BERTERRETXEN KHANTORIA
Ziberutarrez
Haltzak eztü bihotzik,
Ez gaztanberak ezürrik:
Enian uste erraiten ziela Aitunen semek gezürrik.
Andozeko ibarra
Ala ibar lüzia!
Hiruretan ebaki zaitan armarik gabe bihotza.
Berterretxek oheti
Neskatuari estiki:
«Abil, eta so'ginezan ageri denez gizonik».
Neskatuak berhala,
Ikhusi zian bezala:
Hirur dozena bazabilzala leiho batetik bestera.
Berterretxek leihoti
Jaon kuntiari goraintzi;
Ehün behi bazereitzola bere zezena ondoti.
Jaon kuntiak berhala
Traidore batek bezala:
«Berterretx, aigü borthala, ützüliren hiz berhala».
«Ama, indazüt athorra,
Mentüraz sekülakua;
Bizi denak ohit ükhenen dü Bazko biharamena».
Mari-Santzen lasterra
Bost-Mendietan behera!
Lakharri Büztanobian sarthü da bi belhaiñak herresta.
«Büztanobi gaztia,
Ene anaie maitia,
Hitzaz hunik ezpalinbada, ene semia juan da!».
«Arreba, ago ixilik
Ez, othoi, egin nigarrik;
Hire semia bizi balinbada, mentüraz Mauliala da».
Mari-Santzen lasterra
Jaon kuntiaren borthala!
«Ai, ei, eta, jaona, nun düzie ene seme galanta!».
«Hik bahiena semerik
Berterretxez besterik?
Ezpeldoi altian dün hilik; abil, eraikan bizirik».
Ezpeldoiko jentiak
Ala sendimentü gabiak!
Hila haiñ hüllan ükhen eta deüsere etzakienak!
Ezpeldoiko alhaba
Margarita deitzen da;
Berterretxen odoletik ahürkaz biltzen ari da.
Ezpeldoiko bükhata
Ala bükhata ederra!
Berterretxen athorretarik hirur dozena ümen da.
|