|
Hitzak ebakitzean
SUZKO GOSETAN
Inor ez zenean, objeto ororen ixilean, ez kezka, ez mendi, ez aide, ez gizen, deus ez zenean, maitea, zure oroia olatu gizen antzean suzko gosetan nigan erne zan...
Nire maitea —labana, sua, ardoa ta orjia zan— bere soin zabal, banatuan, haren begiak grinazko anpolaiak, haren haragian lurraren usaina, ta bular-pilatu borobilen balantzan izarren dardarizoak, ah, nola-nolakoak...
Haren izterrak, gerri ta sorbaldak, hankaburu beltz-hedatuak gari ta artoaren basa-usaina, grinazko ezpata ta desirazko irrintzi ebaki izugarria.
Ah, esnatu nintzen lo luzetik ta nire besoek kontinentea ta itsasoaren gerria bailiren maitearen soina inguratzen zuten, nolako grina!, ta mendien beraldikotasuna bailiren haren sorbalda luze, sentsuala, ta haren haragia osoa gozoa betetzen zuten.
Ah, Ziburuko maite beltzaran xorgina, zure oroia ta haragia nire barneetan ardo beltzezko hibaia —xoramenezko uda ihesia—, dena galanki katarata antzean gorputzera zentzunera jeisten eta jeisten euri tankeran...
1973
Hitzak ebakitzean |