|
Hitzak ebakitzean
EZ DIDATE EZER ESATEN
Ez, ez, ez didate ezer esaten pareta beltz herdoilduek huntzaren hatzazalez aspaldi urratuek, ez didate deus esaten ixildade antzu honen galdera atormentatuek...
Putzuari, andreari, bizitzari galderak nik edozein une eroan.
Baina noizbatean irten nahi dut objetoen soinera, izakien dantzara, gauzen hizketa gogorrera... Jakin nahia ezpata bezala dut, tiranoa bezain haitzurra ebaki nahiaz nire uneen lurra.
Antsi hau altzairuzkoa da, ixildura hau bakardadeak adreiluz eta izuz eraikia da.
Nik gauzen zaratan sartu nahi nuke, objetoen metalean kolpe ta kolpe, ta bideen lehorte ta nekean erantzun guztiak gorde.
Lehen nire parajea kopa beltza bezain gozoa, sendoa, irmoa, betea baldin bazen, orain horratza da, eztena, garraisia, deitura ozena.
Nire kontzientziak, begiranahiak damait sukar honen handia, beldurra nik, ordea, gertu ez ote dudan gauzakien ahulezia, noraezean desbideak gainduko ez ote duen une hauen argia.
1973
Hitzak ebakitzean |