Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975

 

 

AMARI POEMA

 

   Indar goi, bertikal batek

astintzen ditu zure erraiak,

astintzen, ama,

                     errai busti, heze, gordin, galantak,

frutaren algaretan

                                haragiaren dardaretan

                                —seme ta alabetan—

                                bai, mugitzen denak.

 

Ama, ama

sabel urdin, bero, sakon, teluriko

guztitarikoa dena,

ama

iturri azkenik ez duena,

uda oparo, hori, frutaduna

—arto, gari

mahats opari—

segar helduaren gorrotoz

su goriaren amorrazioz

beti datorrena.

 

Ama, ama,

baso heze, sabel hotz, oparo

—zumar beltz,

    haritz, fago—

irrintzia bezain luze, pizti, basati

menditan

joaten dena.

Zure sabeleko zauriak

—pubis bolkaniko horren isuriak—

haziaren nekea,

fruta helduaren oinazea,

haur berri baten mindura,

gizonaren lehen ahots larria...

 

Zure haragi edenikoaren isuriak

semearen zainetan

gizon horren bazter guztitan

du bere ihesia.

 

Sabel horren itzala

fruta amorratuetan

jeitsi da.

 

Bere bultzadak ez du

ez langa,

ez bazter

ez ezer,

ez hesi

ez muga,

dena zabal, emankor da.

 

Ama, ama,

zure sabelak hustu dio, eman dio

munduari

bere hazi

oparia,

barneko laba goria,

semea lurreko ohean datza,

adarreko fruta

belarrezko ohean —ametsean— etzan den bezala.

 

Orain biziaren horratzak

seme horri

askatuko dio —zer erremedio— bere garratza

existentziak guztioi dagigun hatzazala,

baina zuk bete duzu —zoriontsu—

zure amatasunezko betebeharra.

 

Ah, zeruko izarrak, planetak eta itsasoak

etor daitezela,

etorri zuri esku ematera,

gorputz bero hori herstutzera,

haik ere

                       sabel horren beroan

                                           oparotasunean

handi, zabal, emankor sentitzera.

 

1975

 

Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975