Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika
Kriselu, 1975
ASPERRA ETORRI ZEN
Asperra etorri zen
hortzak
kanpora zituen,
arratoi zapalduaren
iduria zuen.
Pesimismoak
ukitu ninduen,
zabor-ontzira botatako
abortu madarikatua
nintzen.
Laban kirats batek
pozaren katea
hautsi zidan lehen.
Bai, egunaren egunerokotasunak
busti ninduen,
asperraren behatz lohi-latzak
hatzamarka ninduen,
sentimenduaren sentimenduak
ukitu ninduen,
informaltasunaren banalkeriak
hustu ninduen,
ezjakinaren mendurak
busti,
uki
galdu egin ninduen...
1971
Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika
Kriselu, 1975