Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975

 

 

ZAZPIGARREN EGUNEAN

 

Paradisuko zazpigarren egunean...

zaldiaren zangoak min zuen bidean,

ezen kazkabarraren hatzazalak

                            kristaletan zauria duenean.

 

Existentziaren katilu beltzak

isuri sakona, berde-hotza barnean

—nire istant luze, grabean—

tamarindoen negarra

arratseko euri, euripe, euripean

asperti bilakatu zenean...

 

Aurreko tartean plaiaren sorbalda nuen,

hain handi, hain luze, hain etzana,

noizean-noiz itsasoaren egarriak

—nire ikusnahiak—

                                             biziki edana.

 

Urrutiko uhartetan Jainko kreatzailea

ari zen dantza ta jolas,

dantzan zen ari

kreazio mozkorrean harrigarri,

halako liturgi

sekulakoan, telurikoan,

sortu, kreatu, ukitu, laztandu nahiz

dena, oro urduri...

 

Jainkoa ta gizonak

hierogami sakratuan

gurutzatu ziren,

bien hats-haragiak

bolkanen garraisian

—mendiko harria

ibarrean nolan—

kolpe bizkorretan

elkartu ziren,

eta amodio hartatik

gu jainko egin ginen,

gure sua ta gogoa

Jainko bera egin zen.

 

Hori dena, bai, zazpigarren egunean,

zazpigarren egun amaigabean,

Adan buztinetik gizon erne zenean...

 

1973

 

Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975