www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

ze andija ta zabala dan ordiako sakramentuban

gizonari emoten jakon alizate espirituzkua.

 

        Autortu biar dogu, neure entzula onak, sinistute santu bategaz, Jaungoikuaganik daukaguzala munduban dagozan agiri dirian ta agiri ez dirian espirituzko ta gorputzezko gauza on guztiak. Maitetasuna eskatuten dabeen doe guztiak jasten dira andi goiti, Aita zerukuaren eskubetati, esaten deusku Santiago apostolubak. Jakiturijarik badago munduban, Jaungoikuak emona da. Ondasunik badago munduban, Jaungoikuak emonak dira. Alizaterik badago munduban, Jaungoiko andijaren esku santubetati etorrija. Bere amai bagako ontasunaren ta jakiturijaren emonak dira zeruban ta luurrian dagozan ontasun guztiak. Jaungoikua bera da berez bakarrik ona. Bera da jakituna. Ta bera da guztiz alsuba. Argi egiten dabee giza aldi guztietan ta leku guztietan Jaungoikuaren ontasunak, jakiturijak ta alizatiak. Orrako zerubei ta zeruko izarrai begiratuta, itandu ginaijue: Nok egin zaitu? Ta nok jiretan zaitu? Ta esango deuskube: Geure Jaungoikuak. Itxasuai, mendijai ta kanpuai itandu ginaijue: Nundi izan dozu zeuben izatia? Ta nok zaukaz oinian ainbeste urtian? Ta esango deuskube: Geure Jaungoikuak egin gaitu. Ta berak seguru gordetan gaitu. Aingeru santubai itanduten badeutsegu nok emon deutseen euren izate altuba, argija ta ditxosua, esango deuskube: Geure Jaun eta Jaungoiko zerukuak... Alan, neure entzula onak, agiri dirian gauza bizidun ta bizi bagako guztiak.

        Batzubetan Jaungoikuak berak berez egiten ditu gauza arrigarrijak. Beste batzubetan balijetan da aingerubakin ta gizonakin, bere naijak egiteko. Jaungoikuak berak egin zituban aingerubak. Baita lelengo geure gurasuak bere. Baita beste egite andi asko bere, inorgaz balijau bagarik. Aingerubakin balijauta gobernetan ditu Jaungoikuak zerubak ta zeruben aldeerak. Baita propeta santuben espiritubak bere. Baita munduko erreinubak bere. Aingerubak dira Jaungoikuaren naija egiteko txito mandatari prestak. Gizonekin balijauta egin ditu Jaungoikuak ez mirari txikijak. San Paulo apostolubak kontetan ditu zeinbat gauza andi ta arrigarri egin dituban Jaungoikuak giza aldi guztietan, gizonakin balijauta. Mendijak aldatu tia, illak biztutia, eguzkija geratutia, itxasuak agortutia, zerubak zarratutia, subak oztutia, otsuak mansotutia, endemoniadubak askatutia... gizonen egitadiak dira. Gizonai Jaungoikuak emon deutsee atarako alizatia. Judegubak eurak bere ezin ukatu eben, Jesusen mirari andijak ikusita ta arrituta geratuten zirian, dino san Mateok, ain alizate andija gizonari emon jakolako. Timuerunt, et glorificaverunt Deum, qui dedit potestatem talem hominibus. Jaungoikuak gizonari emon deutsazan alizate guztien artian ez da, bada, txikarrena sazerdote batena. Ta au da dotrina onetan ikusi biar doguna. Bateti, Jaungoikuari esker onak emoteko. Ta besteti, sazerdote guztiai lotsa ona ekarteko. Nai dot, kristinaubak, zurtasun puska bat geijagogaz entzun dagizun entzunkizun au.

        Onetarako jakin biar dozu, kristinaubak, sazerdotetziak beragaz barrututen ditubala eleisa-gizon guztiak. Aita Santu Erromakua, kardenalak, patriarkak, artzobispuak, obispuak, abade ta praile, meza esala guztiak dira sazerdotiak. Ta oneen espirituzko alizatia da Jaungoikuagaz beragaz ostian ezaututen dan andijena... Ikusi daigun zelan: 1. Sazerdotia dalako meza esalia. 2. Dalako pekatu parkazailia.

