www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Izartxo
Joxe Manuel Estonba
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Izartxo, Estonba'tar Joxe Manuel. Kuliska Sorta, 1959.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V
ARKALE'KO MENDIAN

 

        Festa-usaya zeriten, goiz artan, inguruko ots eta margo guziak: eta bide-bazterreko ur-pol-polak, eta sasien arteko aizearen fir-firak, eta argiak sakoneko uretan zegizkin ñir-ñirak, eta beko errota zarraren tan-tanak...

        Aurrerago, baso aundi batek jaten du bidea. Eta oñak ra-ra orbeletan, eta ra-ra onen alaya! Eguzkiak dantza adaburuetan, eta adaburu ori-gorri oyen polita! Eta azken adarraren puntaren puntan, txantxangorria kanta-kantari...

        Erko'k, lurrera eroritako gaztain-ale jalkiak, eskuratzen ditu, ta ayetik ederrenak Izartxo'ri emanda, biok gaztaiñak kiski-kaska oskatuz dijoaz.

        Ta iritxi dira, onenbestez, Arkale'ko arkaitzetara.

        Arkale mendi onek bi aldetan zatitzen du Olearso'ko ibar ederra. Ipar aldera, Irun'go zabaldia Bidasoa'ko ur urdiñetaraño luzatzen du. Eta egoaldera, Oyartzun'go muñaxkak, Pasai'ko ur maeletan galtzeraño, lerro-lerro pillatzen.

        Eta muñaxkak eta zabaldia baso gorriz jantziak, basoak belardi muskerrez, eta belardiak etxe txuriz. Eta ibar zabal-luzeak Jaizkibel eta Txurrumurru-mendiak esi, ezker-eskubi.

        Eta auxe du arritzekoena Arkale'ko mendi onek, beste mendi guzien alderantziz, tontordun ditula buruak, eta urteen buruan soildu ta txurituak.

        Tarteka-tarteka, goroldi ta untz-motak jazten dute bere larrugorriaren lotsagarria.

        Tontorreko arri txuriak milla xulo ta sorgiñezko biurgune dituzte agerian, ura biurriakin jolasian egindako lanak baitikbai. Erdi sorgiña bait-da ixurkia. Eta arriakin kukuka jostatzen ari danean, laño, euri, pol-pol, orma, izotz, kaskabar, elur: milla olako izaeretan bere azala aldatzen daki sorgin alderditsuak. Eta jakiña, arriak galtzen beti.

        Arkaitz tontordun ok, bada, besteak baño zulo aundiago bat Irun aldera. Arkaitza aundia da. Ogei kanaren luzea bai izango du goitik bera. Eta goi-goiko biurgune batean, xulo beltza.

        Sartu-atera dabiltz erleak xulo beltzean. Eta goiztiro ederra bait-da, mur-murruean doaz gañetik, egal meak eguzkitan dir-dir. Eta... ezti usaya arkaitzak, eta iratzeak, eta iñarrak, eta loreak... Goi artan, naiko eztia ba-dalakoaren santzu ziurra.

        Eta ala bear ere. Eztigai asko bait-ditu ibar loretsuak. Orain bertan ere, udazkeneko egun epel ontan ere, lore-lore ageri dira, bide bazter guzietan, ote oriak eta iñar urdiñak. Eta udaberriko emengo loratza: basoak egiteraño zabaltzen diran gerezi, sagar, aran, makatz eta muxika-ondoak; etxe ondoko erromeru ta ereñotzak; baratzetako lili-ubel, krabelin eta larrosak; zelayetako liño ta lore txuri ta oriak...

        Urteetan bizi ziran an erleak. Eta etzuan iñork, oraindik, ayen xuloa arakatu. Goyegi zegoalako ta, dana esan, sorgiñen bildurrez ere bai. Zulo artan, sorgiñak bizi zirala uste bait-zan, eta erleak ayentzat ezti gozoa egiten zutela. Ta esaten ere zan, iñor artaraño ausartu, ta erlea zirikatzen asten ba zan, danak aren gañera eroririk, bertan itorik utziko zutela, ta...

        Eta ezeren eta iñoren bildurrik ez duan Erko, asmo artan orain. Galtzen da inguruko baso beltzan, eta tantai luzeenak bereixten asten. Jotzen ditu begiz ametz ederrenak; eta ayetako lau adar luzeenak ebakitzen ditu.

        Eta ondo kimatu ondoren, bizkar gañean arta ta arkaitz ondora, banaka-banaka daramaz. Lodienetik artzen ditu berak, eta Izartxo'k meegonetik oraturik, eskurakoi laguntzen dio mutillari.

        Jartzen ditu, gero, arkaitzaren arrimuan, bi tantai luzeenak, eta gerrian loturik daraman sokakin, bata besteari itsasirik, zurubi gora asi da, sokaz egindako mallaz-malla.

        Ta ok bukatutakoan, jetxi bera, ta irugarren tantaya darama gora, neskak atzetik bultzatzen dula. Lotu au egindako zurubiari; egin, gero, ori bera besteekin; itsasi malla berriak tantai berriari, eta an goyan dugu gure Erko, goyan xuloaren aurrez-aurre.

        Begiratzen du barrura ta:

        —Ene, Izartxo, au dun zuloa au! gure sotoa baño aundiago dun da...! ta dana abaraskaz betea.

        Neska, orduan, xulo artari buruz zabaldutako siñiskeriaz oroitzen da; ta or asten zayo mutillari karraxika:

        —Erko, Erko, jetxi adi ortik agudo... erleak bizirik jango aute, bestela ta...

        —Erleak maiteki ibilli ezkero ez diten deus egiten, neska...

        —Sorgin-erlea duk au, ordea...! bertan bizi diran sorgiñentzat eztia egiten ari dan erlea...!

        —ltxoin, itxoin pixka bat... emen, zuloan ez diñat iñungo sorgiñik ikusten, neska!

        —Txurrumurru'ra joanak izango dituk eta... aaa eta bere etxe au ondatzen ari gerala jakiten ditekenean...

        —Ta ori jakitean zer...?

        —Bi-biok bizi-bizirik jango gaituztela.

        —Ageda'k etziñan ori esango...!

        —Aaaa...! ez?

        —Ez eta ere egingo, orain egiten ari aizen ori.

        Izartxo, elorri-adarrak eskuetan artu, ta goiko zuloari erakusten ari zan.

        —Zer egingo ziken, ba?

        «Aitaren» egingo zikan, emendik erori ta lepazurra autsi ez dezadanan.

        —A...! Bai... «Aitaren...» Au nere buruaren naasia! Nola jarraitzen dik, Iñaxio?

        —«Semearen...»

        —Ai! bai... «Semearen... Eta Gogo Gurenaren... Izenean. Amen...». Orratx! Orain, Iñaxio, lasayago niok.

        Eta asten da Erko makil luze batekin abaraskak urratzen, eta, belaun gañean dun azkonar-zagia xurrutan betetzen. Aundia dala zagia, baño goiko muturreraño bete, ta bera dator beriarekin, zurubiako mallaz-malla.

        —Kontu, gero, Izartxo, orain zionan arriskurik aundiena, eta ez leen.

        Izartxo'k zagia bete-beterik, eta Erko oso-osorik, iñungo ziztarik gabe, ikusiz arri-arri egiñik:

        —Ene! Ta ez ditek deus egin eta...

        —Zer egingo ziñaten, ba...

        Ta gora doa berriz ere, beste zagi bat arturik. Neska, bitartean, erleakin izketan:

        —Nere erle andere! Ez egin gaitzik, ez neri, ez eta Erko'ri ere. Ez esan, gero, sorgiñei, zertan ari geran. Ez bait-din nere mutillak iñungo gaitzik egingo. Ik gañezka, ta guk exkasian diñagun eztia artu nai din, bakarrik. Etzenala bere esku legun ori ozkatu, ez eta ere bere arpegi eder ori ziztatu. Ene erle andere...!

        Erko'ren esetziz, zuloko erle guziak egalka egin, eta inguruan dabiltza, iñungoen zalapartari. Eta gero ta ugariago ta zalapartariago ibilli...

        Alako batzuk, Izartxo'ren illetan mur-mur naasi... ta neskaren xalto ta karraxiak!

        Ta Erko'k gañetik:

        —Egon adi geldirik. Ez diten deus ere egingo ta.

        Geldirik egon bai...! Eta bere bi eskuak illeetara eramaten ditu, eta anketara, eta... erleak sumatzen ditun alde guzietara. Alako batean, erle bat sartzen zayo, xaltoan zabaldu zayon, kolkoan. Ango ai ene ta istilluak! Erlea, leku extu artan, gogara ezin egon, eta andik irten naika asi da egalka... Neskaren bat-batean sartutako eskuak galerazten, ordea... ta zizt egiten dio neska gaxoari, bere esku legunean.

        Ai! luze bat atera du neskak:

        —Orratx azkenean galdu!

        —Zergatik, ez aiz, ba, geldirik, egon!

        —Jetxi adi, ortik, Erko! Bazetoztek Txurrumurru'tik sorgin guziak eta.

        Eta neska baño menago, bereala jeixten da Erko, bere bigarren zagia kolkotik zintzillik, eta neskarengana doa laster. Eta ziztatutako esku-gaña bere ezpañaratuz, muxu ta muxu ari zayo, muxu ta muxu, eden guzia xurgatuz, ta bere istuz naasirik lurrera botatzen du agin tartetik, gero.

        Eta azkenean:

        —Orratx! joan zain eden guzia; egon orain lasai. Ta ez adilla geyago xaltoka ta atzaparka ari. Entzun dun, sorgiña?

        Eta, ba-dala, orandik, ezti geyago, ta gora doa berriz ere, bere irugarren zagiakin.

        Eta neska, Erko'ren muxuen beroa eskuan eta gorputz guzian, etzayo mutillari ezer esaten ausartzen, bañan bai bere buruari:

        Nere mutil onen berexia! Eta danak, danak bere menpean dizkin: eta erorikoaren arriskuak, eta sorgiñen okerrak, eta erleen asarrea ta edena: danak, danak bere menpean dizkin... Zer ote da, gero, kristau izatea...! Eta noiz egingo ote naiz ni ere kristau... Erko'ren antzekoa izateko, aren antzera on, eder eta gaitz eta sorgin guzien jabe izateko. Erko'ren diña izateko, batez ere; Erko maitatzeko, batez ere. Parregarri irudituko natzayo, izan ere, nere sorgiñen bildur eta txaldankeri oekin. Aa! Ta zer egin bear ote dut nik, Ageda aren antzekoa biurtzeko. A, bai; Ageda'k bezela, «Aitaren» ura maiz esan. Ea, oroitzen dudan... iru izen ziran... ea «Aitaren, eta Semearen eta Gogo Gurenaren izenean. Amen». Orratx ikasi. Bai... laister biurtuko naiz Ageda'ren antzeko.

        Erko'k, bitartean, bete dlu irugarren zagia, ta neskarengana da beriarekin. Zuloko abaraska urratuak eztia darite, oraindik, zauri batetik odola antzo... ta arkaitz gañetik, goitik bera dator, zirrinda luzean, arkaitz, eta belarrak intz oriaz buztiaz.

        Eta erliak aldamenean, lengo zurrunbillo bizian. Ez dio, bañan, zurrunbillo onek neskari lengo bildurrik ematen. Aitzitik ere, erleak bertan xirikatzen asteko gogoa ematen dio iya; ayen xixta berria nai luke, Erko'ren muxu atsegin eta bero ayek, berriz ere, suma al izateko.

 

aurrekoa hurrengoa