www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII
MENDAUR'KO USOAK

 

        Izartxo'rekin bakarrik eta ixillik itz egin nai luke Basurdi'k. Ezin, bañan, iñundik ere bakarrik aurkitu. Zenbait bider egon zan txalataka etxe atzean, neskatxa etxetik noiz irtengo. Alperrik, bañan. Bakan ateratzen bait-zan etxetik, baratzean atxurtzera ta abar; ta orduan ere bere amona Usoa'rekin. Baita urketara, beste batzuetan, bañan beti bere anaitxo Xinko ta Xanko'ren lagun.

        Olakoetan, Basurdi'k mugona lukela ta, bere burua agertzera egiten zuan, bide ertzean. Umeak, amonak erakutsita zeuden eta, Basurdi ikusi orduko ojuka asten ziran «mamua, mamua» ta igesiari ematen ziran. Eta ayen atzetik ere zijoan Izartxo, urez betetzeko ontziak bertan utzirik.

        Ta Basurdi'k berekiko: ...zer arrayogatik iges egiten ote dik, neska orrek? Basajaunen bat naizela uste al dik, sorgin orrek? Nun topau ni bezelako mutil egokiagorik...?

        Eta gero, Izartxo'ren ontziak eskuetan artu, urez bete, ta Lizardiraño irixten zan, bere ayekin. Ta bein an ezkero, eup! aundi bat atera ta... «ontzi ok or bean aurkitu ditut, eta zuenak ote diran bertan artu ditut» esanaz aurrera sartzen zan.

        Gaur ere alaxe sartu ta, bertan izketan lotua da aurreko egun artan bezela. Usoa an aurkituko ez ba-lu lasayago legoke askoz ere, ta ageriago mintzatuko zan, eta arpegi xamurragoz begiratuko ere zion bere lzartxo'ri.

        Bañan atso arek bildur ematen zion. Uraxe ere arritzekoa zan ba! Iñoiz iñoren bildurrik izan ez eta, amona aren aurrean kikilduko ote zan ba, bera! Izartxo'k maite ba zuan bañan, zer zitzayon berari, bertako atso-agure guziengandik!

        Eta Izartxo'k maite zuan bai. Nola maite ez bera bezelako mutilla! Etzuan, agian neska ixillak oraindik bera ondo ezagun, eta orregatik edo, lotsati xamarra zalako edo... zerbait uzkur zebillen oraindik.

        Uzkur...! aurten, batez ere. Emakumearen atarramentua! Igaz, maitezko itzak esaten ez bazizkidan ere, jardutzen zun nerekin poliki. Neska eskurakoya zan, atsegiña, lagun artekoa. Aurten, bañan! Beste maitaleren bat irten al zayo? Norbaitek limurtu ote dit? Ez dut uste. Alderdi txar batek edo ongi egon ezin batek daduka, segurki.

        Bañan, sayatuko naiz ni bai, sayatuko, arrayoak ezpaitu, naiz eta Usoa atsoak kopeta zimurtu, sayatuko naiz nor eta zenbaterakoa naizen azaltzen; baita lzartxo'ri bildur eta lotsa eta alderdi ta gogaldi txar guziak kentzen ere...

        Eta asi zan ozenki:

        —Artza aren antzeko eiza asko egin dizkiñat. Bañan, neretzako eizarik ederrena, Izartxo, uso-eiza izan dun.

        Usoen izen onek zimiko aundia eman zion Izartxo'ri biotzean (egazti ayengatik zerbait entzuna bait zan), eta kiloa eskutik erortzen utzi zun, eta mutillari adi-adi begira gelditu zan.

        Igarri zion Basurdi'k, eta, neskatxa beregana kuturtzen asi zalakoan, iñoiz baño beroago:

        —Oi! eta zeñen polita dan, Izartxo, udazkeneko egun ozkirrietan, an zeru gañetan usoak sail izugarrietan ikustea! Eder ditun usoak zeruan, ederrago sare barnean, eta ederrago oraindik mai gañean. Eta danen, danen ederrena, Izartxo, zeru gañetik mai gañera jetxi-eratze joku polit ura!

        Aldapa leuna din Mendaur'ko mendiak, ipar aldera, eta dana baso beltzaz jantzia. Beko zugaitzik luzeenean uso itxuak zerabilzkin gizon batek gora ta bera, lokarri batetik itsasita. Eta bai agudo ikusten dituztela, oraindik urruti datozen uso-saillak. Eta bereala poliki-poliki jeixten asten ditun beren beko lagunetara. Eta gure basoan sartu direneko, inguruko muñoetako tantai luzoetan gorderik dauden beste gizonak, bli-blai eguzkitara pago-ezpal zuri aundiak jaurtitzen zizkienaten.

        Usoak, sapelatza dalakoan, sakonara jausten ditun, eta aldapa gora ziazten gero, sekulako ziztuan, zugaitzen adaburuen gañetik.

        Gure mendiak zokogune bat din gañeko tontorran, Muko ta Tututru aitz zorrotzen erdian; eta andik barna sartzen dun usoaldra, abiyu bizian.

        Sare aundi batek itxitxen din, bañan, zokogune guzia, alderen beste, bi zugaitz aundietatik esegita.

        Ni an egoten naun, goiko adaburuan gordeta. Ta usoak sarea jo ta, atzera egiteko beta izan baño lenago rau! goyan bildurik diñatan sarearen beste ertza jaurtitzen diñat goitik bera... ta ikustekoa, lzartxo, sail osoa bertan loturik gelditzen dun.

        —Uso-luma ñabar gaxuoik! ...Eta zertarako dituzu zuk ainbeste uso? Ez al zenituzun aski bizpairu egazti? Zergatik ez diozu saillari bere bidean uzten? Bai al dakizu nora ta zertarako doazten? Noren irudia diranik jakingo ba-zendun!... —Ala asi zan izketan lzartxo Basurdi'ri illun eta aserre begiratuz.

        —Zertarako ditudan usoak?... —Izartxo izketan azkenean asi dalako Basurdi alai— Zertarako izango dizkiñat, bada...? Jateko, neska, bata bestearen ondoan danak banan banan jateko. Sarea jaurti ondoren, jeixten naun arin, nagonan zugaitzetatik, eta ura nere poza ainbeste egazti batean, an ezin egalka, bata bestearen aurka jo ta jo sarean ikustean! Sartzen naun gero braun! sare barrenean, ta banan banan arturik, ortzakin bakoitzari lepoa biurritzen ziotenan...

        —Ankerra, ez besteen ankerra ori...!!! Uso gaixoei lepoa kendu...!!! Otsoari ikusita, ikasi al duzu aztura ori?

        —O, l.zartxo! —Basurdi'k leun—. Ik zer uste dun... piztiak ere gauz asko erakusten dizkigunaten artzai gaxo okeri. Ez uste, bañan, uso oi danak batean jaten dizkiñatela. Nere lagunei ere ematen zizkiñet, arkumeen truk. Eta bazekiñat nik gañerakoak nun eta nola gorde.

        —Bai...! Ilda gero salda bero...

        —Ez, ez. Ez ditun ondatzen ez. Guk ardiekin udaberrian mendira igotzen geranean, ageri ditun, oraindik, elur-muilloak, aizearen gordean dauden zokogunetan. Elurra gauz ona dala udaran da, artarako eginda dugun zulo aundi batean gordetzen diñagun. Gero, arritzarrez bete dana, ta astunaren astunaz, dana orma biurturik, negu arte, ala irauten din.

        Eta orma tartean gordetzen danik ez bait-dun usteltzen, an sartzen dizkiñat nik nere usoak; eta an irauten diñaten gordin aski, banan banan danak garbitu al izan dizkiñatan artio.

        lzartxo, an bai biziera ederra! Ez uan an nerekin deusen paltik izango. Ango egazti, amurrai, abere pizti... Eiza asko dala..., bertatik nai aña jan. Ez dala inguru guzian iñungo pizti ta egaztirik ageri... elur-obitik len an sartutakoak atera... sutan erre... ta jan, patxada ederrean... Eta gero ez parera ta tupiñik garbitzeko lanik... Eta negua datorranean, goitik bera jetxi, ta erriz-erri ibilli, Tardets eta Akitania eskualde eder guzia ikusiz, ibilli...

        Orrelako beste gauz arrigarri ta itz goxo asko esaten zizkion Basurdi k Izartxo'ri, aren irriparra ikusi, ta aren itzak entzun nairik. Bañan... bai zera! Etzuan Izartxo'k len dakigunez gañeko ezer geyagorik esan. Esan ez, bañan buruan asmatu bai, asmatu zitun ederrak!

        Zer asmatu zitun? Ona emen:

        «Erko... Ari duk Basurdi ori berean... Azaldu dik otso ta azeriaren azala. Noiz azalduko ote dik akerraren beste irugarren azal gogor ura?

 

aurrekoa hurrengoa