 

 

I.

 

        Guztiok gara zerbait daikegunak munduban. Guztiok artu dogu Jaungoikuaren esku santubetati zerbaiterako alizatia, gitxiago edo geijago. Erregiak ta agintarijak eskubide andija daukee luurraren gainian. Aginduten deutsee errijai ta erreinuko jente guztiari. Euren esanian dago mundu guztia. Eurak egiten ditubee bizitziaren ta erijotziaren legiak. Baina euren aginte ta eskubide guztia ez da iragoten luurreko gauzetati. Agintari batek, errege batek, gerragin batek emon legijoz bati entzute andiko zereginak, izen altubak ta ondasunak, Paraonek Jose aintxinakuari emon eutsazan legez. Baina Jaungoikuaren gauzetan, Eleisiaren gauzetan, sakramentubaren gauzetan ezin parkatu legijue gizonari pekatu txikar bat munduko agintari, errege, gerragin, aberats ta indartsu guztiak bat eginda atan kansauko balira bere. Munduko altsubak bendetu legijez gizonak, lotu ta karzelatu legijez, Erodesek san Pedro egin eban legez ; ill legijez gizonak, agintari odolzale askok erruki bagarik ta euren artian Bonapartek geure egunetan ill dituban legez. Baina munduko altsu guztiak bat eginda, euren alizate osuak alkarri iraatsita, guztiak nai balebe bere, meza bat esan ezin legije.

        Munduko altsubak estaldu legijez itxasuak ontziz, armaz ta gizonez, alkar illteko; bete legijez errijak soldauz, polboraz, kainoez ta alkautzez, alkarren kontra pelietako; birrindu legijez gaztelu senduak, torre andijak ta antxinetako etxiak, erre legijez etxiak, eleisak, errijak ta erreinubak; itxi legijez kanpuak soilduta, guztiz galduta, gatza emonda, nok negar egin ez daukeela, gerragin askok, esaten danez, alkarren gorrotoz egin dabeen legez. Baina onen guztion alizatia geratuten [da] zuretan, arrijetan, burdineetan ta geijen bere gizonen gorputzetan. Guztiak bat eginda bere ezin konjurau legije endemoniadu bat. Ezin bedeinkatu legije ur tanta bat. Ezin legije eleisako prozesinoe bat. Munduko alizate guztia geratuten [da] luurreko autsaren gainian. Au gaiti esan eban Jesukristok, gorputzian baino gatx ezin leikegubenai, bildurrik ez eukiteko. Ta san Juan Krisostomok, urria ta beruna alkarreganik urrin dagozan legez balijuan, alan diriala sazerdoten alizatia ta munduko errege ta agintari guztiena. Sazerdoten alizatia urrezkua ta munduko andi guztien alizatia berunezkua da, santubaren esanian.

        Noragino elduten da, bada, sazerdote baten alizatia? Zeruragino bertaragino, dino san Juan Krisostomok. Ad Cælos usque pervadit. Sazerdotiari emoten jakon alizatia zeruti jatsija da ta zeruragino bertaragino elduten da. Munduban jazo dan gauzarik andijen ta arrigarrijena da Jaungoikuaren Semia gizon egitia. Bada, sazerdoten eskubetan egun oro Jaungoikuaren Semia gizon egiten da barriro moduren baten, dino san Agustinek: Vere veneranda Sacerdotum dignitas, in quorum manibus Dei filius, velut in utero Matris, incarnatur. Berba bigaz sazerdotiak edegiten ditu zerubak ta dakar Jaungoikuaren Semia altara gainera. Berba bigaz ogijaren ta ardauaren izatia biurtuten ditu sazerdotiak Jesukristo Jaungoiko ta gizon egijazko izatera. Ta jazo mirarizko, aingeruben arrigarri au ez dau sazerdotiak egiten bere aldijan bein, ez urtian bein, ez illian bein. Nos, bada? Egun guztietan. Egunian bizi dan arte guztian. Egunian egunian Jaungoiko guztiak obeiduten deutsa sazerdotiaren berbiari. Ta alan Jaungoikuak obeiduteko sazerdotiaren berbiari ta sazerdotiaren esana bertati Jaungoikuak egiteko, izan biar dau sazerdotiak ona, zuzena, santuba ta Jaungoikuaren beraren adiskidia? Ez, kristinaubak.

        Au gauza ona izango litzaateke. Baina ez da biarrekua, sazerdotiak berba bigaz Jesukristo zeruti eratsita altaran iminteko. Nai ona izan nai pekatarija izan sazerdotia, nai Jaungoikuaren adiskidia izan nai aredijua izan, nai sinistute onekua izan nai erejia izan, dana dala dan modukua dala, mezaz ordenauba bada, mundura agertu dan gizonik deungena izan arren sazerdotia, zeruban Jaungoikuak obeiduko deutsa aren esanari, ogija ta ardaua konsagretan ditubanian ta beste sakramentubak egiten ditubanian. Illak biztuteko, gaixuak osatuteko, mutubai berbia emoteko, etorkizunak jakiteko... doia edo alizatia ez deutsee, oi danez, Jaungoikuak emoten bere adiskidei baino. Alan milagro egijazkuak egin dituben gizonak eta emakumiak izan dira Jaungoikuaren adiskide andijak, zeintzuk kontetan dituban Eskritura Sagradubak ta Eleisa Ama santiak. Oneek dira, orain esan legijanez, zeruko santubak eta santak. Onei bere, bere adiskide andijak eta txito maitiak izan arren, ez eutseen Jaungoikuak emoten alizatia eurak gura eben guztian ta orduban oker edo zuzen milagruak egiteko, ezbada Jaunaren beraren nai santuba zanian. Baina sazerdotiari ordia santuban Jesukristo geure Jaunaren gorputz ta odol santuba konsagretako, Jesukristo Jaungoiko ta gizon egijazkua bera konsagrauta jateko edo inori emoteko edo gordetako emoten jakon alizate altubak ta santubak, ez dauka neurririk, ez dauka eskina baturik, ez dauka ordu jakinik.

        Sazerdotiak mezia esan ezkero, esaten daben moduban esaten dabela, esaten daben lekuban esaten dabela, ta esaten daben beste esaten dabela, beti da mezia meza. Ta beti sazerdotiak berba konsagretakuak esan dagizan orduban, Jaungoiko ta gizon egijazkua osorik eta bizirik bere aurrian. Beti Jaungoikuak obeidu sazerdotiaren konsagretako berbiari, atarako ustez ogijaren ta ardauaren gainian esan ezkero. Egiija da, sazerdotiak egingo dau pekatu andija, Jaungoikuak berak ta Eleisa Ama santiak aginduten dabeen orduban ta moduban mezia esaten ez badau. Baina au gaiti ez da gitxituten sazerdotiaren alizate santuba. «Oh, Sazerdote Jaungoikuarena! dino Kasianok, begiratuten badeutsazu zerubari, zeu altubago zara; begiratuten badeutsazu eguzkijaren, illargijaren ta izarren argijari ta edertasunari, zeu argijago ta ederrago zara; begiratuten badeutsazu aingeruben izate jasuari ta banakatubari, zeu jasuago ta banakatubago zara; begiratuten badeutsazu Jaun andi ta altu guztien altasun jagijari, zeure altasun espirituzkua altsubagua ta jagijagua da; Jaungoikua, gauza guztien Egilia da bakarrik zu baino andijago. Solo Deo, et creatore tu inferior es.» Ezer bere ez dago luurraren gainian gauza ondraubagorik... Ta ezda Jaungoikuaren aurrian bere ditxosuagorik sazerdotetzia ba[i]no, dino san Agustinek. Hoc honore nibil in hac vita prestantius... nihilque etiam apud Deum beatius. Begiratu bada, kristinaubak, ze jasua ta neurri bagakua dan sazerdotiaren alizate espirituzkua, meza esalia dalako. Ta zer, pekatuben parkazailia edo konpesoria dalako?

 

 

II.

