|
Hitzak ebakitzean
GOI TA BEHEKO LURREAN
Goi ta beheko lur alargun honetan, begiek ez nigarrik, zeken eta agor, amorroaren sukarrak irensten zaituenean zezena bezain bizkor, gogor gerratearen adu beltza, gure inguruan...
Semeak zerraldo daude lur alargunean aita-jabegoaren besorik ez den lur tristean, semeen azken hatsa —ezina ta hutsa— izoztuta aidean nola sugearen loa negu-sabelean... Gerratearen suak erre zituen euskal pinudiak, uriak, armoniak, gorputzak, mikatz, arantz bihurtu gure egiak, gure uri, herri, hibaiak —izen azidoak— Bizkaitik Nafarrora odoletan utzi guztiak, baita itsaso berde-hotza, mendiko iturri berdoxta, dena suzko osin itzuliak, dagoeneko ez ur ez lur, suaren irriak... Basoak, gauaren garraisia antzo, ez zuen ixildaderik, ez bakardaderik, zuhaitzen ordez, arbolen nekez tanke ankerrak, suzko itzalak, txingarrezko penak. Nolako itzal bero, krudel, kixkalbeharra, dena haitzur, haizkora, gorroto, destino gaiztoak eman digun kolpea ta zaplazteko, zer gertatu da gure herrian, zer jazo, neskatxa bera ez baita ametsez asetzeko, izar gordinak ez ur usteletan txalburuak xoratzeko, eukaliptoen dardara ez gau erdian errezatzeko.
Gizonak, gazteak, agureak, emazteak lasterka kaletan zerbaiten izuz, harriak eta abereak larri ze miramenduz, zer jazo da herri hontan nire bidea, nire etxea, nire semea odolez okituta goragalez kausitzeko. Herriak erantzungo du, herriak hitz egingo txalburuak urusteletan, neskatxa xarmantak begitan, eukaliptoak dardara gau erdian izango duenean, inork ez dakienean... eta odolaren gogorrak —zigorrak—
parte emanen duenean. Hemen grinak eta gorrotoak odolaren hazi, bake trakets baten fruta gordin-gazi, nire neskatxari —txalburuari— irria falta zaio, horrela ezin da bizi, ukabilak eta haginak egun batean —itzalean ere— eginen dute argi, bai egun batean, egun alegrean, egun moreak aspaldirako egunsentia duenean...
1972
Hitzak ebakitzean |