|
Hitzak ebakitzean
HARRIAREN POEMA
Harria nire arnasa da, Euskal Herriaren arnasa da, haren eskultura da. Harria zein mailu kosmikok zanpatu duen, nork kolpatzen duen Euskal Herriak ba daki.
Harriaren soina urdina da, gogorra da, gordina da, harriaren hizkuntza itzala bezain hotza ta bizkorra da.
Harriaz eskulpitzen da nire herriaren gogoa, . nire herriaren asmoa nire herriaren kakoa eta pentsamendua harrizkoa da, litos arnasaren itzalak nire herriko mugak eta objetoak harri telurikoaz nahasten ditu.
Harria, harria, harria Euskal Herria. Zure sabela ta asmoak «haitz-gogorrak», hau da, haizkora kosmikoak ebakitzen ditu, ama lurraren barrena «haitz-lurrak», haitzur telurikoak orgasmo loditan zulatzen du, ah, nolako eztena ta makila zula ta zula lurraren sabeletan... izugarrizko ernalketatan...!
Gure harriak, azkona denak, baita zulatzen du gizonaren haragia haren soina ta mamia, azkonak zulatzen gure grisdadea ta asperra.
Euskal harria oso orokor, unibertsala da, harri honek soinak, objetoak oro betetzen ditu, mamitzen ditu, osatzen ditu, euskaldunen irudia harriaz mailukatua dago, gure semeen odol bizkorra ta bortitza harri gordinaz (urdinaz) egina dago, ta harri horren haragia (haiztoa-kutxiloa) egunoro astero une oro sartzen da gure haragian, gure bizian, gure ritmoan.
Harri honek ebaki, kolpatu ta eratu du Euskal Herri nirea, zure arima, bere arnas teluriko orokorrak borobildu du zure arnasa,
neolitos unibertsaleko aideak sortu du kopla beltza, bortitza, irmoa... Gure harria ozeano zabal, galantaren parekoa da, dena luzapen., muga-eza, etxeak, irudiak, asmoak autopistak, arnasak, objetoak harriaren kutsaduraz, kolpez, eta nekez.
«Haizkora», «haitzurra», «azkona», «haiztoa» eta abar euskararen alfabetoak dira, gure izpirituaren erroak.
Harriak itsas zabal erotikoaren grina gordin galanta ernatzen du, harria ta herria sinbios telurikoan itotzen dira, euskal harria ta Euskal Herria bat bera dira, harri hau gure harriaren —izpirituaren— sumendia, bolkana da.
Harri kozkor gogor zigor honek, gure arnasa egunero kolpatzen, mailukatzen antolatzen du. Gure lurrean nahi baduzu hatzamarka, bere sabel birjinean baduzu hatzazala harriaren algara galanta aterako zaizu, halako errai gozo, gordin, osoa.
Horregatik gure asmoak eta ezpatak, gure desirak eta fletxak, gure borrokak eta labanak, horregatik harrizkoak dira, haizkora ta haitzur dira, gure ritmoak harri gogor dira.
Gure asmoak eta gogoak Euskal Herri setatsu, zimel, aintzinako baten zigorrak dira, gure harri gordin, urdin, unibertsala Euskal Herria bera da, gure arnas kosmikoa bera da, gure litos haro hedatua bera da.
1975
Hitzak ebakitzean |