www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIV
BASURDI'REN ERASOA

 

        «Nun da Basurdi? Nora joan da? Areri galdetu bear dizkiau berri geyago, —asi ziran artzai guziak. Nun jayo, nun eta zer dabillen gure Gaizkatzalle Kisti jakin bear diau, len bait len. Nun da bera. Nork ikusi du?».

        Bai ...! Orren begira zegoan Basurdi...! Mutiko ona zan bera, bere asmoak orrela bertan bera utzi al izateko...! Eta lanak, bere lanak egiñak zitun, artzai zarrak berataz oartu ziren orduko...!

        Zer lan...?

        Orbel artean gaba emanda, goiznabarrean, artzai zar guziak Lartaun'enera abiatu ziranean, Basurdi'k al zitun Aralar'ko artzai gazte guziak batuta, sekulako itzaldia egin zien:

        Arin jokatu bear zala arazo artan, Batzarreko zarren begira egun luzean egon gabe. Ta Erriotza'tik zetorrela arriskua. Berari an artalde guzia kendu ziotela, baita bizia ere iya-iya. Eta ori bera egiteko asmoa zutela, Aralar'ko artzai guziekin ere. Artarako itzartuta ta gertaketan ikusi zitula berak arextixe. Eta ori mendi agurgarri ayetan iñundik ere gerta ta ikusi etzedin, bera, orain artzai gazte bulartsu guzien billa zetorrela; ara, Erriotza'ra joan da, bertako giza galgarri ayek ondatzeko. Eta zañetan odol gorririk, oraindik, zuten guziak berari jarraitzeko. Etzala ere, etsaya ondo zigorkatu ondoren, txantxetakoa izango an, ordañez, artuko zituzten abereskiak.

        Berotu al izan zitun, azkenez, Basurdi'k, eta egun berean irten zan ayekin, beko zabaldiruntz.

        Jetxi ziran Aralar'dik Sakana deritzan ibarrera, ta Urbasa mendi luzeera igo, gero, Lizarraga mendi-lepotik barna.

        Izarra, erri politaren aurretik igarotzean, etziotela artaldea bakarrik lapurtu, esaten asi zitzayen Basurdi. Ba-zala ori baño tamalgarriagorik. Gazte maite-mindu batentzat iraingarriena dana, bere gaya lzartxo ere kendu egin ziotela. Ta artzai gazte bateren lepotik adarra jotzea zer dan, erakutsi bear zayela giza ustel ayei, ondo erakutsi ere.

        Joar menditik, Toloño'ko mendietan sartu ziran, gero; ta aren gañetik, Ibero ibayaren aurrez-aurre berantza jarrai. Andik, agertzen asi ziran etxeak eta erri aziak. Eta era berean ere, artzayei begiak argitzen asi zitzayen.

        Ekin zioten, ba, irrintzi ta santzoka, ta une berean, erri ayen gañera jauzi nai izan zuten danak. Etzala orren erraxa, alegia, artzayen lepotik parre egitea ta...

        Eta ura eragotzi nairik, Basurdi'k:

        —Ez gera, oraindik Kalagorri'ra iritxi, mutillak! Ta danak dakizute ura dala gure egitearen jo-muga. Artara, mendiz-mendi gorderik eta ixillik iritxi, ta gabaren beltz-beltzenean, errira bat-batean jauzi, ta nere lzartxo ori eskutik artuta, berakin mendira berriz igesi etorri... au diau, mutillak gure iski ta eginbear aundiena...

        —Etziguk guri —erantzun zioten artzayak—, lzartxo'renik ajolik. Erriotza'ko erri ok ondatu ta bertako abereskiak eramatera etorri gaituk gu, Basurdi.

        —Ederki...! Baita oyek ere; len aitatzea aantzi zitzaikan. An aurrerago erri aundi ta ederragoak dizkiau, ordea! Utzi, ba, bertako erri txiki ta zirtzil ok, ta goazen aurrera...!

        —Txikiak eta aundiak danak arrontean txikitu bear dizkiau, Basurdi.

        —Ezin egin izango diau ori, mutillak! Laister iritxiko bait zan eraso onen ardaya aurreko erri aundi oyetara.

        —Ta irixten ba da ere, guri zer...?

        —Kalagorri ori erri aundia duk, gero! Eta gu emen guda-zantzoka gabiltzala jakiten ba-ditek, laister igorriko zizkigutek iñungo gudal-osteak, eta ordun...!

        —Bai... bai. lk Izartxo'na ori duk buruan, ta orrek bakarrik dadukak.

        —Dana, dana... irixteko mugona izango diau, mutillak, eta Izartxo'na eta baita beste guziak ere.

        —Bai..., nun?

        —An, aurreko erriak aundi ta ederragoak dituzue, mutillak. Urre asko ere gordetzen dute beren kutxa aundietan,... eta ango kupeletako ardoa, mutillak...! Ara, ara joan bear diau...!

        —Goazen, ba, aurrera...!

        Laister etorri zitzayen bigarren gaba, ta an bertan, mendiko orbeletan eman zuten gaba, lo bete-betean; urrengo egunean eroriko zirala Kalagorri ko erri ederraren gañera ta...

        Urrengo goizean altxatu, ta bideann jarri ziran berriz, iñungoen alai. Bi ordu eginda, erri aunditxo bat ikusi zuten, mendiaren oñetan.

        —Eup...! Bertara, mutillak! Or topauko dizkiau billa gabiltzan urreki ta ardo gozoa, —asi ziran artzai guziak...

        —Or ez, —Basurdi'k—. Pixkat aurrerago dago Kalagorri.

        —Berdin da orrara joan. Nere eztarria legortuz zijoak bai... eta busti-alditxo bat eman bear zioat.

        —Bai, bai... —esan zuten danak—, goazen bertara.

        Eta mendiz bera abiatu ziran danak. Bere bidean, Basurdi ere eramanik...

        lxillik joateko esaten zien Basurdi'k; bein da berriz esaten... Artzayak, bañan, gero ta zalaparta ta irrintzi aundiagoak ateratzen zituzten.

        Errira jetxi ziranean, etzuten iñor ere topau, danak Kalagorri aldera iges egiñak ziran, ayen ojuak entzun zituztenetik.

        Eta ori ikustez goibel eta aserre, Basurdi'k:

        —Aurrera, mutillak! Iges ziaztek, gure aurretik, danak eta...! Goazen aurrera, ta txautu ditzagun danak, bidean, Kalagorri'ra irixtera al izan baño len.

        —Bein onara ezkero, ikus dezagun erria, ta jaso bertako urrea.

        —Bertako urrea? Alperrik zebiltzate aren billa! Igesleak berekin zeramatek eta.

        —Bai...? Izartxo duk ik, bai, ire urre guzia. Ta artan bakarrik ari aiz i ametsetan. Beste ok ere bear diau zerbait...!

        —Baldin eta urre orren billa ba-zabiltzate, etorri nerekin, etorri bai; eta abiatu gaitezen bereala iges dijoazten oyen atzetik.

        —Ez, ez. Ikusi dezagun erria, aurretik. Eta bertan urrerik ez ba-dugu arki, joango gaituk aurrera. Ta ez bildur izan, Basurdi. Laister iritxiko dizkiau, aurrean dijoazten, bildurti oyek.

        Eta ala errian sartu ziran danak, tarrapatan. Etzun ez Basurdi'k egia esan. Bertan dana utzirik joan ziran errikoak iges. Eta ango etxeak, mutillak, ango zillarrezko ontziak, ango urrezko bitxiak...!

        Soto illunetan ere sartu, ta ardo-kupelak arki zitun batek; eta bereala ojuka asi zan: ardoa, ardoa, mutillak...!

        Au entzutean, danak bertara oldartu ziran. Eta beren ezpatakin kupelak zulaturik, bertatik edaten asi ziran.

        «Ardoa, ardoa» aren ojua sumatu zunean, joan zitzaizkion Basurdi'ri ere barruko kezka guziak, eta an agertu zan bera ere, besteak bezin zalapartari; Ariztiburu'enean edandako mama goxo ura bait zun gogoan, eta bidean bota zitun izerdi-tantak aundiagotzen zijoakioten barruko bere irrika ura...!

        Etzun, bañan, besteen ondoan jarrita, bere txandaren zai egoteko astirik, eta kupel-gañera igorik, ango atetxo ura zabaldu, ta bertan auzpezka jarririk, zanga-zanga, ito-bearrean, edan da edan gelditu zan.

 

aurrekoa hurrengoa