|
Hitzak ebakitzean
ZAIN HAUEN HOTS BELTZEK
Zain hauen hots beltzek herriari lotzen naute, Euskal Herri harrigarri honen zilbor sekulako, kosmiko beraldikoari.
Ni naizen eta gu garen hotsa haren sabeleko uretan itota, —zein itsasoa putzu nolakoa!—, bere uretan, arnasetan gaude murgilduta, ardo bortitz-loditan zeharo mozkortuta.
Euskaldunok, historiaren ritmoan zigor garenok, ama horren sabelean gure asmoen goldean —nolako zakila ta lurra— ari gara (inor harri ez dadila) zula ta zula.
Semea amari lotu ohi zaio izadi sakonaren, emankorraren grinazko misterio... bai, semea amari eta gu Euskal Herriari.
Herri honen oihanak eta mendiak, herri honen kateak eta burdinak, herri honen hibaiak eta grinak, herri honen dantza ta saminak eta bere libertate oinazeak —gureak nireak— beti izanen dirade harrigarriak.
Ama horren sabel mahatsezkoan —saratsezkoan sekulakoan— sartuko dira berriro —gauak egun askatua duenean— euskal seme galdu, atzeratu, herbesteratu guztiak.
Ama horren zainetan —ezen erreka mantsoa nolan— beheruntz arnas bizkorren hibaia, asmo bortitzen ardoa, gure borroken sendoa. Eta inork ez du agortuko ama horren sabelpeko zuloa, inork ez edango herri honen odola, inork ez kateatuko seme hauen gogoa, inork ez zanpatuko gehiago herri honen zangoa, inork ez, inork ez gure mailuaren ekinez...!
1974
Hitzak ebakitzean |