www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VII. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

Eleisiari kristinaubak zor deutsan erreberenzija ta moduba.

 

        Erakutsi ezkero kristinaubari komuninoeko sakramentubaren gainian sinistu, ikasi ta egin biar dabena, esan biar jako azkenian zer dan eleisia ta zelan egon biar daben eleisan. Eleisiaren izenagaz aitu legi ta aituten da, kristinau sinistute oneko guztiak alkarregaz dauken battasuna. Guztiak daukee buru bat, zein dan Jesukristo zeruban ta Aita Santu Erromakua, Jesusen ordekua luurrian. Guztiak daukee sinistute bat ta zerurako uste bat. Guztiak daukez sakramentu batzuk ta ebanjelijo bat. Onetara aitu ezkero, Eleisia zabalduta dago mundu guztian. Ta parte oneko guztiok egiten dogu Eleisa bat. Beste modu baten aituten da Eleisia. Ta da, Jaungoikuak ta Berak zerurako aukeratu dituban guztiak daukeen battasuna. Ta onan aitu ezkero, iru egonera edo aldi daukaz Eleisiak. Lelengua da zeruban dagozan guztiena. Areek daukee egonera edo aldi betiko zorijonekua. Oni esaten jako Eleisa glorijosua. Bigarrena da purgatorijuan dagozan arimena. Areek dira Jaungoikuaren adiskidiak ta beti zeruban egongo dirianak. Baina purgatorijuan erretan ta zorrak pagetan dagoz. Ta esaten jako purgatorijuari Eleisa garbilarija, arimak an garbituten dirialako. Irugarrena da munduban dagozan kristinau egijazkuena. Oneek bere Jaungoikuaren semiak dira. Baina bizi dira munduban arerijuen artian, zeruba irabazten. Zeruba (zein dan geure errija) irabazteko peliau biar dabee kristinaubak aragijaren, inpernuko etsaijaren ta mundubaren kontra. Ta au gaiti esaten jako Eleisiaren egonera edo aldi oni Eleisa peliarija, etsaijen kontra espirituzko armiagaz beti burruka diardubana. Baita esaten deutsagu eleisia, sakramentubak artuteko, Jaungoikuaren berbia erakusteko, meza santuba esateko ta Jaungoikuari erregu agirijak egiteko errijetan dagozan etxe edo tenplubai bere. Ta oneek dira dotrina onetako zuben ikaskizuna emongo dabeenak. Geijago luzatu bagarik esango deutsut, kristinaubak zor deutsala eleisiari arimako ta gorputzeko modurik humildena ta erreberen zijarik andijena: 1. Jaungoikuaren etxia dalako. 2. Geure arimen osasun lekuba dalako. Entzun egizu gogo onagaz.

 

 

I.

 

        Dinot, neure entzula onak, geugaz daukaguzan ormazko eleisa onei zor deutsegula guztiok arimako ta gorputzeko lotsarik oneena, humildaderik andijena ta errespetorik altubena, dirialako luurrian daukaguzan Jaungoikuaren etxiak.

        Ez pensau au gaiti, Jaungoikua ez daguala leku guztietan edo Jaungoikua batuten dala geure ormazko eleisetan. Leku guztietan dago Jaungoikua. Zerubak eta luurrak bere egon lekutzat gitxiegi ditu. Ta nai dau geure zeruko Jaun andijak denpora guztietan ta leku guztietan guk bere izen santuba jasotia, alabetia ta adoretia. Oh, neure arimia! esaten eban Dabid errege santubak: Bedeinkatu egizu zeure Jauna ta Jaungoikua, berak aginduten daben leku guztietan. Jaungoikuak berak aginduten daben leku guztietan, dino. In omni loco dominationis ejus. Etxeetan, soluetan, basuetan, bideetan ta eleisetan, leku guztietan maitetu, jaso ta bedeinkatu biar dogu Jaungoikuaren izena. Etorri da ya denporia, esaten eutsan Jesus onak Samariako emakumiari, ez mendi onetara, ez Jerusalena juankizunik izango ez dana, espiritubagaz ta egiijagaz Jaungoikua adoretako. Gaixuak oian daguan lekuban, lotubak karzelan daguan lekuban, erregiak bere tronuban, nekezarijak soluan ta opizialiak bere lanian egin legijuez Jaungoikuari erregubak, emon legijuez ondo esanak ta jaso legijez gogoz euren bijotzak zerurutz. Au edozein lekutan egin legi kristinaubak. Ta Jaungoikuari zor deutsaguna da.