 

        Pekatubak parkatutia Jaungoikuari berari jagoko. Judeguben erakuslak bere ezautu eben, Jaungoikuak berak baino bestek gizonari pekatubak parkatu ezin legijozana. Aingerubak bere ez. Santubak bere ez. Erregiak bere ez. Jaun andijak bere ez. Jakitun andijak bere ez. Aberats aberatsak bere ez. Inok bere ezin parkatu legijoz gizonari pekatubak, Jaungoikuak berak baino. Quis potest dimittere peccata, nisi soluc Deus?. Bestek inok bere ezin legijan gauza andi au egiteko alizatia ta eskubidia emon deutsa, bada, Jaungoikuak sazerdotiari. Sazerdotiai esaten deutsee Jesukristok ta obispo jaunak mezaz ordenetan ditubanian: Artu egizu Espiritu Santuba; ta zeubek luurrian parkatuten dituzun pekatubak izango dira zeruban parkatubak; ta zeubek parkatuten ez dituzun pekatubak, ez dira zeruban izango parkatubak. Oh, alizate santuba! Oh, eskubide Jaungoikozkua! Oh, sazerdote Jaungoikotuba! Begaz, zeure zain dagoz munduko pekatu guztien parkazinoiak? Begaz, ez dau Jaungoikuak zeruban parkatuko, sazerdotiak munduban parkatuten ez daben pekaturik? Ez, kristinaubak. Sazerdotiari esan bagako edo esateko ustia artu bagako pekaturik, ez dau Jaungoikuak zeruban parkatuko. Au da sazerdote jaunai Jaungoikuak emon deutseen eskubidia.

        Berau gaiti munduko pekatari guztiak, dirianak diriala, esan biar deutsez euren pekatubak sazerdotiari, salbauko badira. Munduko erregiak, agintarijak, jaunak, obispo ta eleisa gizon guztiak bere, pekatu egin badabee, Jaungoikuari parka eskatuta, sazerdotiaren aurrian auspaztuta, autortu biar deutsez euren pekatu guztiak ta zain egon biar dabee sazerdotiaren oinetan entzuteko bere aoti: I. Ego te absolvo a peccatis tuis. Bada, sazerdotiak askatuten badau pekatubetati, askatuba izango da zeruban. Baina sazerdotiak askatuten ez badau, geratuko da pekatarija bere pekatubakin ta ez deutsaz Jaungoikuak parkatuko. Sazerdotia egin dau Jaungoikuak bere ordeko pekatuben parkazaile.

        Zer izan leiteke, bada, munduban gauza andijagua, Jaungoikuaren beraren egikizuna egitia baino? Gizonari bere pekatubak parkatutia baino? Jaungoikuagaz gizonaren artian bakiak egitia baino? Sazerdotiak askatuten badau pekatubetati, askatuta dago gizona, munduban dan pekataririk andijena izan arren. Ta sazerdotiak lotuten badau pekatuban, geratuko da pekatuban ta ez da inos askatuko pekatuti. Quorum retinueritis, retenta erunt.

        Zer esango genduke, dino san Juan Krisostomok, ikusiko bagendu errege batek emoten deutsala bere aginduko bati alizatia ta eskubidia, berak nai ditubanak karzelan sartuteko ta ostera karzelati ateratako? Ze andija, esango genduke, dala alako gizonaren eskubidia, bere eskuban itxi ezkero erregiak nai ditubanak karzelati atera ta nai ditubanak karzelan sartu egiteko? Baina zer dauka zer ikusi, dino santubak berak, onek, Jesukristok sazerdotiari emon deutsan pekatubak parkatuteko ta lotuteko eskubide ta alizatiagaz? Zerubak eta luurra legez, gorputzak ta arimak legez dira oneek. Erregiak emon al dagijena luurrekua, aragizkua. Jesukristok sazerdotei emon deutseena zerukua, espirituzkua, arimakua. Quanto Coelum terra pretiosius est, quanto etiam animae corporibus praestant.

        Esan daigun bada, kristinaubak, sazerdotiari ordiako sakramentu santuban emoten jakon espirituzko alizatia, Jaungoikuaren beraren urrengua da. Oh ezautuko bagendu zeinbat mesede daukaguzan ordiako sakramentu santuti! Esango deutsut, bada, au geroko ikasikizunian. Esker onak emon daijoguzan Jaungoikuari mesede oneek gaiti. Ta begiratu daijegun sazerdote guztiai luurreko Jaungoikuai legez edo zeruko aingerubai legez. Oh ze lotsa ona, ze jera ona, ze amodijo ona zor deutsegun sazerkote guztiai! Nai izan dagijala, bada, zerubak, egikizun santu oni guk kobru emotia. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa