www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

III. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

zeintzuk dirian ordiako sakramentubak dakarguzan mesediak.

 

        Jesukristo geure Jaunak egin zituban ta irago zituban pausu ta pena guztiak dira, neure entzula onak, geure mesederako. Jesusen sortutia, jajotzia, bizitzia, berbak, penak ta erijotzia, guztia da geu zerura eruateko. Sakramentu guztiak bere onetarako itxi euskuzan Jesus maitiak, orainginoko bakotxaren erakutsijetan entzun dozun legez. Baina sakramentu guztien artian, aparteko pensakizunak ta Jesus maitiari zor deutsagun maitetasunaren biztugarrijak daukaz ordiako sakramentu santubak. Beste sakramentubak gaiti esan legi, artuten ditubanaren mesederako diriala bakarrik. Baustismua da batiatuten danaren mesederako. Konpesinoia ondo konpesetan danaren mesederako. Komuninoia ondo komulgetan danaren mesederako. Alan beste sakramentubak. Baina ordiako sakramentuba da artuten dabenaren mesederako ta baita kristinau guztien mesederako bere. Iru mesede egiten deutsaz ordiako sakramentubak sazerdotiari: 1. Emoten deutsa grazija. 2. Emoten deutsa laguntasuna, sazerdote ona izateko. 3. Egiten deutsa ariman inos galduko ez jakon espirituzko markia. Beste iru mesede egiten deutseez ordiako sakramentubak batiatuta dagozan kristinau guztiai: 1. Sazerdotiak egitia. 2. Ain prest ta ordu onerako egitia. 3. Eleisa guztiari edertasuna emotia. Mesede bakotxaren gainian zerbait entzuteko prestau zaite, kristinaubak, sinistute oso bategaz. Ta eurak jirauko zaitubee barriro, Jesus onari eskerrak emotera ta sazerdote jaunak ondretara.

        I. Sakramentu guztien egitadia da, biar dan moduban prestauta artu ezkero, arimiari grazija emotia. Ta leen grazijan badago arimia, grazija aztia ta geitutia. Ordiako sakramentubak bere au egiten dau. Emoten deutsa edo geituten deutsa arimako grazija, ordenetan danari. Parkatuten deutsaz pekatu txikarrak. Sendotuten deutsa arimia etsaijaren tentazinoiak goituteko ta biztuten deutsa gogua Jaungoikuaren naija beti ziur egiteko. Baita onezaz ostian emoten deutsa ordiako sakramentubak artuten dabenari, sazerdote ona izateko laguntasuna bere, zein dan bigarren mesedia.

        II. Gauza bat da kristinau ona izatia ta beste bat sazerdote ona izatia. Geijago biar da sazerdote ona izateko, kristinau ona izateko baino. Sazerdotetzia dan legez biziera altuba, aingeruben parekua, Jaungoikuaren urrekua ta espirituzkua, bere eginbiarrak ta zereginak txito dira andijak, astunak ta aragizko gorputz bizijarentzat gatxak. Jesus bizija egunian egunian eskubetan erabiltia ta eztarrijan beera irunstia... Munduko pekatu guztien juez izatia... Jesusen odolagaz erositako inoren arimen kontuba emotia... Aingeru baten garbitasuna ta ontasuna gorputzian ta ariman gordetia... Munduban bizi ta zerutar izatia... Oneek dira, neure entzula onak, sazerdotiaren eginbiarrak. Ta oneek dira, aingeruben euren indarrari ikara eragiten deutseenak. Karga astun oneek jasoteko ta sazerdotetzako eginbiar santubai ta gatxai ondo kobru emoteko, ordiako sakramentu santubak emoten deutsee aparteko grazija, argija ta laguntasuna eleisa gizonai. Ordiako sakramentubaren grazijagaz ta laguntasunagaz erakusten dabe sazerdotiak Jaungoikuaren legia; entzuten ditube konpesinoiak; lagunduten deutsee illten dagozan tristiai; errukituten dira pekatarijagaz; dendatuten dira kansau bagarik deungak onduten; esaten dabee meza santuba debozinoez; erregututen deutsee Jaungoikuari egunoro onak eta deungak gaiti; alde egiten dabe pekatu lekubetati; emoten deutseez kristinaubai konseju onak, exenplu onak ta betiko egiijen ezauberak; gordetan dabee aingeruben garbitasuna luurreko auts ustelaren artian; ta egiten dabee zerutar batzuben bizitzia. Ezin legijez gizonak sazerdotetzako egikizun santubak ordiako sakramentubaren aparteko grazija ta laguntasuna bagarik. Baita egiten deutsa sakramentu onek sazerdotiari ariman inos galduko ez jakon markia bere, zein dan irugarren mesedia.

        III. Erregiak euren soldaubai imini oi deutseez markak edo ezagungarrijak jantzijan. Batari bat, bestiari bi ta bestiari iru edo geijago zeinbat nausijago, ainbat geijago, ezagun izan dedin euren alizatia ta mailia. Jaungoikuak, geure Errege egijazkuak bere iminten deutsee bere soldaubai markia ariman, beti ezagun izan ditezan. Bautismuan iminten deutsee kristinau guztiai leleengo ta gero konpirmazinoeko sakramentuban. Marka oneek kristinau guztienak dira. Onezaz gainera, aparteko markia egiten deutsee sazerdotiai ordiako sakramentuban. Marka onegaz ezautuko dira sazerdotiak beti Jaungoikuaren urrengo gizontzat. Sazerdotetziari ondo erantzuten badeutsee, arimako marka ak emongo deutsee zeruban Jaungoikuaren ta aingeruben aurrian ondra andija, aparteko argitasuna ta glorija. Baina sazerdotiak erantzuten ez badeutsee euren biziera santubari ta jaungoikozkuari, ordiako sakramentubak egin deutsen arimako markia bera izango da inpernuban sazerdoten lotsagarri ta erregarri betikua.

        Au gaiti santubak begiratu deutsee beti sazerdotetziari txito bildur andijagaz. Areetati askok ez ebeen ordenau gura izan sazerdote, sazerdotetziaren karga andija jasoteko bildurra gaiti. Aita san Pranziskuba ordenau zan diakonu. Baina ez zan azartu mezaz ordenetara, inok egin eutsan alegin gaiti. Jakinak dira Eleisako jazuetan san Juan Krisostomoren ta san Basilioren atzerapenak ta aleginak, obispotzia ez artuteko. Baita euren negarrak ta atsekabak, ustez uste bagarik obispo egin zitubelako. Baina guztien azgarrija da Amonimo beneragarrijagaz jazo zana. Gizon santu au ordenau gura ebeen sazerdote ta obispo bere jakiturija, ontasun ta zelo agirija gaiti. Bestelan eragotzi ezin ebanian Amonimok sazerdotetzia, jakinik belaarri bagako gizona ordenau ezin leitekiana Eleisako erregelak aginduten dabeenez, ebagi eban bere belaarrija ordenau ez egijen. Ez eutsan balijo izan onek. Bada, jadiitxi ebeen patriarka jaunaganik Amonimo ordenetako, belaarri bagarik egon arren. Ta beeroien nai ta nai ez sazerdote ta obispo ordenetara. Besterik ezin ebanian, esan eutseen Amonimok alan bera eroian jentiari: Neure berbak diriala medijo naruazu ordenetara. Bada, isten ez badeustazu, aginekin ebagiko dot neure miina ta orduban itxi biarko deustazu. Onan librau zan Amonimo gizon santuba sazerdotetzai. Onan begiratu biar jako, kristinaubak, sazerdoten biziera edo estadu altsu, santu ta altubari. Ta erregutu biar deutsagu Jaungoikuari, zabaldu dagijuezala sazerdote jaunai ordiako sakramentu santubaren grazija ta mesede guztiak, euren zeregin pisutsubai kobru emoteko ta sakramentu onen mesediak kristinauben arimetara iragoteko. Ikusi daigun, bada, zeintzuk dirian ordiako sakramentubak kristinau guztientzat dakazan mesediak. Oneek dira, leen esan dan legez: Sazerdotiak egitia; orduban ordubango prest eukitia; ta Eleisiari aparteko edertasuna emotia.

        I. Sazerdotetzia da, neure entzula onak, Eleisa Ama santiaren seme ta alaba guztiak gaiti. Alan esaten deusku san Paulo apostolubak. Gizonen arteti artuten diriala obispo guztiak; ta gizonak Jaungoikuagaz daukazan gauzetarako, gizonak gaiti egiten diriala obispo. Omnis Pontifex ex hominibus assumptus, pro hominibus constituitur in iis, quæ sunt ad Deum. Eleisa guztia ta kristinau guztiak dagoz ordiako sakramentubaren zain, beste sakramentuben grazijak artuteko. Sakramentu guztiak eta bakotxa dira zeruko grazijen iturri ugarijak. Baina guztien giltza dala, esan legi, ordiako sakramentuba. Kendu bediz sazerdotiak Eleisati, ta zer geratuten da? Kendu bedi ordiako sakramentu santuba. Ta nok egingo ditu beste sakramentubak? Nok parkatuko ditu pekatubak? Nok esango ditu mezak? Nok iminiko dau altarako sakramentu santuban? Nok sendotuko gaitu sinistutian konpirmazinoiagaz? Nok igortziko ditu gaixo illainekuak orijo santubagaz? Sazerdotetzia kendu ezkero, inok bere ez. Nora ezian bautismo bat egin legije kristinaubak ordiako sakramentuba bagarik. Bada, ezkontziak bere sakramentuba izateko, askoren eritxijan, sazerdotetzia biar dau.

        Zeinbat esker on emon biar deutsaguz bada, neure kristinaubak, Jesus maitiari sazerdotetzako sakramentuba gaiti! Zeinbat maite izan biar dogu Jesus ona, Berak zerura igon da gero bere ordekuak munduban itxi euskuzalako! Munduban daugagu, Jesus zeruban egon arren, nok geure pekatubak parkatu, nok meza santuba esan, nok geu komulgau, nok geuri sakramentubak emon, nok geuri Jeusen berbak esan, nok geu gaiti egin Jesusek berak egingo eban guztia. Ordiako sakramentu santubagaz prestauta itxi euskuzan Jesukristo geure salbazaile Jaunak sazerdotetan, geu salbetako biar dogun guztia. Au da ordiako sakramentubak kristinau guztiai egiten deutseen lelengo mesedia. Baita onezaz gainera edo oni beroni darraikona, orduban ordu bango sazerdotiak prest eukitia bere.

        II. Ze ditxa andija, neure kristinaubak, orduban orduban ta lekuban lekuban sazerdote jaunak prest eukitia, geure arimako gatxak eta kezkak erremedijetako! Eguzkijak jira egiten daben leku guztietan dagoz sazerdotiak. Leku guztietan dagoz prest sakramentu santubak ta Eleisa Ama santiaren grazija ugarijak. Ez dago Jerusalengo piszinara juan biarrik ta aingerubaren etor[r]eriaren zain urte askotan egon biarrik geure arimak garbituteko, pekatubak parkatuteko ta zeruko eztegubetako prestetako. Errijan errijan daukaguz eleisak, sazerdotiak, sakramentubak, ta eleisetan, sazerdotetan ta sakramentubetan kurutzeko arbola santubaren grazija ta ondasun ugarijak, geuk nai izan ezkero. Oh ze mesede andija au, dinot ostera bere! Onen gainian zerbait esan zan bautismoko sakramentuban. Baina kristinaubak sarri gogoratu biar daben mesedia da au, Jesus maitiari amai baga esker onak emoteko. Sazerdote bat baino mundu guztian izan ez balitz? Amabi baino izan ez balira? Txito banakak ta kontaubak baino izan ez balira? Zer esan ginaijon Jaungoikuari? Ezer bere ez. Eskerrak emon, bat bakarrik itxi euskulako bere. Baina zeinbat neke ta gatx andi, meza bat entzuteko? Pekatubak konpesetako? Jaungoikuaren berbia entzuteko? Zer sinistu, zer eskatu, zer egin ta zer artu biar dogun jakiteko...? Oh, neure entzula onak! Zeubek dakuszu ze gatx izango genduban orduban sakramentubak artuten. Esan daigun, bada; autortu daigun, bada, txito mesede andija egin euskula Jesus onak, lekuban lekuban ta orduban ordubango sazerdotiak itxijagaz. Maitetu dagijela, jaso dagijela ta ondo esandu dagijela Jesus maitegarrija zeruban aingerubak ta santubak. Baita munduko bijotz guztiak bere, ordiako sakramentu santubagaz ainbeste mesede egin euskulako. Ta Eleisiari sakramentu onek emoten deutsan edertasuna?

        III. Bijuaz urrin, neure entzula onak, Eleisa Ama santiaren agiriko edertasunari begi okerrakin begiratuten deutseen guztiak. Bijuaz urrin geure eleisetati orrako luurrezko ta aragizko bijotz lizundubak. Orreek, aragijaren umiak, eurok ta inok daukan guztia nai dabee sabelarentzat, aragijarentzat ta lotsarizko gurarijentzat. Orreek batu al dagijen guztia gitxijegi dabee soinerako, saraurako, jokorako ta komediantiak pagetako. Jaungoikua ondretako Eleisa Ama santiak prestetan daben guztia bere txupau gura leukee, uzanak odola legez. Ikusten badabee Eleisa santan zerbait obetuago, osotubago ta edertuago, diadar egiten dabee Judas saltzailiagaz: ¿Ad quid hæc perditio? Zetako da eleisarako ainbeste kastu egitia? Onan pensau dabee ereje guztiak Eleisiaren ondasun puskak gaiti, Eleisiari egiten jakozan limosnak gaiti, eleisetako abade jaunak gaiti ta komentubetako prailiak gaiti. Inpernuko etsaijak su emonda gerra egiten deutsee Jaungoikuari bere Eleisan. Birrindu ditubee eleisak ta altarak, ukatu ditubee sakramentubak ta ill edo erbestetu ditubee euren errijetati abadiak ta prailliak. Au da, neure kristinaubak, egun oneetako jakitun barrijen egikizun nausija: Sazerdotetzia galdutia ta guztiak aberen gisaan bizi izatia.

        Baina gizonak ta inpernu guztiak bere ez dabe balijo Jaungoikuaren kontra. Ordiako sakramentu santubagaz gorde dau ta gordetan dau Jaungoikuak bere Eleisiaren agiriko edertasuna. Ezpabere begiratu orrako eleisetara ta eleisako korubetara, nun dagozan abadiak eta prailiak gau ta egun Jaungoikuaren ontasunak, mirarijak ta miserikordijak kantetan. An dago praile aldra bat koruban egunaz ta gau erdijan, bestiak lo dagozanian, Jaungoikua espiritubagaz ta gorputzagaz alabetan. Beste aldian dago abadetegi bat, euren ordubetan kansau bagarik beste ainbeste egiten. Arutzago dago beste sazerdote bat, meza santuba esaten, Jesusen erijotzia barristetan. Beste asko orazinoian, Jaungoikuari pekatari tristiak gaiti erregututen. Beste asko Espiritu Santubaren eskolan Jaungoikuaren legia erakusten... Baina zer dirudije beste gauzarik geure eleisetako korubak eta eleisak edo korubetako ta eleisetako gau ta eguneko abade ta praile errezkadak, zeru bat baino?

        Ta ez da au, sinistute puska bat daukan kristinaubarentzat, txito mesede andija, bere espirituba ta bijotza Jaungoikuagana ta zeruko gauzetara jasoteko? Ikusirik ainbeste gizon eleisetan ta konbentubetan Jaungoikuari konsagrauta, Jaungoikua alabetan ta Jaungoikuaren bidiak kristinaubai erakusten, gorputzezko aingerubak dirurijela, nor animauko ez da Jaungoikuaren naija obeto egitera ta zeruba irabaztera? Santu ta santa asko egin dira, neure entzula onak, eleisetako ta konbentubetako sazerdoten agiriko exenplu ona ta ordena zerukua gaiti. Kristinauben espirituba zerurutz jasoteko, ordiako sakramentu santubagaz Jesukristo geure Jaunak bere Eleisiari itxi eutsan mesedia da sazerdotiak Jaungoikuari emoten deutsen agiriko ondria. Ta au da Jesukristok etsai guztien kontra bere Eleisan gordetan dabena. Giza aldijak irago dira, arerijo indartsu asko jagi dira ta asmo barri asko artu dira abadiak ta prailiak galduteko. Baina ez da galdu, ez illundu san Pedroren pediak Eleisiari emon eutsan edertasuna. San Pedroren semiak, Elias propeta santubaren semiak, san Benitoren, san Agustinen, san Bernardoren, santo Domingoren, san Pranziskubaren... semiak, zeruban izarrak legez, argi egiten dabe Eleisa santan ta ondretan dabee Jaungoikua gau ta egun, lelengo asi zirianian legez.

        Gauza bat esango deutsut, kristinaubak, onen gainian. Ta da sazerdote jaunai zor deutsezun ondria ta erreberenzija. Bakizu zer esaten eban Aita san Pranziskubak sazerdotiak gaiti? Esaten eban, bada, zeruti jatsitako santu bat ta sazerdote bat aurrera etorriko balitxakoz batera, lelengo eskuban mun egingo leuskijola bizirik daguan sazerdotiari ta gero adorauko leukiala zeruti etorri jakon santuba. Onan begiratuten eutseen Aita san Pranziskubak sazerdote jaunai. Baina esango dozu, oraingo sazerdotiak deungak diriala ta ez dabeela merezietan alan ondretia. Ez da ardura. Deungia izan arren, sazerdotia sazerdote da. Sazerdoten pekatubak Jesukristoren kontura dagoz. Deungak zirian Jesus kondenau ebeen sazerdotiak, Anas ta Kaipas. Baina ez eutseen Jesus onak lotsarik galdu. Ez eban Jesusek ezer bere esan euren kontra. Egin eban isil isilik areek agindu eutseen guztia. Beste ainbeste egin biar dau kristinaubak sazerdote jaunakin, eurak deungak izan arren. Bakizu zer esaten eban Konstanzio agintarijak? Sazerdote bat topauko baleu pekatu egiten, bere soineko jantzijagaz estalduko eukiala laster, inok ikusi ez egijan.

        Emon, bada, eskerrak, kristinaubak, Jesus maitiari, ordiako sakramentu santuba ta sakramentubagaz ainbeste mesede andi itxi euskuzalako. Ondrau sazerdote jaunak ta eleisa-gizonak, Jaungoikuaren urrengo gizonak ta geure arimetako gurasuak dirialako. Onan egingo dogu Jaungoikuaren naija, irabaziko dogu arimako grazija ta betiko zeruko glorija. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa