www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

zelan pensau biar dan ezkontzako bizieriaren gainian.

 

        Aitu zenduban, neure entzula onak, leengo erakutsijan, zeinbat balijo deutsan kristinaubari estaduba artuteko prestaera onak. Gurasuak txito kontu andija euki biar dabee, euren seme alabai nai dabeen bizieria artuten isteko. Bada, norberaren gogo bagako estadubak gitxitan oi ditu prutu onak. Umiak gura daben estaduba artuten lagundu al badagijue gurasuak, lagundu biar deutsee. Baina lagundu ezin izan arren umiari berak gura leukian estaduba artuten, ez dabee esanagaz, erregubagaz, edo zamaijagaz ekarri biar gurasuak umia gogorik ez daukan estadubak artutera. Kontu onetan gurasuak. Ez zaizala diabrubak inos engainau, zeuben irabazija edo munduko ustezko era ona gaiti umia ez jagokan ta atzerapena daukan estaduban imintera. Bada, orduban iminten dozu zeuben partez umia inpernuko bidian.

        Au aituten emon ezkero, gauza ona da kristinaubari aituten emotia ezkontziaren gaineko pensakizun batzuk. Bada, Jeremias propeta santubak dinuanez, munduko gatxik geijenak datoz gauzak ondo ez pensetati. Bada, gatxak erremedijetako gauza ona bada ondo pensetia, bere duinan ez da izango gitxien balijo dabena ezkontziaren gainian leendanaz ondo pensetia, ezkondubak ondo izateko. Berau gaiti gogoratuko deutsudaz erakutsi onetan pensakizun batzuk, eurai begiratuta kontu obiagaz artu dagijan kristinaubak ezkontzako estadu santuba. Entzun egidazu gogoti.

        Lelengo: Pensau ta sinistu biar dogu, neure entzula onak, ezkontzia Jaungoikuak berak itxija dala, leen esan dan legez. Adan eta Eba geure lelengo gurasuak kriadu edo egin zitubanian asi zan ezkontzia bere Jaungoikuaren ordenaz. Adan eta Eba dira munduko lelengo senar emaztiak. Andi ta Jesukristo geure Jaunaren etorrierara ezkontzia zan gizonak eta emakumiak egiten ebeen tratu bat, alkarregaz beti izateko ta bata bestiaren gorputzen eskubidia alkarri emoteko, Jaungoikuak ta errazoiak aginduten daben legian. Aintxinako denpora areetan ez eban ezkontziak berez arimia santututen. Ez eban arimako grazija berez emoten. Ez zan orduko ezkontzia egi jazko ta benetako sakramentuba, ezbada zan pekatu bagarik seme alabak eukiteko ta senar emaztiak alkarregaz bizi izateko tratuba edo bategitia. Baina Jesukristo geure Jaunak jaso eban sakramentu izatera ezkontzia. Ta da zazpigarren sakramentuba, leen esan dan legez. Jesusek berak ondrau eban ezkontzia bere Ama guztiz garbijagaz Kanaango eztegubetara juan zanian, nun egin eban Ama Birjiniaren erreguz lelengo milagrua, ura ardao biurtuta.

        Bigarrenian: Pensau ta sinistu biar dogu, ezkontzia itxi ebala Jaungoikuak munduban izan ditezan gizonak eta emakumiak, berak senailauta daukan juizi[j]oko egun artian. Baita Adanen pekatubaganik jatorkun guraririk indartsubenaren ta gaistuenaren erremedijorako bere, dino san Paulo apostolubak.

        Irugarrenian: Pensau ta sinistu biar dau kristinaubak ezkontzia ez dala pekatu, ereje batzuk erakutsi dabeen legez. Ezkontzako bizieria edo estaduba ona da, santuba da ta santu izan leitekiana da, norberak gura izan ezkero. Denpora guztietan ezautu dira santu ta santa andijak ezkontzako bizieran. Naturaleziaren legian ezkontzako estaduban Jaungoikua serbidu ebeen ta eldu zirian ontasunaren altura andira Noe, Abraan, Isaak, Jakob ta beste asko. Moisen legiaren denporan, ze ontasun ta santutasun andira eldu ez zirian beste askoren artian, Moises bera, Samuel, Tobias, Judit, Susana, san Joakin, santa Ana, Zakarias, santa Isabel ta beste milla? Jesukristok sakramentu izatera jaso eban ezkero, ugarijaguak dira askozaz ezkontziaren grazijazko prutubak. Erregiak eta erreginak, kaballeruak eta señorak, nekezarijak eta opizijo guztietakuak dagoz, ezkontzako estaduban lege santuba ziatz gorde dabeenak, bijotz garbijagaz Jaungoikua maite izan dabeenak ta ezkontzako karga astunai ta gatxai karidadiagaz ta pazienzijagaz kobru ondo emon deutseenak. Seme alabak azi ditubee zelo santu bategaz erakutsi onian ta Jaungoikuaren bildurrian. Imini dabee euren uste guztia zeruko ondasunetan ta itxi deutseez ondorengo ezkondu guztiai zer ikasi ta nori jarraitu.