        Baina orregaiti, esaten da kristinau errijetan daukaguzan ormazko eleisa konsagrau edo bedeinkatu oneek diriala, munduban Jaungoikua ondretako dagozan etxiak. Erreinu guztia da erregiarena. Baina erreinuban daukaz erregiak aparteko egon lekubak edo palazijuak. Areetan entzuten ditu erregiak jentiaren eskarijak. Andi zabalduten ditu bere mesediak. Ta an gordetan jako errege jaunari lotsarik oneena, entzuterik isileena ta errespetorik humildeena. Moduren baten beste ainbeste esaten da bada, neure entzula onak, geure eleisak gaiti. Mundu guztia da Jaungoikuarena. Baina Jaungoikuaren munduko aparteko egon lekuba eleisia da. Eleisan dago Jesukristo Jaungoiko ta gizon egijazkua altarako sakramentu santuban. Eleisia da Sinaiko mendi egijazkua. Ara jasten da Jaungoikua bere anditasun ta glorijagaz. An erakusten ditu bere naijak. An entzuten ditu gogoz gure eskari humildiak. An artuten ditu pozik, guk emoten deutsaguzan inzensubak ta bijotzetako maitetasuna. Andi zabalduten ditu bere ondasun ta grazija ugarijak geure etxeetara ta arimeetara. Eleisan dauka Jaungoikuak bere tronu edo jarleku santuba, aingeru ederrak ta apaindubak ingurututen dabeela.

        Patriarka santubak jasoten zituben altarak, Jaungoikuak mesede ezagunak egiten eutseezan lekubetan. Abraani aparteko lekuba erakutsi eutsan Jaungoikuak, Isaak bere seme errubagia sakripiketako. Jakob patriarka santubak, aingerubak zerura igoten ta zeruti jasten ikusi zituban lekuban jaso eban arrija ezagungarritzat. Ezarri eutsan arrijari orijua. Ta itxi eban moduren baten leku santu a Jaungoiko etxetzat konsagrauta. Ta esan eban leku a gaiti: Bene benetan Jaungoikua dago emen. Ta nik ez nekijan. Ez da au beste gau zarik, Jaungoikuaren etxia ta zeruko atia baino. Ez eutsan Jaungoikuak itxi Moisi Horebko mendijan, Bera agertu jakon lekura juaten, ezda eguan lekuban egoten bere, oinetakuak erantzi bagarik. Ortoztu zaitez, Moises, esan eutsan Jaungoikuak, bada zu zagozan lekuba luur santuba da. Karmengo mendi santura eruan zituban Eliasek Isrraelgo erregia ta isrraeltarrak, Jaungoiko egijazkuari sakripiketako, Jerusalengo eleisia loituta, Jaungoikuari ukatuta eguanian. Isrraeltarrak Jerusalengo eleisia euki ebeen ainbeste urtian euren Jaungoiko-etxetzat. Baina areek guztiak ez zirian beste gauzarik, ezbada geure eleisa egijazko oneen irudijak. Bada, areek bazirian leku santubak, leku konsagraubak ta luurreko Jaungoikuaren etxiak, zeinbat errazoe geijagogaz dira geure eleisiak Jaungoikuaren etxiak? Ta leku areetan, geure eleisen keizia baino ez zirianetan, patriarka santubak ain errespeto ta erreberenzija andijagaz sartuten bazirian ta egoten bazirian, bata belaunbiko, bestia ortoztuta, bestia bijotza ta begijak zeruruz jasota ta guztiak arimiako ta gorputzeko modurik jasuenagaz ta humildeenagaz, zelan sartu biar dau kristinaubak eleisa egijazkuan? Ta zelan egon biar dau Jesukristo Jaungoiko ta gizon egijazkuaren egon lekuban? Zelan, zeruko ta luurreko agintari nausijaren aurrian? Zeubek pensau, neure kristinaubak, ia errazoia dan edo ez eleisa santan, Jaungoiko andijaren aurrian, aingeru santuben aurrian kristinaubak errespeto ta humildaderik andijenagaz egotia. Ta Jaungoiko bizijaren egon lekuba edo etxia dalako zor badeutsagu eleisiari lotsa on ta errespeto osua, ez deutsagu gitxiago zor geure arimen osasun lekuba dalako. Ikusi daigun zer gaiti.

 

 

II.

 

        Bai, kristinaubak. Ez aaztu nundi jatorkuzan geure arimako ditxa ta grazijak. Eleisan batiatu gindubezan. Eleisan, inpernuko etsaijaren eskubetati aterata, Jaungoikuak artu ginduzan bere semetzat. Eleisan entzuten dogu ta ikasten dogu Jaungoikuaren berba santuba. Eleisan artuten ditugu sakramentu santubak, geure arimen bizigarrijak. Eleisara guaz geure arimak osatutera, pekatubaren loijak garbitutera ta pekatuben parkazinoia Jaungoikuaren beraren aoti entzutera. Eleisan daukagu gau ta egun beti prest arimen janarija, zeruti jatsitako ogi bizija, Jesus maitiaren gorputz ta odol bizija. Eleisan altara gainian barristetan dau Jesus maitiak egunian ta egun bakotxian sarritan ta leku askotan Kalbarijoko kurutze santan artu eban erijotzia geure arimen erremedijorako. Gatx bat jatorkunian, naibage bat sentiduten dogunian, zerbait jaditxi gura dogunian, nora guaz Jaungoikuari erregututera? Eleisara. Buruko min bat dogunian, alemanija bat palta dogunian edo gaixotuten jakunian, auzi bat irabazteko ustia edo galduteko bildurra daukagunian, eurija edo egunaldi ona gura dogunian, eleisara juaten gara, Jaungoikuari mesede a erregututera. Arimarako ta gorputzerako edo munduban bizi izateko biar ditugun grazija ta meseden billa eleisara juaten gara. Zegaiti? Eleisia dalako Jaungoikuaren etxia, Jaungoikuari erregubak egiteko ta zeruko mesediak geure etxeetara erasteko lekuba.

        Alan esan eutsan Jaungoikuak berak Salomoni, Jerusalengo eleisia egin ebanian: Eleisa onetan neuri erregututen deustanaren eskarijak entzuteko, zabalik eukiko ditut begijak ta zur belaarrijak. Salomonek eleisa barrija egin ebanian, jente guztia araxe batuta, asi zan Eleisan bere espirituko sinistute ta debozinoerik andijenagaz jente guztiaren aurrian Jaungoikuari esaten ta erregututen: Zerubak eta luurrak kabidu ezin bazaitube, Jauna, zeinbat gitxiago kabiduko zaitu nik egin dodan etxe onek? Ez, Jauna. Ez da zeu kabiduteko eleisa au, ezbada zeuk leku onetan ene erregubak ta Isrraelen eskarijak entzun dagizuzan. Eleisa onetan erregututen deutsunari entzun, Jauna, zeure zeruko tronuti ta lagundu bere premina orduban... Norbaitek pekatu egiten badau zeure kontra ta etorten bada eleisa onetara zeuri parkazinoia eskatutera, zeuk entzungo deutsazu zeruti, Jauna, ta parkatuko deutsazuz pekatubak... Bake txarrik edo gerrarik inok iminten badeutsa nire errijetako jentiari... Zerubak euririk egin gura ezda, liortiak joten baditu... Arrak laboriak galduten badeutseez... Gose urtiak etorten bajakuez... Gaixua edo gatxa euren etxetan sartuten bajakue... Ta eleisa onetara etorrita, pekatuben damubagaz ta bijotzeko uste onagaz zeuri eskatuten badeutsube laguntasuna ta grazija arimako edo gorputzeko premina orduban, zeuk entzungo deutsezu, Jauna, zeruko jarleku altuti euren erreguba ta eskarija.

