arimako gatx guztien osagarrijak sakramentu santubetan prest ta seguru itxi deuskuzalako. Izan dedilla, bada, bedeinkatuba ta ondo esana Trinidade guztiz Altuba, Aitia, Semia ta Espiritu Santuba. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa