www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eleisako zazpi sakramentuben ikasikizuna
Frai Bartolome
1819

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VIII. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Ze premina andikua dan geure gorputzak peneetia.

2. Zelan penau dituben kristinau askok.

 

        Penitenzijako sakramentubaren amaijan erakutsi gura deutsut, neure entzula onak, agiriko pena artutiari jagokana. Oni esaten jako, agiriko penitenzija. Ezin ukatu ginai, uts egite asko daukaguzana geure arimako gauzetan. Jaungoikuak aginduten deusku arimiari kontu egiteko. Ta gorputzaren ainbeste ardura ez artuteko. Baina bestera Jaungoikuak esan baleusku bere, egiten dogun baino asko geijago egingo ez genduke. Zer egiten dogu geure arimia gaiti? Ta zer egiten ez dogu gere gorputzak ondo eukiteko? Au zeubek dakizu, nik esan bagarik. Ikusi daigun, bada: 1. Ze preminia daukagun geure gorputzak peniagaz ondo eziteko. 2. Zelan ezi dituben kristinau askok. Emeti ezautuko dogu geu zer garian edo zer ez garian. Zurtu zaite, kristinaubak, ainbat gogorik oneenagaz entzuteko berba bat bere uts egin bagarik.

 

 

I.

 

        Jesukristo geure Jaunak esaten deusku, neure entzula onak, bere ebanjelijo santuban: Inok etorri gura badau nire ondorik, artu begi bere kurutzia ta jarraitu beit. Kurutziaren ta peniaren bideti dei egiten deusku Jesusek beragana. San Juan Bautistaren denporati, dino Jesukristok beste leku baten, zeruban sartuko danak peliau biar dau. Peliau biar dogu geure gorputzeko gurarijen kontra. Peliau biar dogu ta goitu biar ditugu geure begijak, gauza deungarik ikusi ez dagijen. Goitu biar dogu gere miina, gauza txaarrik esan ez dagijan. Baita belaarrijak bere, pekatu dan gauzarik atseginez entzun ez dagijen. Baita aua ta sabela bere, jan edan gozuakin ta laarregijagaz arimiari kalte egin ez dagijuen. Baita geure gorputza bere, aragijak espirituba goitu ez daigun. Onetarako armak dira bakartasuna, jantzi latza, zilizijua, azotia, baruba, lo gitxija, oe gogorra, janari mingotxa, gosia ta egarrija. Ta guztia Jesusen izenian. Miina isilik, begijak luurrian, gogua zeruban edo bildurrez inpernuban, bijotza Jaungoikuagan, pekatubak gomutan, erijotzia goguan ta aleginaz norbera bakarrian. Oneek dira gorputza eziteko ta neurri santura ekarteko arma egijazkuak. Eurak emoten dabee Jaungoikuaren amodijua, pekatubaren gorrotua, inpernubaren bildurra, munduba aintzat ez eukitia ta gorputza arerijotzat artutia.

        Pena iragote au eskatuten deutsa pekatarijari Jaungoikuak Joel propeta santubaren aoti. Au berau ninibetarren jazuagaz. Au berau Nabukodo[no]soren pena iragotiagaz ta beste onako millagaz. Diabruba, munduba ta arag[u]ija dira arimiaren arerijuak. Iruretati leunena, labanena, lotsa gaistokuena, ge[u]gaz beti daguana, pekatuzko eskaari geijen egiten deuskuna, pekatuzko eskaari geijen egiten deuskuna, sarrijen goituten gaitubana ta inos bere ondo goitu ezin doguna da aragija edo gorputza. Gorputzari naija egitia da arerijuak etxian aztia. Gorputzari naijak egitia da arimia gorputzaren krijadu egitia. Gorputza luurra da ta arimia espirituba. Gorputza illkorra da ta arimia bizikorra. Bada, gorputzak egon biar dau beti arimiaren aginduban. Gorputza ekarri biar dogu, nai ezian bada bere, arimiaren naija egitera. Alan ekarten eban san Paulo apostolubak. Ta dino: Kastigetan dot neure gorputza, ezten dot peniagaz ta nai dabena egiten itxi ezagaz ta ekarten dot neure eskupera ta agindura. Et in servidutem redigo. Gorputza maite dabena ta gorputzari naijak beti egiteko gogua daukana, ez da inos bere izango Jaungoikuaren adiskidia. Dinot, begijai, belarriaji, miinari, sabelari, auari ta aragijari naijak egiteko kontu andija daukana, ez dala Jesusen eskolauba. Dinot, gorputzari pena txiki bat bere Jesusen izenian emon gura ez deutsana, ez dala Jesusen adiskide andija. Ez dago, bada, dudarik, neure kristinaubak, goituko badogu aragi gaisto ta lotsa gitxiko au, peniagaz ta penagarrijagaz ezi biar dogu, arimiaren agindura ekarri artian. Alan egin dabee askok. Ta entzun egizu, zetaragino.

 

 

II.

 

        Bai, kristinaubak. Ez dakit zelan bat egingo ditugun geure epeltasuna ta geure gorputzen ondo gura laarregija, kristinau askoren euren naizko penitenzija ikaragarrijakin. Entzun ta beste bagarik ikara eragiten deutsee geure bijotz makalari ta penia iragoteko gogo txikijari. Ez dot ezer esango arako zeubek gauza gitxitzat ta deskuidotzat daukazuzan ta sarri egiten dituzun pekatubak gaiti Eleisiak pekatarijai iminten eutsezan penitenzija luzen ta garratzen gainian. Arako eleisako atetan, barrura sartutia eragotzita, auspaz luurrian jarrita, soka bat samati lotuta, urte askotan egotiak. Ur ta ogi iru, lau, sei ta zazpi urtian barau egitiak. Autsez buruba estalduta, erropa zaarrak jantzita, negarrez jentiari parkazinoia eskatuten leku agirijan urte luzeetan egotiak. Onetariko agiriko penitenzijak edo penagarrijak iminten jakuezan leen pekatarijari. Ta ez eban inok uste laarregi zanik, geure pekatuben zorra pagetako. Oh, ze urrin gagozan areetati! Beste guztien artian, Jesus maitiak erakutsi euskun kurutze santan ta bizitza guztian geure gorputzak penetan. Ama Birjina guztiz onak ez eban pekatu txiki bat bere egin. Baina peniaren ta kurutziaren bideti juan zan zerura. Adan guztion aitak bederatzireun urteko peniagaz pagau eban bere pekatubaren zorra. Dabid penadunak autsagaz buruba estalduta, zilizijuagaz gorputza lotuta, negarragaz oe baztarra bustita, eskatuten eutsan Jaungoikuari bere pekatubaren parkazinoia. San Pedro apostolubak bein egin eban pekatu. Ta bizitza guztian penau eban bere gorputza penagarri guztiakin ta negar mingotxakin. Jakina da Madalenak, san Paulok ta beste pekatari askok zer irago ebeen Jesusen izenian.

        Ah, pekatarijak!, engainauta bizi zara, gorputzaren naijetati ta era onetati zerura juango zariala uste dozunian. Ez zan amaitu penitenzija agirikua apostoluben denporiagaz. Jesusek beti daukaz kurutziaren adiskidiak bere Eleisa santan. Dei egin dagijogun san Juan Klimakori. Ta entzun dagijogun, ia zer esaten deuskun bere denporako penadunak gaiti. Esnaatu zaite, kristinaubak, entzuteko edola bere. Ez deutsat berba bat bere geituko. Dino, bada, Santubak:

        «Etorri zaite leku batera pekatu egin dozun guztiok. Ta entzun egizu. Neuk kontauko deutsudaz zeuben onerako, Jaungoikuak nire arimiari erakutsi deutsazan gauza andijak. Imini daiguzan lekurik ondraubenian ta onenian, euren naiz ta gustoz Jesusen krijadu humilden bizi moduba artu ebeen gizon beneragarrijen penazko egitiak. Entzun daigun, begiratu daijegun. Ta dendatu gaitezan pekatu egin dogunok, euren penazko bizitziari jarraitutera. Jagi zaite ta jarri zaite, pekatuben jausita zagozan guztiok. Jaungoikuagana benetan biurtu gura dozun guztiok, entzun egizuz ene berbak txito kontu andijagaz.

        Bada nik, ontasun bagako pobri onek, entzun nebanian karzelia esaten jakon komentuko prailiak egiten zitubeela arrigarrizko penitenzijak, erregutu neutsan aren urrian eguan beste komentuko nausi beneragarri bati, eruan nengijala karzelia eritxon komentura, an zer iragoten zan ikustera. Ta nire naija egitiarren eruan ninduban. Bada, ni eldu nintzanian komentu atara, edo obeto esateko, negar lekura, ikusi nituban bene benetan, onan esatia ondo bada, alperren begijak inos ikusi ez ditubeenak; buruginen belarrijak inos entzun ez ditubeenak; ta nagijen bijotzera inos eldu ez dirian gauzaak. Entzun nituban, dinot, Jaungoikuari indarra egiteko, ta bere miserikordija laster ekarteko asko dirian berbaak, egitiak ta gauza indartsubak. Bada, ikusi nituban an, batzuk gau guztian iruntzetan egozala, lorik egin bagarik. Loguria jatorkuenian, armetan zirian luaren kontra, gorputzari atseetan itxi bagarik. Asarratuten zirian gorpuzaren kontra, zutinduten zirian ta pena andijagaz zeruruz begiratuta, lagunak esnaatuteko tertzijoko aijakin Jaungoikuari parkazinoia eskatuten eutseen.

        Beste batzuk ikusi nituban, presuak legez eskubak espaldetara lotuta, euren arpegi sikubak ta oritubak luurrera botata, orazinoian egozala. Ta esaten ebeela diadarka, ez ebeela merezietan ez zerura begiratutia, ez Jaungoikuagaz berba egitia; ez ekijela ez zetati asi, ez zelan Jaungoikuari erregutu euren konzienzija naastauba gaiti. Beste batzuk ikusi nituban luurraren gainian jarrita, arpegijak autsez estalduta, gorputzak zilizijoz lotuta, burubak belaun artian sartuta, bekokijagaz luurra joten ebeela. Beste batzuk ikusi nituban zuzpiruka beti bularrak joten ziardubeela, arimia gorputzeti ateraten ebeela esan eukian terzijuan. Oneen artian batzuk beegozan, negar malkuakin luurra bustiten ebeenak. Beste batzuk, negarrik egiten ez ebeelako, zainga ta penaz egozanak. Oneetati askok negar andijak egiten zitubeen, bijotzeko penia kabidu ezinda, adiskide baten enterruban egin oi dirian legez.

        Beste batzuk egozan peniaren penaz ta damubaren damuz, betibee ustez uste bagako zuzpiru ta diadar andijak egiten zitubeenak. Euren bijotz tristia ondo erakusten ebeenak. Ikusi nituban an batzuk, euren bizi modubari begiratu ezkero, bizi ziriala baino illda egozala ta senik ez eukela obeto zirurijenak. Humildadez luurra jota, negarrez sikatuta, tristetuta egozanak. Beste batzuk ikusi nituban, luurrian jarrita, begijak beera eratsita, burubari gora ta beera eragiten eutseela ta betibee leoiaren moduko orroe tristiak bijotzaren erdi erditi ateraten zitubeela. Oneen artian batzuk uste osuagaz eskatuten eutseen Jaungoikuari euren pekatuben parkazinoia. Beste batzuk esaten ebeen egijazko ezauberiagaz, ez ebeela merezietan pekatuben parkazinoia ta ez ziriala asko Jaungoikuari kontu emoteko. Beste batzuk eskatuten eutseen Jaungoikuari, penau ta kastigau egizala emen ta parkatu egijuela gero. Beste batzuk beegozan euren pekatuben damubak ta gomutiak erasoten eutseenak, asko zala eurentzat inpernura ez juatia, zerura juan ez arren, izan al baleiteke. An ikusi nituban arima asko damututa, garbatuta, peniaren pisubagaz atxak ta arrijak bigunduteko berbak Jaungoikuari esaten...

        An ikusiko zenduzan, neure entzula maitiak, Dabid erregiaren berbak oinian iminita. Ikusiko zenduzan gizon batzuk penaz ta penagarriz estalduta, beti makurtuta lurrera begira ebizala. Euren gorputzetati atsa botetan ebeela. Aragijak kasik erdi ustelduta eukeezala. Ta gorputzaren onari begiratuten ez eutseela. Batzubetan aaztuten jakuen ogi kopau bat jatia. Beste askotan autsagaz naastetan ebeen jaten ebeen kopauba; ta negar malkuakin gozatuten ebeen edaarija, zein zan ur utsa. Azalak azurrai oratuta eukeezan ta eurak bere sikatuta eukeezan, elbitza legez. Ez zenduban an entzungo berba oneek baino besterik: Ai! Ai! Ai! Nire errukarrija! Nire errukarrija! Neuk merezidu! Neuk merezidu! Parkatu, Jauna! Parkatu, Jauna! Areen artian asko ikusi ko zenduzan miina kanpora aterata, txakur egarrija legez. Beste batzuk eguzkijaren galdaan erreetan, alde egin gura ezda. Beste batzuk otzak iragota, izoztuta. Beste batzuk guztiz ez sikatutia gaiti, nosbait ur tanta bat artuten ebeela ta probau orduko egarrijagaz edaatiari isten eutseela. Beste batzuk sartuten ebeen auan ogi kopauba ta ez ebeen jaten, ganaduba legez bizi izan zanak gizonen janarija artu biar ez ebala, esanda.

        Oneen artian ze leku eukiko eban barriak, berba premina bagiak, gorrotuak eta odijuak?... Nun eguan an errietia ta propijia? Nun olgetia? Nun uste alperra? Nun gorputzaren arduria ta erregaluba? Nun munduko gusto ta atseginen naija? Nun ardauaren gomutia? Nun lapiko egosija? Ah! onako gauzak ondo aaztuta bizi zirian. Inos gogoratuteko usterik bere ez eukeen. Baina ardura emogo ete deutsee munduko kontubak? Ete dakije komentu atan, lagunak deungatzat eukitia zer dan? Ah! ez da bapere onako gauzarik. Ez zenduban an ikusiko orazinoia ta Jaungoikuari dei egitia baino. Batzuk beegozan, ya zeruko ateetan balegoz legez, Jaungoikuari esaten eutseenak: Edegi egiguzu, Jaun errukiorra, geuk geure pekatubakin itxi genduban ate au. Beste batzuk esaten ebeen: Agertu, Jauna, erijotziaren illunian dagozan triste onei. Beste batzuk: Eukiko ete dau Jaungoikuak gugaz miserikordija! Biurtuko ete gaitu bere argi santura! Zer izango ete da gugaz! Ze sentenzija entzungo ete dogu bere aoti! Aurreratuten ete dogu ezer onan! Entzungo ete deusku Jaungoikuak! Nok daki, bada, erantzuten eutseen bestiak, ninibetarrak esan ebeen legez, Jaungoikuak aldatuko badau bere setenzija, ta geratuko badau gure kontra daukan azotia. Egin daigun geu gan dana... Parkazailia ta ona da Jaungoikua... Geu ez gaitezan deskuidau bizi garian artian... Ta zeruko atia edeten badeusku, izan dedilla ordu onian. Ta edeten ez badeusku bere, izan dedilla ondo esana, jasua ta bedein katuba bere izen santuba...

        Onan alkar animetan ebeen penadun areek. Betiko belaunbiko egonagaz, gaillubak eginda eukezan belaunetan. Betiko negarragaz begijak eukezan barrura sartuta, betuliak jausita, matrellak gorrituta, erreta negarragaz, arpegijak sikatuta, orituta ta bularrak kolpeka zaurituta. Batzuk aoti txistubagaz odola botetan ebeela. Nun eguan emen oe bigunaren ta jantzi leunaren arduria ta naija? Guztia zan urratuba, zatituba, loituba, zorriz betia ta pobria...»

        Ara, neure entzula onak, san Juan Klimakok iminten deuskun penadun egijazkuen ispilluba. Berak ikusija ta berak entzuna. Monje edo praile aretati asko zirian, gaztetan konbentuban sartu zirianak. Menturaz inos bere pekatu illgarri bat egin ez ebeenak. Beste asko ogeta amar, berrogeta amar edo irudogeta amar urtian edo geijaguan alan bizi zirianak. Ta guztiak geuk baino pekatu gitxiago egingo ebeenak. Alan bere entzun dozu ze penagarrijak emoten eutseezan euren gorputzai. Ta ez sinistu eurakin amatau zala peneen ta penagarrijen naija. Bada, betikua da pekatarijarentzat penia artu biarra. Santa Pelajiaren toki atsituba, santa Maria Ejitokuaren baso bakarra, santa Taisen orma arte estuba, santa Babilasen torria, san Agustinen negarrezko aijak, san Jeronimoren bularreko arrizko kolpiak, san Pranziskubaren autsak ta zilizijuak, santa Madalena Paziskuaren ta san Luis Gonzagakuaren barubak, san Pedro Alkantarakuaren otz, beruak ta gose egarrijak ta ene Ama santa Teresaren ta Aita san Juan Kurutzekuaren ill edo penau, ta penau ta bildu, astiro goguan iragoten ditubanak ezautuko dau, Jesusen izenian gorputzari gerra egitia ta penagarrijak emotia dala zerurako bidia.