        Onan erregutu eutsan Salomonek Jaungoikuari, Jerusalengo eleisia egin ebanian. Ta Espiritu Santubak eskribiduta etxi euskun bere liburu santubetan, zelan dan eleisa, zeruko grazijak ta ondasunak geure arimetara ta etxera ekarteko lekuba. Zer zor ete deutsa, bada, kristinaubak Eleisa santiari? Zelan egon biar ete dabee kristinaubak eleisan? Egon biar dogu bada, neure entzula onak, eleisan geure arimako ta gorputzeko modurik andijenagaz. Ez bakarrik meza santuba entzuten dogun artian. Bada, mezia entzun arteko egikizuna ta pensakizuna esan zan irugarren Jaungoikuaren aginduban. Nosnai ta ele isan gagozan guztian zor deutsagu Jaungoikuaren etxe santubari: Lelengo: Gorputzeko jasua, garbitasuna ta moduba. Gorputzeko jasua dauka, bere jantzija ainbat onduen iminita soinian daroianak. Garbitasuna dauka, jantzija pobria izan arren, garbija daroianak ta arpegija ondo garbituta daukanak. Ez diruri ondo goisian eleisan aste guztian soinian erabili daben jantzijagaz, jantzi maskalagaz ta lisiba biarrekuagaz zeruko Errege andijaren ta aingeru santuben aurrian, ta arrastegijan pasiuan ta lagun artian olgetan jantzi zuri ederragaz ta soineko galantagaz. Au Jaungoikuari bere etxian burla egitia dala esan legi. Ta zeinbat gizon ta emakume onetariko? Ah, lastimia! Ze lotsia Jaungoikuari! Gorputzeko moduba dauka eleisan, soineko jantzija bakotxa bere lekuban iminita, ez lepoti esegita gizonezko askok iminten dituben legez, ezbada besuetan sartuta ta buruba agertuta gizonezkuak. Ez besuak biloxik, emakume askok legez, ezbada besuak eta gorputz guztia estalduta, arpegijaz ta eskubez bestia emakumiak; onan gorputzak jantzita gero, egon biar dabee kristinaubak eleisan, edo belaunbiko, edo zutunik, edo jarrita, ordubak ta osasunak eskatuten daben legez. Baina alegin guztiagaz begijak batuta. Ez eleisako jentiari begira, nor, nun, zelan daguan ikusteko, ezbada, edo luurrera begira, edo altararako sakramentu santura, edo pensamentu on bat emongo deutsen gauzai begira, gogua Jaungoikuagana jasoten lagundu dagijuen begijak. Baita euki biar da miina bere isilik eleisan edo errezetan, zer esaten daben goguan iraguaz. Beste kontubak ta sailak kontetan eleisan egotia, Jaungoiko andijari bere etxian lotsia galdutia da.

