Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975

 

 

HURRENGO EGUNEAN

 

         Orduan, orduan,

Adan lozorro beltzetik jeiki zenean,

                                     —zortzigarren egunean—

enarek hega arin bizkorra egiten zuten,

amoranteak lehenengo laztana banatzen zuen,

                                     —zortzigarren egunean—.

Orduan nire existentziak kondairari hasera

                                     eman zion,

orduan mendiak eta ibarrak mugitzen

                                      hasi ziren,

eta gizonak jakiten eta miresten jadanik

                                      hasiak ziren.

 

Zerua ere gordin-hotza bihurtu zen udagoiko gauean,

zein haundi, eder, katilu borobila bezain galanta,

orduan amak bere haragian senarraren egarria

                                 lehenengoz igarri zuen,

orduan semeari amaren gabezia, umezurtzaren tristezia

                                 lehenengoz sortu zitzaion,

orduan amak haurrari bere bizia, bularra, irria

                                 lehenengoz eskaini zion,

orduan nire egungotasunak egunerokotasunaren nagia,

orduan pausu hauen ritmoak ohitasunaren monotonia

                                  lehenengoz hasi zuen,

eta han asperra —kalean txistua bezala—

                                  lehenengoz galdu egin zen,

baita lehenengoz hasia nintzen:

 

            orduak                              diskurtsoak

            promesak                          programak

            txaletak                             pailasoak

            bakeak                              ritmoak

 

                                 lehendabiziz ohartzen.

 

Baita orduan emagalduak (gizonok galduak)

beren haragia,

aurpegia,

                    gerria,

             lehenengoz ematen hasi ziren,

lehendabiziko amorea maite ordainetan,

gero txanpon, diru truketan.

 

Orduan, gerratearen sega krudelak

haurraren, soldaduaren, agurearen, gazte erreboltatuaren

             ametsak eta ahotsak,

             arima-gorputzak

             kolpatu zituen.

Orduan lehenengoz batzuen farra besteen nigarra bihurtu zen,

orduan soroen uzta, gari ta mahastien mozkorra

lanaren ordaina bihurtu zen,

orduan gizonen promesak

laban eta ezpata, haitzur, haizkora

              lehenengoz bihurtu ziren,

orduan, orduan —tamarindoen ondoan—,

Adan lozorro astunetik, portuan kila zaharra ur usteletan bezala

             esnatu zenean,

orduan, orduan, gure kanpai ta diska exotikoak

lehenengoz nahastu zirenean, orduan orduan

             arnasa, odola,

             nigarra,

             esperantza

             nahastu zirenean,

bai, Adan lozorro beltzetik —tamarindoen ondoan—

esnatu zenean. Oraindik aingeruak

madarikazioen ezpata aide more-bustian biraoka zedukanean,

oraindik, oraindik,

                       orduen orduan,

                       oraindik Adan lozorro zegoenean...

                       —zortzigarren egunean—

 

1974

 

Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975