        Lotsatu bedi, bada, pekatari alperra, nagija ta burugina. Lotsatu bedi pekatu andi askogaz sengarri guztiak loituta, atsituta, ustelduta daukazan gorputz luurrezkuari naijak egiten ta gustuak emoten dabilen pekatarija. Lotsatu bedi, ikaratu bedi ta bildurtu bedi, esan dirian penadunen albuan bere burubari begiratuta. Oh, ze urrin dagozan onako pekatarijak zerurako bide zuzeneti! Oneen ardura nausija da, pekatu asko egin daben gorputzari aleginaz ondo kontu egitia; ainbat penarik gitxienagaz eukitia; ta ainbat bigunen euren gorputzak artutia. Esan legi san Paulo apostolubagaz, pekatari askoren Jaungoikua gorputza ta sabela dala. Bigar edo etzi egin biar dabeen baru batek, gaurti bildurtuten ditu. Gau bat inori mesede egiteko galdu biar badabee, uste dabee gatxa sartuko jakuela. Janarija badago gazijago edo gazago, goxago edo berandubago, etxeko jente guztia airian darabilee. Barre egiteko gauzak esaten ez badira, berba aldijak kantsetan ditu. Olgeta bagako egun bat iragoten bajakue, urte bete egiten jakue. Aixe otz bat sentiduten badabee, edo jantzija geitu, edo su ondora, edo eguzkija artutera. Bero badago, keizara, alegiinaz. Ikusgarri edo entzungarri alegere bat edo jan edan on bat iragoten bajakue eurak parte izan bagarik, gaineko egunetako penia edo inoren gorrotua, gusto axe begijai edo belaarrijai edo sabelari emon ez eutseelako. Denporia ondo iragoko badabee, kantia edo soinuba, dantzia edo pandangua, jana edo edana, adiskide maitia edo pasiua biar dabee. Gatx bat Jaungoikuak bialduten badeutsee euren onerako, purijia, asarria ta suba darijue. Soluan, basuan edo etxian biar kansau bat edo nekedun bat egiten badabee, nora ezian ta besterik ezin dabeelako. Gosiaren edo egarrijaren puska bat iragoten badabee, edo ez daukelako edo gorde gura dabeelako penaz dagoz gorputzari gusto axe emon ez deutselako edo ezin deutseelako...

        Nos amaitu baina sail au, kristinaubak? Pekatarijen gogua, pekatarijen naija bada gauza ederrak ikustia, alegeriak entzutia, gozuak jaatia ta edaatia, bigunak janztia, leunak erabiltia, sabela betetia, egarririk ez eukitia, lo ondo egitia, otzak ez ikututia, beruak ez iragotia, minik ez artutia, nekerik ez iragotia, olgeta asko eukitia, adiskide maitiakin ibiltia, ondo atseenda egotia... edo berba baten esateko, inos penau bagarik beti bere erara gorputz pekatugina ta ustelkorra gordetia. Au egin ezkero uste dabee pekatarijak, beste guztia berez etorriko jakuela eskura erijotzako orduban edo zaartzan. Baina, zelan bat egingo dabee aragizko bizitza au, naita ezeko penitenzijagaz? Zelan bat egingo dabee argija illunagaz? Guzurra egiijagaz? Grazija pekatubagaz? Bizitza aragizkua olgantzazkua ta gustozkua penitenzijazkuagaz, damuzkuagaz, penazkuagaz ta negarrezkuagaz? Ezelan bere ez. Bata da bide nasaija, zabala, pekatuzkua ta inpernurakua. Ta bestia zuzena, penazkua, kurutzezkua, ta zerurakua.

        Begiratu daigun bada, kristinaubak, zein bidetati guazan. Bildurtu ta ikaratu gaitezan geure pekatuben zor andijakin ta penitenzija txikijagaz edo bapere ezagaz. Artu daigun geure gorputzen gorroto santuba. Esan daigun san Luis Beltranegaz edo san Juan Klimakok ikusi zituban praile santubakin: hic seca, hic ure. Hic non parcas, ut in æternum parcas. Betoz nigana, Jauna, gatx eta penagarri guztiak emen. Ez egidazu, Jauna, emen parkatu ta parkatu egidazu gero. Oh Jesus, penadun nausija, emon egiguzu, bada, zeure argi santuba, egin daiguzan penitenzija egijazkuaren prutu gozuak, zeinen sarija dan betiko zeruko glorija. Nik zubei opa deutsudana. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa