www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXVI
KALAGORRI'N

 

        Txitxi-burruntzi ezkeroz, laister zan Kristauen garizuma. Ta Lizardi'n Izartxo'ren ezkontza aurrera bait zeramaten, eta Erko ere uste ortan sendo bait zebillen, Kalagorri'ra joateko asmotan asi ziran danak.

        Jakiña bait zuten, Izartxo'k, ezkon-aurretik, batayoa artu bear zula. Ta Jesukristo'ren ikurton aundi au Kalagorri'n, bertako gotzayaren eskutik artu nai zun lzartxo'k, oi zan gertaera ta ospe aundiarekin artu ere.

        Pasko aurreko gaba ospetsuan batayatzen ziran Kristaugayak. Eta berrogei eguneko garizumaren adar luze orreri lotu izan bear zuten, asmo ori zuten guziak.

        Austerre egunean asten zan aro saindu au; eta bertan egon nai zuten, egun artarako, gazte maite-minduak.

        Zaldiz abiatu dira bi gazteak. Eta ayekin batean eta era berean, lzartxo'ren gurasoak ere. Pozik lotuko lirake bideari Aritz eta Usoa ere, bañan, zaldiz joateko zarregi. Egingo al zuten, egin laister Bidasoa'ko kaltzada ura, zaldi-gurdian sartuta, bereala joateko.

        Lizardi'n geratuko ziran beurek, bitartean, aren zai eta ango lanetan, Xinko ta Xanko umeen lagun. Lan aundirik ere ez aro artan bestalde, etzitzayen neketsuegi egingo bertako egoera.

        Zaldiz ondo oitu gabea Izartxo, ainbeste orduko ibiltze luzeak ipur-masaillak minberatzen asi zizkion. Etzan artaz asko oroitzen bañan. Barruko poza aundi batek kanpoko neke guzi oik antz-arazten bait-zizkion.

        Bai, Kalagorri'ko erri miraritsu artan zitun Izartxo'k eta irudimena, eta gogoa, eta biotza eta barruko asmo guziak; Kalagorri'n eta bertako gauz arrigarri guzi ayetan...

        Kalagorri Kristau-erria zan..., eta ainbeste ta ainbeste gauz entzun izan zitun giza berexi ayetaz...! Uso, egazti miraritsu ayek ere artarako bidean igarotzen ziran emendik... Eta alako erri polita ere zala esan zioten, gero...! Eta ango garizumako elizkizunak....! Ango Paskoaren ederra, batayoaren aundia, ezkontzaren eztia, Erko'ren betiko maitea...

        Eta gauz aundi oyek gogoko almenak pozten zitzaizkion bitartean, gorputzeko sentsumen guziak ere igerika bezela zebiltzkion, baranoko ikusterre zoragarriaren barna.

        Orduko, bizia mugitzen asia bait zan inguruko baso aundietan. Eta parrez ziruditen pago gizenak, beren muskil zurizka, aundi ta berealaxe lertu-bear ayekin. Musker-jantzia zabaltzen zijoazten aritz-tantayak. Eta landare guziak ñiñiko gizenak erakusten zituzten beren buruetan.

        Okilla ta kukuaren txintak ere eldu ziran noizean-noizik. Eta txioka zebiltzen inguruko txori guziak, kabigayen billa.

        Eta ikuskai ta soñu ta usai berriok sumatzearekin bat, biotza lertzen zijoakiola, zirudion Izartxo'ri, ta beste bizitz berri bateren kimuak ernetzen eta azitzen zitzaizkiola bertan.

        Ikusten zitunaz eta etzitunaz, milla galdeera egiten zizkion Erko'ri, galdera bakun eta zaillak egiten.

        Ala, txutxu-putxuka eta berritsukeri utsetan iritxi ziran, noizbait, Kalagorri'ra, iru egunen buruan.

        An, bi kristau-etxeetan jarri ziran, lanaren truk. Bere gurasoekin Izartxo, ta alboko beste batean Erko. Ango baratz, mazti, oliodi ta garitzak! Eriosuar lotu zan Xemein lanari..., ta landare ta igali guzien aziak altxatzen, eta lan guzien izkutuak ikasten zijoan. Muskilda ere ango jantzi, etxe ta tresneriaz arriturik zegoan.

        Kalagorri etxe askozko erri aundia zan. Etxeak bata bestearen gañean, eta arresi aundi batez inguratuak zeuzkan. Eta mendi tontor bateren gañean, exerita bezela, patxaran zegoan, ala bere burua etsayengandik obeto zaindu lezakelakoan.

        Etsai asko izan bait zitun Kalagorri'k. Eta Keltak eta Sertori okerrenetakoak. Lur onak bait zitun esku-alde onek, emen lotu nai izan zuten ipar-aldetik eldu izan ziran Kelta izeneko gizon gorri ayek. Errex bota zituzten Euskaldunak beren menditik gizon basati ayek, eta baita goiko ibar guzietatik berantza bultza ere...

        Erribera ta Erriotza'ko ordekatan etziran orren garaitu-erraxak izan, ordea; setatsu, gogor eta burniz jantziak bait zetozen. Euskaldunak burnia ezagutu ta izkillo ta era berriak ikasi zituztenean, bañan, gogor eraso ta beko ordekatik ere ilki ta jaurti zituzten.

        Geroago, guretzako gizonik galgarriena etorri zan Erroma'tik onara: Sertori. Au, Erroma'ko agintariekin aserre zegoala ta, Hispania'ko Iberotar ta Kelta guzien buru jarri bai, ta Hispania'n ziran Erromatarren aurka altxatu zan.

        Ordu onen begira zegozten gure inguruko Kelta amurratu guziak. Eta orain danak bat, eta izkilloz ondo jantziak, eta Sertori agintari aundi aren menpean dagoztela, gure aurkako guda zar ura berritu ziguten. Eta ala, Erriotza guzia kendu ere aren erri-buruu Oska ta Kalagorri'kin.

        Euskaldunak amorruz beterik gelditu ziran, eta Sertori arrayo areri ta Kelta bere lagun zital ayei al zuten oker guzia egiteko gogo biziakin.

        Ala, beste buruzagi ospetsu bat etorri zan Erroma'tik: Ponpeyo. Au, Sertori ta bere Kelten aurka zetorren. Zorionez etorri ere. Ebero ibai ondora iritxi zanean, euskaldunak irten, arekin batu, ta sekulako astiñaldiak eman zizkien inguruko Kelta guziei.

        Sertori'k Oska'n eman zun negu beltz ura. Eta Ponpeyo'k gure Iruñan, alde guzietatik, euskaldunez, ondo inguratua, eta gure mendietako egur, belar eta aberekiaz ondo ornitua.

        Emendik irten da, Sertori ta aren ordezko Perpena zirtzilla ta ayen gudaloste aundiak txautu zitun Oska'ko inguruan. Eta gure lurralde guzia, ayen menpetik kendu nairik, Kalagorri'ra etorri eta, egun luzeen buruan, emengo etsayak ere ondatu.

        Etzitun, ala ere, Kelta guziak menperatu. Gelditu ziran, oraindik, Euskaldunen sarkalderuntz, Kantabro izeneko Kelta sail ederrak, aski tenk geratu ere.

        Ponpeyo'ren eraso eragilleak kikil-kikil utzi nunbait, ixillik egon ziran luzaro. Urteak dana antz-erazten omen, ordea, antzi zitzayen au ere, ta Bizkaiko euskaldunen aurkako lengo erasoa berritu zuten.

        Euskaldunak, ordun, bere auzo ta adiskide Erromatarrak deitu, ta ok sekulako gudal-ostekin etorri ta, urte batzuen buru, Mindio'ko mendi aundietan, azkeneko Kelta setatsu ayek ondatu zituzten.

        Pakea dugu euskaldunak, arrezkeroz, Kalagorri'n eta bere inguru guzian, nagusi. Ta pakearekin eta lagun berri oekin gure erri aundi onek egin ditun irabaziak: etxe politak, joku-toki ederrak, kaltzada luzeak:, landare berriak, baratz joriak..., danetan ederrena, bañan, Kristautasuna.

        Done Pallo'k ekarri zigun au, orain berrogeitamar urte edo. Ura zan gizona ura! Jesukristo'k bat-batez eta arrigarriro bere bide onara biurtu zula ta, Aren mutillik zintzoena, arrezkeroz, biurturik, Aren Berri ona aldarrikatzen ibilli zan eta Asian eta Grezian eta Italian eta Hispanian eta gurean...

        Goiz guzian irun da irun naiko lan egin ondoren, gizakiak zijoazten atseden-olgetara joan da, an Jaunaren Berri ona aldarrikatzen zien.

        Asko biurtu zitun bide onara. Baita Kristau-bazkun polit bat eraiki ere. Eta ayetako kristaurik zuzen eta zintzoena bertako gotzai ta buru egin zun, berak Erroma'ra itzuli bear izan zunean.

        Etzun Neron'en sakailketak iñungo martirik egin Kalagorri'n. Ez eta Trajano'nak ere. Agintari zintzo eta gizaki otzaneko erria erruz azi zan Kristau-siñiste ta oitura berrietan.

        Eta oraingo Adriano Kaiser'ren egun oetan, aundi, eder, elizkoi ta zoriontsu bizi da Luka gotzai agurgarriaren zaipean.

 

aurrekoa hurrengoa