Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975

 

 

MINUTUERO

 

       Naturak minutuero jabetzen ninduen,

ederrak segunduero suzko dirdiraz mugitzen ninduen,

ederra algara alegeraz usainezko baso bezala astintzen zen,

ni Uliako eukaliptu handi baten azpian nengoen,

Kontxako golkoak aldiaren hatsa ta amorea

beso galantaz biltzen zuen,

kreazioaren su gori kobrezkoa edonon pasatzen zen,

suaren hotsa ta usaina gogorra ta metalezkoa zen...

 

       Zoriona halakoa ote da, zabala ta laburra

       ukitu bezain laster arin doana?

       Zorionak hemen bere suzko zauria

       ta blue gozo baten hazkura nagia...

       Halakoxea da mendi honetatik aldiaren unea,

       ezen arroketan lehertzen den uren lo berdea...

 

Uren besarkada guztizkoa zen

                                  osoro osoa, osoro sekulakoa.

Dena ukitzen, dena hazkatzen, dena laztantzen eta

                                   inguratzen zuen,

kreazioaren harridurak bezala

                                   dena erretzen zuen.

Bai, eukaliptu honen azpian bizia

                                    zabalagoa

                                    galantagoa,

                                    izugarriagoa da,

ta nire eskerronaren kanta

opil egin berri bat bezain

                                    gozo ta beroa...

 

1973

 

Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975