        Ezkondu santuben artian ez daukee lekurik txikarrena ez zeruban ta ez Eleisa Ama santiaren altaretan san Hermenejildo errege martirijak, san Pernando, san Luis ta san Esteban erregiak, san Enrike agintarijak, santa Margaritak ta santa Isabel erreginak, santa Monikak, santa Paulak ta santa Pranziskak ta geure san Isidro nekezarijak. Oneek eta beste kontau ezin ginaizan eduk, ezkontzako estaduban jaditxi ebeen santu izatia ta Eleisa Ama santiak altaretan iminita ondretia. Ona da bada, kristinaubak, ezkontzako estaduba. Ta ezkonduten danak ondo egiten dau, dino san Paulo apostolubac. Qui matrimonio jungit virginem suam, bene facit.

        Laugarrenian: Pensau biar dogu, ez daguala gizon edo emakume bakotxarentzat nai ta nai ez ezkonduteko legerik. Nor beraren eskuban itxi dau Jaungoikuak, naijen daben estaduba artutia. Nai badau ezkondu. Nai badau ain bagarik. Nai badau erlijinioian. Nai badau kanpuan. Estadubaren gainian bakotxak gura dabena egin daijala, dino san Paulo apostolubak. Quod vult, faciat. Onako ate zabala ta bide zabala itxi euskun Jaungoikuak geu salbetako. Emon, bada esker onak Jaungoiko Santubari.

        Bostgarrenian: Pensau ta sinistu biar dogu, estadu guztietati beerengua dala ezkontzia. Esan gura neuke, kristinaubak, ezkontzia baino beste edozein estadu Eleisa Ama santiak erakusten dituban ta leen esan dirian oba dala berez, pekatuban ez jausteko, Jaungoikuaren naija egiteko ta zeruba irabazteko. Esan gura neuke, beste edozein estadutakuak baino ezkondubak era geijago daukazala berez, Jaungoikuaren lege santuba austeko, betiko egiijakin aztuteko, munduko gauzetan bijotza ta gogua laarregi iminteko, pekatu egiteko ta zeruba galduteko. Esan gura neuke, ezkonduben estaduba, bateti munduko arduratsubena dalako ta besteti aragijaren erakuena dalako, dala Jaungoikuaren naija egiteko gatxeena ta arimako irabazirik gitxien berez daukana.

        Alan esaten deusku Eleisa Ama santiak Trentoko batzaar santuban. Esaten badau inok, dino, ezkonduben bizieria obia dala birjinena baino edo ezkondu bagakuena baino, ta ez dala obiago birjinidadian edo ezkondu bagarik bizi izatia ezkonduta bizi izatia baino, izan dedilla eskomulgauba ta madarikatuba a esaten dabena. Jesukristo geure Jaunak ez deutsa inori iminten, esan dan legez, ezkondu bagarik bizi izateko legerik. Baina konbidetan ditu kristinaubak ezkondu bagarik bizi izatera garbitasunaren amodijua gaiti ta zeruko erreinuba irabaztia gaiti, zeinegaz erakusten deuskun Jesus maitiak, erlijinoeko estaduba, birjinen estaduba ta libreen estaduba obiak diriala zeruba irabazteko, ezkondubena baino.

        San Paulo apostolubak esaten deusku zer gaiti dan au. Dino, bada, birjinen ta Jesusen amodijo garbija gaiti ezkondu bagarik geratuten dirianen gogua ta naija dala Jaungoikuari zelan gusto emongo deutseen. Quomodo pla ceat Deo. Ezkonduben gogua daguala munduko gauzetan ta euren arduria dala zelan lagunari gusto emongo deutseen. Quomodo placeat viro. Birjinen ardura nausija da Jesus maitiari naija egitia. Atarako daukee osorik Jesusentzat euren gorputza ta bijotza. Baina ezkonduben ardura nausija edo guztia da mundubarena ta lagunarena, Jesusentzat ezer gorde bagarik; edo da zati bi egina, bata lagunarentzat ta mundubarentzat, ta bestia Jesusentzat. Et divisus est. Ara ezkondubak zelan emoten ez deutsan Jesus garbijari bere bijotza ta gorputza osorik eta garbi, birjinak legez. Esan daigun, bada, estadu guztietati beerengua dala ezkondubena, Jaungoikua serbiduteko ta zeruba irabazteko. Birjinen estaduba urria, ezkondu bagakuena zidarra ta ezkondubena burdinia dala, dino obispo santu batek. Birjinen estadubak argi egiten dabela, eguzkijak legez; ezkondu bagakuenak, ixiotako argija legez; ta ezkondubena dala illuna. Birjinidadekua dala erregina; ezkondu bagakua seinoria; ta ezkondutakua krijadia. Birjinia ondasun ugaritsuba, ezkontzakia biarreko duina ozta daukana ta ezkonduba pobria dala. Birjinen bizitzia dala bake osokua; ezkontzakena gerran irabazitako bakezkua; ta ezkondubena presuen bakezkua.

        Modu onetan birjinen estaduba bat egiten dabee urriagaz, eguzkijagaz, erreginagaz, ugaritasunagaz ta pozezko bake onagaz. Birjinidade galduba, baina garbatuba ta Jesusen amodijua gaiti ezkondu bagarik bizi danarena bat egiten dabee zidarragaz, kandela ixiuagaz, seinoriagaz, arerijuak urrian daukazan gerrako bake irabazijagaz ta nora ezekua baino geijago ez daukanagaz. Ezkonduben bizitzia bat egiten dabee burdiniagaz, laino arteko illunagaz, krijada baten biziera bajubagaz, kate lotuzko bakiagaz ta ezeuki tristiagaz. Ez da ezkontzako sakramentubari berez jatorkana au, ezbada ezkontziaren zereginai ta eginbiarrai jatorkuena. Ezkontzia ona da, dino san Gregorijok. Bonum est conjugium. Baina ez dira onak ezkontziari darraikozan eginkizunak, aragijaren argaltasunari ta munduko ardurai ta gatxai begiratu ezkero, dino Santu andijak. Sed mala sunt, quae circo ilud ex hujus mundi cura succrescunt... Bide onian juan arren, bide ondoko laarrak urratu legijez geure jantzijak, dino Santubak. Beste ainbeste: Ezkontzia ona izan arren, zerurako bide ona izan arren, oratuten jakuez geijenian ezkondubai aragijaren gurari gaistuen ta munduko arduren laarrak, zeintzuk katiatu ta atzeratuten dabeen ezkondubaren arimia zerurako bidetan. Esan daigun, bada, barriro ta sinistu daigun, neure entzula onak, estadu guztietati bajubena dala ezkontzia.

        Seigarrenian: Pensau ta gogoratu biar da sarri, (ezkonduten danak, ze sailetan bere buruba sartuten daben jakiteko) Eleisako jazuai begiratu ezkero, ezkontziak berak bakarrik zeregin geijago emon deutsala ta emoten deutsala Eleisa Ama santiari, beste estadu guztiak baino. Au bere ezin ukatu ginai, kristinaubak. Giza aldi guztietan ta leku guztietan entzuten dira negargarrijak edo ezkonduben artian edo ezkontzia bitarte dala. Batian jagi dira ezkontzia gaiti gerra odoltsubak. Bestian bera gaiti galdu dira erreinu osuak. Baita ez gitxitan erreinu ta erri askotako Jaungoikuaren ta Eleisa Ama santiaren sinistute santuba bere. Ta geratu dira triste errukarri areek pede bagarik ta Jaungoiko bagarik, ezkontzia dala medijo. Baina zeinbat onako gatx negargarri zabaldu dira giza aldijetan asitako ezkontza bat edo egindako bat dala medijo? Oh! Ez da errez, kristinaubak, sail onen naibagaak kontetan. An entzuten da, emaztiak senarra ill dabena. Bestian, senarrak emaztia ill dabela. Beste aldian, senar-emaztiak auzitan dabizala. Gerotxuago, alkarregaz izan ezinda apartau diriala. Bata, lagunari burla eginda, adiskide deungekin adulterijotzan sakramentubaren lotsagarrijan bizi dala. Bestiak emaztia saltzen tratu loijan imini dabena. Or ikusten dira senar emaztiak alkarri bidaoka, inper[n]u txiki bat eginik euren etxiak. An dabilz neska mutilak auzitan, dabeena ta ez dabeena kastetan alkarren gorrotuan, berba emona ukatu deutsalako. Bestia dago karzelan denpora luzetan, ezkondu nai ez dabelako. Areek dagoz pekatuban lotsa bagarik erri guztiaren jakinian ta zer esanian, alkarregaz ezkontzeko atxekijagaz. Beste batzuk... Baina zeinbat onetariko naibage, eskandalu ta negargarri, ezkontzia dala bitarte? Ezin kontau legiz, neure entzula onak.

