www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV
OLENTZERO

 

        Olentzero eguardian, Erko'k Lizardi'ko Xemein basoan topau zun. Mendiko gurdi txikian, aritz aundi bat zekarren subillerako. Eta berangana ondoraturik, oles alai au egin zion:

        —Kaxo, Xemein! Topau duzula, aatik! illunabarreko enbor egokia.

        —Bai, mutil. Gaur, lengo urteetan ez bezelako, jai ederra egin bear diau. Goizabarrean il diau larreko txerri gizenena ta etxeko zikiro zarra. Uso ta Muskilda odolkiak egiten utzi dizkiat.

        —Eta Izartxo ez?

        —Ez, Izartxo ez.

        —Zergatik ez bada? Gaxorik ote dago?

        —Gaxorik bai...! Iñoiz baño pizkor, eder eta langillego zegok gaur.

        —Zertan dabil, ba, bera?

        —Ez al diat esan, ba, jai aundi bat antolatzen ari gerala? Eta Izartxo zebillek danetan zintzo ta arduratsuenen... bazterrak garbitzen, etxea txukuntzen, gauz guziak prestatzen. Beste egunetako Muskilda'ren lanak bere gain artu dizkik, gaur, Izartxo'k; i, Erko, illunabarrean, gurera aparitara etortzeko aizelako.

        —Nigatik antolatzen ari al zerate, ba, jai eder ori?

        —Bai, ba! Aantzi egin al zaizkik emengo oitura zarrak? Emengo bikoteak garagarrillako eguzki jai aundian ezkontzen dituk, eta neguko subil-aparian ezkongaitzen. Eta Izartxo ta i alkargana kuturturik, eta bata besteentzat ain egokiak ikusirik, bearrezko jaya zan au, Erko.

        —Baita, baita... —buruan aska, ta arpegia lotsaz erdi gorderik— Joango naiz, ba. Ez nuan, bañan, uste orren agudo izan bear zunik.

        —Zergatik ez, bada?

        —Basurdi'ren auzi zar ura konpondu ez dudalako, oraindik.

        —Basurdi...?

        —Basurdi bai. Aspalditik nerekin egoteko asmotan omen dabil, eta ez dugu, oraindik, alkar ikusi.

        —Ba... ba...! Utzi zak pakean mutil txatxu ori.

 

* * *

 

        Olentzero-arratsaldearen ederra! Aize epela dabil fir-fir, ostoakin jostalari. Etxean egoteko baño kanpoan ibiltzeko giro obea. Lizardi'koak, bañan, etxe barrenean dabiltz danak:

        Aritz, agure zarra, esku-makil eder bateri, aiztoz azkeneko ziristak ematen... Xemein, atzo ildako, zerri aundia zatitzen... Muskilda... odolkiak jostorratzaz zulatzen... Usoa... urraidako tupin zarrak garbitzen... Eta Izartxo...? Izartxo sutondoan, berebiziko jan goxoak maneatzen.

        Xinko ta Xanko aurrak, bitartean, bata bestearengana orron, an ikusitako gauz berexiaz arro-arroturik. Kanpoko argia itzaltzen asi danean, bañan, itzaltzen ere asi zaye beren zalaparta alaya. Olentzero, neguko jainko txikia urbiltzen ari baitzan.

        Olentzero aren itsusia: tripaundi, lepo-motz, mutur beltz, sudur gorri. Ta Olentzero aren bildugarria: Urte guzia mendian ikazketan emanda, gaurko bere egun ontan, errietara etortzen bait-zan. Eta gero, gabaren beltzenean, sukaldeko ke-zulotik bera jetxi, eta subil txingartsuan exeri ondoren, bertako apari ondar guziak iretsitzen zitun. Eta... ai! bertan naiko jana aurkitzen ez ba-zun... aren ojuak ordun!

        Etzan au okerrena, bañan. Olentzero ume biurri guzien etsairik gaiztoena zan, gañera. Eta aaa! etxeko aurrak urte artan biurrikeritan ibilli ba-ziran... aurren gaxoa ordun! Olentzero tripaundi, itsusi ta gaiztoa beurek zagozten lo-gelara joan da, danai lepoa biurritzen bait zien.

        Eta gure Xinko ta Xanko gaxoak maiz entzun bai-ziotzen bere ama Muskilda'ri esaten: ume oken atarramentua! Zeñek okin burutu? Ok asmatzen ez dituzten biurrikeriak ...!

        Eta bildur ziran umeak, bildur bai, Olentzero zital arek amaren oju ok ez ote zitun entzungo. Urrutiko txondarretan zebillen bai bera, bañan alako belarri aundi ere zitun, izan ere...

        Orduko, arras illuntzen zijoan, eta etxeko leyoetatik begiratuta, mendi illunetan argi-zuziak agertzen ari ziran, gaueko begiak bai-liran. Etziran, bañan, udarako eguzki-jai aurrean pizten diran su aundi ayen antzekoak. Ayen alderantziz, ñirñir txikia zuten, eta itzali-argituz, batera ta bestera zebiltzan, mendiko bide txidorretan.

        Eskeko mutil-aldrak ziran. Olentzero'en antzeko mozorro aundi ta itsusi bat bizkarrean, neguko jainko txiki aren berri ona etxez-etxe zabaltzen zijoaztenak.

        Sorgiñezko illunabarra zirudin illunabar alai arek. Aize epela zegin... Aldean zebillen orbela... Argi-ñir-ñirak ageri ziran, mendibide guzietan... Kanta marmarrak eldu ziran alde guzietatik... Eta biotzak ere pil-pil alaya zuten, zergatik etzekitela ere.

        Alako batean eup! alai bat entzun zan Lizardi'ko atadian.

        —Eskeko mutillak ote? —jalki zun Muskilda'k— Ea, Izartxo, begira or atera, nortsuk diran.

        —O! Erko...! I al intzan? Eskekoak zirela uste nian, ba, orra! Agudo etorri aiz, aatik! Etxetik makilka bidali al ditek edo zer?

        —Eskekoak ikustea gogoago unan e? sorgin orrek!

        —Bai orixe! Ayekin Basurdi ori eldu ba-duk, batez ere.

        —Bai, egia, etzion, bazter guzian, alako mutil jatorrik...!

        —Sartu adi aurrera, ergela!

        —Bejondeikala, Erko. Mugonez eldu aiz, mutil. Exeri emen, —esan zion Usoa'k, sukaldeko alkirik ederrena luzaturik.

        —Bai, gure etxean, apaltzen asteko ziran, da, iya tenorea izango zala ta, etorri egin naiz.

        —Eta ez al duk bidean Basurdi'rekin topo egin? —Usoa'k berriz.

        —Ez! Ez dut oraindik ikusi.

        —Ba-dik, ba, irekin egoteko gogoa!

        —Ez naiz gordeka ibilli, ba.

        —Aren erretulikak, lengo egunean! Ez adila orrekin fidatu, Erko. Okerra duk... okerra, zitala, gaiztoa...

        Ala, beste eupada bat entzuten da atadian.

        —Olentzero-eskaleen batzuk... Joadi, Izartxo.

        —Ene... ene...

        —Zer dun orrela, neska?

        —Ixo... ixo... Basurdi ber-bera dago atadian...!

        —Basurdi...? Ez din ajolik —Aritz'ak-. Ez dun ondo iñor ate aurretik, zakurra bezela, uxatzea. Sartzeko esayon.

        Iñork ezer esan eziñean gelditu ziran danak sukialdean, Basurdi bertan ikustean. Basurdi ere, doi-doi gabonak emanda, ixil eta zurrun gelditu zan.

        Erko'ren atzetik ote zetorren? Edo ta bere ezkongai-aparia egiteko asmotan ote zebillen?... Auskalo zetsuk ziran basati aren asmoak!

 

aurrekoa hurrengoa