www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXII
ARALAR'GO LARTAUN

 

        Ezin zula, ba, Mendaur'en ezer ere iritxi, ta Aralar mendira abiatu zan gure Basurdi.

        Euskaldunen mendi agurgarri au, Mendaur'etik ego-aldera egiten da. Ta bide ortatik barna doa arin baño ariñago. Ez bait du beta galtzerik.

        Joandako udararen ostoz beterik ageri dira bide guziak. Eta Basurdi'k ra-ra orbeletan dagin otsak, basoaren ixilla urratzen dijoa.

        Zuri-zuri ageri dira pagoak, orbel gorrien gañetik. Eta tarteka-tarteka gorosti ta agin muskerrak beren potoko gorriekin.

        Ta agertu da, azkenean, an begien aurrean Aralar'ko mendi-katea. Ez dira, oraindik, zearo joan neguko aztarna guziak. Elur-muillo luzeak nabaitzen bait dira, mendi-bizkar guzian, zaldi ezurtsu bateren sayetzaren antzera.

        Argi berexi bat du zelayetan belar berriak. Eta mauka-mauka ari dira bertan millaka ardi-buru. Emengo artzaingoaren ederra! Berreun artalde bai, larratuko dira, goiko zabaldi zoragarri oyetan.

        Ez du, bañan, Basurdi'k ingurutara begiratzeko betarik. Eta Lartaun'engana doa zuzen-zuzen, bideko artzayen agurrei asti aundirik eman gabe.

        Huarte'ko mendi tontorrean zeukan Lartaun'ek bere txabola. Ta an bizi zan zoriontsu bere artzai ta sendiaz inguraturik. Eun urtetsuko agureak zuri zitun ille ta bizar luzeak. Eta berak jarraitzen zun, belaunez-belaun, Aitor'rengandik artutako ondare, izkutu ta agintea. Zaartuz zijoan gizagaxoa, Olearso'ko aritz zar ura bezela. Alboan zitun, bañan, bere seme gordin Lekobide ta billobatxo potoko Garo.

        Ortzegunetan, inguruko artzai-buru guziak Lartaun'enean biltzen ziran, eta an ematen zuten egun osoa jan, edan, itz eta dantzetan. Bi jai ospatzen ziran berexiki, tontor artan, garagarrillako illargi-betetzea, ta Euskalerri osoko Batzar nagusi eguna.

        Illargi izan zun izena Aitor'rek Uasko'kin ezkondu zun bere alaba zarrenak. Onengatik, eta baita illargiari zioten begirunegatik ere, egun au zuten, Euskaldunak, ospetsuena.

        Egun ortarako, Euskalerri guzitik barra-barra zetorren mendi agurgarri ontara gaztedi guzia. Eta emengo orduko irrintzi, txixtu, kantu, jauzi ta dantzak!

        Eta Euskalerriaren biotz-biotzean dagon Aralar ontan ere egiten ziran Euskaldunen Batzar nagusiak.

        Ibar edo esku-alde bakoitza bere buruaren jabe zan, eta bere Batzar berexiak zitun. Esku-alde bakoitzen arteko edo Euskalerri guziaren auziak ziranean, bañan, ayetako buru guziak onara, Aralar'go mendi ontara zetozen, bere aginte-makillakin.

        Ortarako, Laredo'tik asi ta Jaka'rañoko mendi luze guzietan, su aundiak pizten ziran, Batzarrara danak deituz. Ala egin zan Keltak gurean agertu ziranean. Ala ere, Erromatarrak gure adixkidetasuna eskatu zutenean. Lartaun-egunetan ere bi aldiz bildu izan ziran danak Batzarrean, Erromatarren artu-emanak zirala ta...

        Basurdi'ren auzi onek etzun Batzarrera deitzeko ainbesteko garrantzirik. Etzitzayon Basurdi'ri alakorik galdetzea ere komeni.

        Ala, Lartaun agurtu, ta itz-zuritu ondoren, Basurdi bere auzia azaltzen asi zitzayon agure begikoari:

        —Onu bateren billa nator, Lartaun agurgarri.

        —Asi, ba, seme, prest nauk gauz guzietan laguntzeko ta...

        —Guk Mendaur'en edonun larratzen ditugu gure artaldeak. Ez dago an nere ta zurerik. Gure txabolak ez dute aterik. Edozein sartu liteke, utsik ikusitako txabol eta eskortetan ere. Eta au ere zala, deritzat neri, Lartaun, Euskaldun guzien aspaldiko oitura ta legea.

        —Ala duk, seme.

        —Nola, ba, ordun, Olearso'n itxi dituzte etxeko ateak, eta erriko lurretik bakoitzak bere zatia artu du?

        —Aro bakoitzak eta leku bakoitzak, Basurdi, bere lege ta oitura dizkik. Euskaldun guziak eiztari ituan asieran, eta aron bizi ituan, leku jakiñik gabe, piztien atzetik beti. Piztiak ezi, ta artzai biurtu ituan gero. Eta ala giza-multzo bakoitzak bere leku jakin eta berexiak aukeratu zizkaten negu-udarako: Erronkaleko multzoak izen onen ibarra udarako ta Bardenas'ko zabaldiak negurako; guk mendi ok udarako, ta Naparroa negurako, ta abar.

        —Ala dugu guk ere: Mendaur'en bizi gera udaran, ta Akitanian neguan.

        —Bizikera-aldatze onek lege-aldatze bat ere ekarri zikan, seme. Multzo bakoitza, leku bakoitzan, bizi duk, arrezkeroz. Eta ez ditek besteak bere ardiak ara eramateko eskubiderik.

        —Eta argatik zerbait ordaindu nai ba-dute?

        —Ala bai. Ez bañan, bere eskubidez. Bi alderdikoak artara etorrita bakarrik.

        —Orixe egin nizun, ba, nik, Olearso'n. Eta lorra aundiegia ordaindu-arren, nerekin gogor aserretu, ta artalde osoa kendu zidaten.

        —Gogor zait ori siñistea, Basurdi. Aspaldi ezagun diat nik, Lizar, bertako Batzar-buru, eta ez duk bera, edozein aizeak makurazten dun zugaitz zingilla.

        —Ardi-lorra Ibarrari ordaindu-arren, bertako eremu guzietan, nere ardiak larratzen, eragotzi zidan.

        —Alaxe duk oraingo ango legea. Eize-aro ondoren, artzai-aroa etorri uan, bere lege berexiekin. Eta artzai-aro ondoren, nekazari-aroa ibar eta zabaldietan, bere lege berriekin. Lege oen araura, nekazari bakoitzak, berak landu zezaken, lur-zatirik artu zikan beretzat. Eta berak bakarrik agintzen dik an, arrezkeroz, eta ez Batzarrak...

        —Egiak dira oik danak bai. Egia ere, Lizar gizon zintzoa dala. Ez dira an danak azal berekoak, ordea, Lartaun. Ba-dira gure-gureak ez diran lege ta oitura makurrak sartu dituzten gizon okerrak ere...

        —Zer diok, Basurdi?

        —Bai, Lartaun, bai! Eta gure lege ta oitura agurgarriak ukatzen dituzten gizon oker oyek ondatu didate nene artaldea, ta bizia ere iya kendu.

        —Zer ukatzen ditek gizon oyek, Basurdi?

        —Ba, gure siñiste guziak gezurrak dirala ta, ez dagoela sorgiñik eta...

        —Eta nola ditek izena?

        —Kristauak...!

        —Kristauak...? Ona, ona nere Lekobide, ona nere Garo...!

        Orduko zerua illuntzen eta izarrez betetzen asia, ta ara begira jarri nai du Euskaldunen aitagoi Lartaun'ek.

        Zergatik, bañan, jarri ote da orren urduri?

        Zergatik deitu ote ditu, albora, bere belauneko kutunak?

        Arbasoen izkutu aundiren batek daduka, nunbait!

        «Ona, ona nere kutunak! I, emen, Lekobide: ta i, emen nere Garo. Ortzi zabala ikusi nai dut. Zabaldu, zabaldu nere begi nekatu ok. Gabero ortzira begira indarra galdu, ta betazalak itxi ere bait zaizkie... Ola, ola, enetxoak...

        «Ene...! ene...! Zer ikusten dute nere begiok? Ara, ara, or dago izar berexia, or dago bai aitasoak agindu, ta nere bizi guzian, noiz ikusiko, begira ta begira egon naizen izar arrigarria, gure Izartxo maitea... Egizkoa zan zantzua bai. Enetxoak...! jayo da Kisti...! Ba-dator gure Gaizkatzallea...! Galdu da sorgiñen begia...! Galdu gaizkillearen eskua...!

 

aurrekoa hurrengoa