|
Hitzak ebakitzean
PARADOJAK ELKAR
Paradojak elkar joka dabiltza nire bidean, hutsa eta ez-hutsa, hutsaren positibotasuna. «Hori egia hutsa da», «hori ur garbi hutsa da», ez dut entzun «hutsa» hori bezain hitz lerdenagorik... Oteizak plastifikatu duen litos haroko euskaldun huts dramatikoa. Gure izatean hutsa eskulpitzen da, harria begi urdin-hotza bezain gogorra denean, edo eta neskatxaren birjindadea —dontzeiliatasuna— kazkabarra bezain gordina eta txukuna denean. Orduan esaten dugu, euskaldunok, Oteizarekin, eta Jaspers-en edo eta Unamunoren serietateaz: «Hori harri hutsa da», «hori edertasun hutsa da»... Baina hutsak ba du bere kontrakoa, paradojaren agonia larria, «hori gezur hutsa», «huskeria bera da» esaten dugunean... Bizia ere paradoja da, bietarikoa, «egia hutsa» eta «huskeriaren» ahulezia...
1973
Hitzak ebakitzean |