        Ta zelan euki biar ditu kristinaubak eleisan bere naijak, bere gogua ta pensamentubak? Ah, neure kristinaubak! Gorputzeko modu ona biarrekua bada Jaungoikuaren etxe santuban egoteko, oraindino biarragokua da arimakua. Eleisan dagozanen bijotzai begira dago Jesus altarako sakramentu santuti. Ez ditu bildurtuten kristinaubak orain geure eleisetan trumoe, oinaztu ta erraijo ikaragarrijakin, denpora baten Sinaiko mendijan isrraeltarrak legez. Baina ikusten ditu argiro geure bijotzetako naijak eta gurarijak. Ez ditu ateraten orain eleisati kanpora Jesusek arpegi asarriagaz ta azote gogorragaz eleisan lotsa gitxigaz kontubak ta tratubak iragoten ditubeenak, denpora baten Jerusalengo eleisati atera zituban legez. Baina ez deritxue obeto Jesusek geure eleisetan euren gogua ta pensamentubak munduko tratubetan ta sailetan daukezanai, Jerusalengo eleisia desondretan ebeenai baino. Geu gaixuak gara ta Jesus geure arimako gatxen osalarija. Eskatu biar deutsagu, bada, eleisan geure arimen osasuna. Geu pobriak gara ta Jesus geure Aita aberatsa. Eskatu biar deutsagu, bada, eleisan salbetako biar ditugun grazijak ta ondasunak. Geu ez jakinak ta itsubak gara ta Jesus geure arimen argija ta erakuslia. Eskatu biar deutsagu, bada, bere nai santubak ezaututeko argija ta erakutsija. Geure adina, geure naillia, geure gomutia, geure bijotza ta arimia guztia jaso biar dogu eleisa santuban Jaungoikuagana, Jaungoikua adoretara, alabetara ta maitetutera.

        Leku ikaragarrija da eleisia, dino san Bernardok. Eleisan daukaguz Jaungoiko bizija, aingerubak, sakramentubak, Espiritu Santubaren doiak, martirijen irabazijak, santuben ondo eginak, geure gurasuen orazinoiak ta beste geu santu egiteko asko dirian gauzak, dino san Juan Krisostomok. Zer egiten dozu, bada, eleisan, kristinauba? dino Santubak berak. ¿Quid facis homo? Zetan iragoten jatzu eleisan zagozan denporia? Ze debozinoegaz errezetan dozu eleisan? Ze gogogaz eskatuten deutsazu Jaungoikuari zeure pekatuben parkazinoia? Ze espiritugaz entzuten dozu mezia, besperak ta sermoia? Zer egiten dozu eleisan? ¿Quid facis homo?

        Ah! askorentzat eleisia ta plazia bardinak dira. Bada, eleisan dagoz berbetan, barreka ta baztar guztietara begira, plazaan legez. Askorentzat eleisia karzela bat da. Bada, nora ezian ta derrigorrian legez duaz meza bat entzutera. Zer da besterik, mezia altarara artian, eleisan ez sartu gura izatia? Mezia esan orduko arin aringa, txakurrak legez, eleisati urtetia? Mezia puska bat luziago bada, ernegetia? Zer da besterik, errazto al dagijela, sermoetara, besperetara, errosarijora ta beste eleisako egikizun santubetara ez juatia? Zer da besterik, Jaungoikuaren berbia pulpitoti esaten dan artian eleisa ataira urtenda berbetan egotia? Neure entzula onak! Beste lotsagaz, gogogaz ta modugaz egoten dira jentilak euren eleisa paltsuetan, guzurrezko Jaungoikuak adoretan, kristinau asko geure eleisetan Jaungoiko santubaren aurrian egoten dirian baino.

        Batu bada, kristinaubak, zeuben bijotzetako eguak eleisa santan. Gogoratu nor zarian ta noren aurrian zagozan. Auspaztu bijotzagaz luurreragino Jesusen altara aurrian. Eskatu humildadiagaz mesediak Jaun zerukuari. Lelengo arimakuak ta gero, ondo bada, mundurakuak. Artu bitartekotzat eleisan Ama Birjina guztiz santia, aingerubak eta norberaren gogoko santubak. Orduban duda bagarik Jaungoikuak entzungo ditu zeruban gure erregubak ta emongo deusku bere grazija. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa