www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III
ERKO

 

        Bide bera artatik, ain zuzen ere, Erko, mutil lerdena zetorren. Eta neskatxarekin topo egiñik, agur-bidetzat edo, onela asten zayo mutilla, emeki:

        —Nora, orren agudo, Izartxo?

        —Etxe-aldera, mutil. Ama, gaurgero begira izango diat eta.

        —Zer ditun or... ezkurrak?

        —Bai, artan ibilliak gaituk egun guzian.

        —Ola, ola... Ez al dakin gure ezkur-opillok, opillarik goxoenentzat dituztela Erroma'ko aundikienak ere?

        —Bai... ez duk batere arritzekorik ori... Gure aitonak ere ez dik jangai obeagorik...

        —Urte guziko uzta egingo uan, orduan, goiko arizti zabal ortan?

        —Bai zera! Egun batzuetako lana diau, oraindik.

        —Pozik artuko niñuken, orduan, bertan morroi?

        —Zergatik ez, bada, tetelo ori!... Galdera ori egitea ere... Etorri, etorri... lenago muskilduko dizkiau bertako aritz ezkurtsuak.

        —Goiztxo eldu aiz, aatik, basoan orrenbeste lana utzita.

        —Sorgin-usaya asia duk eta ba-dakik...

        —Zer ba-dakik?...

        —Ez al duk, iñoiz, Mandalin arenik entzun?

        —Zer Mandalin...?

        —Mandalin... Basajaunak eraman din...!!!

        —Nola izan uan, bada, ori?

        Ta Izartxo'k ixil-mixilka ta arpegi bildurtiz —...Ba, Mandalin ori urketara gabaz joan bein bai, eta «Eguna egunekoentzat eta gaba gabakoentzat» ojuka Basajaun bat agertu, rau... eskutzarrekin oratu, ta berekin tarrapatan basoen barna eraman neska gaxoa... Uiii!!!

        —Eta nolakoa uan Basajaun ori?

        —Ba... anka mee ta gorriak zizkin, sabel aundi ta burutzarra. Jendeen tajua ziken danetan. Askozaz aundiago, itxusiago ta bildurgarriagoa bañan. Ene...! Eta orain bertan agertuko ba-litz...!

        —No...! Iñoiz ikusi al dun, bada?

        —Ikusi, ikusi... nik ez, bañan beste batzuek bai, eta Kikixo'k eta Txorto'k eta Kaiku'k eta...

        —Nola dun ori? Gure aitonak zionez, Urdanibia' ko Txori'k ondatu ziñan eta...!!!

        —Ondatu...?

        —Bai, gaxo bai. Txurrumurru'ko zolozarren ondoan, pago bat aizkoraz zatitzen ari omen unan gure Txori ori. Eta ala ari zala Basajaun bat agertu omen zitzayon, atzetik, bat-batean. «Etor nerekin zulora» esan zionan oju ikaragarrian. «Itxoin pixka bat —Txori'k patxaraz— eutsi yok orreri». Ta Basajaunak bi eskuak pago arraillatuan sarta zituneko, rau! ziriak enborratik atera, ta antxe uzten din Basajaun gaxoa karraxika, artezi estutuan josirik.

        —Eta ez al zikan gero, Mandalin gaxoa Basajaunaren zulotik atera?

        —Zer Mandalin eta Mandalin-ondo! Oik danak txorakeriak ditun, neska.

        —Txorakeriak bai...! Obe genin bai...! Izan ere, i Erroma'tik etorri-berri aiz, eta aantzi bide zaizkik emengo guziak. I..., ta ez al zegok an sorgin eta Basajaun eta iratxorik?

        Bai, Erko mutil ederra Erroma'tik etorri berria zan. Mutil gaitza zala ta, mutil bikaiña zala ta, tajuzko mutilla zala ta, Erroma'ra eraman zuten Augusto'en zaiko, gazte-gaztetandik. Berrogei zai-mutil zitun Augusto'k, eta danak euskaldunak. Aren ondoan eman bear izaten zituzten gau ta egunak, arekin joan alde guzietara. Bai, eta gauz eder asko ikasi bide zitun bai mutil martzalak, biziera berexi artan, neskaren ustez.

        —Sorgin eta Basajaun eta iratxorik bai al dan an? Neska, orrelako ergelkeriak alde guztietan zabalduak zeuden; ikasi diñat, bañan, ayengandik betiko alde egiten.

        —Ene bada, ta nola ori? Nik ere mozorro oyengandik iges egin nai nikek eta...

        —Kristau eginda...

        —Kiri kiri...

        —Kristau, neska!

        —Ene...! Ta zer da ori?

        —Luze dun, neska, ori esatea, ta ez erraxa, gañera. Azalduko al diñat, ala ere, gabiltzan bitartean, nola kuturtzen asi nintzan artara. An, Erroma'n jayak maiz izaten ditun, ba dakin? Iru egunetik bat bai.

        —Oi, zeñen ederki... beti dantzan ibiltzeko...

        —Bai zera...! Dantzan...! Ango jayak ez diten, ez, emengoen antzik.

        —Zer egiten ditek egun guzian, dantzan ez ekitekotan ba?

        —Zer? Ara! Argitu bezin laster «Anfiteatro» deritzan zeya aundi batera zian jende guzia. Ta an izaten dizkiten era guzietako burrukak.

        —Bai. Pizti ta giza-burrukak. Artza zezenakin, basurdea otsoakin eta... batzuetan, gizonek bere artean bestetan, naiz bakarka, naiz sailka, naiz eskutsik, naiz ezpatakin; eta gizonek piztiekin eta piztiak gizonekin, eta...

        —Ene...! Ta illak ere izango dituk, orduan?

        —Illik dion? Eun baño geyago il ituan, beingo batean.

        —Ene... Jostatzen ari... ta alkar il?...

        —Bai, enetxo, bai!

        —Eta zenbat irauten dik jai dalako orrek?

        —Eguzkitik eguzkira.

        —Ta jan?

        —Dana bertan.

        —Ez duk andrerik joango jai ortara?

        —Ez zera! Gizonen ainbat. Eta beurek ditun beroenen burrukalariak axatzen.         —Ene, ene...!!!

        —Tira, noan, bañan, lenengo kristauak nola ezagutu ñizkiñan, esatera... Presondegiko okerrak bertan urkatu bearrean «Anfiteatrora» zekarztenen askotan; eta an piztitzarretara botatzen, eskuan ezpata edo ta azta-makilla. Gizona erortzen uan, batzuetan, lenengo; piztia bestetzuetan. Beste pizti berri bat ekartzen zioten, olakoetan, gizon garailleari, pizti berriak beti gizon aunatuari, sauriz beterik eta odolez uzturik, lurrera jausten zan artio.

        —Bai ankerrak! Eta ez al zien iñoiz bizirik barkatzen?

        —Bai, iñoiz bai. Gizonaren kemen eta tankerak danak xuxpertzen zituztenean. Au, bañan, oso gutxitan izaten unan. Or bada, kristau izeneko gizon batzuek, munduan direneko gizonik okerrenak bezela, piztitzarretara ekartzen asi itunan. Eta asko ekartzen gero!, era ta adin guzietakoak ekartzen, eta umeak, eta andreak eta agureak, eta gizon egiñak, eta... ekartzen.

        —Umetxo gaxoek ere piztietara...??? Zer gaiztakeri egin zezakek umetxo batek ba...!!!

        —Ori bera esaten niñan nik nere barruko. Asi niñun, ba, galde oneri, galde orreri: zer erako jendea ziteken jende ura... Eta iñork gauz garbirik esaten ez. Ala, Iñaxio izeneko larogeitsuko agurea kristautzat salatu, ta agintariengana deitu. Ta agintariak zorrotz aski:

        —1 ere, kristau madarikatu oyetakorik al aiz?

        —Bai, —Iñaxio'k—. Ala izan naiz orain arte, eta ala jarraitzeko asmoa dut, emendik aurrera ere.

        —Utzi itzak txaldankeri oyek, eta ukatu ezak asto-buruko Kristo ori!

        —Nola ukatu...??? Larogei ta lau urte oetan, Aren lanetan eta maitean ari izan nauzu, eta ez dit, iñoiz ere, iñungo gaitzik egin. Zergatik ukatu bear dut, ba, nik orain!!!

        —Ezak, bedenik, ire ille urdin oyen kupida!

        —Kupida...? Orregatik, ba; nere buruaren kupida dudalako diot ori. Izan ere, orain naiz nere bizi guziko zoriontsuenen. Orain emen, espetxe ontan, asi bait-naiz Aren egiazko jarraitzalle zintzo izaten.

        —Kontuz ibilli gero! Begira or, inguru ortan, illenti ta burnizko orraziak.

        —Txingi, ilintxa, labain, mallu, ezpata, orrazi ta aizkorak: betoz danak, betoz, ordu onean, inpernuko gaitz guziak, baloin eta, oyen bidez, Kristo nere Jauna geyago maite izan al ba-dut.

        —Ez nauk gezurretan ari, gero!

        —Aragiak karrakatzea, zañak biurritzea, ezurrak mamitzea, gorputz guzia purrakatzea, ta txingarretan polliki-poiliki kiskaltzea: danak jasatzeko prest nauzu, orain bertan.

        —Ez duk oyen bildurrik? Piztitzarretara oa biar bertan. Joango zaizkik an bai, ire arrokeri oyek!

        —Piztitzarretara diozu? Ederki! Kristo'ren garia bait-naiz, piztitzarren agiñetan eyo bearra nauzu. Aren irin zuria biurtu, ta opari ona egin nadin.

        —Irin zuria, opari ona...! Piztitzarren sabeleko opil beltza biurtuko aiz laster.

        —Obe! Ez diot, orrela, nere gorputza jaso ta eortzitzeko lanik iñori emango. Ez baitut nekagarri izan nai iñorentzat.

        —Leoyaren sabelean izango duk ik, ire illobi egokia.

        —Nunbait bear da, berdin zait, nere gorputza, artan utzi, baldin eta nere arima gaxo au zeruetara dedin.

        —Gizonaren arrigarria...! —zesan Izartxo'k itz totelka—. Ta zer egin ziken urrengo goizean?

        —Urrengo egunekoa aundiagoa izan unan —eratsiki zuan Erko'k—. Iñoiz baño jendetza geyago bildu unan, agure arrigarri aren eriotza ikusteko. Gutxitan oi zin, bañan egun artan, Augusto bera arri unan jaiburu. Ni ere an niñun, aren ondoan, eta obeto ikustearren, batera ta bestera nerabillen burua. Neska gazte bat jarri ziten, lenengo, gure aurkez-aurke. Eta nik aldameneko bateri: au ere kristaua dalako, gaitzetsitzen al ditek?

        —Bai, gezurra zirudik e...! baño au ere talde madarikatu artakoa duk, nunbait.

        —Ire antzik ba-ziñan neskats arek, Izartxo.

        —Bai ote...?

        —Bai...! Ik bezelako begi ederrak zizkiñan, ik bezelako gorputzkera liraña... Bai, i bezelako neska gazte ta ederra unan.

        —Ta aizak! zer izena zikan?

        —Ageda.

        —Ageda... Ageda...

        —Ageda, bai... ta borreruak bakarrik utzi ziñatenan bezin laster, belauniko erori unan, ondar gañean, eskuak bularrera ta burua zerura. Zezen basati bat bota ziñatenan neska gaxoari. Ta asitako Aitaren bukatu izan al baño lenago, or oratzen, din adarrakin, eta tira-bira lurrean ibilli ondoren, aidetara botatzen. Auspezka erori unan gazte errukarria, dana ondaturik. Eta gal-gal darion odolari jaramonik egin gabe, belauniko jartzen dun berriro, eta urratutako jantziak biltzen dizkin lotsor, eta arrotutako illeak orrazten. Goiko Jaunarenean, txukun eta eder agertu nai izan bait-lun, Izartxo. Jende guzia ixil-ixillik gelditu unan, eta ni iñungoen kezkati; ta an bertan, Ageda'ren gorputz santuari begira, iñorekin iñoiz ezkontzekotan, aren antzeko neskarekin ezkonduko nintzala bakarrik, zin beroa egin niñan, Izartxo, zin sendoa egin ere...

        Itz ok esan ondoren, ixilgunea izan zan. Eta une bat geroxeago, Izartxo'k gorri-gorri:

        -I... ta zer egin ziten Iñaxio arekin...?

        —A, bai...! Aantzi egin zitzaidanan, iya, neska. Ageda'ren ondoren, Iñaxio agurgarria zei erdira ekarri zitenan. Eta ibil bitartean, gizonak eta andreak eta umeak ondoratzen zitzaizkiotenan, eta belauniko erortzen; eta agureak igarotzean danak ezti bedeinkatzen zizkinen.

        —Oi! an ez egotea... esku agurgarri ayek muxukatzeko, bederen...!

        —Agintariak adarra jo, ta ondar-uztaya ostu; dana bat. Iñaxio bakarra gelditu unan uztai erdian, bi eskuak gora, otoizka: Barkatu iezu, Jauna, ez baitakite gaxo oik, zer egiten ari diran ere.

        Ala, leoi izugarri batek jauzi egiten din ondartz erdira. Agure otoiztia ikustean ordea, bat-batean laisterra geldirik, polliki-polliki ondoratzen zayo, eta aren esku gantzutuak milikatzen asten zaizkio, jende guzia orroka jarri unan, an ikusten ari zanaz arriturik; eta asko Augusto'rengana joan itunan, agurearentzako barkamena eskeka.

        Erregu ayek entzutzean, aserretzen dun, bañan, agurea. ta bere lagunei ojuka asten «Egiz maite ba-nauzute, utzi neri emen bertan iltzen. Orrela bakarrik, izango bait naiz Kristo'ren antzeko, guztiz. Eta ez arduratu leoi onengatik, berak jan nai ez ba-nau, nik zirikatuko dut, nik beartuko.»

        Esan eta egin. Or asten zain, bereala, piztia axatzen eta jotzen. Eta piztiak... leen baño legunago milikatzen, jotzen ari daten esku ayek.

        Ezin zezakela ala deus egin, eta lurrera jausten dun, berriro, agurea otoizka: «Kupida zaitez, Jauna, zure morroi gixagaxo onetaz! Jauna, beti oso ona izan zera nerekin, eta ez nauzu iñoiz deus ere ukatu. Arren, Jauna, ez bezadaizu nere azkeneko eskari au ukatu: gaur bertan Zurekin zeruan nai dut, Jauna».

        Itz ok, doi-doi eman da, or asten dun lengo leoi ezi ura orroka, ta illeak lazten, eta aotzarra zabaltzen... eta ala, agure agurgarriaren gañean jauzten dun bat-batean... eta krak-krak erdiragarrietan dan-dana jaten din.

        —Oi, oi...!!! Iñaxio gaxoa! —zion Izartxo'k, erdi-negarrez.

        —Ezin dituk, kristau ok, giza txarrak izan, asi niñun nerekiko. Gorrotoz, gorrotoz bakarrik eraman dizkitek eriotzera. Egizkoa izan bear dik, izan, orrelako biziera ta eriotz arrigarriak eragiten ditun Jaungoikoa... Eta ayengana jo nian, arrezkeroz. Eta ayen egiak siñisten asi niñuan, eta ayen ikurtonak artzen, eta ayen bizikera neretzen...

 

* * *

 

        Bikote itz-ontziaren pauso nagiz asperturik, Xinko ta Xanko'k aurrea artu, ta Lizardi'ko atarin orduko. Noizbait bear da, iritxi dira aundiak ere. Illun zegoan orduko, zearo... ta auxen arriagarria: Izartxo'k sorgin-usairik sumatzen ez iñun... Aitzitik ere zerasan berekiko: «Egi da bai, iñolaz ere egi, Kristo'ren izen eder onek sorgin guziak uxatzen ditala... Ta Erko'ren jatorra, gero, Erko'ren martzala...!».

        Mutilla, bitartean, aruntzago zegoan Urgoiti'ren bidean, gogo-ernari: «Izartxo'ren xaloa, Izartxo'ren xumea!... Eta kristau zintzoa izateko neska ederrak dun azal ona. Bere sorginkeri oyek kendu ta Jauna'ren goi-eskarra ekarri al baldin baniozken, euskaldun Ageda zoriontsua nizuteke gazte maite-mindu onek...

 

aurrekoa hurrengoa