www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II
SORGIÑAK DIRALA TA
 

        Iru gurdi bete ta otordu. Iretsi bi arrauts, ta ezkurretara berriz ere, gazta-zatia koskatuz. Zerri gosetia ez ain gogotsu, agindutako makatz goxo arek suspertzen bait ditu.

        Mukuratu, ala, beste bi gurdi, ta makatzetara. Zugaitz gañean ari da Xanko, basollarraren antzera moko emen, moko or. Xipo'k, bitartean, lurreko ustelduago ta goxoagoak aoan urtutzen ditu, atsegin aski.

        Eta, ala, belar guzietan miatzen ari dan mutil arduratsuak triku bat aurkitu, iñar tartean. Gaztain morkots antzekoak, beregain bilduak zitun burua eta ankak, eta larru latza bizar zuti gogorrez jantzia. Orrelako morkots aundirik iñoiz ere ikusi ez eta Xipo, iñundikoen alai, berarekin jostatzen.

        Artzen du, gero, arrikozkor bat, eta an asten zayo jo ta jo, ale aundiak noiz jalkiko begira. Aleen ordez, piztiak burua agertu, eta... Xipo'ren ojua! Ez baitzun orrelako piztirik iñoiz ere ikusi.

        Aren ojuetara Izartxo etorri ta «Ene bada ta ni! Triku bat duk eta... ».

        —Pizti bat al zan bada au?

        —Eta piztirik ongarrienetakoena.

        —Ta zergatik sartzen ditu bada zorroan bere anka-buruak, eta gaztain-morkotsen antza artzen?

        —Ori?... Sorgin gaiztoei iruzur egiteko.

        —Zergatik du, ba, sorgiñen bildur?

        —Aren etsai aundienetakoa dalako. Sorgin gaizkille oyek gauez bakarrik ibiltzen dituk agerian. Egunez lo egiten ditek leize-zoloetan. Egunez ere gaizki egiten jarraitu nai madarikatu ayek, beren mulko naskagarria zabaltzen ditek gure larreetan barnera: eta muskerrak, eta zapoak, eta sugeak, eta...

        —Sorgiñen umeak al dira oyek?

        —Bai zera! Sorgiñen mandatari setatiak dituk, ez umeak.

        —Eta trikuak eta sorgiñen mandatari oyek zer?

        —Ba, trikuak larreko pizti txar guzi oyek jaten dizkikela.

        —Bai? Eta ez al dio sugeak iges egiten?

        —Bai zera... Ortarako trikua geldi-geldi egoten duk gaztain-morkotza bai-litzan, eta pizti oyek ondoan ditunean, rau... jausten duk ayen gañera, eta bere bizar gogor oyek erroetaraño sartzen dizkie.

        —Ene...!

        —Eta gero,... erdi il ditunean, bere burutxoa atera ta kiski-kaska jan.

        —Ederki egiña! Aski zuten ez etortzea.

        —Utzi zak, ba, pakean triku gaxo ori, inguruko suge ta muskerren zizta gaiztoetik gorde gaitzan.

        —Eta zergatik dira pizti batzu ongille, ta beste batzu, aldiz, gaizkille?

        —Ba... batzuk Eguzkiaren mandatari diralako, ta besteak Odeyenak.

        —Ene...

        —Ez al duk, iñoiz, Mari Urraka'nik entzun?

        —Mari Urraka'nik...? Orain urte bi, trumoi ta tximisten artean, Anboto'tik Txurrumurru'ren gañera etorri zala ta...

        —Bai, alaxe duk. Zazpi urtetik zazpi urtera, Anboto'tik Txurrumurru'ra eta Txurrumurru'tik Anboto'ra aldatzen duk, aldean doalarik ere bere ardatzari utzi gabe.

        —Eta zer iruten du, bada?

        —Argi-izpizko kirrua zerabillek eskuetan, eta izar eta ortzadarrak iruten dizkik berearekin.

        —Ene...

        —Ba... Mari'k bi seme izan zizkan: Ortzi ta Odei, lenengoa ona ta bestea gaiztoa. Ortzi'k eta Odei'ek berebat seme-alabak izan zituzten. Ortzi'k munduan diran izate on guziak, eta Odei'ek munduan agertu diran gauz oker guziak. Eta Ortzi'ren ondorengo aundienak Eguzki ta Illargia, Odei'enak Trumoi ta Tximista. Ortzi'ren izate zintzoenak lizarra ta elorria, Odei'enak sorgin eta basajauna.

        —Oyetako nork eragin zidan, orduan, lengoan agiñetako min bizi ura?

        —Ori... ba... nun ibilli intzan egun ortan?

        —Ni...? Arditan ba...

        —Ta zer egin uan an?

        —Ba egun guzia, etzanda jarrita egon.

        —Ba, orduan ago-zabalik lo betean engoela, zapo edo sugetzar batek bere ats pozoitua jaurtiko zikan aora, ta gero artaz ustelduko zitzaikan agin txiki ori.

        —Eta pizti oyek ere alderdi txarrekoak al dira?

        —Bai, enetxo... eta sorgiñen mutilletako zintzoenak dituk.

        —Eta, nor da aundiago Ortzi ala Odei?

        —Bakoitzak bere salletan agintzen dik: Ortzi'k onetan eta Odei'ek okerretan. Ortzi'k argia ta euria ta intza ta uztak eta abereak eta lagunak eta... gauz on guziak ekartzen zizkiguk.

        —Eta Odei'ek?

        —Odei'ek ba... oker guziak: trumoiak eta tximistak eta kaskabarrak eta arria eta izotzak eta gaitzak eta izurriak eta zoritxar guziak.

        —Eta gu norenak gera, Ortzi'renak ala Odei'enak?

        —Ba... onak ba-gera Ortzi'renak, eta gaiztoak ba-gera Odeienak.

        —Ba... arditan ibilli nintzan egun artan aski ona izan nintzan ba, eta ala ta guztiz ere, zapoak ats gaiztoa jaurti zidan aora...!

        —Nik aurreko ortzegunean emandako triku-ortz ura lepotik zintzillik al uan ba?

        —Ez bada; etxean aantzi...!

        —Ara or, bada...! Odei ta aren alaba sorgiñen okerretik aldeegiteko, Ortzi'ren kutunak gerekin eraman bear dizkiau beti. Jartzen al duk, jartzen lepoan, agudo, triku-ortz ori?

        —Izartxo, kenduko al dizkiot triku oneri bere ortz guziak, etxeraño billa joan ez nadin?

        —Utzi zak pizti gaxo ori, bere bizi onuragarrian. Nork garbituko dizkik bestela baso ontako zapo, suge, musker, xagu ta gañerago pizti ta xomorro gaizkille guziak?

        —Aa...! Izan ere! Etxera noa laisterka batean... ta emen naiz bereala nere kutunakin.

        —Ez, ez duk etxeraño joan bearrik. To nere besoetako kutuna, naikoa diat nik oraingoz lepoan daramadan beste eder onekin. Eta etzakela geyago aantzi gero, etxeko triku-ortz kutun ura!!! Aitu duk, Xipo?

        —Bai, Izartxo, bai. Ez dut agiñetako miñakin egon nai geyago!!!

 

* * *

 

        Bitartean eguna aurrera, ta eguzkia itxasberan sartzeko unean.

        Izartxo, orduan, ainbeste bildurtzen zun illuna ba-zetorrela ta, eguzkiaren azken-printzak itxasoan zegiten urrezko uztayari adi-adi: «Agur nere Eguzki Amandreal —ojuka asten— Gaur alaitu nauzu ederki, Eguzki; etorri biar ere, berriz ere alaitu nadin».

        Eta gero, makatzaren gañean iputzuloraño asetzen ari dan anaitxori buruz: «Jetxi adi, Xanko; sorgin-usaya zabaltzen asia duk eta».

        Bildu ditu, azkenez, ezkurrez erdi betetako saskitxoak, ustutzen ditu, gero, zokogune batean, eta orbel eta arbaztaz estaltzen, basurdeen bildur, aitak urrengo egunean gurdira ditzan, eta... etxera asi da bere bi anaitxoekin, etxera arin, bidean sorgiñik topa ez dezan.

 

aurrekoa hurrengoa