Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975

 

 

ITSASOAREN BURDIN AMORRATUAK

 

   Itsasoaren burdin amorratuak

ezen bolkan baten kolpea zirudien,

maitearen oroia

gurpil harro zuria zen

ta danborraren larruan zaldi zangoa bailitzan

kolpe ta kolpe

etengabe

jotzen nigan.

 

          Haren oroiak neurririk ez zuen,

          mugarik ez,

          bazterrik ez,

          halako pertz

          irakin, izugarria lez

          gainezka zetorren,

          hibai luze, ihes

          distraitua

          beti nigana amiltzen.

 

          Venus lodi, xarmant, luzea

          orbainik, zimurrik, mugarik gabea,

          Venus handi, ihesi, hedatua

          izterluzea, sorbalda bigun,

          sabela hibai etzan halakoa...

 

          Ilediaren isuria zabala zen eta gaztea,

          bere ederraren osin beltza ta sekretua

          iturria bezain hotz, basati, ezkutua...

 

          Nire zoriona zure oroi ta sorbalda bilutzaren

          oihanetan,

          nire egona zure altzairuzko desiretan

          olatuaren farra nola arroketan...

 

Oroi horren handia

animaliaren aho galanta da,

ozeano sakonaren linea bizkorra,

                                —ezin euskorra—.

 

Nahiz egunerokotasunaren gristatean errepikatu

barnean nik une orotan halako sentimendu,

oroiaren deihadarra nigan

emaztegai asesinatuaren irrintzia benetan,

irrintzi hotz, luze, desesperatu...

 

1973

 

Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975