www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI
KRISTO GURE JAUNA

 

        Gero, lanaldi polita egin dutela, ta belar gañean exeririk, jaten asteko prest jarri da bikote ederra. lzartxo'k bere zorroa zabaldu, ta ezkur-opil aundi bat ateratzen du. Zatitzen du bi pusketan, eta ayeiako bat Erko'ri emanez, ozkatzen asi dira biak. Gero, bera bezelako sagar muxu gorriak, ta abaraska aundi bat, azkeneko.

        Ezti gorriaz betea dago abaraska lodia. Eta aoan estutzean goxo-goxo urtutzen dijoa, breskaren printz leunak ortzetan utzirik.

        Jan bitartean, inguruko belardi muskerretan, pinpilipauxak ageri egalka. Egal luze-zabalaz estaliak dituzte xomorro berexiak bere gorpuzki motz eta gizenak. Eta milla margozko begiz jantzirik, lorerik-lore, ta sasirik-sasi dabiltz, egalbide oker eta nagiz. Eta txuriak lore txuritan pausatzen, urdiñak urdiñetan, gorriak gorritan..., lengo lore politak aundiago ta ederragotuz.

        Eta lorien eztia goxoki miztu ondoren, gora doaz bikoka, gora zilipurdi ta itzul-bira zoragarrietan. Jauzi pizkorretan buruak alkar jotzen zituzten, eta gero bat-batetan berriz itzultzen bata bestearen ondotik; eta bitan eta irutan, ezin konta aletan, muxu ta muxu beti, kontu kontari beti...

        Ta Izartxo'k xomorroei erdi txoraturik begi-begira_

        —Pinpilipaux panpiñak... Eguzkiaren mandatariak... Ortzian zer berri?

        —Zeruan berri onak, orain eta beti.

        —Ba, gaur besteetan baño obeak...

        —Zergatik bada?

        —Iñoiz ez, eta gaur biok «Aitaren» egin diagulako.

        —Egia dion, bai. Zerbait berri ta on asi diau gaur.

        —Aizak eta... «Aitaren» egitean iru izen esan dituk, ezta? Eta bai al ditek Nortsu oyek guri erakutsitako Mari, Odei ta Ortzi'ren antzik?

        —Bai zera! Kristautasunean etzion odei, sorgin, basajaun eta beste orrelako gaizkillerik.

        —Iñork egiterik ez, eta iñungo gaitz ta oñazerik gabe bizi izango zerate, ordun, kristauak?

        —Ez, ez da orrela. Kristauak, beste edozein bezela, gaitz eta oñazepean bizi gaitun, neska.

        —Nork eraginda, orduan?

        —Deabruak, gaiztoak eta geunik eraginda...

        —Orduan, bada?

        —Ez. Ok etzebiltzan bere gisara. Danak Jaungoikoaren menpean ditun.

        —Eta Jaungoikoa orren ona ba da, maitasun utsa ba da, nola bidali zizkiguk, bada, oker oyek?

        —Etzizkin Jaungoikoak orrelakorik bidali. Berak asieran egin zizkanean, on eta eder egin zizkiñan danak. Gero, bañan, oker egin baldin ba-ditun, beurek naita, egin ditun...

        —Eta tximistak eta trumoyak eta ekaitzak eta izurriak eta gañerako beste gaitz guziak?

        —Oyek...? Jaungoikoak gure leyaltasuna neurtzeko edo ta gure okerrak berdintzeko darabilzkin zigorrak ditun.

        —Orduan, zintzoak beti ondo, ta gaiztoak beti gaizki ibilliko dituk mundu ontan?

        —Ez beti. Ez baitun dana emen, lur ontan bukatzen. Emengo bizitza gerokoaren bidea besterik ez dun.

        —Zer diau, bada, gero?

        —Onak iñoiz amaigabeko zoriona, zeruan; eta gaiztoak iñoiz amaigabeko zoritxarra, inpernuan. An berdintzen ditun emengo gora-bera guziak. Geroko

orren bildurra izan bear din, bada, gizonak, eta ez beste deusenik.

        —Ta zer egin bear diau, zeruko zorion ori irixteko ?

        —Kristo'k esandako guziak bete.

        —Nola duk ori? Ez bait diau Kristo'ren izenik, «Aitaren» egin dugunean, esan?

        —Kristo, Jaungoikoaren Semea da. Gugatik gizon egin zana.

        —Gizon egin? Noiz eta nun?

        —Eguzki aldeko Betlehen'en, orain gizaldi bat buru.

        —Ikusgarri izango dituk, noski, Aren jauregi ta erriak?

        —Bai zera! Estalpe bateko askatxo batean jayo unan da...!

        —Ene! Eta nola ori?

        —Ez al dakin gure jatorrizko zorra ateratzeko etorri zala!

        —Zeren zorra, esan duk?

        —Gizona, bere jatorrizko bidetik okertu egin zala, ta gure zor au atera nai izan zigun. Argatik, aur gaxo azalez agertu zan. Eta arotz-egiñean ogeitamar arte eman zizkan. Eta or ibilli unan, gero, iru urte buruan, gauz arrigarriak egiñaz.

        —Zer arrigarri?

        —Eta gaxoak sendatu, itxuak argitu, gogorrei entzun-erazi, errenak ibillerazi, eta illak piztu.

        —Aa... Eta zeñen ederra dan au, Iñaxiol Eta zer erakusten zikan?

        —Zerura joan nai ba genun, onak izateko, iñori okerrak ez egiteko, aitzitik ere danak maite izateko, geren buruak maite ditugun bezela maitatzeko. Eta ala, gure lagun urkoa maitatuz, maitatzen ere dugula Jaungoikoa.

        —Zeñen xamurra...! A eta nola maitatuko zuten Kristo maitea, entzule zoriontsu ayek?

        —Maitatu...? Egindako arrigarri guzi ayek maitez ordaindu bearrean, eriotzera ondatu ziten da.

        —Jaungoikoa eriotzera ondatu...?

        —Eta nolako eriotzera ondatu gañera, Izartxo! Artaz oldoztuz bakarrik, odol-izerdiz, lurra ausarki busti ziñan. Izan ere, asmatu ditezken oñaze guziak jasan zizkan gure Jaun maiteak: eta masallekoak, eta zigorkadak, eta arantzak eta era guzietako iraiñak, eta azkenenan kurutze batean, xaguxar bat bezela, iltzez minki josi, antxe bizia eman arte...

        —Oi, oi!!! Eta zer da kurutzea?

        Eta Erko'k bularra zabaldurik, illentiaz bertan egindako kurutzea erakutsiz:

        —Begira onara, lzartxo! Bi arrasto oen antzera jositako bi zugaitzarretan josi ziten gure Jaun maitea...!

        —Ene bada ta ni...! Eta nortzuk il ziten?

        —Orduan, Juduek. Bañan, mundu guziko gaiztoen obenak indartzen zizkitenan ayen esku gogorrak. Eta oraingo obenlariak ere minduaz doaz Jaunaren biotz on ori!

        —Eta nola mindu genezake Jesukristo'ren biotz errukarri ori?

        —Aren legeko aginduak autsiaz.

        —Ene... au bildurra! Ez nuke ba nik, ene Jaun orren ona, iñundik ere, mindu nai. Au gure zoritxarra! Orrelako Jaun maitekorra, Jaungoiko guztiz altsua esestu al diagu ta...

        —Ez bildurrik izan, lzartxo! Ez da au sorgiñen antzekoa. Jakiñaren gañean, eta nai izanda, ukatzen dan Jaungoikoa...

        —Aaa baiii...! Ez dut nik, ordun, Kristo gure Jaun ona, iñoiz eta iñundik ere, gaiztetsiko, ez orixe.

 

aurrekoa hurrengoa