        Zegaiti deritxazu au? Ezkontzako sakramentuba ta estaduba ona ez dalako? Ez, neure kristinaubak. Jaungoikuari erruba ezartia izango litzaateke au. Zegaiti da, bada? Zegaiti? Jaungoikuak aginduten daben ta ezkontzako sakramentubak eskatuten daben gogo onagaz, garbijagaz ta zuzenagaz ezkontzako estaduba artuten ez dalako. Au gaiti dira, neure kristinaubak, ezkontzako gatxak. Ikusi arren egunoro ezkontza bide bagakuak, errazoe bagakuak ta onian irauteko etxurarik ez daukeenak; ikusi arren ezkondu asko zelan ezkondu, alan bizi, bake txaarra, gozo gaistua, zelo minberak, alkarren gorrotua ta zer esana naikua etxian daukeela; ikusi arren ta entzun arren sarri bide bagako ezkontzen sail negargarrijak, ez dau inok sinistu gura ezkontzako estaduba dala uts egiten erraza ta erremedijetan gatxa, ta orregaiti ondo, astiro pensauta artu biar dana. Ez dau inok penseetan, ezkontzia egin biar danian, jazo txaarrekua ala ona izateko bidia daroian edo ez. Ta alan jazoten dira gero ainbeste ezkontza zer esaneko.

        Ez dakit nik, kristinaubak, zelan dan au. Seme edo alaba batek artuten badau asmo santuba praile edo monja izateko edo Jaungoikua serbiduteko biziera obago bat artuteko, bertati bildurtuten dira gurasuak, senidiak, baita auzuak bere, estaduba artuten uts egin ez dagijan ta galdu ez dedin. Guztiak esaten deutsee, ta zeinbat bidar? praile edo monja Jaungoikuak dei egiten deutsanari, ondo pensau dagijala; begiratu dagijala; estaduba artutia gauza astuna dala; garbatu lekijola; gero erremedijorik ez daukala; ez dakit nor baiti bere garbatu eijakola... Atertu bagarik esesten deutsee juakuenak ta ez juakuenak konbentu batera Jaungoikua serbidutera juan gura dabenari, axe buruti kendu eraitiarren. Ez dinot gaiski egina dala, praile edo monja gei bati juakonak esatia, ondo pensau dagijala zer egitera doian. Au gauza ona ta biarrekua da. Baina ainbeste bildur ta ardura, inor prailetzan edo monjatzan galdu ez dedin; ta ain gitxi, semia edo alabia, nebia edo arrebia edo juakona ezkontzan galdu ez dedin, ez dautsa alkarri. Praile edo monja garbatu bakotxeko eun ezkondu garbatu ta geijago izan arren, euren bizi modubak dinuanez, ez dau inok uste ezkontzia aita danian, ezkondu ezkero, gatxak joko ditubanik. Asko da ezkondutia, ezkondubak ondo izateko mundukuen eritxijan. Nekez esaten jako ezkongeijari: Kontu, zer egiten dozun; kontu, nogaz bat egiten zarian...

        Begiratu bada, kristinaubak, ezkontzako sakramentuba sakramentu santuba, garbija ta zuzena dala. Baina estadu guztietati bajubena dala. Ezkontzeko, beste edozein estadu artuteko baixen kontu ta ardura andija biar dala. Ezkontzetan txito uts egite asko ta andijak oi diriala. Ta berak zer eginik ta atsekabarik geijen Eleisiari ta juezai emoten deutseela. Oh, zeinbat dagozan ezkonduta, edo inoren esana ta erreguba gaiti, edo eukija gaiti, edo gurasuen naija ta oneria gaiti, edo edertasuna gaiti, edo pekatuzko amodijua gaiti, ondo garbatuta, buztarripian ez balegoz nai leukeela! Oh, Jaungoiko Santuba! Emon egiguzu zeure argija ta grazija, zeruba irabazteko biar doguna egiteko. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa